Feminismoa eta politikaren eraldaketak
Feminismoa eta politikaren eraldaketak
2017, saiakera
120 orrialde
978-84-92468-98-0
editorea: Jule Goikoetxea
Mari Luz Esteban
1959, Pedrosa de Valdeporres (Burgos)
 
 

 

Botere politikoa, ahalduntzea
eta lidergo kolektiboak
[46]

 

      R.W. Connell-ek (1987) idatzi du, boterea eta genero ezberdintasunen arteko harremanak sakontzerakoan, gizarte egituren antolaketarekin zerikusi zuzena duten hainbat gai azter daitezkeela: autoritate, kontrol eta hertsadura sistemak, emakumeak baztertzen dituzten estatu-hierarkiak, erakunde mailan emakumeen kontra erabiltzen den indarkeria, edota boteredunek autoritatea eta zilegitasuna bereganatzeko baliatzen dituzten bitarteak, besteak beste.

      Azpimarratu du ere botere-hierarkiak egoteak ez duela esan gura emakumeek ez dutenik botererik edo autoritaterik ezein arlo edo inguruabarretan, edo gizonen boterea ahula edo lausoa izan ez daitekeenik.

      Feminismoaren baitan bi joera nagusitu direla esango nuke: edo emakumeen botere eza azpimarratu da, goi-mailako ardura politiko edo ekonomikoen egoera tamalgarria eta instituzioetan emakumeak/feministak sartzearen beharra nabarmenduz; edo instituzioak eta botere-egiturak errotik kritikatu dira, botere-hartzeari uko eginez. Gaur egun lehenengoa gailentzen dela esango nuke.

      Baina, oro har, badugu ohitura emakumeek boterearekin dugun harremana sinplifikatzeko, gizarte edo eremuen artean dauden ezberdintasunak beren neurrian hartu gabe eta zenbait aspektu nahastuz.

      Justa Monterok (2016) Espainian gai mediatiko bihurtu den balizko politikaren feminizazioaz berriki idatzi duena ekarri nahi dut hona:

      Politika feminizatzeak gauza asko hartzen ditu berarekin, eremu publikoan emakumeen presentzia areagotzetik hasita, etika eta politikaren fundamentazioa, edo politikaren beraren edukiak zehazteraino. Beraz, esanahi bat baino gehiagoko kontzeptua da, anbibalentea, interpretazio askotarikoak onartzen dituena bai feminizazioari dagokionez baita politikari dagokionez ere[47].

      Luisa Posadak ere gai honetan erne egoteko deia egin du, gogoraraziz “politikaren arloa itun patriarkalen leku gisa eratu dela emakumeen elisioa eginez”:

      Politikaren “feminizazioaz” hitz egitea “balio maskulinoak” emakumezkoei atxikiriko besteekin ordezkatzea litzateke; emakumezkoen eta gizonezkoen balioen arteko bereizketa garbia dagoela asumituz. [...]

      Baina, emakumeentzat beti ona al da —galdetzen dio bere buruari— gizateria hobe batentzat berariazkoagoak eta desiragarriagoak liratekeen balioen katalogo baten ikono bihurtzea? Eta, nondik atera katalogo hori ez bada patriarkatuak femeninotzat hartu duenetik? [...]

      “Politikaren feminizazioaren” aldarrian, beraz, diskurtso berri baten aurrean gaude zeina, beren bizi-baldintzek eraginda dauden emakume singular eta zehatzetatik abstrakzioa eginez, femeninotasunaren diskurtso araugile gisa aurkezten baita. Femeninoa zaintzari, elkartasunari, komunitateari lotuta eta politika egiteko era berri baten osagai eratzaile gisa aldarrikatuta.[48]

      Atal honetan, goi-mailako zein maila apalagoko botere- edo ardura-lekuetan dauden emakumeen eta feministen egoera zehatza aztertzearen ildoa defendatu nahi dut, emakumeon lidergo eta botere-eskarmentuarekin zerikusia duten zenbait eztabaida-gune seinalatze aldera.

      Horretarako, Teresa del Vallek eta bere kolaboratzaileek, Modelos emergentes en los sistemas y relaciones de género (2002) liburuan, jarraituriko premisa bikoitz beretik abiatuko naiz:

      [...] gizabanakoak, berezko estrategiak eta helburuak dituzten gizarte-aktoretzat hartzea, zeintzuek autonomoak izateko eta bitarteko sozialak kontrolatzeko aukeraren bat baduten; bigarrena, botere egitura jarraitutasun gisara ikustea, non autonomia, boterea eta ez-boterea kokatu behar diren modu bereizian. (2002:16).

