Su txiki bat
Su txiki bat
Lorea Azpeitia Anta
editorea: Jule Goikoetxea
2026, saiakera
88 orrialde
978-84-19570-65-9
Lorea Azpeitia Anta
1994, Donostia
 
Su txiki bat
Lorea Azpeitia Anta
editorea: Jule Goikoetxea
2026, saiakera
88 orrialde
978-84-19570-65-9
aurkibidea
 

 

2010eko hamarkada

 

      Heldu gara 2010eko hamarkadara, euskal gatazka armatua ofizialki amaitzen ikusi zuenera. Askori oxigenoa hobeto heltzen hasi zitzaien. Beste askok antsietatez biziko zuten. Ezinegona. Itxaropena. Zalantza. Mesfidantza. Eta, akaso, hitzik potoloena: bakea.

      Orain arte aipatu ditugun hitz potolo askorekin bezala, hori ere, ez da bat eta bakarra, ez da unibertsala. Nire bizilagunak eta nik, adibidez, oso ezberdin ulertzen dugu bakea. Nik hatz puntekin ukitzen dut etxea isiltasunaren tenplu bihurtzen denean. Hark, dirudienez, goizean goiz musika elektroniko-lasaia jarrita dantzan eta kantuan aritzean. Gure bake kontzeptuak ez dira bateragarriak baina koexistitzen dute. Soka tenkatzearen tenkatzeaz hausten ez den bitartean, bederen.

      2011ko urrian gaude, Aieteko Jauregian ospatzen ari den Aieteko Nazioarteko Bake Konferentzian. Gaude, esateko modu bat da. Zuzenago horrela: imajina ezazue Aieteko Jauregian egiten ari den Nazioarteko Bake Konferentzian gaudela. Une historiko inportante baten aurrean gaude. Gogoratu datak eta erreferentziak behar ditugula gero historia xehe idazteko. Eta epika puzteko. Gonbidatu nagusiak jauregitik atera dira. Argazki ofizialaren ordua da. Sei pertsona daude. Euskal Herriko ordezkaritza enkoadraketatik kanpo gelditu da. Sei pertsona. Lau gizon zuri, gizon beltz bat eta emakume bat. Halako batean oihu batzuk entzuten dira. Jendeak harriturik begiratzen du ingurura. Ez dute ezer ulertzen, ez dute inor ikusten. Oihuak gero eta ozenago entzuten dira. “Zer izan da hori?”, “Baina nondik datoz zarata horiek?” hasten da jendea ahopeka. Lisipe eta bere kideak dira. “Non daude feministak!” eta “Hau ez da gure bakea!” egiten dute aldarri. “Bakea ez da existitzen, feminismoa bai!”.

      “Nola ezetz?” pentsatzen du bere kolkorako batek baino gehiagok. Gazteleraz, ingelesez, frantsesez eta agian beste hizkuntzaren batean ere esango dute “Baina zertan ari da ero kuadrilla hau? Atera ditzatela hemendik, faborez. Hau gauza serioa da. Irudi ederra zikintzen ari dira”.

      Badaezpada, norbait oraindik despistaturik balego: bakea existitzen has dadin, sikiera, gatazkan inplikatuta egon diren eragile guztiek beren buruak ordezkatuta daudela sentitu behar dute. Derrigor.

      Bai, badakit: argazkia ateratzeari begira ez da batere praktikoa. Nik zer dakit, ez al daukazue dronerik? Ja, 2010ean oraindik horrelakorik ezetz eta, izatekotan, aurpegiak ez liratekeela ondo bereiziko… Okerrena: jende horri guztiari hitz egiten utzi beharko litzaiokeela. Botere-izpi oro masan urtzen uzteak ez zaituztela konbentzitzen.      Arrazoi duzue. Bakea ez da batere praktikoa.

