Su festak
Su festak
2023, saiakera
208 orrialde
978-84-19570-05-5
Azaleko argazkia: J.A. Areta Goñi (juxe)
Jon Urzelai Urbieta
1990, Zumarraga
 
Su festak
2023, saiakera
208 orrialde
978-84-19570-05-5
aurkibidea
 

 

0. KOBA

 

 

Sua maite dugu

akelarreen beroan

emeki, indartsu

ulu zakarren goxoan

Ilargi berriakNeomak

(Neomak, 2022, Airaka)

 

 

Iraungiko haiz, sua bezala

baina sua haiz, aspaldi ez bezala

SuaEneritz Furyak

(Emadan, 2021, Autoekoitzia)

 

 

1963ko[*] uztailaren 21ean egin zen Mairuelegorretako kobetako jaialdia lehen aldiz, Arabako Zigoitia herrian. Festival Vasco gisa izendatu zuten ekitaldi hura Manuel Iradier Txangolari Elkarteak antolatu zuen, eta, afixak zioenez, dantzariak, albokariak, txistulariak eta koruak izan ziren bertan. Aurrez, zenbait espeleologo luzaroan arituak ziren aipatu barrunbeak ikertzen eta haietako batena izan omen zen leize horietako gune zabal batean halako topaketa bat egiteko ideia, soinu baldintza egokiak eskainiko zituela susmo baitzuen. Zezen Plaza deitzen zioten areto natural hartan kontzertuak antolatzeko burutazioak bazuen zailtasunik, ordea: elektrizitaterik ez zegoen noski, eta, sarbide txikia zuenez, ikusleek banan-banan sartu beharko zuten. Oztopoak oztopo, igo zituzten generadore, argiztapen tresna, instrumentu eta abarrak eta, azkenerako, 2.000 ikusle bertaratu ziren koba haietara.

      Mairuelegorretako jaialdia hirurogei urte bete eta gaurdaino iritsi da. Paradoxikoa izan arren, leku ezkutu hura euskal kulturaren erakusleiho bilakatu zen, eta hala izaten jarraitzen du oraindik ere, nahiz eta mutazioak jasan izan dituen urte hauetan guztietan. Diktadura garai haietan, Gorbeia barneko leizeetako bilkurek jasotzen zuten zentsoreen arretarik, nola ez, eta Guardia Zibila ere inguratzen zen. Lehen edizioetan inolako arazorik izan ez arren, 1967an jaialdia debekatu egin zuten. Hiru urteko absentziaren ostean itzuli zen, beste zerbait bihurtuta. Euskal kulturak ardatz izaten jarraitzen zuen oraindik, baina ekitaldi jendetsuagoak bilakatu ziren —20.000 pertsona izatera iritsi ziren 1973an, esaterako—, eta musikaz eta dantzaz haragoko zerbaitek erakartzen zituen ikusle horiek guztiak, ziur aski. Ikurrinak agertzen hasi ziren, panfletoak eta aldarriak.

      Euskal Kantagintza Berriak bidea egina zuen ordurako eta Euskal Herria ez zen aurreko berbera. Mairuelegorretako jaialdia beste fase batean zegoen eta 1976an Gorka Knörr, Urko, Mikel Laboa, Gontzal Mendibil eta Xeberri, Ibai Rekondo eta Artze anaiak ere aritu ziren, bertsolari, trikitilari eta dultzaineroez gain. Franco hil zela eta, giroan irrika sumatzen zen, baita urduritasuna ere. Martxoaren 3ko sarraskia gertatu berri zen Gasteizen, eta, antolatzaileek gogoratzen dutenez[1], pertsona beste ikurrina zegoen koba hartan bildutako askori ez zitzaion gehiegi axola zeintzuk izango ziren kantatuko zutenak. Jende askok kanpoan geratu behar izaten zuen urte haietan, eta bozgorailuak jartzen zituzten barruan gertatzen ari zena entzun ahal zezaten.

      Bigarren garai horrek 1982ra arte iraun zuen eta 1988an hasi ziren berriz ere ekitaldia antolatzen, lehenbizi Zigoitiko Oketa Elkarteak eta, geroztik eta gaur egunera arte, Zigoitia Euskaraz ekimenak. Antolatzaileak ez dira aldatu diren bakarrak, “Fracking Ez!” eta “Presoak Etxera” lelodun banderek hartu izan baitute ikurrinen testigua aro berri honetan.