      Baina, hori baino lehen, Ainhoa Etxaidek, 2016ko martxoan, Gasteizen antolaturiko mahai-inguruan aipaturikoa gogorarazi nahiko nuke, gauden testuingurua zirriborratzeko baliagarria baita.

      Etxaidek zioen botere-harremanez hausnartzeko gure testuinguruan izandako aldaketetatik hasi behar dugula. Horrela, gertatzen ari den “politikaren pribatizazioa” azpimarratzen zuen, erabakiak beste nonbait hartzen ari baitira, boterea boteretzat hartu izan ohi denetik (erakunde politikoetatik) gero eta urrunago kokatuta.

      Marko horretan, emakumeak botere-postuetara heltzeko estrategiak zeintzuk izan beharko liratekeen pentsatzea errotik korapilatu zaigu. Izan ere, Euskal Herriko egoera izan beharko lukeenetik urruti dago, ikuskatzen dugun arloa edo erakundea edozein dela: unibertsitatea, enpresa, partiduak, sindikatuak, Legebiltzarra, foru aldundiak...

      Argazki gordin horren baitan emakumeok eta feministok lidergoei nola aurre egiten diegun komentatu nahi nuke orrialdeotan. Baina, hori baino lehenago, boterearen gaur egungo hurbilpen feministaren zutabe funtsezkoa den ahalduntze terminoari buruz ere zertxobait esan gura nuke.

 

 

AHALDUNTZE TERMINOAREN
ELASTIKOTASUN KEZKAGARRIA[49]

 

      2015eko azarotik badugu “Emakumeen Ahalduntzerako Eskolak Euskal Autonomia Erkidegoko Udalerrietan” izeneko sarrera wikipedian, non eskola hauen historia, ezaugarriak eta webguneak biltzen diren.

      Arestian esan bezala, lehen eskola 2003. urtean sortu zen Basaurin, emakumeen formakuntza eta parte-hartze soziopolitikoa sustatzeko helburuarekin. Horrela inauguratu zen urtero zientoka parte-hartzaile erakartzen dituen, eta udaletatik harago ere hedatu den formula berri zein arrakastatsu hau.

      Ahalduntze kontzeptua Latinoamerikako emakumeei hartu genien XXI. mende hasieran[50], feminismoa zabaltzeko jarduteen eraberritze beharraz kezka zabalduta zegoen garaian, non (bakoitzari berea) begirik ezin zorrotzagoa ohi duten Bizkaiko zenbait berdintasun-teknikari feministak proposamena luzatu eta bete-betean asmatu zuten.

      Urteen poderioz hitz izarra bihurtu da feminismoan eta feminismotik kanpo ere bai. Guztiok izango dugu gogoan, esate baterako, 19. Korrikaren leloa, euskarahalduntzeko gonbitea luzatuz. Baina herri mugimenduetatik at ere (osasungintza, hezkuntza, enpresa...) topa daitezke emakumeak, langileak edo gazteak ahalduntzeko deiak/asmoak, nazioarte mailan diren bankuek, korporazioek eta erakundeek ere bere egiteraino. Andrea Cornwall (2016) garapenean eta generoan adituak zabalpen horren inguruko kezka agertu du esanez hitz hau dela modan daudenen artean elastikoenetarikoa. Egia esan, zer pentsatua eman beharko liguke ez feminismoarekin ezta eraldaketa sozialarekin ere bat ez datozen erakunde edo sektoreek horren samur erabiltzeak.

      Feminista latinoamerikarrak eta afrikarrak, munduan diren botere ezberdintasunen gaineko jabetzetik abiatu ziren termino hau berregokitu zutenean, eta gogoeta eta kontzientzia, antolatzeko beharra, eta nork bere boterea handitzea bateratu nahi izan zituzten, dimentsio kolektibo eta politikoaren nahitaezkotasuna azpimarratuz.

      Zeintzuk lirateke termino honen gaurko erabilerak planteatzen dizkigun arazoetako batzuk?