      Tira, ez dezadan haria galdu. 2011ko urriaren 20an etak jardun armatua behin betiko amaitutzat jotzen zuela adierazi zuen. Gaztelaniazko bertsioarekin gelditu zirenentzat, statu quoa mantendu zen. Baina euskarazko bertsioak oroimen kolektiboaren genero-aurreiritziak dantzan jarri zituen. Zorrotz jasotzen du hori Uxue Alberdik Jenisjoplin eleberriko protagonistaren bidez: “Adierazpenak emakume ahotsa zeukan. Harritu egin ninduen, eta ez: armak uztearen ideia feminitateari lotua”[29]. Eta jarraitzen du bakegile ofizialen zapatak jantzi dituztenei hatza begian sartzen: “‘aspaldi zen beranduegi’ren bariazioak. Aurrez prestaturiko esaldiekin mintzo ziren beren buruaz seguruegi zeuden gizonezko ahotsak. Errendizio femeninoaren aldeko pultsio maskulinoak bete zituen uhinak. Bortxaren aurkako bortxak. Damu emeak, herra arrak”[30].

      Ez da kasualitatea. Gatazka armatua ofizialki amaitu aurretik eta ondoren zerbait pol-pol zegoen gure eltzean, eta hortik urte gutxiren buruan eztanda egin zuen. Euskal Herriko Mugimendu Feministak aurrekaririk gabeko eragin soziopolitikoa eskuratu du eta agian norbaiti gehitxo irudituko zaio, baina, esango nuke mobilizazio-gaitasun handienetarikoa duen indar politiko bihurtu dela gaur egun. Agian nire betaurrekoak dira. Baina ebidentzia batzuk ere badaude. Gogoratzen Aieteko Jauregian oihuka zebiltzan ero haiek? Euskal Herriko paretak pintadez bete zituzten, baina pentsamendua formalki artikulatzen hasi ere bai. 2015ean “Euskal Herriko gatazkaren irakurketa etorkizuneko bake feministaren bidean” izeneko ikastaroa antolatu zuten, Oihana Etxebarrietak, Zuriñe Rodriguezek eta Arantza Santestebanek koordinatuta. Jule Goikoetxeak “Bakea ez da existitzen, feminismoa bai” bataiatu zuen bere hitzaldia. Amamaren sukaldean jasotako su txiki hura gogoratzen? Lehen ikastaro hark sua hauspotu zuen. Eta, eskerrak. Su hori indarrez heldu baita euskal literaturara.

      Sua elikatzen ausartu diren idazleetako batzuek etako emakumezko militanteak irudikatu dituzte. Ez dute beti asmatu, baina, honezkero harrituko ez zaituen spoiler txiki bat egingo dizut: kasualitatez, zori hutsagatik, gehien erre direnak daltonismo ideologikoaren zantzuak detektatu dizkiegun idazle berberak izan dira. Badakizu, urdina eta morea ondo bereizten ez dituztenak. Begirada feminista berritzailea dakartela uste dutenak baina, funtsean, betiko diskurtso matxistak erreproduzitzen amaitzen dutenak. Horiek, bai. Kasualitatez, denak gizonak.

      Baina, shhh, hau zu eta bion artean gelditzen da.

      Bada itxaropenik, hala ere. Hamarkada honetan sortu diren irudikapenetan emakumeak jada ez dira soilik amak, munstroak eta putak. Gehiengoak traumatizatuta dauden subjektuak direla? Baliteke, bai, baina aurrekaririk gabeko autokontzientzia eta agentzia politikoa ere badute. Yoyesen egunkaritik halakorik ikusi gabeak ginen. Hark bezala, hauek ere generoak beren militantzia gurutzatzearen kontzientzia esplizitua dute. Tira, ia denek.

