Pendrive
Pendrive
2013, narrazioak
136 orrialde
978-84-92468-50-8
azala: Gorka Lasa
Arrate Mardaras
1960, Abadiņo
 
 

 

MAGIA

 

Goiz batean aurpegia garatxo gorri txikiz beteta esnatu nintzen. Hasieran zeozerk kalte egin zidala pentsatu nuen. Hiru egunera alergiaren bati errua botatzen hasi nintzen, eta sendagilearengana joan nintzen. Hark antibiotikoak agindu zizkidan. Bi aste geroago berdin nengoen, arduratzen hasi nintzen. Atopikoa omen zen, espezialistaren arabera, handik hiru astera. Beti makillatuta nenbilen, panpina itxurarekin. Konponezina omen zen.

        Zein ergela! Nolatan ez nintzen arinago konturatu?

        Kontzentratu egin nintzen eta begizkoa egin zidanarengan jarri nuen arreta. Ikusiko zuen txerri hark norekin zebilen teman.

        Lasai itxaron nuen, hilabete, bi. Deitu egin zuen. Zer moduz zabiltza, zelan doa dena, ondo al zaude —jakin-min handiegia bere estilorako—. Oso ondo, primeran, eta zu. Noiz geratuko gara, aspaldian ez dugu elkar ikusi. Nahi duzunean. Zer moduz datorren astean. Datorren astean ezin izango dut, hobe datorren hilean. Ze pena, ikusi nahi zaitut.

        Bat-batean berak eman zidan pena. Eta istant batez ea erratuta nenbilen otu zitzaidan. Eta bera ez bazen?

        Bera ez bazen, ez litzaioke ezer gertatuko, ondo kontrolatzen dut. Aurrera egitea erabaki nuen. Datorren astean ezingo dut, baina hurrengoan moldatuko naiz.

        Heldu zen zita-bezpera, ilusioa ere egin zitzaidan ordurako, elkarrekin oso tarte onak pasatutakoak ginen eta. Eta hainbatean ez zen bera. Deitu egin zuen, ezingo zela azaldu, gaixorik zegoela. Eta zer duzu, ba. Herpes bat.

        Nik banekien nire erremedioa eragina egiten ari zela, bazen astebete aurpegia garbitzen hasita nuela. Esperantza guztiz piztu zidan dei hark, nahiz eta banekien holako aferak sinetsi, ez sinetsi tankerakoak izaten direla.

        Hurrengo astean medikuak egiaztatu zuen nire susmoa. A zelako gauza! Etorri den moduan joan da. Espero dezagun beste emakume horri ere horrela joan dakion. Beste emakume hori nire lagun hura zen.

        Hildako baten aurka egitea zailagoa da, horretarako trebea izan behar da. Sinda ni baino trebeagoa omen. Senarraren ahotsa entzun orduko telebista piztu zuen. Telebista berria erosi zuen propio pendrivea sartzeko.

        Senarraren ahotsa isildu egin zen. Baina hurrengo egunean berriz azaldu zen, eta Sindak telebista piztu zuen, eta senarra isildu, eta hurrengo egunean berriro itzuli zen, eta horrela jarraitu zuten.

        Berba berri bat ehun aldiz ikusi edo entzun behar omen da betiko ikasteko. Ehungarren aldia da gaurkoa Sindaren senar hilarentzat. Sindak ahotsa entzun du, telebista piztu du, ahotsa isildu egin da. Ikasi duk isiltzen? galdetu dio. Eta betiko joan dadin, kandela zuria izeki du.