Mila ezker
Mila ezker
2009, saiakera
88 orrialde
978-84-92468-10-2
azala: Gorka Lasa
Garbiņe Ubeda
1967, Tolosa
 
1995, kronika + argazkiak
 

 

Karakterizazioaz

 

Charles Ingalls Little House on the Prairie obrako pertsonaia nagusia ez zen ezkerra, baina Michael Landon aktore eta produktorea bai, peto-petoa gainera, antzezten aritu izanagatik ere, disimulatzerik ez dakien horietakoa. Horregatik, Laura Ingalls Wilder idazle estatubatuarraren istorio autobiografikoak telesail bilakatu eta familiaburu eredugarri horrenak agertu zituenean, karakterizazio akats hutsa baino gehiago, ekarpen faltsu bat egin zion historiari. La casa de la Pradera edo La Petite Maison dans la Prairiek irudikatzen zigun garaian ez baitzen kristau katoliko apostolikorik bedeinkatutako mahai batean eseri eta koilara-labanak ezkerrez hartuta otordua lasai ederrean egingo zuenik; edota, papera trabeska ipini, ukalondoa gorputzetik urrundu, eskumuturra barrualdera bihurritu eta postura guztiz nabarmenean idazten ausartuko zenik ere. Ez, bederen, lotsa izpirik sentitu gabe eta agerian. Ez, bederen, deabruaren morroi sentitu gabe.

        Orduko ezkertasunak —bortxaz ere eskuindu ezin den berezkotasunaz ari gara— mailua jotzea edo arrautza frijituak zartaginetik ateratzea bezalako zeregin indibidual eta oharkabekoetan hartzen zuen babesa, gizartean bete beharreko arauetatik, manera onen eskuliburutik eta politeziatik urrun, beti ere; eta isilik pasatzekoa izaten zen. Ezker nabarmenkeriak, berriz, eskolatu gabeko artaburuari mahaian onartu behar ez zitzaizkion okerrak izaten ziren; edo federa ekarri gabeko basatiari lepora zekizkiokeen bekatuak. Ez behintzat, aita eredugarrienaren nolakotasunak. Areago, etxekalteari, pirata bihozgabeari, legez kanpokoari nahiz gaizkile zikoitzari lotu izan zaion ezaugarria ere izan da, fikzioari bagagozkio behintzat.

        Estereotipo horri men egitera heldu zen, beste asko bezala, The Left Handed Gun (1958) western generoko filma, Billy the Kid nerabe managaitzaren balentria odoltsuak pantailaratu zituena, askori El zurdo izenburupean ezagunago egingo zaiona. Arthur Penn zuzendariaren esanetara, ezkerrez dantzatzen zuen arma Paul Newman aktore hasiberriak; bere esku traketsaz, tiro errazeko zaldi-lapur honen legendari fidel izan nahian.

        William Bonney edo Billy the Kid-i ezagutzen zaion irudi bakarrak eman zion abiapuntua pertsonaiaren ezkertasuna aldarrikatzen zuen gaizkiulertuari; ezkerrez tiro egiten duenaren plantan, pistola-zorroa gerrikoaren alde horretan daraman mutiko tente, irribarretsu eta armatu bat erakusten baita bertan. Mende bete geroago aurkitutako irudi orijinalak edo ferrotipoak, ordea, ustearen ustela ipini zuen agerian; teknika fotografiko horren prozesua kontuan hartuta, argazki itxurako erretratu hura mitoaren beraren ispilua edo imajina alderantzikatua zela frogatu zuelako. Billy the Kidek pistola eskuin aldean eramaten zuen, beraz.

        Little House on the Prairie telesailera itzulita, odolkiak jaso zituen ordainetan Michael Landonek, minbiziak jota hil ostean: film biografiko batez omendu nahi izan zutelarik, "ezkertzeko" ahalegin izpirik egin gabe pantailaratu baitzituen haren ibilerak John Schneider aktore apain eta eskuinak.

        Antzeko paradoxa gertatu zitzaion Disney"s The Kid izenburuko filmean, balentria sinesgaitzak antzezten parerik ez duen Bruce Willisi ere. Zineman edozer gauza posible den arren, aski harrigarria egiten baita Russ Duritz (alegia, Bruce Willis) ezkerra baino ezkerragoa den protagonista, 8 urteko haurra zelarik —Spencer Breslin aktore gazteak irudikatua—, gizenagoa eta koldarragoa izateaz gainera, eskuin naturala ere bazela ikustea.

        Zorrotzago jokatu zuten, esaterako, Anthony Perkinsek, Norman Bates txori disekatzailearen larruan sartu eta Alfred Hitchcock handiaren aginduetara zeluloidearen historian ezagutu diren labankada ospetsuenak jo zituenean; edota Julia Roberts-ek, Oscar saria emango zion lanerako, fikzioari soka luzea eman gabe, hezur eta mami den Erin Brockovichek bezala janzten, ibiltzen, mintzatzen eta baita eskuinez idazten ere ikasi zuenean.

        Norbanakoen interpretazioetatik harago, polizi generoak ulertu eta haizatu izan du hobekien ezkertasunaren balio erantsia. Detektibeek, frogak biltzen parerik ez duten ikerlari zientifikoek, dedukzioaren maisuek oso gogoan izan dute beti ezker joerak harekin dakarren sorpresa. Zineman bezala baita literaturan ere. Hala, garrantzi handiko erantzukizunak egotzi izan zaizkio kontakizunaren atazari dagokionez: susmagarrien zerrenda kopuru onargarri batera murriztea, erruduntzat jotako errugabeak injustizi egoeratik libratzea edota hiltzailea zalantza guztien gainetik identifikatzea bezalako ardurak, hain justu.

