Pentsamendu heterozuzena
Monique Wittig
Pentsamendu heterozuzena
Monique Wittig
itzulpena: Maialen Berasategi Catalán, Irene Arrarats Lizeaga, Danele Sarriugarte Mochales, Mirentxu Larrañaga Sueskun
2017, saiakera
100 orrialde
978-84-17051-00-6
editoreak: Jule Goikoetxea, Danele Sarriugarte Mochales
Pentsamendu heterozuzena
Monique Wittig
itzulpena: Maialen Berasategi Catalán, Irene Arrarats Lizeaga, Danele Sarriugarte Mochales, Mirentxu Larrañaga Sueskun
2017, saiakera
100 orrialde
978-84-17051-00-6
aurkibidea
 

 

Emakume ez da jaiotzen

(1981)

 

(Itzultzailea: Irene Arrarats Lizeaga)

 

      Emakumeen zapalkuntza kontzeptu materialista feministekin aztertuz gero, deuseztatu egiten da emakumeak “talde natural” bat diren ideia[1], hau da, “mota berezi bateko arraza-talde bat: naturaltzat hautemaniko talde bat, beren gorputzetan materialki espezifikotzat harturiko gizon-talde bat”[2]. Analisiak ideien esparruan lortzen duen hori, praktikak egitateen esparruan lortzen du: izate hutsagatik, gizarte lesbiko batek deuseztatu egiten du emakumeak “talde natural” gisa eratzen dituen egitate artifiziala (soziala). Gizarte lesbiko batek[3] agerian uzten du, pragmatikoki, politikoa dela emakumeak gizonengandik banatzen dituen bereizketa hori, eta erakusten du emakumeok ideologikoki berreraiki gaituztela “talde natural” gisa. Emakumeei dagokienez, ideologia urrun iristen da, zeren manipulazio horren ondorio baitira bai gure gorputzak, bai gure pentsamendua. Hala, gure gorputzetan eta gure pentsamenduan bat eginarazten zaigu, ezaugarriz ezaugarri, emakumeontzat naturari buruz ezarri den ideiarekin. Hainbesteraino gara desitxuratuak, non gure gorputz itxuragabetua deitzen baitute haiek “natural”, eta, beraz, zapalkuntzaren aurretik sortutzat jotzen baita. Hainbesteraino gara desitxuratuak, non, azken batean, bai baitirudi gure baitako “natura” horren ondorio dela zapalkuntza (ideia bat baino ez den natura horrena). Analisi materialista batek arrazoibidez egiten duen hori, gizarte lesbiko batek praktikan betetzen du: hor, “emakumeak” talde naturalik ez dago (gu lesbianok gara horren erakusgarri bizia), eta, gainera, gizabanako gisa ere, auzitan jartzen dugu “emakumea”, zeina, guretzat (Simone de Beauvoirrentzat bezala), mito bat besterik ez baita. Hark esan zuen: “Emakume ez da jaiotzen: egin egiten da. Ezein destino biologikok, psikikok, ekonomikok ez du definitzen emakumeek gizartean duten tokia: zibilizazio osoak sortzen du gizonaren eta irenaren tarteko produktu hori, femeninotzat jotzen den hori”.[4]