      Jaialdia gizartearen aldaketen lekuko izan da urte hauetan guztietan eta hamaika musikari eta artista pasatu da bertatik. Amaia ezpata-dantza izan da edizioz edizio errepikatu den ikuskizun bakarra, nahiz eta beste dantzarik ere izan den. Gorbeiako sorginen dantza, adibidez, jaialdirako berariaz sortutako ikuskizun bat izan zen, ziurrenik inguru haren ezaugarri bakarren aitzakian ekoitzi zena. Izan ere, izenak berak era argian iradokitzen duen moduan, mitologiaz bustitako tokia da Mairuelegorreta. Tokiaren ezaugarri fisiko eta estetikoengatik agian, edo mairu eta laminen presentziagatik bestela, kontua da, lehen edizioetako antolatzaile izan zen Armando Llanosek dioen bezala[2], leku hark “zerbait gehiago” duela. Zerbait zirraragarria eta bakarra.

      Dena den, Euskal Herrian koba ezagunik bada, horiek Zugarramurdikoak dira. Mairuelegorretako jaialdiaren lehen ediziotik berrogeita hamar urte pasatu ziren une berean, 2013ko udan, beste jaialdi bat antolatu zuten Nafarroako herri horretan: Cave Rave. Izen bereko diskoa aurkezten ari zirela, Crystal Fighters taldeak leize entzutetsuetan geldialdi bat egitea erabaki zuen Europako hiriburu nagusietara eramango zituen biraren barruan. Erabaki bitxia irudi lezake, baina badu azalpenik: talde britainiarrak euskal folkloreko instrumentu eta doinuak erabiltzen ditu bere konposizioetan —txalaparta, batik bat—, eta, diotenez, taldekide baten aitona nafarraren idazlan bukatugabe batean oinarritu ziren taldea osatu eta ezaugarri nagusiak zehazteko orduan[3]. Gainera, taldeak behin baino gehiagotan azaldu du lur honekiko sentitzen duen lotura.

      Emanaldi hura 300 gonbidatuk ikusi ahal izan zuten zuzenean; kazetariak batzuk, azti ibili eta banketxe batek banatutako gonbidapenak lortu zituztenak besteak. Internet bidez ere ikusi ahal izan zen Wilhelm & The Dancing Animals eta Belako taldeekin batera eskaini zuten kontzertua, halere. Taldeen zuzenekoen artean, txalaparta emanaldi bat ere entzun ahal izan zuten bertaratutakoek eta, guztia amaitu ondoren, antolakuntzak prestatutako autobusek Donostiara eraman zituzten bueltan, festak hango klub batean jarraitu baitzuen.

      Ekitaldi pribaturako sarrera lortu zuten zortedunek Zugarramurdiko Sorginen Museoan geldialdi bat egiteko aukera ere izan zuten, non herri hartan laurehun bat urte lehenago gertatu omen ziren akelarre basatien testuinguruaren berri eman zitzaien. Hori guztia nahikoa ez eta oroigarri gisa sorgin panpinak erosteko aukera ere izan zuen hala nahi izan zuenak.

 

 

Sorgindutako erreberberazioak

 

Crystal Fighters taldeko kideek, oholtza hartan ematera zihoazen kontzertuaz galdetu zitzaienean, zera azpimarratu zuten: iraganeko espirituen aurrean aritzeak sortzen zien zirrara[4]. Esperientzia bakarra izango omen zen zinez, antzinako jai zaharren akustika bera izango zuena. Rock taldearen doinuek akelarre mitiko haietako hotsek jotzen zituzten horma beren kontra egingo ei zuten talka, eta, halako dekoratu natural baten aurrean egotera nekez itzuliko zirenez, era akustikoan zuzeneko bideo batzuk grabatzeko ere probestu zuten aukera, zaleen aurrean paratu aurretik.

