39 lore
39 lore
Amancay Gaztaņaga
Azaleko irudia eta barruko ilustrazioak: Arrate Rodriguez Martin
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
146 orrialde
978-84-17051-75-4
Amancay Gaztaņaga
1980, Guayaquil
 
 

 

. Hamahiru

 

(Zintzilik.)

 

mia: Nire bila etorri ziren. Azkarra izan zen.

      Zer egin nezakeen nik gorputz txiki honek masa horren aurrean.

      Borrokatzea pentsatu nuen indarrez aldentzea nire gorputza inoiz baino lasaiago geratu zen ordea panpina beste horien dantzan galduta utzia.

      Barre egin zuten arropa zaharra kendu zidatenean kuleroak jaitsi eta kamiseta apurtu eta apurtuta sentitu nintzen.

      Oso barruan nire gorputzean ezkutatu nintzen barruan oso gaztelu baten gelan geratu izan banintz bezala.

      Urrunak ziren astintzen ninduten bulkadak baina nik erreflexu bat bezala sentitzen nituen ez nireak bestearenak agian zureak nire barruan sartu nintzen gehiago beraiek nire barruan sartzen ziren bitartean ezkutaketan ari bagina bezala.

      Oso urrunak ziren ahotsak eta barreak eta arnasak panpina eta Amaren besarkadez oroitu nintzen eta bere usainaz eta Babak belarrira xuxurlatu zidan lasai lasai dena pasako da eta zuk zu izaten jarraituko duzu eta nik kasu egin nien.

      Bulkadak amaitu eta barreak amaitu zirenean eta agian ni panpina odoldua nintzela ikusi zutenean pentsatu nahi dut egin zutenaz jabetu zirenean han utzi ninduten.

      Niri luze egin zitzaidan une hori eta gero sentitu nuen soka nire lepoan eta oinak airean eta igo ninduten.

      Ikus zezatela besteek ni bezalakoei gertatzen zaiena ikaratu daitezen eta egin ez dezaten eta izan ez daitezen aske libre bihotz.

      Eta hegan nengoela sentitu nuen eta nire oinak mugitu ziren eta mina joaten hasi zen eta Baba sentitu nuen xuxurlaka eta Amak besarkatu ninduen eta beste guztiekin joan nintzen nire panpina hemen utzi betiko eta nire pertsonaia Mia eta nire pertsonaia eta mina eta pertsonaia zu maitatzeko jaioa jainko o! jainko zu maitatzeko jaioa Balberen bisita jaso artean.

      Fuck you jainko zaren hori fuck you orain emakume hegalari bat naiz.

 

(A zuhaitzaren azpira iristen da. Miaren oinak laztantzen ditu emeki. Gerri buelta besarkatu. Gorputza gorantz bultzatu du, hau zuhaitzetik jaitsi nahian. Soka lodia da, gorputza astuna, zuhaitza altua. Oinen azpian eseri eta zigarro bat biltzen hasten da, bi nesken presentzia urrunean.)

 

a: Niri begira geratu behar al duzue?

 

(Bi neskak gerturatu egiten dira. Bikote arraroa osatzen dute.)

 

a: Zer?

 

(Gelatina gorputza duena gehiago gerturatzen da.)

 

nausika: Amak bidali nau. Zure bila.

 

(a Nausikari begira geratzen da.)

 

a: Badakit. Ez duzu arrastorik uzten.

 

(Nausikak egindako bideari begiratzen dio. Simone eta aren arrastoak bertan.)

 

nausika: Amak ez zaitu galdu nahi. Amak ez du zu hirian geratzerik nahi. Esan dit: ez dadila gehiago beraien tresna izan. Toki horretan sufrimendua baino ez dago.

 

(Nausikak Miaren oinak besarkatzen ditu.)

 

a: Nire bila bakarrik etorri zara. Bera ez zen haragizkoa izatera etorri.

 

nausika: Izendatzen ez dena ez da existitzen.

 

a: Jazintak kontatu zidan, nirea. Amaiera. Nahiko epikoa da. Ez nuen gutxiago espero, egia esan.

 

(Zuhaitzaren azpian hirurak. Behean hiria, mugimendu etengabean.)