        Beraz, krimenak argitzea helburu duten kontuei dagokienez, Starsky & Hutch, Kojak, Colombo, Miss Marple, Sherlock Holmes, edota Fletcher andrea bezalako pertsonaiek jorratutako istorioetatik hasi eta egungo CSI zientifikoraino, ez da serierik izango ezkerraren arrastoa kapituluren bateko argumentazioak biribiltzeko baliatu ez duenik; albotasuna, ezkerrekoa ala eskuinekoa izan, hiltzailearen modus operandi-aren gakotzat jo ez duenik.

        Bada bitxikeriarik ere, genero honi eta bereziki zinemari dagokionez. Fallen filmak, kasura, deabruaren zitalkeria, heriotza-gosea, kalte egitearen plazera ekarri zizkigun pantailara 1998an. Itxura jakin bat hartu gabe, gorputz batetik bestera aldatuko da okerraren esentzia, ukitu hutsez, edonoiz edonoren baitan aurki daitekeela argudiatuz bezala. Mendean hartzen dituen koitaduek Rolling Stones taldeak ospetsu egin zuen «Time is on my Side» abestia ahotan hartzen dutelako jarraitzen zaio arrastoa Satanas kantuzale honi. Horregatik eta, tiro egitea egokitzen bada, bat-batean ezker bihurtzen direlako.

        Ezkerren aldeko foroetan aurkitzen den apologia saihestuta, pare bat ondorio argitzen dizkigute aspaldi honetan gehien proiektatzen diren film eta telesailek. Begi-bistakoenetik hasita, estatistika orokorrak eta topikoak berritzeko premia. Ezker proportzio handienak ez baitira, izan ere, kirol kantxetan edota arte plastikoetan aurkitzen. Gaur, bakarren bati harrigarri egingo bazaio ere, erakusleiho zabalena fikzioa pantailaratzen duten aktoreek, eta bereziki iparramerikarrek, osatzen dute —Erresuma Batutik eta Australiatik hara joandakoak barne direla—, eta ez futbolariek, tenislariek edota margolariek.

        Baieztapen hau sendotuko duen azterketa zehatzik ez den arren, nahikoa da eragiketa xinple bat, izar distiratsuenen zerrenda osatzen duten aktoreei erreparatzea, gizartean arrunki aurkitzen den proportzioa aise gainditzen dela konturatzeko: Diane Keaton, Keanu Reeves, Angelina Jolie, Nicole Kidman, Julianne Moore, Sarah Jessica Parker, Scarlett Johansson... Edota urteotan ikusienak izan diren telesailei errepasotxo interesatua ematea. Bi adibide ilustragarri:

        Gregory House doktore zakar eta arakatzaileak pilula mordoa behar izaten du Sherlock Holmesen sena ateratzeko. Menpekotasun horri aurre egiten laguntzeko, marmarka sinatuko dizkio errezetak Wilson adiskide onkologoak, eta ezkerrez, jakina, Lisa Cuddy ospitaleko zuzendariak bezala. Hiru sendagile gaztek laguntzen diote Houseri kasurik harrigarrienak argitzen: Robert Chase internistak, Allison Cameron inmunologoak, eta Eric Foreman neurologoak. Azken hau ere ezkerra. Hugh Laurie, Jesse Spencer eta Jennifer Morrison aktoreak, beraz, eskuinen aldean, eta Robert Sean Leonard, Lisa Edelstein eta Omar Epps bestean. Seitik hiru.

        Proportzio bera nagusitzen da Mr. Monk telesailaren lehen denboraldietako lau protagonista nagusiei erreparatzen badiegu: Leland Stottlemeyer San Frantziskoko poliziaburua eta Adrian Monk maniaz jositako detektibea ez dira ezkerrak, baina Sharona Fleming erizain eta laguntzailea eta Randall Disher tenientea bai. Ted Levine, Tony Shalhoub, Bitty Schram eta Jason Gray-Stanford aktoreez ari gara hurrenez hurren. Stanley Kamel edo Kruger psikiatrarena egiten duen aktorea ere ezkerra da.

        Kopuruen dantza horri lotuta dator bigarren oharra ere, ofizio honetan diharduten ezkerren proportzioa, emakumezkoen esparrura mugatuta, are nabarmenagoa dela iradokitzen baitzaigu honenbestez. Gizonezkoek arrunki ateratzen dieten aldea, kasu honetan behintzat, murritzagoa dela, alegia. [16]

        Ezkerrek, eta batez ere emakume ezkerrek, ofizio honi dioten atxikimendu horixe bera indartzera datoz, hain justu, paper komikoetarako aski estimatuak diren bi antzezlari euskaldun: Ane Gabarain donostiarra eta Ainere Tolosa zizurkildarra. Antzeztokietatik hasi, telebistan pauso sendoak eman eta zinemaraino ere heldutakoak, biak ala biak.

        Gorazarre xumea izan nahiko lukeen aipua, bada, bi emakumeontzat, gorpuzten dituzten pertsonaiak, karakterizazio akatsa izan ala ez izan, bestela baino bereziago irudikatzen dituztelako; Ipar Amerikako baldintzetatik nahiz zifretatik aski urrun dagoen inguru batean nagusiki umorez gailendu direlako.

 

 

        [16] Iturri zabalduenaren arabera, ezkerrak populazioaren %10-12 dira oro har. Zifra horretan, geografikoki edota kultura batetik bestera dauden aldeak kontuan hartuta daude. %10-12 horren bi heren gizonezkoei dagozkie, eta beste herena emakumezkoei.