      Nolanahi ere, Amerikako eta beste toki batzuetako feminista eta lesbiana-feminista gehienek oraindik pentsatzen dute emakumeen zapalkuntzaren oinarria historikoa bezain biologikoa dela. Areago: haietako batzuek esan dute Simone de Beauvoir dutela sorburua[5]. Sinesten baldin bada ama-zuzenbide bat izan dela eta (joera biologiko batek hartaraturik) emakumeek sortu zutela zibilizazioa “historiaurre” batean, (joera biologiko batek hartaraturik) gizon bortitz zakarrak ehizan zebiltzan garai batean, sinesmen hori parekatzeko modukoa da gizonen klaseak orain arte historiari buruz egin duen interpretazio biologizatzailearekin. Metodoa bera da: emakumeengan eta gizonengan azalpen biologiko bat bilatzea haien banaketari, bazter utzirik egitate sozialak. Niretzat, hori sekula ezingo da abiapuntua izan emakumeen zapalkuntzaren azterketa lesbiko bat egiteko, zeren onartzen baitu heterosexualitatea dela, ezinbestean, gizartearen oinarri edo jatorria. Matriarkatua, hain zuzen, patriarkatua bezain heterosexuala da: zapaltzailearen sexua baino ez da aldatzen. Gainera, kontzepzio horrek, sexuaren kategorietan giltzapeturik segitzeaz gainera (emakume eta gizon), tinko eusten dio ideia honi: erditzeko gaitasuna (hau da, biologia) da emakume bat definitzen duen bakarra. Eta, nahiz eta gizarte lesbiko batean egitateek eta bizimoduek gezurtatzen duten teoria hori, bada hau esaten duen lesbianarik: “Emakumeak eta gizonak ez dira espezie edo arraza berekoak (hitz bata zein bestea erabiltzen dute): gizonak gutxiago dira biologikoki emakumeak baino; gizonen indarkeria ezin saihestuzko fenomeno biologikoa da”[6]. Hala jokatuz gero, emakumeen eta gizonen artean bereizketa “natural” bat dagoela onartuz gero, naturalizatu egiten dugu historia; ontzat jotzen dugu “gizonak” eta “emakumeak” beti izan direla eta beti izango direla. Historia naturalizatu bakarrik ez: horren ondorioz, gure zapalkuntzaren erakusgarri diren fenomeno sozialak ere naturalizatzen ditugu, eta horrek ezinezko egiten du ezer aldatzea. Esaterako, erditzea produkzio behartu gisa hartu beharrean, prozesu “natural”, “biologiko” gisa hartzen dugu, ahazturik gure gizartean jaiotzak planifikatuak direla (demografia), ahazturik gu geu programatuak garela haurrak produzitzeko, nahiz eta hori den gizarte jarduera bakarra, “gerra salbu”[7], halako heriotza-arriskua dakarrena. Beraz, gai ez garen bitartean “borondatez edo bulkadaz abandonatzeko bizi guztirako konpromiso mendeetako hori, emakumeen sormen-ekintza gisa amatasuna ezartzen duena”[8], bada, askoz ere gehiago beharko da haur-produkzioaren kontrola eskuratzeko, produkzio horren bitarteko materialen kontrol soila baino: emakumeek alde batera utzi beharko dute inposatzen zaien “emakume” definizioa.

