Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzaurrea, Asier Sarasola
BAI, BAI ETA BAI
(manifestu erratua)
HIRUGARREN AGERRALDIA:
Lekuan lekuko piezak antzokian
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzaurrea, Asier Sarasola
BAI, BAI ETA BAI
(manifestu erratua)
HIRUGARREN AGERRALDIA:
Lekuan lekuko piezak antzokian
1. TESTIGANTZAK
Testigantza 1, Donostia.
Ni besteen aurretik pasatzeko beldur nintzen. Zehatzago esanda, besteen aurretik pasa eta erridikulua egitearen beldur nintzen. Edozein aitzakia zelako ona besteek nitaz barre egiteko. Edo hori iruditzen zitzaidan, behintzat. Gogoan dut egun hartan besteak eskailera batzuen ondoan zeudela, kalean. Hain nengoen urduri haien albotik pasa eta nolabait erridikulua egiteagatik, azkenean estropezu egin eta lurrera erori nintzela. Belaunak urratu nituen. Eta besteak, noski, barrez lehertu ziren.
Garai batean tentazioa eduki nuen nik ere besteei barre egiteko. Nolabait aurrea hartzearren. Barre prebentiboa, atentzioa niregandik desbideratzeko. Orain gogoan ditut nire aurrean belaunak urratu dituzten pertsona guztiak. Belaunaldia. Belaunetarako baliagarriak diren tiritak fabrikatu nahi nituzke. Haurrenak bezala, baina maite dudan jendearen aurpegiekin.
Testigantza 2, Orereta.
Gogoan dut sukaldeko labana bat burukoaren azpian gordeta lokartzen nintzela. Literatan lo egiten genuen garai hartan arreba txikiak eta biok. Ama arrebarekin beheko ohean lo egiten hasi zen, elkarri estu helduta. Ni aita bueltatuko zen unearen beldur nintzen, eta horregatik sartzen nuen labana burukoaren azpian. Gelako ateak ez zuen kisketarik. Gaueko soinuei adi ematen nuen gaua, loak hartzen ninduen arte.
Orain ez naiz gai labana bat hartzeko. Ez dakit nola moztu haragia. Labanak ispilu estuegiak iruditzen zaizkit.
Testigantza 3, Astigarraga.
Piszina eguna zen. Goizean goiz joaten ginen, ikastolara sartu baino lehen. Gurasoek eramaten gintuzten, eta haietako batzuk begira geratzen ziren mailetan. Egun hartan bera zegoen begira. Nahikoa zen bere begiak sentitzea nire azala zeharkatzen, izua hezurretaraino sentitzeko. Begiradarekin zeharkatuko banindu bezala zen. Nire biluztasuna transluzidoa balitz bezala. Beti zegoen nire atzean berak soilik ikusten zuen zerbait, nik atzeman ezin nuena. Nire biluztasuna zeharkatzea zen berak hura ikusteko zuen modu bakarra.
Eta oka egin nuen, uretara salto egin aurretik. Monitoreei ondoezik nengoela esan nien. Ez nintzen sekula gehiago piszinara itzuli. Ez nuen ikasi igeri egiten. Gaur arte. Gaur da eguna zeinean oraindik kosta egiten zaidan biluztea.
Orain, urteak pasata, norbaitek galdetzen didanean nola den posible igerian ez jakitea, zergatik ez dudan ostera ikasi, une hartara bueltatzen naiz. Oka egiteko gogoa sentitzen dut. Eta isilik geratzen naiz, eta edozein aitzakia jartzen dut, edo zuzenean ez naiz igeri egin behar den inora joaten. Ez diodalako igeri egiteari izua, nire azala zeharkatzen duten begiradei baizik.
Testigantza 4, Oiartzun.
Gogoan dut etxez aldatu ginen eguna. Sarritan aldatzen ginen etxez. Zorretan utzitako alokairuetatik ihesi, gutaz gehiegi zekiten bizilagunei ihesi. Egun hartan etxe berriko gure gela ari zen prestatzen: oheak, altzariak, torlojuak, mailuak. Gogoan dut balea zuria bezala, izerditan, alkandorarik gabe. Tripako gurinak arnasestuka, gehiegizko ahaleginean. Zapi bat emateko eskatu zidan. Pozik nengoen lagundu ahal izateaz. Gogoan dut ikusi nuela oihal horia. Hura hartu eta eman egin nion. Oihu egin zidan. Orro egin zidan. Barrutik dardarka utzi ninduen. Oihuen artetik gogoan ditut inozoa, ezdeusa, baliogabea, eta gazteleraz ozenagoak diren beste hamaika hitz. Zapi hura bere alkandora zelako.
