Porno vs Afrodita
Porno vs Afrodita
Patricia Urrutia Urieta
Azaleko irudia: Roberto Quintana eta Ainhoa Resano
Barruko argazkia: Ainhoa Resano
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
96 orrialde
978-84-17051-77-8
Patricia Urrutia Urieta
1977, Bilbo
 
Porno vs Afrodita
Patricia Urrutia Urieta
Azaleko irudia: Roberto Quintana eta Ainhoa Resano
Barruko argazkia: Ainhoa Resano
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
96 orrialde
978-84-17051-77-8
aurkibidea
 

 

Sarrera

 

 

1. agerraldia: “Heltzen”

 

(Edozein herritako gaztetxeko oholtzaren gainean, kontzertu baterako tresnak erdi prest egongo dira: atzean, bateria; baratzean, baxuaren anplia garagardo-kutxa biren gainean; plazan gitarrentzako anpli bi, bata bestearen gainean eta gitarra bi, bakoitza bere euskarrian; proszenioan bi kabledun mikro euren oinetan eta hirugarren bat atzean, baterian. Gitarra-kutxa bat irekita aulki zahar baten gainean.

 

Ilunpetan, WhatsApp-elkarrizketa bat proiektatuko da. B.E.Z. musika taldearen izena daukan WhatsApp-taldera idatzi du anek.

 

Pantailako ordua 18:34 izango da)

 

 

(WhatsApp-elkarrizketa proiektatu bitartean, isiltasunean, erdi ilunpetan, urratsak entzungo dira. ane sartuko da eta gitarra akusktikoa hartuko du. Patty Smith-en Because the Night jotzeari ekingo dio.

 

karmelo berehala sartuko da, aneri esker-keinu bat egingo dio, gitarra elektrikoa hartuko du eta jotzen hasiko da. unai berandu dator, kafea eskuan. Kafea isuri gabe baxua ateratzea lortzen duenerako, abestia bukatuta egongo da.

 

Une honetan agertuko ez den arren, karmelorekin batera maitane etorri da gaztetxera, bere alaba nerabea. Backstage-an eseriko da etxeko lanak egiten. Aitarekin tokatzen zaio aste honetan.

Ordenagailuari eta mobilari so egongo da.)

 

ane: Eskerrak seietan esan dugun!

 

unai: Barkatu. Nerearen ama gaixorik dago eta ezin izan dizkiot haurrak eraman, eta Nerea heldu arte itxaron behar izan dut etxetik irteteko. Lehenago etortzekoa zen baina ez dakit zer mobida izan duten lanean eta berandu heldu da. Horrez gain, kristoren zaparrada bota du bidetik eta dortoken pare etorri behar izan dugu...

 

karmelo: Dugu?

 

unai: Bai, orain dela bi aste Finlandiako ikasle bat daukagu etxean, ikasle-trukean.

 

karmelo: Zer? Zenbat urte ditu Sarek? Bost? Eta Aitorrek? Bi? Goiz hasi zarete, gero!

 

unai: Ez, institutuko ikasle bat da.

 

ane: Bikain! Sobratuta zabiltzanez, institututik etxeko lanak eramaten dituzu orain! Nerea pozez zoratzen egongo da.

 

unai: Bai, ilusio itzela egin dio. Beste ikasle baten etxean egon behar zuen baina ikaslearen aita gaixotu egin da eta baimen kontu batengatik ezin dugu mutila beste inoren etxera bidali. Klaustroan galdetu zuten ea inork etxean tokirik bazuen... Eta guk, umeak gure ohean sartzen baditugu, ba tokia eduki, badaukagu... Laburbilduz, Jaurlaritzatik erantzunik jaso artean, nik eraman behar izan dut etxera. Probisionalki.

 

karmelo: Probisionalki.

 

unai: Egunen batean Nereak akabatu egingo nau. Eta Katxas?

 

ane: Katxas? Auskalo! Otso bakartiekin, badakizu, zaila asmatzea zein basotan egongo den ilargiari uluka...

