Honetara ezkero
Honetara ezkero
2017, ipuinak
136 orrialde
978-84-17051-07-5
Azaleko irudia: Lander Garro
Arantxa Iturbe
1964, Alegia
 
2020, antzerkia
 

 

Haizagailua

 

Negar egiten zuen amonak jostailuzko haizagailua arrimatuz gero.

      Hotzarengatik zela uste genuen.

      Bakean uzteko agintzen zigun amak. Aztoratu egiten genuela gure esperimentuekin. Nobedade handiegia zen, ordea, guretzat, ez balego bezala jokatzeko. Eneko eta biok gela berean moldatu beharra ekarri zuen, harena izandakoa amonarentzat egokitzeak. Anaiak ez zion barkatu amari gela-desjabetzea. “Ez da betirako” entzuteak ez zuen lasaitu, eta mendeku txikiak hartu zituen erabakian parterik ez zuenaren kontra. Amonak ez baitzuen gure etxera nahi. Amona lasai zegoen baserrian. Lasaiegi topatu zuten auzokoek, mugimendurik sumatzen ez luzaz eta sartzera ausartu zirenean. Hilda zegoelakoan hots egin zioten amari, beste nori asmatu ezinik. Eta ez zegoen hilda. Baina bizirik ere ez.

      Amak “Etxera” esan zuen guri galdetu gabe. Eta “Zuek biok hemen”, Enekoren gela hustu eta nirearen azpiko ohea zabalduz. Egun pare batean egokitu zuen etxea amonaren beharretara. Zaintzailea barne.

      Hiru urte eta erdi egin zituen amonak gurean. Goiz batez ez zuen negarrik egin Enekok haizagailua aurpegiaren kontra jarrita ere.

 

 

Bero egiten du baserri atarian. Aspaldian edonon egiten du bero niretzat. Eta beroago, larrialdietan. Horregatik eramaten dut haizagailua beti boltsoan. Heltzen diodan bakoitzean amona etortzen zait gogora. Eta haren negar etsia.

      Ez zen hotzarengatik.

      Konturatzeke inguratu zait medikua. “Pare bat egunetan zaintza berezietan egon beharko du. Ikusi egin beharko da. Ez zenekien alergikoa zenik?”.

      Haizea behar dut itoko ez banaiz.

 

 

Amona erabat hil ondoren hasi nintzen galdezka. Amari. Lehenago galdetu ez izanaren damurik gabe. Ezagutu nuenerako amona ez zen erantzuteko gai.

      Ama ere ez. Onartzeak min ematen zion. Ez zekien ezer hain gazterik liluratu zuen gizonaren iraganaz. Gure aitaz. Ama zaharra bakarrik bizi zela baserrian. Aitarik ez zuela ezagutu. Haurtzaro bakartia izan zuela. “Ez zuen hartaz hitz egin nahi izaten. Ez nuen estutu nahi. Azkarregi joan zen dena”. Egunen batean argituko zituelakoan. Ezagutu, ezkondu, gu jaio eta istripu madarikatua. Eneko eta biok urtebeteko ginela. Egunen bateanik gabe. “Baserriraino joan nintzen haren amari, zuen amonari esatera”. Errukituta. Berak esaten ez bazion, semezurtza zenik jakin gabe hilko zelakoan. “Ikusi nahi baduzu... baina ez dago ezagutzeko moduan”. Urrutira begira geratu omen zen amona. Ez “Zer moduz zaudete” bat, ez “Zerbait behar al duzue” bat. Ezer ez, negarraren oihartzun bat besterik.

      Ez zen hiletara azaldu.

      — Zergatik ekarri zenuen etxera?

      — Zuen aitaren ama zen. Hala egin behar nuela iruditu zitzaidan.

      Eta halaxe egin zuen. Eta hala azaldu zitzaigun egun batetik bestera bizitan hila zegoen emakume bat Enekoren gelan. Haizagailua aurpegira arrimatuz gero negar intzirika hasten zelako genekien bizirik zegoela.

 

 

Volker bere aitonaren arrastoaren atzetik azaldu zen baserrian. Auzokoek hitz egin zioten nitaz. Itxaropenez hots egin zidan nire berri izatea lortu zuenean. Ez. Ez nuen amona ezagutu. Hiru urte eta erdi egin zituen gure etxean. Ez nion inoiz hitzik entzun. Ez, ez. Hitzik ez. Orokorrean. Baserria bai, nirea da orain. Ez. Hutsik dago amona hil zenetik. Ez. Ez dakit zer egingo dudan harekin. Bai. Zabalduko diot atea. Bai. Miatu ditzake bazterrak nahi adina. Ez. Nire aldetik ez dago arazorik.

