Ez dago etxean
Ez dago etxean
2010, saiakera
192 orrialde
978-84-92468-20-1
azala: Lander Garro
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2006, kronika
2000, kronika
 

 

Ihes magikoak

 

Preso ez daudenek ere amestu edo asmatu izan dituzte ihesak. Balizko ihesak, balizko presoentzat, literatura egin alde bada ere.

        Juan Martin Elexpuruk Antzarren zain ipuina idatzi zuen duela hogei bat urte. Garai hartan EGA azterketak egitera joaten zen kartzelara. Alcalara bai behintzat. Esperientzia horretan oinarritu zen beharbada ipuin hori idazteko.

        Kontua da kartzelara joaten dela Elexpururen alegiazko protagonista ere azterketa egitera, eta bere antz handia duen preso batekin topatzen da han.

        «— Kaixo Patxi, aspaldiko, zer moduz bizi haiz —agurtzen du preso batek irakasle azterketagilea, beste moduluan dagoelako aspaldian ikusi ez duen kidea delakoan.

        «— Ni ez nauk Patxi —erantzuten dio irakasleak—; ni Rafa nauk.

        «— Nola ezetz, hi beti adarra jotzen».

        Elkarren antz handia dute irakasleak eta presoak. «Berdin-berdinak zarete» esaten die beste preso batek.

        Komunean jantziak aldatuta elkar trukatu eta bera kalera joateko kartzelan geratzea proposatzen dio irakasleari, azken hamar urtean preso dagoen Patxik. Zalantzak zalantza, halaxe egiten dute; Patxi kalera doa Rafa etorri den bidetik, eta Rafa kartzelan geratzen da, Patxiren ziegako leihotik begira.

        Azkenean okertu egiten da Elexpururen ipuineko historia, hilabete batzuen buruan atxilotzen baitute Patxi, eta Rafa irakasle kartzelan geratuaren alboko ziegan sartu, gainera.

        Dena dela, polita da ihesa; edozein presok hatuko lukeen ihes modua da seguru asko. Eta hartu ere hartu dute batzuek.

        La Sante espetxera bisitara joan zitzaion anaiaren ordez kaleratu zen Ismael Berasategi euskal preso politikoa 2002ko abuztuan. Egunetara anaiak berak esan ezean, auskalo kartzeleroek noiz igarriko zuten presoak ihes egin zuela eta haren anaia bisitaria zela kartzelan zegoena.

        Ez dakit Elexpururen ipuinaren berririk izango ote zuten Berasategi anaiek, historia biek bai baitute elkarren antza. Hala ere, ez da ezinbestekoa, ihesa irudikatzeko behintzat. Beste kontu bat da pentsatzetik egitera pasatzea, aukerak eta momentuak bat egiten dutenean prest egotea eta pausoa ematea.

        Kartzelatik irteteko, ihes egiteko, beste baten lekua hartzea, Edmond Dantes Montecristo kondeak egin zuen Alejandro Dumasen eskutik, Elexpururen Patxi hark baino urteren batzuk lehenago. If-eko gotorlekuko leotzetan, bizi zen artean adiskide eta solaskide bakar izan duen Faria abadea zendu da. Lekuak eta patuak trukatzeko, abade hilotza atera eta haren hil-atorran —zakuan— sartzen da Edmond Dantes. Kartzeleroek itsasora jaurtitzen dute, labarretan behera, hil-atorran zein dagoen bigarren aldiz begiratu gabe. Eta itsasotik mundura.

        Ur handi horiek, ordea, belaunetatik ez ezik kokotsetik ere gorago iristen diren ur horiek, osin infinituak zaizkit eta, aukeran nahiago neuretzat, errealago ere badelako, Roque Daltonen hura. 1963 aldera preso hartu eta torturatu egin zuten Roque Dalton El Salvadorren. Espetxean, egur zati batekin zuloa eginez prestatu zuen ihesa, zuloa aurrera, aurrera... kartzela ondoko etxe baten porlanezko pareta gotorrarekin topo egin zuen arte. Ezin segi aurrera. Ez zion estutu makala emango etsipenak. Handik egun batzuetara, baina, lurrikara batek bota zuen pareta hori, eta handik hanka egin zuen Roque Daltonek.

        Eduardo Gil Berari hartuta, Dakiguna ikasten liburuan kontatzen du Patziku Perurenak Walter Mehring idazle anarkista alemaniarraren historiatxo bat. Berlindik ihesi, Perpinyàn atxilotu zuten gizona, eta Saint Cyprieneko kontzentrazio barrutian sartu, 1939an. Handik nola atera izango zuen buruhauste handienetakoa, eta beti sortzen da planen bat. Zaindarien barrakoietara joan zen Mehring, seguru asko aurrez pentsatu moduan planta antzeztu eta gizajoarena eginez.

        — Zer nahi duzu? —galdetu zion gosaltzen ari ziren bi soldadu frantsesetarik batek.

        — Nire anaia bisitatu nahi nuke, Mehring jauna, hemen omen da-eta —Mehring-ek erantzun, umil.

        — Baduzu baimena? —soldadu zaindariak zorrotz.

        — Baaa, ez —ostera Mehring-ek, beldurtuarena eginez.

        — Ospa hemendik —soldaduak, eta oihuka eta ostikoka fueratu eta larratu omen zuten kontzentrazio zelaitik Mehring jauna.

        Aurrez uste izateko modukoa da Saint Cyprieneko soldadu frantses horien harropuzkeria eta erreakzioa, atxilotua aurpegiz ezagutu ezean behintzat. Zaindarien harropuzkeria hori eta oldarra suposatu eta justu horretantxe zirritua aurreikustea da Mehring-en meritua. Eta asmoa abiatu eta burutzeko ausardia izatea, jakina.

        Beste baten lekua hartzea, gure lekuan beste bat ipintzea, norbera ostentzea da: galdetzailearen, behatzailearen edo dena delakoaren begirada une batez bestaldera zuzenaraztea. Justu unetxo hori balia dezakezu zeure lekua husteko. Magiatik apur bat badu kontu honek: gutxi edo asko, gehienok harritzen gaitu magiak, gehienoi gustatzen zaigu, gehienok saiatu gara egiten ere inoiz edo behin.