      Analisi feminista materialista batek agerian uzten du ezen zapalkuntzaren kausatzat eta jatorritzat jotzen dugun hori, egiaz, ez dela zapaltzaileak inposaturiko marka baizik[9]: “emakumearen mitoa”[10], eta, horrekin batera, emakumeei ezarririko gogo-gorputzetan mito horrek dituen ondorio eta adierazpide materialak. Marka hori ez da zapalkuntza baino lehenagokoa: Colette Guillauminek erakutsi du ezen, beltzen esklabotzaren errealitate sozioekonomikoa baino lehen, ez zegoela arrazaren kontzepturik, edo, behintzat, ez zuela esanahi modernoa, familien leinua adierazten baitzuen. Hala ere, orain, arraza eta sexua “egitate immediato” gisa hartuak dira, “egitate begi-bistako” gisa, “ezaugarri fisikoen multzo” gisa, gauzen ordena naturalaren parte. Baina, pertzepzio fisiko eta zuzenekoa iruditzen zaigun hori ez da eraikuntza sofistikatu eta mitiko bat baino, “formazio alegiazko” bat[11], zeinak berrinterpretatzen baititu ezaugarri fisikoak (berez, beste edozein bezain neutralak, baina sistema sozialak markatuak), haiek hautematen diren harreman-sarearen bitartez berrinterpretatu ere. (Haiek beltz gisa ikusiak dira, eta, ondorioz, beltz dira; haiek emakume gisa ikusiak dira, eta, ondorioz, emakume dira. Dena dela, hala ikusiak izan baino lehen, hala eginak izan behar izan zuten). Lesbianek beti gogoan izan eta ohartu behar lukete zenbateraino zen guretzat “antinaturala”, behartua, guztiz zapaltzailea eta suntsitzailea “emakume” izatea, emakumeak askatzeko mugimendua sortu aurreko denboretan. Uztarri politiko bat zen, eta gogor egiten ziotenei “egiazko” emakume ez izatea leporatzen zieten. Baina orduan harro geunden horretaz, akusazio horretan bazegoen-eta garaipenaren arrasto bat: zapaltzaileak aitortu egiten zuen “emakumea” ez dela berezko zerbait, zeren, emakume izateko, “egiazko” emakume izan beharra baitago. Era berean, gizon izan nahi izatea egozten ziguten. Gaur egun, emakumeak askatzeko mugimenduaren inguruan, gogo biziz heldu diote akusazio doble horri feminista batzuek eta, zoritxarrez, baita lesbiana batzuek ere, zeinen helburu politikoa baita, agidanean, geroago eta “femeninoago” izatea. Emakume izateari uko egiteak, ordea, ez dakar gizon bilakatu beharra. Gainera, adibide gisa “butch” peto-petoa hartzen badugu (higuinik gorriena ematen duen etsenplu klasikoa, Proustek gizeme deitu zuen hura), zertan dira desberdinak haren alienazioa eta emakume bihurtu nahi duen batena? Biak antzeko pareko. Gutxienez, emakume batentzat, gizon izan nahi izateak agerian uzten du ihes egin diola hasierako bere programazioari. Baina, nahiz eta bere indar guztiaz desiratu, sekula ezin lortuko du gizon izatea. Gizon bilakatzeko, gizon-itxura ez ezik gizon-kontzientzia ere izan behar luke, hau da, bere bizialdian eta eskubide osoz gutxienez bi esklabo “natural” izango dituen baten kontzientzia. Hori ezinezkoa da, eta, hain zuzen, lesbianen zapalkuntzaren ezaugarrietako bat da gure irismenetik kanpo daudela emakumeak, gizonenak direnez gero. Hala, lesbiana batek beste zerbait izan beharko du, ez-emakume bat, ez-gizon bat, gizartearen emaitza bat, eta ez naturarena, gizartean ez baitago “naturarik”.

