Itsas izar bat zen
Itsas izar bat zen
John Steinbeck
taldea: Bordaxuri
1986, antzerkia
48 orrialde
84-398-6303-9
John Steinbeck
1902-1968
 
 

 

Laugarren agerraldia

HERRITARREK JAKIN

 

LOLITA: Ez dakit erran behar dutanez, naski hobe ez erranik, zeren eta erranez geroz errana baita!

ESPERANZA: Au! Ja... ja... jaliko duka...

LOLITA: Ez duk ene usaia nekez salatzekoa, bainan oraikoan behar diat polliki mintzatu...

FRANCISCO: Kinok perla ederra hatxeman dik.

CONCEPCION: Gauza hatxemana bekan duk ederra!

LOLITA: Beihelakoak ziona jakin gabean mintzo dena zamari itsuaren gainean zabilak. Bainan, nik perla hori ikusi duen norbeit ikusi diat. Horiek hola... nik jakin diat berria denek baino lehen... Zuzen den bezela... Beharriak idekiak dituena duk lehenik jakiten duena...

CONCEPCION: Eta ahoa zabaltzen duena gezur kurrizailea!

FRANCISCO: Izigarriko perla da... Izigarria...

ESPERANZA: Hik, gutti aski duk, izitzeko!...

FRANCISCO: Argi durduzagarri bat botatzen dik perla horrek!

CONCEPCION: Hain xuxen, nik uste gu bezelako baten begira egonki!

ESPERANZA: Ez duk po, po,... po,...

TANCREDO: Ago! Bihar erranen duk!

LOLITA: Nik erran nahi dit gauza bat: hatxeman balin badu perla bat, hobe. Hatxeman balin badu perla balio handikoa, oraino gehiago hobe!

FRANCISCO: Eskuetan atxikitzen delarik, bazter guziak argi xuriz ihiztatzen ditik, ama birjina baten pare!

CONCEPCION: Gauza berri guziak hola izaiten dituk!

FRANCISCO: Miresgarria! Munduko ederrena duk!

ESPERANZA: E... zakiak... e... e...

LOLITA: Egia denez? Bixtan duk baietz... nik diat lehenik jakina. Salbu ez baitut gauzarik salatzen segur izan gabe, orduan goaitatzen diat bertzek ere doi bat erran dezaten!

CONCEPCION: Edozein gisaz, ez dik ontasun atxemanak ondorio onik!

TANCREDO: Hatxeman ez dugunentzat, ez!...

ESPERANZA: Perla hori, egiazkoa balitz!...

CONCEPCION: Ez zunan Kinorentzat, edo guretzat izanen!

FRANCISCO: Juana eta Kinoren zoriona orai handitzen balitz? Balio handikoa duk... Perla gaitza duk!...

CONCEPCION: Berdin asto izanen dituk, zeren diruak ez baitu zoriona egiten!

TANCREDO: Nahi den zorigaitza hautatzen ahal baita, diruarekin!

FRANCISCO: Zer atsegina gure herriaN: norbeit aberastu!

CONCEPCION: Hi ez otoi goizegi mintza, usaia dukan bezala!

FRANCISCO: Ez dituk hire ohidurak hobeak: begiko zikina bezain astiro duk bertzen goxotasuna!

ESPERANZA: Horrenbeste ele, ja... ja... jakin gabe egia denez!

LOLITA: Nik errana ez duk dudan ezarriko! Ni mintzo nauk jakinean! Bertzela, ixilik egoiten nauk! Ez nauk behin ere gezurren erraiten entzun!

TANCREDO: Gezurren ez! Aldian, bat bakarrik!

ESPERANZA: Nik, gezur erraitea ez... ez... ez... diat maite...

TANCREDO: Ahal ere behar dik...

FRANCISCO: Zer goxoa, orai! Perla! Munduko perla gure auzoan!

CONCEPCION: Ez dik auzoko saldak beteko hire tupina!

LOLITA: Naski horrelako zerbait gertatzen denean, zati ttipi bat ukaitzen ditek herritar guziek. Ez uste izan hori dela ene aldetik gutizia bat; ez nauk horren gainean!

TANCREDO: Nolaz aho hetsitik ez baita ulirik sartzen...

CONCEPCION: Zer bitxikeria: Kino eta Juana nehorek ez aipatzen eta orai perla txar bat dela eta... denen aho mihitan!

FRANCISCO: Gaizkiago eror zitakean, eta perla ez duk txarra; itsusia duk edertasunez!

ESPERANZA: Baietz! I... i... ilarrak ere badituk ederrak!...

CONCEPCION: Egun hauetan gure herrian heldu diren gauza bakarrak dituk!

TANCREDO: Ilarra nasai, eta azantza nasaiago!

FRANCISCO: Jeloskeriak itsutuak zirezte! Zikoitz amorratuak bezala denen jorran iduri eta egiak ez duela bere bidea eginen!

CONCEPCION: Kino eta Juanak lanik gabe gildua lukete zuen arabera beren errextasuna bizi guziko!

LOLITA: Aski tetelekeria... Nik erraiten dautzuet egia! Horra! Perla hori ederra eta balio handikoa dela!

FRANCISCO: Kino eta Juanaren atsegina ezin jasana zautzue!

JUANA: Aditu! Aditu! Gure haurra, Koyotito, skorpionak hil zorian ezarri du... Bainan orain, hobeki da... Sendatuko da!...