      Larriena, nire ustez, emprendimiento hitzarekin berdintzen/parekatzen ari dela. Egunotan aspertzeraino errepikatzen zaigun hitz horren bitartez, ohartu gabe, sistema neoliberalaren ideologiarik makillatuena eta ezkorrena barneratzen ari gara, norberak edozein proiektu erdiesteko gai den edo izan beharko lukeela konbentzitu nahi baikaituzte, edozein direla gure baldintza sozialak edo ekonomikoak.

      Baina ahalduntze hitzak badu beste arrisku bat: anbiguoegia/lausoegia dela. “Abortatzeko eskubidea”, “lan berdina, soldata berdina”, edo “zaintza-zerbitzu publikoak” aldarrikatu eta argi gelditzen zaio entzuleari zertaz ari garen, ados egon ala ez. Baina “emakumeon ahalduntzea” esan eta zer ulertzen du gutariko bakoitzak? Elhuyar hiztegiak hitz horri dagokion sarreran dakarren adibidea aproposa da muga eta anbiguotasun/polisemiatasun horiez hausnartzeko: “Zenbait enpresatako buruzagiek emakumeen ahalduntzearen aldeko hitza eman dute”[51]. Ez dakit enpresatako buruzagiek eta nik irakurketa bera egingo dugun emakumeen ahalduntzeaz... esango nuke ezetz. Ahal dela, aldarri argiak eta zehatzak erabiltzea lehenetsiko nuke, horiek baitira adostasunak edo desadostasunak adierazten, gogoeta sakontzen eta irtenbideak topatzen, benetan, ahalbidetzen gaituztenak.

      Horrez gain, ahalduntze prozesuak berez konplexuak, dinamikoak eta etengabeak direla ulertu beharko genuke. Esaterako, une batean ahalduntzen zaituen jarrera edo erabaki berak desahaldundu zaitzake hurrengoan. Maitasun erromantikoaren gaia aproposa da hau azaltzeko. Munduko zenbait testuingurutan maitasuna baliatzen ari dira neska (eta mutil) gazteak gurasoen gehiegizko boterearen aurka, norekin ezkondu erabaki ahal izateko, adibidez. Baina soberan ezagutzen ditugu erromantizismoaren arriskuak.

      Beste aldetik, ahalduntzea hitzetik hortzera darabilgun bitartean, ahaztu ohi gara ahalduntzea eta desahalduntzea batera doazela, txanpon beraren aurkia eta ifrentzua direla; hau da, norbait ahalduntzeko beste norbait desahaldundu behar dela, emakumeen ahalduntzea aldarrikatzen duten pertsona/erakunde horietako askotxo ere bai.

      Laburrera ekarrita, ahalduntze terminoaren erabileraren murrizketaren alde egingo nuke nik, edota garbi uztea zertaz ari garen erabiltzen dugun orotan.

 

 

LIDERGO FEMENINOAK ETA FEMINISTAK

 

      Montero arlo politikoan gertatzen ari den emakumeen presentziaren hazkundeaz ere aritu da lehenago aipaturiko artikuluan, bi ideia azpimarratuz: presentzia horrek duen garrantzi sinbolikoaz ohartzeko, sorrarazi dituen erreakzio matxistei begiratzea besterik ez dugula; eta emakumeen presentzia, berez, ez dela aldaketarako bermea.

      Eta haren argudioak oinarritzeko, mundu mailan ditugun kontrako adibide ugari erabili ditu, non emakumeak politika heteropatriarkalak eta neoliberalak bultzatzen ari diren.

      Nolanahi ere, emakumeek, feministak izan barik, gizonek baino joera gehiago izan ohi dute, adibide baterako, baliabideak, etxebizitza-eskubideak eta giza eskubideak defendatzeko, edo arlo pribatukotzat jotzen diren kontuetan arreta jartzeko.

      Autore beraren esanetan:

      Gaur egungo panoraman, emakume askok politika egiteko bestelako erak praktikatzen dituzte, jarduera parte-hartzaileagoak, horizontalagoak, erlazionalagoak, praxi maskulino hegemoniko lehiakorragoen aldean. Batzuen eta besteen gizarteratze eta subjektibotasunaren eraikuntza partikularragatik sortzen da hauxe. Emakumezkoen kasuan, zaintza-lanen inguruko arduragatik harremanen munduarekin lotuagoa, eta gizonezkoen kasuan, norbere lorpenetara eta eremu publikoaren proiekziora bideratuagoa. (Montero, 2016:1).