      Heterosexual bilakatzeari (edo heterosexual irauteari) uko egiteak beti esan nahi izan du gizon edo emakume bilakatzeari uko egitea, ohartuki edo oharkabean. Lesbiana batentzat, hori askoz gehiago da “emakume” rola errefusatzea baino. Gizon baten botere ekonomiko, ideologiko eta politikoa errefusatzea da. Lesbianok, eta lesbiana ez zirenek ere, bagenekien hori mugimendu lesbiko eta feminista hasi baino lehenago ere. Nolanahi ere, Andrea Dworkinek nabarmendu duen bezala, berriki lesbiana asko saiatu dira “gero eta gehiago eraldatzen esklabo egin gintuen ideologia, emakumeen potentzial biologikoaren zelebrazio dinamikoki, erlijiosoki, psikologikoki bortxazko batean esklabo egin gintuen ideologia”[12]. Hala, mugimendu feminista eta lesbikoaren joera batzuek berekin dakarkigute, berriz ere, gizonek guretzat propio sorturiko emakumearen mitoa, eta, horrekin batera, talde natural batean erortzen gara ostera. Sexurik gabeko gizarte baten alde borrokatzeko altxatu ondoren[13], orain “emakumea-izatea-zoragarria-da” bide itsu ezagunaren presondegian gaude. Simone de Beauvoirrek agerian utzi zuen honako kontzientzia faltsu hau: mitoaren (emakumeak gizonengandik desberdinak direla dioen mitoaren) ezaugarri itxuraz onak aukeratzea, eta emakumeak definitzeko erabiltzea ezaugarri horiek. “Emakumea-izatea-zoragarria-da” kontzeptua erabiltzeak esan nahi du zapalkuntzak ezarri dizkigun ezaugarririk onenak onartzea emakumeak definitzeko (noren iritziz onenak?), eta errotik auzitan ez jartzea “gizon” eta “emakume” kategoriak, zeinak kategoria politikoak baitira, eta ez egitate naturalak. Horrek eskatzen digu “emakume” klasearen barrenean borrokatzea, ez beste klaseek egiten duten bezala gure klasea desager dadin, baizik eta “emakumea” defendatzeko eta sendotzeko. Horren ondorioz, teoria “berriak” lantzen ditugu, atseginez, gure espezifikotasunari buruz: hala, “indarkeriarik eza” deitzen diogu gure pasibotasunari, nahiz eta gure pasibotasunaren kontra borroka egitea den printzipalena guretzat oraintxe bertan (gure beldurraren kontra, hain zuzen, zeina justifikatua baitago). “Feminista” terminoaren anbiguotasunean laburbiltzen da egoera guztia. Zer esan nahi du “feminista” hitzak? Feministak “femina” hitza du barruan, “emakume”, eta esan nahi du: “emakumeen alde borrokatzen den norbait”. Gutako askorentzat, esan nahi du “klase bat diren aldetik emakumeen alde borrokatzen den norbait, eta klase hori desagertzeko borrokatzen dena”. Beste askorentzat, esan nahi du “emakumearen alde eta hura defendatzeko borrokatzen den norbait”: mitoaren alde, beraz, eta hura sendotzeko. Baina zergatik aukeratu da “feminista” hitza, den mendreneko anbiguotasunik badu? Geure buruari “feminista” deitzea aukeratu genuen, orain dela hamar urte, ez emakumearen mitoa babesteko eta indartzeko, eta ez zapaltzaileak gutaz egiten duen definizioarekin identifikatzeko, baizik eta aditzera emateko gure mugimenduak baduela historia, eta mugimendu feminista zaharrarekiko lotura politikoa berresteko.

      Hain zuzen, mugimendu hori jarri behar da auzitan, “feminismo” hitzari eman dion esanahiagatik. Aurreko mendeko feminismoak sekula ez zituen konpondu bere kontraesanak natura/kultura, emakumea/gizartea auzian. Emakumeak talde moduan borrokan hasi ziren beren kasa, eta pentsatu zuten, zuzen pentsatu ere, ezaugarri komun batzuk zituztela, zapalkuntzaren ondorioz. Baina, emakumeentzat, ezaugarri horiek naturalak eta biologikoak ziren batez ere, eta ez ezaugarri sozialak. Hainbesteraino, non bat egin baitzuten eboluzioaren teoria darwinistarekin ere. Nolanahi ere, Darwinez bestera, ez zuten uste emakumeak ez zeudela “gizonak bezain eboluzionatuak, baina pentsatzen zuten gizonen izaera eta emakumeena elkarrengandik bereiziz joan zirela eboluzio-prozesuan, eta gizartea, bere osoan, polarizazio horren isla zela”[14]. “Hona hemen lehen feminismoaren hutsegitea: emakumearen gutxiagotasunaren akusazio darwinistari soilik egitea kontra, eta ontzat jotzea ideia horien oinarriak; batez ere, emakumea ‘bakarra’ delako ideia”[15]. Eta, azkenean, unibertsitateetako emakumeek deuseztatu zuten zientifikoki ideia hori, eta ez feministek. Lehen feministek ez zuten asmatu historia interes-gatazken bitartez mugitzen den prozesu dinamiko gisa ikusten. Gainera, oraindik pentsatzen zuten, gizonek bezalaxe, berak zirela beren zapalkuntzaren kausa (jatorria). Eta, horregatik, garaipen harrigarri batzuen ondotik, lehen fronteko feministak ez atzera eta ez aurrera geratu ziren, borrokan segitzeko arrazoirik gabe. “Berdintasuna desberdintasunean” printzipio zentzugabea defendatzen zuten; gaur egun berriz suspertzen ari den ideia bat. Berriz mehatxuka dugun tranpan erori ziren: emakumearen mitoan.