Edozein huskeriatan okertzeko izuak atsekabetu nau orduz geroztik. Ez naiz eskuekin ezer egiteko gai. Izua diodalako edozein huskeriatan okertzeari. Denborarekin arrazionalki egoera hura kokatua izan arren, oihu hura barruan dut oraindik bueltaka.
Testigantza 5, Donostia.
Hogei urte pasa nituen bera ikusi gabe. Urtean behin telefono dei bat, bizirik zegoela jakiteko. Ahotsaren bestaldean, gainbeheran intuitzen den bizitza. Okela. Xerra bat ahaztu duela armairuan, ez dela jabetu usaina etxean sumatzen hasi den arte. Nondik datorren. Zerena den. Kiratsa sudurrera zizare etorri zaion arte.
Halako batean bera bisitatzera joango nintzela erabaki nuen. Guraso izan nahi nuen, eta aurpegira begiratzeko beharra sentitzen nuen. Inguruko guztiek esaten zidaten ez nuela zertan halakorik egin. Eta nik bai, hala da, baina nahi dut. Baina behar dut. Ez dezaten ondorengoek ere sentitu nire zama. Erraza delako beste guraso eredu bat defendatzea urruntasunean. Iskin egin bitasunei, irentsi itxaropena sortzen duten diskurtso berriak, praktikatu bestetasuna, barrura begiratu, isildu, ernaldu. Baina guraso izateko aukeraren aurrean, zer? Nolakoa da bere aita izan nahi ez duen gurasoa? Ez al da historia hori bera? Aurrekoek egindakoa ez errepikatu nahian, hobetu nahian, irauli nahian, etengabe harri berberekin erortzeko arrisku bat. Nire aita ere biktima bat zen. Nire ama bere aitaren antzeko gizon batekin elkartu zen. Nire amaren aita ere biktima bat zen. Gerra osteko elizgizonek haur umezurtzekin egindako ezin konta ahaleko traumen lekuko edo, auskalo, agian pairatzaile ere. Bere aita bezalakoa izan nahi ez duen gurasoak historiari egiten dio aurre, sistema oso bati egiten dio aurre; kontziente izan ala ez, harekin ados egon ala ez, antzinakoa den errepresio zentzugabe bati aurre egin nahi dio. Aitaren zama kendu nahi duen gurasoak mendeak dituen zama bat kendu behar du gainetik. Nola egiten da hori?
Begiratuko diezu kuirtasunei, begiratuko diezu feminismoei, begiratuko diezu gay gizonezkoei baliagarriagoak diren gizon ereduen bila. Nahiz eta haiek guztiek ere mina izan, bizitzen kontakizunean. Eta helduko diozu, eta biziko zara, eta autokritika perfekzionatzen saiatuko zara, behin eta berriz desio ez dituzun pautetan erorita ere, altxatuko zara berriz, “ikasiko dut” dioen itxaropenari helduta. Baina halako batean, guraso izango zara. Eta izua antzinakoa da. Eta horregatik, diot, bere bila joan naizela. Ekintzen gaineko ardura batere kendu gabe, ez ikusiarena egin gabe, salatzeari utzi gabe. Bere mina ikusiko dut, errepresioaren kate gupidagabe honi amaiera ematearren.
Guraso ezberdina izan behar banaiz, guztiz eta erabat, errotik ezabatu behar dut kate amaigabea. Hemen amaitzen da biktima izandakoen justifikazioen katea. Amilduko naiz ni ere, hanka sartuko dut nik ere, baina ahal dela, ez horrela.
Ez diot eragin duzun saminari iskin egingo. Ikusi egiten dut eragin duzun mina. Ikusi ez ezik, agerian geratu behar da. Eragin diozun, didazun, diguzun mina. Baina ikusi egiten dut zure mina ere; hitzik gabe, ikusi soilik. Zure minaz jabetuko naiz, ez dadin nire jabe egin.
Testigantza 6, Senpere.
Zailena ez da iragana barneratzea. Zailena ez da onartzea, gainditzea, ulertzea, samina gorputzetik pasatzea. Zailena oraina da. Zure gizonezko eredua itzala izanda, zaren gizonaren beldur bizitzea. Zure haurrei ipuinak kontatu gauean eta era berean pentsatu: zertan ari naiz ni.