      Emanaldi hura egin eta hilabetera estreinatu zuen Alex de la Iglesia bilbotarrak Witching and Bitching edo Las brujas de Zugarramurdi izeneko filma. Baga, Biga, Higa abestia entzun daiteke eszena batean. Zugarramurdiko kobazuloak mukuru direla Laboaren kantuaren moldaketa abesten dute ehundaka ahots sorginduk, akelarrearen estasiaren erdian. Ez da pelikulan entzun daitekeen euskarazko abesti bakarra, halere, Fermin Muguruzak Zugarramurdin akelarrea izeneko kantua sortu baitzuen espresuki proiektu horretarako.

      Zugarramurdi eta bertako sorginak bogako egon ziren garai baten isla izan zitekeen hori guztia, baina, egia esatera, akelarreak ohiko erreferentzia izan dira sortzaile askorentzat. Debekatuaren eta transgresioaren lilura izan daiteke horren arrazoi nagusia, edo ustezko festa lizun horien alderdi askatzailea beharbada. Inspirazio bila ari denarentzat iruditeria ezin aproposagoa osatzen dute, nahiz eta zehaztasunek ihes egin askotan. Izan ere, bilkura haietan gertatzen zenaz baino, sarri legenda zukutzeaz arduratu izan gara gehiago. Non egiten ziren, nork parte hartzen zuen, horren gordinak eta basatiak ote ziren garrantzirik gabeko xehetasunak dira, balizko jaialdi pagano haien aura indartsuegia baita erabiltzeari muzin egiteko.

      Frau Troffearen kondairak ere badu halako erakarmen indarrik. Garaiko dokumentuek diotenez, 1518an emakume hura dantzan hasi zen Estrasburgoko kaleetan, inork ez daki oso ongi zergatik. Askoren artean lehena izan zen, beste zenbait ere batu baitzitzaizkion ondoren, eta, konturatzerako, hamarnaka pertsona ari omen ziren Frantziako hiri hartako kaleetan dantzan, hainbat egunez jarraian, etenik gabe. Batzuek diote 500 pertsona izan zirela guztira, eta koreomania horrek jota hil zirela horietatik ez gutxi.

      Pablo Agüero argentinarraren Akelarre filmean zeharka agertzen den pasadizo bat da Frau Troffearena eta Estrasburgoko dantza izurritearena. Film hori da, agian, akelarreak fideltasun handienez islatzen saiatu dena, nahiz eta urrun dagoen dokumental edo saiakera baten zehaztasuna izatetik. Zuzendariak ahalegin handiagoa egin zuen elementu historikoetatik tiraka fikzio askatzaile bat osatzeko, 1609an euskal kostaldean gerta zitekeena zuzentasunez islatzeko baino. “Ez dugu nahi beste berorik, zure musuen sua baino” errepikatzen dute behin eta berriz neska protagonistek kontakizunean zehar, Arantzazu Callejak eta Maite Arroitajauregi Mursegok ondutako soinu bandari jarraiki. Filma suaren inguruan antolatutako akelarre ikusgarri batekin amaitzen da, noski, erabateko klimaxean.

      Dantza izurriteak nola, lau haizetara zabaldutako gertakari mitikoak dira akelarreak; eskuz esku dabiltzan sinboloetako bat gehiago, finean. Jatetxe bat izendatzeko ere aproposa iritzi izan dio inork, berdin telebista saio bihurri usteko baten titulu gisa ere, baina, batik bat, musikaren alorrean izan du arrakastarik handiena. bbk Live makrojaialdi garaikideak, esaterako, hala izendatu du kanpin gunerako sortutako eszenatoki bat 2018az geroztik. Bilboko basque fest jaialdia ere Negua “akelarrearekin” amaitu zen hurrengo urtean eta We Are Standard taldeak beraien zuzenekoak akelarre-rave gisa deskribatu zituen orain urte batzuk, Crystal Fighters ingelesen ildoan. Joera ez da berria, dena dela. Plazaz plaza aritu zen Akelarre taldeak sona handia izan zuen gurean, eta beste hamaikak izendatu dituzte akelarreak beraien kantuetan: Ekon bezalako nu-metal talde indartsuetatik hasita (Irrintziaren oihua), Hesian pop-punkeroetaraino (Akelarreko muxua). Koban taldekoek ere Señorita bat akelarre batian kokatu zuten eta Kortatuk Jaungoikoa eta lege zarra kantuan txertatu zituen kondaira horiek. Ezin nabarmendu gabe utzi, halaber, Akelarre sorta bat diskoa, Herri Gogoa diskoetxearen ekimenez sortu zena. William S. Fischer piano jotzaile estatubatuarrak jazz eta soul doinuz jantzi zituen euskal kantu tradizionalak 1972ko disko hartan, eta egun zenbait musikazalek aldarrikatzen duen arren —Elkarrek berrargitaratu du 2021ean—, garaian ez zuen inongo arrakastarik izan. Gehiegizko heresia zen hura, akaso.