 

karmelo: “On the road again...”. Lyonetik bota dit mezua lehen, bidean zela.

 

ane: Zorionekoa zu; zuri, behintzat, idatzi egiten dizu!

 

karmelo: Ez zara ba jeloskor jarriko, Anetxu?

 

ane: Besterik gabe, deialdia bidali nuenean taldera, taldean bertan erantzutea zuen.

 

unai: Erantzutea da hemen, exijitzea zilegi den gutxieneko hori...

 

ane: Zoaz popatik hartzera, Unai.

 

(M.C.D.ren Popatik hartzera!ren leloa joko dute karmelok eta unaik.)

 

karmelo: Popatik hartzera usa...

 

unai: Popatik hartzera urss...

 

ane: Nahiko.

 

unai: Bale, bale, barkatu.

 

ane: Askotan hitz egin dugun kontua da, eta alferrik. Entseguetarako edo tokeetarako deialdiak ez dira berez-sortutako mezuak, badakizue ezta? “Eskerrik asko” eskertzekoa da, edo “jasota”, edo atzamar potoloa gora begira duen eskutxo potrozorri bat. Ez da hain konplikatua, mutilok. Joder, colegas, azkeneko unera arte horrela ibili behar izatea ere...

 

karmelo: E, Iturrizar...

 

ane: Zer, Alonso?

 

karmelo: Dena ondo?

 

ane: Bai, zoragarri. Moneypenny-rena egitearekin nazkatuta, besterik ez.

 

karmelo: Moneypenny... (James Bond-en filmaren leloa joko dute karmelok eta unaik)

 

unai: Bueno, baina orduan Katxas badator ala ez dator...

 

ane: Karmelo?

 

karmelo: Hemen egon beharko luke jada. (Mugikorra aterako du) Otsoa aipatu... (Proiektatuko da mezua. Taldera idatzi du)Parada pa mear. Justu ibiliko naiz. Zoazte sound-checking-a hasten. Ointxarte! Egurre!!! Aneeee guapaaaaaa!!!”.

 

ane: Zoragarri! (Erlojura begiratuko du)

 

karmelo: Maitaneri esango diot, etxeko lanekin dabil. Maitane, guapa, lagunduko diguzu soinu-proba egiten?

 

(maitanek ez du erantzungo.)

 

karmelo: Maitane! Kaskoekin egongo da. Maitane!!! Bila noa, berehala nator.

 

(karmelo maitaneren bila irtengo da.)

 

 

2. agerraldia: “I’m a Loser”

 

unai: Zer, Anelatas, urduri?

 

ane: Urduri, triste, nekatuta, ez dakit. Gogotsu, baina pena ematen dit. Urte asko dira... Zuri ez, ala?

 

unai: Pena? Bai, niri ere bai. Baina kristorena izango da azkena, Ane. Kontzertu itzela emango dugu!

 

(unaik kili-kili egingo dio. anek barre egingo du eta ia berehala keinua goibelduko zaio.The Beatles-en I’m a Loser kantuaren leloa entzungo da. Originalaren bertsio bat izango da, aneren ahotsa izango da leloa kantatzen duena. anek entzungo du, unaik ez.)

 

johnlennonen mamua (off): “I’m a loser...”.

 

unai: Zer?

 

ane: E? Ezer ere ez.

 

unai: Zer, zelan dago gure Mikeltxo?

 

ane: Ba, ez dakit. Atzo sukarragaz joan zen aitarenera. Suposatzen dut hobeto egongo dela, ez dut berririk izan.

 

unai: Jauntxo txit gorenak ez du telefonoa hartzen, ala?

 

ane: Ez. Gero saiatuko naiz berriro ea zorterik dagoen.

 

johnlennonen mamua (off): “I’m a loser...”.

 

unai: Eta? Aurrekoan kontatu zenidan tipoaren berririk? Nola zuen izena... Kepa, ezta?

 

ane: Kepa, bai, baina ez ezazu ahalegin handiegirik egin izena gogoratzeko. Horrek ez du berriro idatziko.

 

johnlennonen mamua (off): “I’m a loser...”.