 

nausika: Ez dut ulertzen. Zer gara?

 

a: Antzezlan bateko pertsonaiak.

 

nausika: Ez gara errealak, beraz?

 

a: Fikzioa gara. (Miari begiratuz) Lagundu bera hortik jaisten.

 

(Nausikak poltsikoan duen labana ateratzen du. Zuhaitza trebe igo du. Soka lodia mozten du labanarekin. Simonek eta Ak Miaren gorputza hartzen dute airean. Lurrean etzaten dute. Simonek soka kentzen dio lepotik. Nausika zuhaitzetik jaitsi da.)

 

simone: Eta zer egingo duzu orain?

 

a: Lurperatu. Hori da nitaz espero dena.

 

nausika: Eta zutaz espero dena egiten ez baduzu? Eta salbatzen bazara?

 

a (irribarre): Ez naiz jainko bat. Horrela idatzi naute. Indartsua neurrian, azkarra baina ez azkarregia, basa baina kaiola baten barruan. Nire kateak noraino iristen diren badakit. (Miari begira) Nola borrokatu zuen ikusi izan bazenute. Idatzitakotik haratago.

 

nausika: Eta zer da nitaz idatzi dena? Zer da espero dena?

 

a: Ez dakit.

 

nausika: Nola ez dakizula, zuk dena dakizu. Esan! Zer da nitaz espero dena? Zein da nire amaiera? Zer da egin behar dudana? Zer naiz, zaintzailea, prostituta, bufoia, ama, emaztea, amantea, esan! Esan!

 

a: Zu ez zara ezer.

 

(Ak Mia hartzen du besoetan.)

 

nausika: Ez dut ulertzen.

 

a: Zu, ez zara beraiengandik sortua izan. Amak eta Babak sortu zintuzten eta Jazintak eta Miak… Miak gogo biziz irudikatu zintuen, bai…. eta nik. Horregatik ez duzu arrastorik uzten. Zu ez zarelako ezer. Ez zara inor beraientzat.

 

nausika: Ez naiz existitzen?

 

a: Edozer izan zaitezke edo ezer ez. Gu denok batera edo zu, zure sinpletasun ederrean.

 

(Hirian geroz eta mugimendu gehiago. ak joateko keinua egiten du.)

 

a: Nire amaiera epikoa zain dut. Plazer bat, Nausika, eta…

 

simone: Simone.

 

(Irribarre eta badoa Mia besoetan duela. Nausika eta Simone zuhaitzaren azpian, behean hiria, mugimendu bizian.)

 

nausika: Ez naiz existitzen…

 

simone: Baina nik uki zaitzaket.

 

(Simonek Nausikaren ilea laztantzen du. Nausikak Simoneren bihotzean jarri du eskua. Bateriaren txastona gozo.)

 

simone: Zintzilik, hari gorrien artean, zu.

      Zintzilik, zauri barruan, zintzilik.

      Bihotza hain dut hautsia,

      dantzatzean kristal hotsa entzuten dudala. Esan zenidan.

      Baita nik ere. Erantzun nizun.

      Esan zenidan. Imajinatu ezazu munstro bat.

      Ni naiz. Erantzun nizun.

      Zu ni zara. Zatoz idatzi gabe dagoen horretara.

      Eta nik baietz esan nizun.

 

nausika: Eta orain?

 

simone: Nahi duzuna.

 

nausika: Eta zer da hori?

 

simone: Dena eta ezer ez.

 

nausika: Eta A salbatzen badugu bere amaiera epikotik?

 

simone: Saia gaitezke.

 

nausika: Eta Ama eta Babarengana itzultzen banaiz?

 

simone: Egin dezakezu.

 

nausika: Etorriko zinateke nirekin?

 

simone: Nora?

 

nausika: Idatzita ez dagoen horretara.

 

simone: (irribarre)

 

(Nausikak labana poltsikoan sartzen du. Bi neskak maldan behera. Eguna argitzen doa. Bateriaren txastona gozo, gero eta azkarragoa bihurtzen da, neskak korrika doaz. Espazioa aldatzen doa. Espazioa aldatzen doa. Espazioa aldatzen doa.)