      Ildo beretik zihoan 2015eko maiatzeko 17an, eldiario.es agerkari digitalean, udal ekimenetan inplikaturiko zenbait hautagai emakumezkok sinatu zuten erreportaje bat. Gogoetagaia: azken urteetan Estatu espainiarrean zabaldurik omen dagoen ziklo politiko berria[52].

      Ordezkari hauek bereizketa tinkoa egiten zuten lidergo femenino eta feministen artean, emakumezkoa izatea nahikoa ez dela egiaztatzen zuten zenbait etsenplu emanez. Beraientzat, lidergo feministek[53] gizartea eraldatzera zuzenduak egon behar zuten, horizontalagoak eta elkarlanekoagoak izanik, eta entzutearen eta politika eta bizitzaren arteko kontziliazioaren garrantzitik abiaturik, eta ez alderantziz.

      Azken denboraldian, azpimarratzen zuten, subjektu politiko berri bat sortu da, zeina herritarrengandik hurbilago kokatzen den, “komunaren kudeaketari modu berri batez ekinez: eztabaida kolektibotik, entzutetik, eta erabakietan, zaintza-lanak, parte-hartzea, inklusibitatea eta horizontaltasuna aintzat hartuz”. Esparru politikoetan, eredu maskulino hegemonikoen gainbehera eta esparru horien feminizazioa ere aipatzen zuten. Baina nago baieztapen horrek errealitatetik baino guraritik gehiago duela.

      Euskal Herriaren historian emakumez soilik osaturiko bi hautagaitza feminista izan ditugu, biak ala biak udal hauteskundeetan: lehena, Ermuko Emakumeen Asanbladak bultzatu zuen 1987an; bigarrena, Donostiako Plazandreok taldeak, 1993an hasi eta aurkezten jarraitzen dutena (azkena Plaz! izenarekin, beste feminista batzuekin batera). Ez dute inoiz ordezkaritza instituzionalik lortu ez batak ez besteak.

      Baina azken garaian gero eta emakume gehiago parte hartzen ari dira hauteskundeetan feminismoaren goraipamenetik[54]. Horren inpaktu sinbolikoa gutxietsi gabe, goiz da, nire ustez, jakiteko emakume horiek noraino izango diren kapaz kudeaketa-ereduan aldaketa sakonak sortzeko.

 

 

INBESTIDURA, BOTEREAREN TRANSMISIOA
ETA BOTERE MOTAK

 

      Amelia Valcárcel-ek (1997), Celia Amorós-en lana oinarri harturik, boterearen lehen giltza inbestiduraren esperientziarekin loturik dagoela idatzi du.

      Inbestidura boterearen transmisioaren subjektu hartzailea izatea litzateke, halako moldez non pertsona horrek beste bati pasatu diezaiokeen. Horrela, emakumeen boterea aitortua izateko, emakumeek ez lukete beren gainean leudekeen gizonezkoen berrespenik baliatu beharko (Valcárcel, 1997:116-119).

      Argi dago emakumeak ez direla inbestiduraren jabe osoak, baizik eta era ezegonkorrean aritzera behartuta daudela. Hortaz, ezin diote daukaten ardura beti beste emakume bati pasatu, eta horrek eragiten die beldurra, edozein unetan gal baitezakete duten posizioa.

      Horrenbestez, emakumeen boterea partikularra litzateke, hauskorra, ahula, ezegonkorra: gaur baduzu, bihar agian ez. Emakumeen boterea etena da, laburbildu du Marcela Lagardek (2012).

      Horrez gain, badakigu esparru instituzionaletan dauden emakumeak, emakume izate hutsagatik, jomugan daudela etengabe. Hortik, emakumeen mesedetan agintzeko prest daudenek gure babesa beharko lukete, gure kritika zorrotza nola.

      Nola aldi berean babestu eta kritikatu boterean dauden feministak?

      Nire ustez, ardura publikoak dituzten emakumeen botere hauskor, ahul, behin-behineko hori egonkortzeko baldintza oinarrizkoa mugimendu feminista sendo bat bultzatzea litzateke. Ez baitago inbestidurarik gizarte-mugimendu indartsu barik.

      Nola ehundu emakumezko horien eta mugimenduaren arteko harremana?

      Amaitzeko, boterearen esanahiaz zerbait gehiago gehitzea gustatuko litzaidake.