      Hala, guri dagokigu, eta guri bakarrik, zeregin historiko hau: termino materialistetan definitzea zapalkuntza deitzen dugun hori, eta agerian uztea emakumeak klase bat direla. Horrek esan nahi du kategoria politiko eta ekonomikoak direla hala “emakume” kategoria nola “gizon” kategoria, eta, beraz, ez direla betiko. Gure borrokaren bitartez, gizonak klase gisa desagertzea lortu nahi dugu, ez genozidio baten bitartez, baizik eta borroka politiko batez. “Gizonen” klasea desagertzen denean, emakumeak ere desagertuko dira klase gisa, nagusirik gabe ez baitago esklaborik. Gure aurreneko zeregina hauxe da, nire ustez: beti kontu handiz bereiztea “emakumeak” (gu borrokatzen garen klasea) eta “emakumea”, mitoa. Zeren “emakumea” ez baita existitzen guretzat: formazio alegiazko bat besterik ez da. Eta “emakumeak”, berriz, harreman sozial baten emaitza dira. Argi eta garbi sentitu dugu hori guri “emakumea askatzeko mugimendua” deitzea arbuiatu dugunean.

      Are gehiago: mitoa deuseztatu behar dugu bai gure baitan eta bai kanpoan. “Emakumea” ez da gutako bakoitza, baizik eta “emakumeak” ukatzen dituen eraikuntza politiko eta ideologikoa (esplotazio-harreman baten emaitza). “Emakumea”, hain zuzen, gu nahasteko existitzen da, “emakumeak” errealitatea ezkutatzeko. Klase-kontzientzia izateko eta klase bihurtzeko, lehenik eta behin “emakumearen mitoa” akabatu behar dugu, ezaugarririk erakargarrienak barne (gogora datorkit nola esaten zuen Virginia Woolfek emakume idazlearen aurreneko lana “etxeko aingerua” akabatzea zela). Baina klase bihurtzeak ez du esan nahi geure burua gizabanako gisa ezabatzea, eta, ezein gizabanako ezin murriztu denez haren zapalkuntzara, aurrez aurre dugu beste eginbehar historiko bat: gure historiaren subjektu indibidual gisa ere eratzea. Nire ustez, horregatik ugaritzen ari dira orain emakumearen definizio “berri” batzuk emateko saioak. Jokoan dago (eta ez emakumeentzat bakarrik, jakina) gizabanakoa nola definitu, eta klasea nola definitu. Izan ere, zapalkuntzaz ohartzean, batek jakin beharra dauka eta esperimentatu beharra dauka norbera izan daitekeela subjektu (zapalkuntzaren objektuaren kontrakoa), norbera bilaka daitekeela nor, zapalkuntza gorabehera, eta norberak baduela bere identitatea. Identitateaz gabeturiko batentzat, ezinezkoa da borrokatzea, ez du borrokatzeko barne-motibaziorik, zeren, nahiz eta beste batzuekin borrokatu beste biderik ez dudan, lehenik eta behin nire alde borrokatzen bainaiz.