 

unai: Idatziko du, ikusiko duzu. Beti idazten dugu.

 

ane: Kia! Azkeneko mezua eta gero, desagertu egin da. Argi dago aurreko egunetako kontuak ez duela esanahi bera izan berarentzat eta niretzat. Neska-lagunik daukan ere ez dakit. Eta baldin badauka, ez dakit horrek zeozer esan nahi duen ere. Ez dut ezer ulertzen. Idatzi egiten du, gero desagertu egiten da, berriro agertu... Egun puta guztia nabil neurtzen zer esan, nola esan, noiz esan. Idatzi ala ez. Nekatuta nago, Unai. Nazkatuta nago.

 

(Irten egingo da baratzetik poltsa uztera.)

 

unai: Baina zuk zerbait serioa nahi zenuen, ala?

 

(Sartuko da lehen irten den leku beretik, johnlennonen mamua atzean duela.)

 

ane: Serioa? Ez. Ez dakit. Serio-serioa... Ez. Edo bai! Zerbait serioa ez dakit, baina zerbait! Zerbait. Tira, ez egin kasurik. Ez daukat nire egunik onena. Eta badut ostera ere John Lennon belarrira abesten.

 

unai: Ez egin jaramonik horri! Anelatas! Hamaika aukera izango dituzu, badakizu hori.

 

ane: Zuk uste? Trenetik txiza egiteko jaitsi izanaren sentsazioa daukat. Apeadero batean. Ez behar den moduko geltoki batean. Apeadero batean. Eta bueltatu naizenerako, trenak alde egin du eta ez dago inor ere, ez dago ordutegirik, ezer ere ez. Trenak pasatzen ikusten ditut eta ez dago modurik jakiteko geldituko diren ala ez.

 

unai: Zein dramatikoa zaren, neska!

 

ane: Ba, popatik hartzera! Nik amore ematen dut. Nire Lekunberriko metadonarekin moldatuko naiz. Behintzat horrek ez du porculo ematen. Azken boladan huts egiten ez didan bakarra da.

 

unai: Berriz ere erori zara?

 

ane (Berri Txarrak-en kanta ekarriz): “Erori baina, beti zutik erori...”.

 

unai: Saiatu beharko zinateke tipoa ezagutzen. Jatorra ematen du.

 

ane: Oso. Gainera orain erdi jubilatu dela, fijo denbora libre pilo bat baduela. Igual bihar deituko diot. Edo hobeto, idatziko diot, ea erantzuten duen! Kia! Harreman honen alderdi ona horretan datza, hain zuzen ere, beti erantzuten duela. Begira, begira... (Begiak itxiko ditu) Mezu bat bidali dit “Egurre sound check-arekin, politori! Saiatuko naiz garaiz heltzen!”. (Begiak irekiko ditu) Ikusten? Egon, egon, egon, erantzungo diot (Begiak itxiko ditu) “Eskerrik asko, guapooo!”. (Begiak irekiko ditu). Listo! Ez, egon... (Begiak itxiko ditu) “Guapa, zu!”. (Begiak irekiko ditu) Orain, bai, listo!

 

(anek begiak ireki eta ixten dituen bakoitzean, johnlennonen mamua ahultzen joango da, ane alaitu ahala. ane eta johnlennonen mamua badoaz baratzetik.)

 

unai: Horrela begiratuta...

 

(Because the Night jotzeari ekingo dio baxuarekin.)

 

ane: Bueno, eta zu, zer? (Kanpotik, off-ean)

 

unai: Ni?

 

ane: Tope ere bai, ezta?

 

unai: Tope, bai. Aizu, Karmelo Maitanerekin bueltatu bitartean lagunduko nauzu kafe azkar-azkar bat hartzen? Neuk ere nire metadona behar dut.

 

ane: Egon, egon, egon! Lagundu lehenengo kable honekin, ez dakit nork utzi duen hemen dena korapilatuta. Gero joango gara kafearen bila.

 

unai: Ados!

 

(Baratzetik irten egingo da.)