Bizigarri behar lukeen kasketa une bateko gainditze tasari ahots haserreaz erantzun, eta minutura gelan ixtea, norbere oihuetan beste inorenak topatzearen beldur. Zailena etorkizuna da. Zure gizonezko eredua itzala izanda, haurren alde bizitza emateko indarrez ez sentitzea, emakume heroikoa izateko kemenik ez topatzea, superbibentziaren izu bizitzea. Gizonik gizon maitemindu eta aldiro fereka baten beldur izatea, zer ezkutatzen duen, ez didanean ikusten uzten, diot ironiaz, horretarako indarrez sentitzen naizen egunetan.
Zailena barkamena da. Beharrezkoa dela diote, norbera osatzearren. Baina benetako barkamenak benetako aurpegiak eta pertsonak eta izenak ditu bere baitan. Eta, diot, nola barkatzen du gizonezko batek. Nola barkatzen du emakumezko batek. Hitz hauek esan ahala bitasunak eragiten duen mina, saminaren zama, umorerik gabeko gela itxia, aire beharra, nola egin aurre, ekidin eta eraldatu bitasun hori, eguneroko praktika arraun barean, eguneroko bizi herren berean.
Baina bada beldur handiago bat ere: norbait barkatzeak ez ote du egindakoa lausotzen. Gizona ez denak, barkatu lezake gizona? Izua eragiten dit oharkabean justifikazio eternalean jausteak.
Testigantza 7, Lesaka.
Gizonak gizona salatzen du. Gizonak gizonari aurre egiten dio. Gizonak gizona barkatzen du.
Baina ni? Nolako emakumea izango naiz ni? Nolako emakumea izango naiz maltratatua izan den emakumearen alaba den emakume honek? Nola konfiatuko dut gizonezkoengan? Nola egongo naiz lasai gizonezko lagunekin, gizonezko lankideekin, gizonezko maitaleekin? Nola begiratuko diot orainari, nola etorkizunari?
Nola ez ikusi ezkutuko mehatxua fereka batean?
Gizonak gizona salatzen du. Gizonak gizonari aurre egiten dio. Gizonak gizona barkatzen du. Baina nola barkatzen du gizona emakume baten kontra erabilia izan den emakume batek, haur batek?
Nik nire aitarengan konfiatzen nuen. Babestu egin behar ninduen, nirekin jolastu behar zuen. Bizitzari buruzko azalpenak eman behar zizkidan, telebista edo libururik ez zenean. Asteburuak bete. Oporrak bete. Oraina bete. Etorkizuna bete.
Bete. Eta ez joan.
Testigantza 8, Gasteiz.
Hau ez da niri gertatzen zaidan zerbait. Nire amari gertatzen zaion zerbait da. Asteartea da. Iritsi naiz ikastolatik. Urte batzuk dira etxeko giltzak ditudala eta bakarrik mugitzen naizela. Barrura sartu naiz, eguna amaitu delako pozik. Motxila lurrean utzi eta korrika noa komunera. Bertan topatu dudanarekin izoztuta geratu naiz. Orain, distantziatik, arte instalazio baten traza duela otu zait. Kreatiboa izan da, kabroia. Lababoan amaren barruko arropak erreta. Ispiluan merkrominaz idatzia: “Hurrengoa zu izango zara”. Dena ondo antolatua, oreka semiotikoan, argi uler dadin. Hau guztia amari gertatzen zaion zerbait da. Urteak pasa arte ez naiz konturatu niri ere gertatu zitzaidala, oraindik ere gertatzen ari zaidala.