      Akelarre modernoekin jarraituz, Ernai eta Aitzina! gazte erakundeek ere Gazte Akelarrea izenpean antolatu zituzten haien topaguneak bi urtez, eta 2018an Oiartzunen egin zen ediziorako Sorginkerian dugu independentzia! kantua prestatu zuten Urrats taldekoek. Izan ere, badirudi akelarreetan topa ditzakegula zenbait borrokatarako egokiak diren elementuak. ehz jaialdiak, adibidez, Sorgin zelaian, gurea asma leloa erabili zuen 2016an burujabetza aldarrikatzeko, eta, logika agerikoago bati jarraiki, mugimendu feministen ohiko erreferentzia ere badira akelarreak eta sorginak. Musikan horren islarik bilatze aldera, Aneguria eta La Basu rap musikariengana jo genezake, bizkaitar hauek regetoi aldarrikatzailea jorratzen duen Tremenda Jauria talde madrildarrarekin kolaboratu baitzuten orain gutxi, Akelarre izeneko abesti batean. Nola ahaztu, halaber, Xabi Solano Maizak 2016an argitaratutako —eta, geroztik, hamaika bider moldatutako— Erre zenituzten kantu entzutetsua eta Zetak taldearen Akelarretan, non “tentaldirik luzeena piztuko” omen den “odol-beroen erreinua” aipatzen zaigun.

      Luze jarrai genezake akelarrearen indar iradokitzailea nabarmentzeko adibideak zerrendatuz, baina azken gertakari bat plazaratzearekin konformatuko gara. Larraitzera joko dugu horretarako, Txindokiko magalera. 1971. urtean eskandaluzko akelarre basati bat antolatu zuten bertan, garaiko prentsaren arabera. Orgiak non-nahi, droga ere erruz. Pensamiento Navarro egunkariak Ez Dok Amairu kolektiboa erasotzeko erabili zuen topaketa hura, nahiz eta bertaratutakoen esanetan ezer gutxi aurki zitekeen han, ardoaz, zigarroen keaz eta ozta-ozta entzun zitezkeen kantarien ahotsez gaindi. Hotzari aurre egiteko ere berotasun gutxi eskaintzen ei zuten euskal gorputz zurrunek. Artze anaiak, Amaya, Antton Haranburu, Lazkano, Enarak, Mikel Laboa eta Benito Lertxundik jardun zuten, eta azken honek zera azpimarratu zuen bertan gertatutakoa deskribatzean: edozer izan zela hura, akelarre bat izan ezik. Txarriboda bat, kontzertu txar bat. Altabozek nahikoa indar ez zutenez, “kaka bat” izan bide zen[5]. Hiru mila bat pertsona prest, ilargi betea zeruan eta, San Pedro bezpera izaki hurrengo eguna jai izanda ere, magia gutxi sortu omen zen Goierri alde hartan. Dantzarik ere, apenas.

 

 

Alderantzizko magia

 

Nahi izatera, Mairuelegorretako leizeetatik Zugarramurdikoetara lurrazpiko konexio ezkutu batzuk irudika ditzakegu, espazio-denboran zehar hedatu, eta aipatutako gertakari eta doinu guztiak era gorde batean lotzen dituztenak. Ikusi dugunez, iruditeria sorgindu horretatik tiraka, hamaika ekimen antolatu dira gurean, eta beste horrenbeste letra eta lerroburu idatzi. Batzuetan gorazarre egiteko, kondenatzeko beste zenbaitetan.