      Volker ziur dago amonaren baserrian egin zuela egonaldia izen bereko haren aitonak. Marrazkiak ditu froga. Ganbarara nahi du. Ez da zalantzarik. Ganbaratik ateratako argazkiak dirudite aitonaren marrazkiek. Ganbara honek izan zuen denboraldi batean bizilagun marrazkilari bat. Lapitzez egiten zituen argazkiak ganbaratik. Zazpi helarazi zituen etxera, bi urtetan. “Hemen nago” esanez bezala. Zazpigarrenean aurpegi bat. Neska gazte batena. Eta gero ezer ez.

      Volkerrek aitaren paperen artean topatu zituen marrazkiak. Hogeitaka urteko. Eta bakerik ez marrazki haien jatorria aurkitu arte. Negarrez lehertu da bat-batean. “Gogorra da” esaten du. Gogorra da bizitza osoko ikerketa ezerezean amaitzea. Lekuraino iritsita. “Sentitzen dut”. Sentitzen dut lagundu ezina.

      — Soinu hori? —galdetu du Volkerrek izututa.

      — Erleak ematen dute. Erlaroa.

      Zurbilduta irten da atarira.

      — Deitu larrialdietara. Mesedez. Alergikoa naiz.

      Aurpegia itxuraldatu zaio. Ez da beldurrarengatik. Konturatzerako heldu diote. Gortuta harrapatu dute. Bere ametsen soinuek enmaskaratu dute erleena. Marrazkietako tokiak desertoreak marraztu zituela entzun nahi zuen. Marrazkiko neskatoa gure amona zela entzun nahi zuen. Berrogei urte daramatza behin betiko frogaren baten bila. Ezkutalekuraino iritsi eta han, argibiderik ez, erlea besterik ez.

 

 

Bero egiten du itxarongelan. Aspaldian edonon egiten du bero niretzat. Eta beroago, larrialdietan. Horregatik eramaten dut haizagailua beti boltsoan. Heltzen diodan bakoitzean amona etortzen zait gogora. Eta haren negar etsia.

      Neskato irudikatu dut arropak biltzen. Soldadu ezezagun gaztea azaldu zaio maindire artetik laguntza eske. Neskatoak ez du bi aldiz pentsatuko. Denak belarretan dira. Ganbarara. Ahal duenean helarazten dio jatekoa. Mutil goxoa da. Keinuz ulertzen dute elkar. Hala ulertarazi dio papera eta arkatzarena ere. Tarteka alboan esertzen zaio marrazten ari den bitartean. Irribarre egiten diote elkarri. Sekretuak batzen ditu. Neskatoak ahal duen guztian lagunduko dio. Baita marrazkiak etxera bidean jartzen ere. Helbidea buruz ikasi du, badaezpada, ez da komeni inork ezer jakitea. Ezin du mutil txarra izan. Haren begiek ez diote gezurrik. Betondoak ezkutatuta dauzka gorpu topatu duen egunean. Ez da bere sekretu goxoaren arrastorik erleen bazka dirudien gorpu hartan.

      Ez dakit nola moldatuko ote zen amona, soldaduaren gorpua ezkutatzeko. Ez dakit inori esango ote zion ezer. Ez dakit zer min sentituko ote zuen momentu hartan, eta ondokoetan. Ez dakit ordutik edo ordurako zen mutu.

 

 

Enekok sinesgaitz erantzun dit:

      — Dena asmatzen ari zara.

      — Jakina. Baina hala kontatuta, ez al da sinesgarria?

      — Ondo kontatuta, edozer da sinesgarria. Ez duzu frogarik.

      — Hala balitz ez zenuke hobeto ulertuko aitak ezer ez kontatu nahia, amonaren hoztasuna, haren azken urteetako negarra...

      — ...eta gure aita zenaren begi urdinak? —barre algara batean lehertu da—. Ez duzu erremediorik.

      Hankak lurrean ditu Enekok.

      Volkerrek ohean oraindik.

      “Pentsatzen aritu naiz” esan diot. Amonaren negarrarena kontatu diot.

      — Ez zen hotzarengatik. Ez zion haizagailuak hotzarengatik negar eginarazten. Hotsagatik igual?

      Boltsotik haizagailua atera, piztu eta aurpegira arrimatu diot.

      Begiak itxi ditu. Esker onez.