Gastibeltzaren karabinak
Gastibeltzaren karabinak
Marc Legasse
taldea: Maskarada
1985, antzerkia
78 orrialde
84-398-5149-9
Marc Legasse
1918-1997
 
 

-Preludioa-

Lehenengo eszena

(Gastibeltzatarren etxea; beltzez jantzitako emakume bat azaltzen da tarte batean eta izkutatu egiten da berriro. Erloju baten kanpai-jotzea. Pizten da Sirimiri iturria eta kantu egiten ditu «Gernikako Arbola»-ren lehen zazpi notak. EKARRI-ZOPAk argi-mutil bat pizten du eta tokia prestatzen du harrera egiteko).

EKARRI-ZOPA: (Sirimiriri). Behar bada oker niagok, lagun, baina gaur ja ja afinaturik jo duala iruditu zaidak. Nik bezala, hik ere aditzen duk aidean matxinadako polboraren usaia. Egun zailak zatoztik, Sirimiri, eta hemendik aurrera Errosario Santuko Pater Noster eta Abe-Mariekin batera, nagusiak bere karabinarentzat beharko dituen balak egin beharko dizkiagu. Hik ez dakik ezer gauza horietaz, Sirimiri, hi hor bertan egotera mugatzen haiz, hor, geldirik, hire soinuarekin (Sirimiri protestaka). A, bai, bai! Ba zekiat! Gernikako Arbola ez duk hire kanta bakarra. Pianofortearen soinua ateratzen ere badakik, eta baita ganbako biola eta txalapartarena ere, eta gainera trebe haiz Aita Donostiaren fugak eta Azkoitiako Zalduntxoen garaian sortutako minueto eta rigodoiak jotzen, baina, esaidak, zer izango ote litzateke etxe honetaz baldin eta nik zainduko ez ba zintuztet! (Garbitzen segitzen du). Eduki dezagun den dena prest, Santi Gastibeltza gure nagusiaren etorrera susmatzen diat-eta!. Gure jabea erbestetik hona ba dator, horrek esan nahi dik matxinada gainean dugula. Beharrezkoa izango duk, bai, berriro balak egitea! Ea oraindik gogoratzen zaidan. Aurrena beruna urtzen duk kalderoan. Nor den euskaldunak beruna urtzeko kaldero bat eduki behar dik etxean, Sirimiri! Beruna urtu eta gero ohol zulatu batzuetara ixurtzen duk arreta haundiz, eta ondoren hoztutzen utzi sotorik freskoenean, baina larunbatetik astelehenera bitarteko gauetan bakarrik, eta orduan ere oilar-mezaren garaia arte, besterik ez! (KILI KOLO hoska hasten da). -Ixo! Esana diat, Kili Kolo! Ez kontatzeko gure sekretuak hain altu!... (SANTI GASTIBELTZA sartzen da, Maroto eta beste ofizial batekin).

SANTI: Hemen berriro ere! Aberriaren lurrean! Gauza maiteen artean! (Gontenplatzen ditu). Ekarri-Zopa, ene lagun leiala! Zabaldu etxeko leiho eta ateak! Korri dezala matxinadako haizeak etxe guztian barrena!.

MAROTO: Seguru al gaude hemen? Hotsak entzun ditut.

SANTI: Ez bitez larritu, Ekarri-Zopa izango zen, gure morroi mekanikoa. Konfiantza osokoa da. Berak zaindu du etxea ni kanpoan nintzen bitartean. Nik neronek adinako gorrotoa die gure etsaiei. Bere bizitza guztian ez dio behin ere zabaldu atea karlista uniformerik gabeko bisita bati. Ez poliziari, ez militarrari, ezta karteroari berari ere. Horietakoren batek kanpaiaren kateari tiratu bat ematen ba dio, berak kolorez aldarazten du etxea, gris ilunetik gris beltzaskara, eta zarpildu egiten du etxearen aurrekaldea. Eta gainera hiru pitzadura egiten zaizkio, eta pitzadura hoietako bakoitzetik zazpi surangila azaltzen dira, isats gorri eta berdekoak, eta zazpi mingain bikoitz ateratzen dituztenak. Hori ikustean, etxea erortzekotan dagoela iruditzen zaie kanpotarrei, eta anima apartatuta egiten dute ihes.

BALDESPINA (Orduntxe sartuz): Oso kezkatua nago, jauna. Iñigo Pikandiak hemen behar zuen honuz gero bere kontrabandoko arma-kargamenduarekin.

SANTI: Patruila kristinoak inguru honetan dabiltza. Inondikan ere, oztopoak izango zituen honaino inguratzeko.

MAROTO: Zure konfiantzako pertsona al da? Nire informeek diotenez, gazte ausarta da, baina zoro xamarra eta gaxteegia eman behar diogun misio printzipalerako.

SANTI: Don Karlosek berak aipatu zuen bere izena, eta nire babes osoa ere ba dauka. Ez ditu hutsegingo beragan jartzen dugun konfiantzan. Bere aita nire aginduetara aritu zen aurreko gerran. Tirso Pikandia zaharra! Oraindik ere jeiki eta aurreneko lana leihoa zabaldu eta Madril aldera tiro egitea izaten du! Gora Foruak! egiten du oihu tiro egitearekin batera! Bere semea ez da gutxiago izango noski.