      Ahalduntze kontzeptuaren bidez, besteekin eta besteentzat gauzatuko litzatekeen botereaz hitz egin nahi izan dugu feministek, besteen gainean ezartzen denari uko eginez. Kargu politikoetan dauden emakumeek estilo horizontalez, elkarlanekoaz eta entzutearen beharraz hitz egiten dutenean, besteekiko eta besteentzako botereaz ere ari dira.

      Nik dakidala behintzat, ez dugu informazio enpiriko nahikorik baieztatzeko Euskal Herriko erakunde publiko zein enpresa pribatu, partidu politiko edo sindikatuetan ardurak dituzten feministak lidergo mota oso ezberdinak burutzen ari diren. Intuizioak edo zantzuak besterik ez. Ikerketarako esparrua zabalik dago, beraz[55].

      Demagun baietz, emakume horiek besteekiko eta besteentzako boterea gauzatzeko bidean jarri direla, gai hori funtsezkotzat dutela. Nahikoa izango da hori botere estrukturalak gure bideak neutralizatzeko dituen mekanismo ezin eraginkorragoak indargabetzeko?

      Tradizio webertarrean, aktore batek harreman sozial batean haren borondatea nagusitzeko eta horren aurreko erresistentzia gainditzeko lukeen ahalmena litzateke boterea. Eta hiru botere-mota bereizten dira: (1) eragiteko ahalmena —manipulazioa barne—, (2) autoritatea —tradizioa, karisma...—, eta (3) indarra —zigor materialak...— (Giner, Lamo de Espinosa eta Torres, 1998).

      Emakume eta gizonen arteko botere-talkak eta gizonek dituzten erreakzioak ikusita, ez genituzke aurreikusi beharko hiru mota horiek guk geuk ere? Zergatik uko egin “besteen gaineko” balizko botere horren inguruan pentsatzeari: nolakoa, zein baldintzatan, noraino...?

      Boterearen definizioa aldez aurretik murriztea baino botere-karguetan (edozeinetan) egoteko baldintzez pentsatzea iruditzen zait premiazkoagoa. Zenbait baldintza hauexek lirateke: boterea txandakakoa izatea; ardura kolegiatu edo koralen alde egitea, hau da, pertsona bakarreko posturik edo koordinaziorik ahalik eta gutxien eratzea; botere horri zenbait muga ezartzea... [56].

      Balizko baldintza horiekin zuzenean loturik ere, aztertu beharko genuke nola konpentsatu eta nola dibertsifika daitekeen boterea denboran eta espazioan. Esaterako, eremu batean (demagun, unibertsitatean) boterea duen pertsona batek botererik ez edukitzea parte hartzen duen bestelako jarduera publikoetan (elkarte batean...), edo lehenago edo geroago izango dituenetan. Eta hau erabilgarria liteke edozein testuingurutan, baita feminismo barruan ere.

      Azken ohar bat. Emakumeak botere-karguetan inplikatzera animatu eta bultzatu behar ditugun modu berean, ondo identifikatu beharko genituzke gizonezkoek baztertu ohi dituzten lanak eta postuak (ohikeriazkoak eta zehatzak diren zereginak, adibidez). Eta horiei ezetz esaten hasi. Ez botereari berari uko egiteagatik, baizik eta toki horietan genero ezberdintasunak berresten direlako. Emakumeen menperatzea elikatzen duten arduren aurrean, beraz, intsumisioa praktikatu beharko genuke.

 

 

EMAKUMEEN ARTEKO ALIANTZAK
ETA GIZONEN KONPLIZITATEA

 

      Neronek unibertsitate barruko zenbait arduratan izan dudan eskarmentu txikia aintzat hartuz (baina uste dut esatera noana orokortu daitekeela), egiaztatu ahal izan dut emakumeen arteko aliantzak funtsezkoak direla, babeserako eta kritikarako ezinbestekoak baitira. Baina gizonezko batzuen konplizitatea ere zaindu beharrekoa da.

      Egon badaude emakumeen “azpian” lasai asko egoten dakiten gizonezkoak, zurekin besoz beso lan egiteko prest. Horien babesa ere ezinbestekoa da. Gainera, emakumeak ez gaude presente leku eta une guztietan eta gizonen arteko dinamiketan ere paper zentrala izan dezakete aliatu horiek.

