Baionak ez daki
Baionak ez daki
2015, narrazioak
120 orrialde
978-84-92468-73-7
azala: Lander Garro
Bea Salaberri
1979, Donamartiri
 
 

 

Baratze bat

 

 

Ardura igandez noa. Jaiki eta etxe-kideak esnatu gabe eskapatzera helduz geroz joan naiteke larunbatez ere.

        Egunsentian baratzerainoko bidea oinez egiten dut, izar-ihintzez busti xendra belartsuan gaindi, baratze kolektiboraino. Hortxe, oihan bazterrean kausitzen da Eden-a, haritzondo ikaragarrien maldan eta berriki landatu fruitu arbolondoen artean, hesi garbiz babestu paradisu zatia. Gauak besarkatzen du dena, ez luzaroko, eta doi-doietarik igartzen dira lekuak, lanbro artetik, oraindik maisu den ilargiaren argitan. Hiri bazterretako baratze kolektiboena azken modakoa da, helburua biztanleen arteko kohesioa eta izadiaren ustiapen neurtuaren bideratzea dutela, beste batzuontzat, sinpleki, abusagarria da, oroz gainetik baduelako Kolkhoz-etik zerbait eta amestera uzten baikaitu, hogei urte genituenean nola, mundua alda genezakeela, sistema enpoildu eta antolaketa libertarioan gara gaitezkeela.

        Aterpea denena da eta han pruntki lerrokaturik daude denen tresnak, sarde, aitzur eta niretzat izen eta funtzio oraindik sekretuetako zenbait gauza, bakoitzak txandaka erabiltzekoak. Zeingehiagokan sartuak dirudite lur alor tipiek, familiako bana, fizela txirikordaz zedarrituak. Giro gozoa nagusi, auzo artekoa, elkartasunezkoa, elkarrengandik ikastekoa. Alabaina, denak baratzezain hasiberriak, nehork ez du sekulakoa ateratzeko asmorik, galdetzen diogun gauza bakarra da zerbaixka eskaintzea, egin indarren truk. Denbora-pasako aitzakia da eta mundu nahasi nahasgarritik ihes egitekoa, eta bide batez ekartzen du auzoko jende zenbaitekin trukatzea, bergizarteratzea hots, hostoak hazten begiratzeko tartea ukaiteaz gain, denbora iheskor aluarengatik libreago. Lurra, elkartasuna, indarra eta saria, abusatzea: maila bat baino gehiagotan zoriona eragiteko tresna.

        Dena da egitekoa oraino eta plazera da, goiz izanik ere eguzkiaren lehen indarrek jadanik kitzikatzen zaituztela, izerditzea iraulden eta lur porroskatzen. Betegarria da lur gizen sailen artetik burua altxatu eta norbera bezain ez jakituna (ignorantzia ere kolektiboa baita) den ondoko lur sailekoarekin hizketan aritzea: gauzak nola antola, ereiteko garaiak, bareen neurri ikaragarria. Berantago, sapa haziko denean, nardagarria bilakatuko da belar txar eta ahago madarikatu zangoen errotik ateratzea, udaberriko lehen bero gaixtoak gertatu ohi dira, oraino usaiarik ez harturik, burua burrunbaka jartzen baitute laster batean; sari freskagarria, lekutu baino lehen, ureztagailuz bazter guziak zipriztintzea. Egunean berean, nekea eragiten baldin badu, xuxurlatzen ditu biharamunetarako promesa eztiak, aroaren, lur koxkaren eta mota guzietako marmutxen kontra eraman borrokaren irabazteko mentura.

        Egun bakoitzak dakar berea: aitzineko astean landatu lorea errotu dela dirudi, aurrekoan baino kementsuago baitirudi jada, eta gaur hazi zenbait atera da lurretik, sail hegian papertxo bat lur mokor baten pean utzia izan ez bagenu ez baikinen berehala oroituko zer erein genuen hor.

        Eta goxoa da amestea, fitexko, sukaldeko mahai hegian, igande goiz apalez, eguerdiko apairuko, nola bihikatuko dituzun zure ilar biribil teka bildu berriak, azazkal xorrotxaren koskaz errendiaraziak, hazi berde bixiak ontziratu arau hauen berdura usain fresko lerdena gela osora ziliporta tipitan hedatuko delarik.