Poesia kaiera
Jorge de Sena
Poesia kaiera
Jorge de Sena
itzulpena: Rikardo Arregi
2015, poesia
64 orrialde
978-84-92468-77-5
 
Hitzaurrea
Beńat Sarasola

 

      Bilduma honen izenaren neurri ona ematen du Jorge de Senaren poesiak. Ez bakarrik XX. mendeko portugesezko poesia obren artean nabarmenetakoa dugulako, baizik eta mundu zabaleko leku, giro eta pertsonaiaz mukuru dagoelako. De Senak berak han-hemenka ibili behar izan zuen 1919an Lisboan jaio, Antonio de Oliveira Salazarren diktadura kari Brasilera erbesteratu, eta Estatu Batuetako Santa Barbaran hil zela 1978an.

      Urtetan Portugalen ingeniari lanetan ibili ostean, literatura irakasle jardun zuen hala Brasilen nola Estatu Batuetan, eta batez ere tradizio frantses eta anglosaxoiko autoreak lusofonian zabaltzen aritu zen. Adibidez, bilduma honetako beste autore bat itzuli zuen portugesera: Emily Dickinson. Horretaz gain, Portugaleko literaturako kritiko entzutetsua izan zen, Camoesi eta Pessoari buruzko zenbait saiakera argitaratutakoa besteak beste. Hala, Pessoaren nazioartekotzearen arduradun garrantzitsuenetakoa dugu, Estatu Batuetako mundu akademikoan hedatzeko egin zuen lanagatik. Nobel saria jasotzeko hautagai indartsua urtetan, zaputza hartu zuen 1977an Vicente Aleixandreri eman ziotenean. Diario Popular-en artikulu aski mikatza idatzita adierazi zuen bere desadostasuna: “Vicente Aleixandre edo ezdeusen Nobela”.

      Bere poemetan argi geratzen den bezala, ikuspuntu aski kosmopolita eta humanista zuen. Humanismo horri marxismoaren hainbat irakasgai atxikitzen zizkion, Hilobi bat Londresen poeman azaltzen zaigun moduan. Salazarren diktadura eta hura sostengatzen zuen nazionalismoarekiko arbuioaren adibide da Ekumenismo lusitaniarra edo herritartasun bikoitza poema, non aditzera eman zituen brasildarrek portugaldartzat hartzearen eta portugaldarrek, berriz, brasildartzat hartzearen nekeak. Aberriarekiko, Europarekiko, eta oro har, gizateriarekiko kezka jarraia ageri zuen poemetan; Kretan nahiago zukeen egon minotauroarekin, egokitu zitzaion mundu aldrebesean baino: “Kretan, Minotauroarekin, / poemarik gabe eta bizitzarik gabe, / aberririk gabe eta espiriturik gabe, / ezer gabe, inor gabe, / hatz zikina izan ezik, / nire kafea bakez hartuko dut”.

      Aipuak, bidenabar, Jorge de Senaren poesiaren beste ildo garrantsitzu baten berri ematen digu, klasizismo moduko batena alegia. Izan ere, etengabe dialogatzen zuen hura baino aurrekoagoak ziren poetekin (Camoes, Manuel Bandeira) edo antzinatearekin. Sarritan, museoren batean ikusitako piezaren batek (Rembrandt, Goya), filmen batek (Potemkin korazatua) edo entzundako musikaren batek (Scarlatti, Schubert, Chopin) jartzen zion poema idazten hasteko puntua. Sorta horren artekoa da Sophia de Mellori eskainitako poema. Adiskide izan ziren eta biek izan zuten antzinatearekiko mira, nahiz eta De Mellorena askoz ere klasizismo jarrai eta kanonikoagoa izan zen.

      Jorge de Senaren hainbat poesiatako gorputzaren irudikatzea ere haren obrako alderdi behinenetakoa dugu. Erotismoa baliatzen zuen baita gizartearen zurruntasun morala pitzatzeko ere. Hor dugu esaterako biluztasunari buruzko poema, edo haren azalaren kodearen berri ematen digun lerroa: “hi haiz bizi naizen lurra”.

      Obra poetiko zabal eta askotarikoa argitaratu zuen Jorge de Senak. Haatik, bere poesiaren ezaugarri komun bat aipatzearren, haren indarra azpimarra daiteke. Berehalakoan kolpekatzen duten poemak izaten dira bereak, intentsitate poetiko handia dutenak (irakur Hau). Poesiaz landa, beste zenbait generotako lanak (antzerki lanak, saiakerak, nobelak...) argitaratu zituen halaber. Narratibazko lanen artean ezagunena da Sinais de Fogo (Ke-seinaleak) nobela autobiografiko amaitu gabea, hilondoan argitaratu zena.

      Rikardo Arregik apailatu eta itzulitako antologia eder honetan poemak dataturik ageri zaizkigu (De Senak argitaratzea nahi zuen moduan) kronologikoki; Distikoa poema arte poeta bizirik zela argitaratutakoak, eta haren ondotik hilondokoak.