      Pako Aristiren Rosa itzuli da eleberrian Rosa, protagonista, Parot doktrina indargabetu berritan, espetxetik atera da hogeita bost urteko zigorra bete ostean. Eleberri horrekin Aristik preso ohiaren irudi maskulino tradizional eta mitifikatuarekin hausten du, eta azken hamarkadako deserrotze politiko kolektiboari kritika egiten dio, Rosak kartzelatik atera ostean sentitzen duen nahasmenaz baliatuz. Honaino, zuzen. Hori bai, birgizarteratzen lagundu nahi dion gizonezko militante frustratuarekin sortzen den harreman erromantiko bortxatu eta erridikuluari ez dago nondik heldu. Norgehiagoka horretan, hala ere, itzal egiten dio Peñaren Hariak eleberriak Olatz protagonistaren karakterizazioarekin. Gerra Zibiletik 80ko hamarkadarainoko memoria historikoa josten du eleberriak. Horretarako familia bereko emakume-genealogiaz baliatzen da: Irene, Xexili eta Olatz. Olatzek, belaunaldiaren azken kate-begiak, txolin baten pare mutil baten atzetik doan neska inozoaren estereotipoa gorpuzten du modu guztiz esajeratuan. Erbestea, kartzela, tortura… denetatik biziko du protagonistak, baina, haren kezka nagusia beti izango da patriarkatuari huts egin izana, nahiz eta pertsonaiak genero-zapalkuntza horren inguruko kontzientzia izpirik ez agertu: ama txarra naiz, emazte txarra naiz, alaba txarra naiz. Zintzoa izatekotan, liburu hau ere amorruz itxi nuen behin baino gehiagotan. Berdin Atxagaren Zeru horiek ere. Beste zentzugabekeria bat. Lehenengo lerroetan irakurtzen dugu kartzelatik atera berri den emakumeak bere burua ispilu batean islaturik ikusi orduko zera pentsatzen duela: “Ez nago hain gaizki. Belaun politak dauzkat oraindik”[31]. Ez dizut gehiago aurreratuko. Zu zeu.

      Hemendik aurrera aipatuko ditudan eleberriekin oxigeno maila nahiko txukun mantendu nuen. Zergatik ote.

      Euskal Herriko eta mundu osoko Mugimendu Feministaren eragina begien bistakoa da. Uxue Alberdik Jenisjoplin eleberrian gezi zorrotzak jaurtitzen dizkigu. Bertan, gaixotasuna gatazka armatu eta politikoaren ondare genealogikoarekin lotzen du, memoria ariketa hori protagonistaren gorputzean josten duelarik. Aurrekaririk gabeko pentsamendu kritikoa duen pertsonaia garatzen du. Eta pertsonaia horrek, egilearen moduan, kontzientzia feminista du. Gure herriko iraganaren berrirakurketa kritiko feministak loratzen ari dira euskal literaturan. Eta berrirakurketa horiek ez dira gatazka hegemonikoaren epizentroaz eta epizentroan kokatutako subjektuez ari, inondik ere. Hegemonia horren ondorioak bistaratu eta hegemonia horren izaera patriarkala seinalatzen eta hori desmitifikatzen dute. Baina ez hori bakarrik: deseraikitzeko proposamen konkretuak egiten dituzte. Karmele Jaioren Aitaren etxea eleberriak eta Itxaro Bordaren Susmaezinakek horixe bera egiten dute, bakoitzak bere estiloan.

      Jaiok Gabriel Arestiren poema mitikoa feminismotik berrirakurtzen du, euskal gatazkaren atzean egon den eraikuntza patriarkala eta maskulinitate hegemonikoa ezbaian jarriz. Eta trama nagusiaren parte ez bada ere, bollera izateagatik deserriratzen den militante bat ere irudikatzen du.

      Bordak historia ikuspegi feministatik berridazten du, Euskal Herria gizonen herria izateaz nazkatuta. Emakume bat jartzen du gatazka armatuari buruzko eleberri bat idazten. Hautu hori egin duen estreinako euskal idazlea da. Gainera, errealitatean existitu zen Argala komandoa fikziora eramaten du eta hautu esanguratsu bat egiten du: soilik gizonez osaturikoa zen komandoan Marian izeneko pertsonaia sartzen du.

      Katixa Agirrek Amek ez dute eleberrian keinu bat egiten du. Bertako protagonistak, Euskadi Saria irabazi du Inbentarioa izeneko euskal gatazka armatuari buruzko thriller politikoagatik. Pena da metaeleberri hori irakurtzeko aukera ez izana oraindik. Promes handikoa zen.