      Badakigu, dena den, gizon guztiak ez direla gure konplize, ezta gutxiago ere (emakume guztiak ere ez diren bezala) . Etxaidek ere gogorarazi moduan, gizonek beraien arteko sare eta itunei eman ohi diete lehentasun osoa, ideologiak ideologia. Beraz, boterea banatzeko aliantza eta konplizitateez gainera, beraien kontra lehiatzen ikasi beharko dugu. Botere-banaketa, azken batean, zerbait bada, gatazkatsua da-eta.

      Lagardek (2003) adierazi du ere botere-karguetan dauden emakumeek, batzuetan, haien burua ordezkatzen dutela soil-soilik, eta beste batzuetan, beste emakumeak edo kolektibo osoa. Baina emakume bat boterean dagoen aldiro emakume guztiak ordezkatzen dituela sinbolikoki. Hauxe, gehitu du, arazo izan daiteke baina aukera ere bai.

      Arazo, ezin baititugu (ezta behar ere) emakume guztiak ordezkatu. Baina arazo ere aipaturiko lotura sinboliko hori ezartzen delako nahitaez. Eta lotura horren inguruan argi eta zuhur jokatu beharko genuke.

 

 

[46] Atal honetan, 2016ko martxoaren 17an, Gasteizko Udalaren Berdintasun-Zerbitzuak antolaturiko “Las mujeres en el poder: oportunidades y contradicciones” mahai-inguruan eman nuen hitzaldiaren edukietatik abiatu naiz. Nirekin batera aritu ziren Ainhoa Etxaide Amorrortu, LAB sindikatuko idazkari nagusi ohia, eta Eva Ferreira García, Unibasq euskal agentziako burua.

[47] Ikus: http://vientosur.info/spip.php?article11970.

[48] Ikus: http://www.eldiario.es/tribunaabierta/feminiza-politica_6_589051114.html

[49] Azpiatal honetan, 2016ko maiatzeko 14an, Berria egunkarian argitaratu nuen iritzi-artikuluaren edukiak ekarri ditut hitzez hitz. Letra etzanik ez dut erabiliko irakurketa errazteko. Ikus:

      http://www.berria.eus/paperekoa/1832/021/003/2016-05-13/ahalduntze_terminoaren_elastikotasun_kezkagarria.htm

[50] Norma Vázquezek (2009) ahalduntzeari buruzko bi definizio bildu ditu: Naila Kabeer egilearena, “pertsonek bizi-aukera estrategikoak egiteko duten trebetasuna areagotzea, aurrez trebetasun horiek ukatuak zitzaizkien testuinguru batean”; eta Sarah Mosedale egilearena, “emakumeek (desiratzea, izatea eta egitea) posible zaiena birdefinitzeko eta zabaltzeko prozesua, egoera batean zeinetan ezartzen baitzitzaizkien murrizketak, gizonekin alderatuta, nahi zutena izateagatik eta egiteagatik”.

[51] Ikus: http://hiztegiak.elhuyar.eus/eu/ahalduntze (kontsulta: 2017-01-28).

[52] http://www.eldiario.es/zonacritica/Mujeres-feminismo-municipalismo-imperativo-cambio_6_388871125.html

[53] Bartzelonako alkate den Ada Colau zen aipatzen zuten horien adibideetako bat.

[54] Azken adibidea, 2016ko EAEko hauteskunde autonomikoetan EH Bilduk aurkeztu zuen zerrenda litzateke, non emakumeek protagonismo osoa hartu zuten azpimarratuz berdintasunaren alde lan egingo zutela.

[55] Aldiz, badakigu elkarte edo erakunde politikoetan parte hartzen duten emakumeak jabetuta daudela beren egoera ez dela gizonezkoena bezalakoa, eta martxan jartzen dituztela estrategia eta taktika ezberdinak. Jone Martinez Palacios EHUko politologoak koordinaturiko lantalde batek argitaratu duen Innovaciones democráticas feministas (2017) liburuan, emakumeek, berrikuntza demokratikotzat hartuak diren esparrutzat hartzen diren horietan parte hartzerakoan ohi dituzten eragozpenak eta estrategiak izan dituzte ikergai.

[56] Kataluniako CUP-Candidatura d’Unitá Popular delakoek muturrera eraman dituzte ideia hauek eta harrigarria da Euskal Herrian zer oihartzun gutxi izan duen gai horrek.