      Subjektu indibidualaren auzia bihurria izan da historian guztientzat. Marxismoak, hau da, materialismoaren (politikoki prestatu gintuen zientziaren) azken abatarrak, ez du ezer aditu nahi “subjektuari” buruz. Marxismoak arbuiatu egin zuen subjektu transzendentala, subjektua jakintzaren konstitutibo gisa, kontzientzia “purua”. Esperientziaren aurretik bere kabuz pentsatzen duen guztia historiaren zabortegira joan zen, zeren aldarrikatzen baitzuen materiaz gaindi existitzea, materiaren aurretik, eta Jainkoa behar zuen, espiritu bat, edo arima bat, hala existitu ahal izateko. Horrexeri deitzen zaio “idealismoa”. Gizabanakoei dagokienez, harreman sozialen emaitza baino ez dira, eta, horregatik, haien kontzientzia “alienatua” egongo da nahitaez. (Ideologia alemana lanean, Marxek esaten du, hain zuzen, klase nagusiko gizabanakoak ere alienatuak daudela, nahiz eta haiek zuzenean sortuak diren zapaltzen dituzten klaseak alienatzeko ideiak. Baina, beren alienaziotik abantaila nabariak ateratzen dituztenez, eraman dezakete askorik sufritu gabe). Klase-kontzientzia ere, izan, bada, baina ez dagokio subjektu partikular bati, salbu bere klaseko beste subjektuekin batera esplotazio-egoera berean dagoenean, subjektu horiek guztiek kontzientzia bera izanik. Aurki daitezkeen klase-arazo praktikoei dagokienez (bazter utzirik tradizioz klase-arazotzat jo ohi direnak), esaterako, arazo sexualei dagokienez, arazo “burges” gisa hartu zituzten, eta, beraz, klase-borrokaren azken garaipena lortzean desagertuko omen ziren. “Indibidualista”, “subjektibista”, “burges txikia”, horixe deitzen zitzaion zentzu hertsiko “klase-borrokara” murriztu ezin ziren arazoak aipatzen zituen edozeini.

      Hala, marxismoak subjektu-izaera ukatu die klase zapalduetako kideei. Hori eginez, marxismoak historikoki subjektu gisa eratzea eragotzi die pertsona zapalduen kategoria guztiei (beren borrokaren subjektu gisa eratzea, esaterako), “zientzia iraultzaile” horrek berehalaxe izan baitzuen botere ideologiko eta politikoa langile-mugimenduan eta beste talde politiko batzuetan. Subjektu gisa eratzea eragotzi izanak esan nahi du “masek” ez dutela beren alde borroka egiten, baizik eta alderdiaren edo haren organizazioen alde. Eta eraldaketa ekonomiko bat egin zenean (jabetza pribatua bukatzea, estatu sozialista eratzea), gizarte berrian ez zen izan inolako aldaketa iraultzailerik, pertsonak berak ez zirelako aldatu.