      Gehiago dago. Kattalin Minerrek hatza begian eta uzkian sartzen digu Turista klasean: “Leninek bere uzkiarekin duen harremana birpentsatzen ez duen artean”. Eider Rodriguezek Eraikuntzarako materiala eleberrian aitaren etxea goitik behera eraisten du eta hondakin eta simaur guztia muturraren aurrean jartzen digu. Ea nor ausartzen den ez ikusiarena egiten.

      Badago gehiago: Antxiñe Mendizabalen Odolekoak, Bea Salaberriren Mesfida zaitez, Marikita Tambourinen Bizirik iraun.

      Nekearen zama, patriarkatuarena, gaixotasuna, zaintzaren ardura, klase zapalkuntzaren eragina, familia nuklearraren baitako botere-harremanak, armak darabiltzaten emakumeak, preso daudenak, erbesteratuak, abandonatuak, torturatuak. Guztiak dira gure herriaren oroimenaren parte, nahiz eta argazki ofizialetatik sistematikoki kanporatuak diren.

      Baina, lokatzetan arakatuz gero, aise agertzen dira. Indusketa eta espeleologia lanen bidez haien ahotsa eta agentzia berreskuratzen ari gara, memoria berridatzi eta osatzeko. Hobe lehenbailehen asumitu: justizia soziala, bakea bezala, ez da instituzioetatik etorriko. Egin egiten baita bidea. Eta sarea. Eta bakea.

 

 

ETA HEMENDIK AURRERA, ZER?

 

      Euskal Filologiako masterra egiten ari nintzela, 2017an, munstro bat neukan aurrean. Neuzkan arma bakarrak intuizioa eta xalotasuna ziren. Egarri nintzen. Galduta, zorabiatuta eta deseroso nengoen. Antsietatez eta buruko minez lepo oroitzen dut bolada hura. Banekien zerbait egin behar nuela baina ez nekien zer. Ilun zegoen dena. Lehen Lisipea eskuetara heldu zitzaidan arte. Amamaren etxeko suarekin piztutako zuzia itzuli zidan.

      Ordutik honaino egin dudan bidea ez da samurra izan. Abentura-liburu bat idatz nezake eta arazoak izango nituzke sinesgarritasunarekin, ziur. Baina, orain, zalantzarik ez daukat. Lisipe eta amama izan ditut, bidaide baino, gidari; eta haiekin batera bidean aurkitu ditudan erreferente feminista guztiak. Malkoak eta izerdia lehortu dizkidatenak. Eskutik ekarri nautenak, onik eta osorik, honaino.

      Zeren tesi bat idaztea, finean, ekintza kamikaze bat baita: segurtasun-sistemarik ote duzun konprobatu gabe salto egitea. Urteak irauten duen maratoia. Uneoro alertan egotea, piztia bat orkatilara loturik duzula bizitzea, zugandik elikatzen den bizkarroia. Handinahikeria ez-aitortu bat da, eta segurtasun falta etengabearen isla. Euforia uneren bat edo beste, depresioa eta migrainak. Naproxenoak eta Zomigak zientoka. Bruxismoa eta farmaziako deskarga-ferula makarroiak egiteko eltzean urtuta. Alokairua eta psikologoaren 70 euroko saioak ozta-ozta ordaintzeko ematen duen doktore-aurreko beka. Eta ez ahaztu eskerrak emateaz. Bizkarreko minarekin bizitzea. Prekaritatearekin dantzan egiten ikasi ala amore ematea. Norbaitek egindako promes bat: bizitza hobe baten atarian jarriko zaitu. Ez zaitzatela engainatu: etengabe geroratzen ari zaren bizitza bat besterik ez dizu emango.

      Baina, azken batean, hori izan da honaino ekarri nauen bidea.

      Tesi hura idaztea birtraumatizazioaren amildegira salto egitea izan bazen, saiakera hau idaztea paraxutaren kordelari tira egitea izan da.

      Eta ireki egin da.

      Banekien hala izango zela. Ez zegoen beste aukerarik. Airea agortzen ari zitzaidan kortse akademikoaren barruan. Ez zeukan zentzurik ni neu egindako lanarekin batera bertan itotzeak.