Nik nire ama babestu nahi dut soilik, edozer egingo nuke handiagoa izatearren. Hotzean pentsatzen hasita, berak jakin behar zuen ni iritsiko nintzela lehenago etxera, ama lanean egongo zela oraindik, ni iristerako. Alegia, ez zuen nire amak topatuko instalazioa, haurrok baizik. Kuriosoa da. Kolpeak baino, masailekoek baino, izu laborriz oroitzen dudana oihuak dira, eta mehatxuak. Etxeko hormak baino ozenagoak diren mespretxuek oihartzun zabalagoa dute. Ubeldurak joan egiten dira, baina oihuak etengabeko oihartzun batean geratzen dira bueltaka, tripetako kobazuloko hormetan, belaunalditan iraungo duten arrastoak marraztuz. Nik orduan ez nekien, baina naizen haurra arrisku bat da: etorkizuneko balizko heldua. Beste ispilu bat. Bortizkeriaren monopolioa hautsi dezakeen mehatxua. Nola senti daitekeen inor haur baten beldur. Baina hala da. Suntsitu beharreko mehatxua, denboraren kontrako badaezpadako gerran. Nola esaten zuen Bushek? Gerra prebentiboa, autoestimua neutralizatuz. Ezertarako balio ez duela sentitzen duena nekez mugituko da. Paralisia kontrola da. Nork deitzen duen jakiterik ez dagoen mugikorren aurreko garaietan, telefono hots bakoitza ekidin beharreko zerbait da. Zorrak kobratu nahi dituzten aurpegirik gabeko mamuek bera ez den edonor dutelako helduleku, presioa eragitearren. Telefonoak hots egiten duenean hartzen ez baduzu, ordea, ez duzu maite duzunekin, lagunekin, hitz egiteko modurik ere. Pobrezia, diru falta, isiltasunera lotzen zaituen kate bat da. Isolamendua. Zure mundua horma batzuetara murriztua, gauaren mehatxua gainditzea helburu bakar. Egunero, goizero, gauero.
Hau ez da niri gertatzen zaidan zerbait. Nire amari gertatzen zaion zerbait da. Hura gertatu eta urteak pasa ahala, niri ere gertatzen hasi zaidan arte.
Testigantza 9, Tafalla.
Zenbat zekiten ingurukoek? Nola kokatzen ziren, zekitenarekiko? Gogoan dut amaren lagunik onenak ikasketak egiten hasteko dirua utzi zigula, jateko ere ez genuenean. Gogoan dut amaren lehengusu bat gure etxeko konponketak egitera etortzen zela ahal zuen guztietan. Lehengusu hark beti galdera ezerosoak egiten zizkidan komuneko zisterna edo kalentadorea konpontzean. Zer zekien benetan? Bazuen gure egoerarekiko kezkarik, ezintasunik?
Familia propioa, ordea, biologikoa esaten dena, gertukoa, ez zen inoiz presente egon, egoera baretu zen arte ez behintzat. Epaia, kondena, bakardade are bakartuagoa. Ez ditut epaitzen, baina haien bizkarraren tamaina grabatua geratu zitzaidan gogoan. Ordutik, lagunen artean bilatu dut nire familia.
Amaren lagunen keinu bakoitzak bizitza aldatu zidala uste dut gaur.
Zenbat zekiten? Zenbat, jakin nahi ez den horretaz, egunerokotasuna modu ezerosoan zartatzen duen horretaz? Ezagutzen zituzten xehetasunak? Bazekiten egunero zer espero zitzaigun etxean, behatzaile, itzalean?
Ikusi zuten inoiz ubeldurarik?
Haurtzaro osoan behin bakarrik joan ginen oporretan, Nafarroako kanpin batera, amaren lagunek derrigortuta. Ez ditut sekula ahaztuko opor haiek. Nerabea nintzen, hain nengoen bizitzan galduta, ez nekiela nola jokatu gozamenezko egoera batean. Baina han inork ez ninduen epaitu.
Testigantza 10, Markina.
Gogorra izan behar da gerra baten erdian haurrei eskutik helduta tiraka aurrera egitea. Ez dut halakorik ezagutu. Nire birramonak bai, hala kontatu digute. Korri egiten zuen bonben artean haurrei janaria ekartzeko. Ahoz aho belaunalditan transmititu den irudi bat da. Inork ez dakigu zehazki irudi hori non gertatu zen, zer nolako bonbak ziren, ogi hori nork banatzen zuen, haurrak non ote zeuden zain. Zergatik ez den gizonezkorik ageri irudi horretan.
Erraz hitz egiten da haurrak aurrera ateratzeari buruz. Nik ezagutzen ditut haurrak aurrera atera dituzten proklamarik gabeko emakumeak. Nire ama da haietako bat. Isilpeko mundu gerra gehiegi dago munduan.