      Emakumeentzat, marxismoak bi ondorio izan zituen. Klase bat zirela jabetzea eragotzi zien, eta, beraz, klase gisa eratzea ere bai luzaroan, ordena sozialetik kanpo utzirik “emakumeak/gizonak” harremana, harreman “naturala” bihurturik (dudarik gabe, marxistek hala ikusten zuten harreman bakarra, emakumeek seme-alabekin dutenarekin batera) eta, azken batean, lanaren banaketa natural baten atzean ezkutaturik gizonen eta emakumeen arteko klase-gatazka (ikus Ideologia alemana). Hori, maila teorikoari (ideologikoari) dagokionez. Praktikan, Leninek, alderdiak, orain arteko alderdi komunista guztiek, talde politikorik erradikalenak barne, beti jo izan dute emakumeek gogoeta egiteko eta beren klase-arazoan oinarrituriko taldeak sortzeko egin dituzten saio guztien kontra, eta dibisionismoa leporatu diete. Batzen garenean, guk, emakumeok, herriaren indarra ahultzen omen dugu. Horrek esan nahi du ezen, marxistentzat, emakumeak klase burgesari edo proletario-klaseari dagozkiola; bestela esanda, klase horretako gizonei dagozkiela. Gainera, teoria marxistak ez die uzten emakumeei, ezta beste zapaldu-klase batzuei ere, subjektu historiko gisa eratzen, zeren marxismoak ez baitu kontuan hartzen klase bat gizabanakoek osatzen dutela, banan-banan. Klase-kontzientzia ez da nahikoa. Ulertu behar dugu filosofikoki (politikoki) zer diren “subjektu” eta “klase-kontzientzia” kontzeptuak, eta nola funtzionatzen duten gure historiari dagokionez. Konturatzen garenean emakumeak zapalduak eta besteren jabetza bihurtuak direla, hori ikusteko gai garen momentu horretantxe, subjektu bihurtzen gara, subjektu kognitiboen zentzuan, abstrakzio-ariketa baten bidez. Zapalkuntzaren kontzientzia ez da zapalkuntzaren inguruko erreakzio bat (zapalkuntzaren kontrako borroka bat) bakarrik. Mundu sozialaren berrebaluazio kontzeptual erabatekoa ere bada: mundu soziala guztiz berrantolatzea kontzeptu berri batzuekin, zapalkuntzaren ikuspegitik. Zapalkuntzaren zientzia deituko nioke, zapalduek sortua. Errealitatea ulertzeko ariketa horri ekin behar diogu emakume guzti-guztiok: dei diezaiogun praktika subjektiboa, kognitiboa. Hizkuntzaren bitartez egiten da praktika hori, errealitatearen mailen artean den mugimendu joan-etorriko hori (alegia, zapalkuntzaren errealitate kontzeptualaren eta errealitate materialaren artean, biak ere errealitate sozialak izanik).

      Historikoki, emakumeoi dagokigu termino materialistetan definitzea zer den subjektu indibidual bat. Segur aski, ezinezkoa ematen du, materialismoak eta subjektibotasunak elkar baztertu baitute beti. Nolanahi ere, ez ulertzeagatik etsia hartu ordez, ohartu beharra daukagu subjektibotasunari heltzeko premiak ekarri duela gutako askok bazter batean utzi izana “emakumearen” mitoa (zeina harrapatzen gaituen tranpa bat besterik ez baita). Gizaki guztiek dute gizabanako gisa ere existitzeko premia, klase bateko kide gisa ez ezik, eta premia hori izango da, beharbada, iraultza bat egiteko lehen baldintza; hori gabe, ez dago egiazko borroka edo aldaketarik. Baina kontrakoa ere egia da: klaserik eta klase-kontzientziarik gabe ez dago egiazko subjekturik; gizabanako alienatuak baino ez. Emakumeentzat, subjektu indibidualaren auziari termino materialistetan erantzutea zera da: aurrena, erakustea, lesbianek eta feministek erakutsi zuten bezala, arazo ustez subjektibo, “indibidual” eta “pribatuak” gizarte-arazoak, klase-arazoak direla izatez, eta emakumeentzat sexualitatea ez dela espresio indibidual eta subjektiboa, baizik eta indarkeriazko instituzio sozial bat. Baina pertsonal ere deitzen zaien arazo horiek guztiak izatez klase-arazoak direla frogatu eta gero ere, hortxe dugu emakume bakoitzaren subjektuaren arazoa: ez mitoa, baizik eta gutako bakoitza. Horri dagokionez, esan dezagun sexu-kategorietatik harago (emakume eta gizon) baino ezin dela aurkitu pertsonaren eta subjektuaren definizio berri bat gizadi guztiarentzat, eta, subjektu indibidualak sortzeko, sexu-kategoriak deuseztatu behar direla aurrena, haiek erabiltzeari utzirik, eta kategoria horiek oraindik oinarritzat dituzten zientzia guztiak errefusaturik (ia gizarte-zientzia guztiak).