      Espero dut zurekin ezinbestean partekatu beharreko ezer tintontzian ahantzi ez izana: hainbeste oxigenok zorabiatuta nauka.

      Orriotan ahotsa itzuli nahi izan diet askotariko trikimailuen bidez ebatsi zaienei. Zaigunoi, egiari zor.

      Sistema patriarkalak (edozein sistema zapaltzailek egin ohi duen moduan) ontzat ematen du statu quoa betierekoa dela. Baina, esango nuke, egiatan, amorrua puztu eta puztu joaten dela, munduko txoko desberdinetan, han eta hemen, halako batean eztanda egiten duen arte.

      Ez naiz esaten ari, inondik ere, hau eztanda hori denik. Eztanda egingo duen amorru hori elikatzen jarraitu nahi duen su txiki bat besterik ez da. Nire izerdi, malko eta haragiz elikatu dena. Amamarenak, izenik gabeko emakumeenak, Itziar eta Joxeparenak, haien alabenak, Itziarrenak, Arantzarenak, Jonerenak, Bakartxorenak, Yoyesenak, Idoiarenak, Belenenak, Marixolenak, Olaiarenak, Oihanerenak eta beste askorenak izan dituena erregai.

      Ahotsa eta agentzia lapurtzeaz batera, memoria bera ere lapurtzen ari zaizkigu gure begien aurrean. Ez dugu kontsentsu epelen beharrik, ez dugu instituzioek finantzatu eta gidatutako fikzio artifizial eta interesaturik nahi. Egia eta justizia zor ditugu zor zaizkigun neurri berean.

      Azkenaldian zirkulazioan dabiltzan fikzio komertzial-instituzionalek sinetsarazi nahi dute klandestinitatean txupa gorriak jantzita ibiltzeko bezain ergelak garela. Gatazka armatuari buruzko irudikapen literario eta ikus-entzunezkoek maiz ez dute fundamentuzko dokumentazio-lan sakonik atzean. Gehienetan, ezagunak diren izen eta lekuak aipatze hutsak ematen dien sinesgarritasunaz baliatzen dira, hutsuneak betetzeko lana irakurlearen irudimen eta topikoen esku utziz. Pagotxa edo alferkeria narratibo horrek, ordea, emakume militantearen irudi izoztu eta estereotipatuak erreproduzitzea dakar, fikzioa errealitate konplexutik urrunduz.

      Haiek nahi dutena esaten duten bitartean, betidanik izan gara inteligenteak eta pentsatu eta ekin dugu gure kabuz; ahal bezainbat, unean uneko hormarekin topo egin arte. Batzuetan horma horiek kaskezurrarekin eraitsi ditugu. Ez gara mutilen atzetik askotariko militantzia-moldeetan txolinen pare estropezu egindako izaki inkontziente eta manipulagarriak, ez gara borroka maskulino baten apaingarri hutsak.

      Historiaren parte gara eta izan gara beti. Eta hori ukatzen duenari, lehenago edo geroago, helduko zaizkio Lisiperen lehoiak.

      Oroimen ariketa zintzo bat zor diogu gure herriari. Ahalik eta zintzoena, behintzat. Eta horrek ezin du patriarkala izan.

      Ezin ditugu estereotipoak gozo besarkatu eta bizipen eta sentimenduei iskin egin. Historialariak, soziologoak, antropologoak, kritikariak, idazleak zein zinemagileak izan. Ez ikertzen ez narratzen ari garen subjektuen sentimenduei, ezta gure propioei ere. Hortik sortzen baita egia. Eta oroimenak hori behar du: lixiba, lasto eta instituzio gutxiago eta malko, izerdi, haragi, lokatz eta egia gehiago.

      Feminismo gehiago.

      Badaezpada, hemen utziko dizut, zuk ere ahatz ez dezazun:

      Uneoro ikusi edo sumatzen ez baduzu ere, su txikia beti dago piztuta.

 

 

 

  [29]  Jenisjoplin, Alberdi, Susa, 2017, 176. orr.

  [30]  Ibid., 180. orr.

  [31]  Ikus Atxagaren Zeru horiek (Erein, 1995), 7. orr.