BALDESPINA: Gure fameliak aspalditik ezagutzen ditu Pikandiatarrak. Bere aitona, Patxo Pikandia, Hegoamerikar independentzia gerraren garaian armak garraiatzen zituen untzi kontrabandista bateko kapitaina zen; New York eta Marakaibo artean ibiltzen zen... azkenean urkatu egin zuten bere untziaren mastatik zintzilika jarriz. Jende ona da Pikandiatarra, eta jende ausarta!

MAROTO: Zuek fio ba zarete, nik ez dut inolako trabarik jarriko.

MENDIGORRIA (Sartzen da): Jaunak, nire tropak arma eta munizioen zai daude hemendik hiru kilometrotara.

MAROTO: Zer berri dituzu matxinadari buruz, Mendigorria?

MENDIGORRIA: Edonon ditugu abertzale onak burruka hasteko aginduaren zai. Erregegaiak muga zeharkatuko du laster, eta orduan bizia emateko prest dauden milaka jarraitzaile sutsurekin egokituko da!.

SANTI: Agindu hori gaur bertakoa da! Don Karlos Dantxarinean dago honuz gero! (Guztien harridura eta poz zoroa) (EKARRI-ZOPAk kopa batzuk ekartzen dizkie eta guztiek topa egiten dute misioaren bukaera zorionekoagatik).

SANTI: Bartiz Aranan bolontario talde batzuk antolatu ditugu... ondo entrenatuak eta ondo armatuak!.

MAROTO: Armada erregular bat daukagu aurrean. Bolontarioekin ezin dezakegu irabazi. Europak kausaren alde laguntzen ez badu, ekintza zoro bat izan daiteke gurea. Nire eritzirako, oraindik ez gaude prest (EKARRI-ZOPAk protesta keinuak egiten ditu).

SANTI: Ez bedi beldurtu, Maroto. Berorren eritziak ez zaizkiola gustokoak adierazten du modu horretan. (KILI KOLOren seinalea. IÑIGO sartzen da).

IÑIGO: Iñigo Pikandia ofiziala eta bere kontrabandista jendea zuen aurrean!

BALDESPINA: Berandu zatoz.

IÑIGO: Barkatu jauna. Ez da erraza izan honaino iristea.

BALDESPINA: Pikandia, honoko hau Santi Gastibeltza duzu.

IÑIGO: Hainbeste hitzegin didate zutaz, jauna...

SANTI: Zenbat hazi haizen, Iñigo! Nik ezagututakoan mutil koskor bat hintzen! (Besteek eztultxoak)... baina, tira, ez gaudek txotxinkerietan hasteko tenorean... zer berri dago Gernikan?

IÑIGO: Errepika ari dira kanpaiak matxinadara dei eginez, eta beren soinuak dardarka jartzen ditu gure haritz zaharraren ostoak ere!

MAROTO: Ez al dira gure heriotz kanpai bihurtuko!

BALDESPINA: Hobe da bizia jokatzea burua makurtzea baino!

SANTI: Buka dezagun eztabaida honekin. Ardura haundiko misio bat daukaalako deitu diagu, Iñigo. Etsaiaren lineaz bestaldera pasa behar duk, eta planu zehatz bat egin Pasaiako portuaren defentsak azalduz (Planu bati erreparatzen diote).

MAROTO: Derrigorrezkoa zaigu gaztelu hori hartzea gure armamentu suministroa Pasaiatik barrena egin ahal izateko.

BALDESPINA: Gazteluaren planuak ahalik eta lasterren iritsi behar dute Don Karlos-en estatu nagusira.

MENDIGORRIA: Areago esango nuke nik. Nahitaezkoa zaigu planu horiek lortzea.

IÑIGO: Onartu egiten dut misioa, eta neure bizitza jartzen dut ordainetan. Egingo dut planua ala bizia galduko dut!

SANTI: Horixe duk Tirso Pikandiaren semeagandik espero nuen erantzuna! Seme, hire eskutan zegok matxinadaren etorkizuna.

BALDESPINA: Zugan jartzen dugu konfiantza!

MAROTO: Gure uste onak ez lurrera bota, Pikandia jauna!

MENDIGORRIA: Ekin eta aurrera!

MAROTO: Berandutzen ari zaigu, Jaunak.

SANTI: Egia da, baina ez gaitezen despeditu derrigorrezko oihuak bota gabe. Gora Euskalerria! Gora Foruak! Gora Don Karlos bostgarrena! (IÑIGOri). Abiatu hi aurrena Iñigo Pikandia, ni zahartuta niagok eta agian ez nauk bizirik aterako matxinada honetatik, baina hi gaztea haiz eta egunen batetan libre ikusiko duk Euskalerria!

IÑIGO: Ez holakorik esan, Gastibeltza. Denok ikusiko dugu.

SANTI: Ea mutil, ez hadi atzeratu.

SANTI: Joan gaitezen armariotik barrena. Hori da seguruena. Ixilik-ek ondo gordetzen ditu sekretuak (SANTI ezik denak ateratzen dina armariotik barrena). Agur, Ekarri-Zopa. Sirimiri, hik ere lagundu hire notekin gaur hastera doan epopeiari. Hauxe duk herria behin ere etsitzen ez duena! Herri honetan derrotaren haizeek matxinada berri baten hazia altxatzen diate! (SANTI desagertzen da armariotik).