      “Emakumea” deuseztatzeak ez du esan nahi gure asmoa sexu-kategoriekin batera lesbianismoa ere fisikoki deuseztatzea denik, zeren lesbianismoak ematen baitu, oraingoz, libre bizi gaitezkeen era sozial bakarra. Nik ezagutzen ditudanetan, lesbiana da sexu-kategorietatik harago (emakume eta gizon) dagoen kontzeptu bakarra, subjektu izendatua (lesbiana) ez baita emakumea, ez ekonomikoki, ez politikoki, ez ideologikoki. Honatx zerk egiten duen emakume bat: gizon batekiko harreman sozial espezifiko batek, joputza deitu dugun harreman batek[16]; eginbehar pertsonal eta fisikoak ez ezik eginbehar ekonomikoak ere ekartzen dituen harreman batek (“bizileku behartua”[17], etxeko lanak, ezkontzako eginbeharrak, haurrak mugarik gabe izatea, eta abar). Lesbianek, heterosexual bihurtzeari edo irauteari uko eginez, ihes egiten diote harreman horri. Gure klasearen desertoreak gara, hala nola esklabo amerikar iheslariak, esklabotasunari ihes egin eta askatzen zirenean. Emakumeontzat, premia absolutua da hori; iraungo badugu, gure indar guztiarekin deuseztatu beharra daukagu emakumeen klasea, zeinaren bidez gizonak emakumeez jabetzen baitira. Hori lortzeko, heterosexualitatea deuseztatu beharra dago, ezinbestean, gizonek emakumeak zapaltzen dituzten sistema sozial bat den aldetik; zapalkuntza hori zuritzeko, sexuen arteko desberdintasunaren doktrina sortzen duen sistema den aldetik.

 

 

  [1] Christine Delphy, “Pour un féminisme matérialiste”, L'Arc 61 (1975). Ingelesera itzulia: “For a Materialist Feminism”, Feminist Issues 1, 2. zenbakia (1981).

  [2] Colette Guillaumin, “Race et Nature: Système des marques, idée de groupe naturel et rapports sociaux”, Pluriel, nº. 11 (1977). Ingelesera itzulia: “Race and Nature: The System of Marks, the Idea of a Natural Group and Social Relationships,” Feminist Issues 8, 2. zenbakia (1988ko udazkena).

  [3] Gizarte hitza adiera antropologiko zabal batean erabiltzen dut; hemen, ez dagokio zentzu hertsia, sistema sozial heterosexualetatik guztiz autonomoa den gizarte lesbikorik ez dagoenez gero.

  [4] Simone de Beauvoir, Le deuxième sexe, 2. liburukia (Paris: Gallimard, 1949), 15. or.

  [5] Redstockings, Feminist Revolution (New York: Random House, 1978), 18. or.

  [6] Andrea Dworkin, “Biological Superiority: The World's Most Dangerous and Deadly Idea”, Heresies 6:46.

  [7] Ti-Grace Atkinson, Amazon Odyssey (New York: Links Books, 1974), 15. or.

  [8] Dworkin, op. cit.

  [9] Guillaumin, op. cit.

[10] De Beauvoir, op. cit.

[11] Guillaumin, op. cit.

[12] Dworkin, op. cit.

[13] Atkinson, 6. or.: “If feminism has any logic at all, it must be working for a sexless society” ("Feminismoak logikarik baldin badu, sexurik gabeko gizarte baten alde lan egin behar du").

[14] Rosalind Rosenberg, “In Search of Woman's Nature”, Feminist Studies 3, 1. eta 2. zenbakiak (1975): 144.

[15] Ibid., 146. or.

[16] L'Idiot International-en argitaraturiko artikulu batean (1970eko maiatza). Jatorrizko izenburua: “Pour un mouvement de libération des femmes” (Emakumeen askapen-mugimendu baten alde).

[17] Christiane Rochefort, Les stances à Sophie (Paris: Grasset, 1963).