Haurrak aurrera ateratzeaz ari nintzen. Haiei aukera bat ematearren zure izate osoa ezabatzeaz. Ez da irudi idealizatu bat. Jakingo bazenute zer min egiten duten batzuetan komunikabideetako kanpainetako zenbait jarrera onberak, kontzentrazioetako aldarri eta hitz herdoilduek agintarien ahotan. Nola esan. Beharrezkoak dira guztiak, eta era berean, gehiegitan hutsik daudela iruditzen zait. Kasu, neure buruari galdetzen diot garai hartan salatuko ote genukeen, jendartean babes hau egon izan balitz. Pentsatu nahi dut baietz. Neure buruari galdetzen diot jende askok bizkarra emango ote zigun jendartean diskurtso hauek egon izan balira. Desagertuko ziren saminak sortzen duen lotsa, erabaki okerrak hartu izanaren errua, haurrak aurrera ateratzearren edozer jasateko xantaia. Haurrak. Batzuentzat, trukerako txanpon abstraktu hori. Besteentzat, aurpegia, ahotsa, hazten doazen gorputzak, zabaltzen doazen beharrak eta mundu gosez diren izakitxo maitagarri horiek. Maitasuna. Nola adierazi nezake bestela inork hori jasateko arrazoi bakarra maitasuna dela. Eta ez idealizatzeko esango didazue. Eta ez dut idealizatuko, esango dizuet. Baina esango dizuet baita ere, egin itzazue proklamak, baina ez duzue ezer ulertzen, ez zarete ezer ulertzen ari. Eta eskerrik asko. Baina era berean...
Entzumena da benetako keinu iraultzaile bakarra, gai honetan. Nola sortu entzumenerako espazioak, jendarte honetan. Nola entzun haurrak, helduak direnean. Nola entzun haurrak, heldu jaio direnean. Nola entzun haurrak, guztia kontra edukita ere, inora heldu direnean.
Ama batez mintzo sakrifizioa, borroka, maitasuna aipatzen baditut ilargiaz ari naizela uste baduzue ez duzue piperrik ulertu. Ez dakit nork idealizatzen duen nor gehiago. Biktima izan denari biktima izaten jarraitzeko eskatzen zaio oharkabean, lizuna dirudi alaitasunak biktimizazioaren ostean. Batzuetan ez da lotsa gertatutakoak isilean gordetzeko arrazoia. Edo ez lotsa bakarrik. Batzuetan, alaitasunean ahalduntzeko aukera bat da gehien desio dena. Etengabeko biktimizazioa ere kontrara egiten den idealizazio bat da. Baina zaila da, ulertzen dut. Jarrai dezagun elkarrekin saiatzen.
Testigantza 11, Pasaia.
Uste dut pribilegiatua naizela. Honetan bezala, beste gauza askotan ere: aukera dut guraso izateko nire bizitzari uko egin behar izan gabe. Guztia emanda bizi naiteke haurraren alde, eta, hala ere, nire behar pertsonalak nola edo hala asetzen jarraitzeko moduak topatu. Egunaren bazterreko uneak badira ere. Orain oporretatik bueltan nago. Oporrak, bai, oporrak. Bizimodu kontsumista eta zoro honetan beste bizitza batzuk posible direla gogorarazten dizkiguten egun hauek. Kontsumismoa. Ez al da horregatik internet bezain beste zabaldu opor sukarra. Beste bizitza batzuk dira kontsumitzen ditugunak, beste bizitza batzuen beharra da kontsumitzen gaituena. Baina ez dezadan hitz egin gutaz. Zer gara gu. Nor gara gu.
Begian ubeldura eduki zuen batean ikastolara deitu genuen esanez ni gaixo nengoela. Etxean geratu nintzen kalean egin beharreko enkarguak bere partez egiteko. Ubeldura joan zenean bueltatu nintzen ikastolara. Nola azalduko nizueke horrek zer nolako eragina duen burmuinean?
Testigantza 12, Oiartzun.
Zure gorputzean bertan hasten dira erantzunak, badakit. Zure bizitokia da zure gorputzaren luzapena. Bizitokia da jendartearen lehen urratsa. Etxeak salbu sentitzen zaren lekua behar luke. Nora itzultzeko lekua, bidaia baten ostean. Babeslekua, teilatupea. Nire aitaren etxea defendatuko dut entzuten dudan bakoitzean izua sentitzen dut, barka ezazue lizentzia, jakin badakit poema ez dela horretaz ari, baina... etxea, batzuetan, atea zabalik duen kaiola bat da. Eta amaren suarekin ere berdin. Hitz egin dezagun behingoz botereaz, metaforak alde batera utzita. Etxea ez; herria, auzoa, kalea diot nik. Salbuago sentitu izan naiz auzo elkartean emakumeak Martxoaren 8ko pankartak egiten ikusten, etxean baino. Salbuago sentitu naiz lagunen egongeletan afaltzen eta politikari buruz hitz egiten, neure etxean baino. Uste dut horregatik bizi izan naizela beti alokairuan. Uste dut horregatik ez naizela etxe bat erosteko gai izan.