      Duela hainbat mendetako demonologia tratatuek ere aztertzen zituzten, beren erara, basakerian oinarritutako erritu haiek. Sorginei egiten zitzaizkien salaketen artean ohikoak ziren dantzaren mugimendu lizunaren eta infernuko musikaren erabilpenean oinarritzen zirenak. Are gehiago, bi elementu horiek akusazio askoren muina bera ziren. Badirudi, beraz, musikaren eta suaren inguruan antolatutako jaialdiek badutela ukiezina bezain ukaezina den zerbait. Sen primarioak pizteko gaitasuna izango da, agian; indar irrazional eta sekretuak azaleratzekoa.

      Posible da, hein berean, musikak beste gizabanakoekin, inguruarekin eta naturarekin harreman zuzena ezartzeko eskaintzen digun aukerarena ez izatea hizkera esoteriko hutsa besterik. Musika ardatz duten topaketak horixe baitira finean, musikarien emanaldiz osatutako ekitaldiak. Zenbait mugimenduk eta soinu uhinek sortzen duten plazer estetiko soila. Baina, zerbait egiazkotzat hartuz gero, erreala da bere eraginetan; eta musikaren ustezko potentzial horren erabilera, esan bezala, askotarikoa izan da gurean. Oro har, hainbat kontzeptu hauspotzeko tresna izan dira jaialdiak hemen, dela independentzia, euskaltasuna, askatasuna, iraultza, komunitatea, transgresioa, libertimendua, festa, transzendentzia, boterea, kontraboterea, elkartasuna, edota gozamen hedonista. Musika festibalen inguruan eratutako hitz eta kontzeptuen konstelazioa zabala da bistan denez, kasik akelarreen ingurukoa beste.

      Liburu honen egitekoa ez da botere ezkutuez eta magiaz aritzea, ezpada musika jaialdiek gurean duten papera argitzen saiatzea. Duela lau mendeko testuak deabruari dei egiten zioten kantu eta dantzez aritzen ziren hein berean aritzen baitira gaur egungo hainbat kronika musika jaialdietako eldarnio kolektiboez, zale deslotuez eta ikuskizun itzelez. Garai bakoitzari bere esaldi prefabrikatuak dagozkiola izango da. Horrexegatik, klixe maiztuz beteriko diskurtsoez harago joan nahiko nuke, topikoak biluztu. Musika festibal bat egun zehazki zer den ezagutu eta, ahal izatera, sorginkeriak alboratu. Itzalak sortzen dituzten gorputzak behatu; edo horretan saiatu, suak itsutzen ez nauen artean.

      Hala eta guztiz ere, pausoen ziurtasuna bermatze aldera, berriz ere mitoaren larreetan barneratu beharko dugu, une batez. Horretarako, Larraitzeko ustezko jai lizun haren kroniketara joko dugu berriz, bertan topatutako hari mutur bati helduko baitiogu bideari ganoraz ekin ahal izateko.

      Hala kexu zen topaketa haietan izandako ikusle bat: “Mesede bat eskatuko nizueke Larraitzeko antolatzailleei: Holako jaiak euskaldunak behar dute izan eta horretarako gauza ez ba zerate, joan zaitezte Kaliforniara eta hippyekin batean antola ezazue pop-jai ‘internazional’en bat”[6]. Gonbita ondo datorkit atzerrira joan eta “pop-jai” horien jatorriaren inguruan pixka bat aritzeko.

 

 

 

[*]  Liburuaren irakurketarako beharrezkoak diren oharrak oinean jarri ditut, asterisko batekin. Erreferentziak, berriz, atzealdean, zenbakituta.

 

 

  [1]  Mikel Ezkerroren Mairuelegorreta. Iluntasunetik argitasunera (2016) dokumentalean ikus daitezke jaialdiak urte hauetan guztietan izandako gorabeherak.

  [2]  Llanos, A. “Desde 1963, ‘Euskal Jaia’ en Mairuelegorreta”, Por la sombra, Radio Euskadi, 2019-09-11.

  [3]  Blasco, M. “Crystal Fighters - Cave Rave in Zugarramurdi - Interview”, Youtube, 2013-09-13.

  [4]  Ibid.

  [5]  Lertxundi, B.“Kantautore politikoak ginen, inor baino gehiago”, entzun.eus, 2014-05-08.

  [6]  Iparragirre, P. “Larraitz 1971: orgia bat edota hala moduzko gaupasa?”, Argia 1.829, 2001-11-11.