Catalunya for you
1977ko irailaren 11n (Diada Nacional de Catalunya) Baietz astea gaizki bukatu saileko artikulua Koldo Izagirrek sinatu zuen, Juanba Berasategiren irudiekin; izenburua: Catalunya for you. Zeruko Argia aldizkariaren azalak, presoen alde Bilbon egindako manifestazioaren argazkia erakutsi zuen; eta barruan (besteak beste) Apala-rekin egindako elkarrizketa; eta Letek, Valverdek eta Raimonek Donostian egindako kantaldiari buruzko artikulu bat. Datorren astean irakurgai izango da: "Orain ere esango dute", Ramon Saizarbitoria eta Koldo Izagirrerena.
Igela eta Enbata-ren artean polemika duela 40 urte
Debate ugari izan da gure literaturan XX. mendean. Iñigo Aranbarrik eta Koldo Izagirrek egindako "Gerraurreko literatur kritika" liburuan (Labayru-1996), adibidez, gauza ederrak jakingo dituzu. Baina aste honetan beste bat ekarriko dugu akordura, duela 40 urtekoa. Igela aldizkariaren lehenengo zenbakia Parisen argitaratu (1962ko otsaila) eta hurrengo Enbatak (Baiona) artikulu bat plazaratu zuen kritika eginez. Igelaren 2. zenbakian (1962ko maiatza) Afrika Baionan hasten artikuluarekin erantzun zuen Txomin Peillenek. Enbatak berriro ekin zion eztabaidari, 1962ko irailean "Amélioration d'Igela" izenburuarekin. Eta Igelaren 4. zenbakian (1962ko urria) jarraitu zuen joan-etorriak, Txomin Peillenek eta Jon Mirandek elkarrekin sinatutako Igelak azken hitza bere idatzita.
Agenda
Harkaitz Canok "New York eta gure literatura" hitzaldi musikatua eskainiko du Larrabetzun irailaren 11n (asteazkena) 20:00etan Kukubiltxoren entsegu aretoan. Antolatzaileak: Bihotz Bakartien Kluba eta Arrekikili euskara elkartea.
Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.