Aurkibidea


Catalunya for you

 

Niri neskak gustatu? Katilu betean! Gustatu baino areago, txoratu. Baina uda honetan, motel, ezta alerik ere. Alerik ere.

        Ez, ni ez nauk frantsesekin eta ingelesekin saiatzen. Metro eta larogei ez neurtzeak horixe zeukak. Bai, bazeudek metro eta erdiko frantsesak ere, baina zer arraio egingo diat nik, hondartzan ligatu behar duk horiekin, eta gipuzkoarrek inbiritan utzi omen zuten Neptuno Larramendik dionez, baina nik ez balerik eta ez lubinarik; gainera, uretan, harriarena.

        Eta, egia esan, beti bota ohi duk lasai asko europarrak hau eta bestea direla, izugarri liberalak kontu horietan, esperimentazio zaleak, emozio biltzaileak. Hutsa. Deskuidatzen bahaiz, txaleko antibala jazten ditek.

        Ba hori gutxi balitz, aurtengo euriekin uda xelebrea izan diagu. Kontxako barandilan begira egoterik ere ez, sikiera.

        Ikusia zegoen: edo ikastaldiren baterara joan (betì izaten duk goiherritar aflijituren bat konsolatzeko aukera) edo askatasunaren ibilaldian apuntatu (berrogei eta hamar gau, hi). Baina lehenengo opzioaren posibilitate exkaxak neurtu eta bigarrenaren ilunabarreroko agujetak gogogoratu ondoren, Donostian bertan geratzea erabaki nian.

        Hi, ba semana grande baino astebete lehenago edo, kristoren neska katxarroak parte zaharrean barrena. Bai zera, ze oholkia izango ziren Soriakoak. Mediterraneo arraza puro puroa, jakin nahi baduk. Minyona noia antibelcor belsarzale guriak. Xic, venim a Euzkadi per a conèixer el vostre temprament fogós i combatiu. Egia borobila, ez diat ezertxo ere esajeratzen. Nùria, Montse, Maria Algels, Mercé...

        Beti bezala, asuntoa kasualki hasi huen, etsi etsi eginda Bilintxen (badakik, zenbait liburu ojeatzen duk, eta aldi berean azken diskak entzun ahal dituk) nengoen arratsalde euritsu batetan:

        — Teniu pegatines amb l'ikurriña?

        Igeldon zeudela lonapean, etorri berriak zirela, ez zutela euskaldun miresgarrion lurraldea ezagutzen, zein isila eta lotua den hemengo jendea... Ba nire artean, esan nian, euskal topiko guztiak haustera deitu haute koldo, hire rola historikoa izan zitekek, patriaren ohorea zegok jokoan.

        Kantaldietara joateak bere bentajak ere badizkik: pi de la serrari esker, banekien, mementoa iritsiz gero (iritsiko ahal zen!), zer esan: tarradellas collonut eta futem un clau.

        Lehendabizi parte zaharreko txikiteoarekin beldurtzen dituk eta sexoaren ordezkoaren topikoa aipatzen diek, kantaldiren batetara eramaten dituk (bertsolariek buruz ikasitakoa kantatzen dutela pentsatzen ditek, eta oker daudela konbentzitzen dituanean, harriturik geratzen dituk). Esan zitekek hasi direla euskaldunez nolabait enamoratzen.

        Hurrengo pausoak kontuz ematekoak dituk. Pasaporterik ez baldin badute, oh, ze lastima, gure lorategia ezagutu gabe geratuko zarete esaten diek, eta baldin badute, eramaten dituk Baigorrira edo Bidaxera eta han «aixó també es Euzkadi» deklamatzen duk besoa edozein aldetara luzatuz. Infaliblea.

        Banihoan ba ni neure estrategia guztiz abertzalearekin aurrea, Donibane Pasaian paseatu nizkian, Hondarrabia erakutsi nien eta afari bat antolatu nian Ergobiako sagardotegi batetan.

        Nik ordurako banian bat begiz jota, dios, gustora emango niokeen zapalketa orokor bat. Ikuste hutsarekin malament jartzen ninduan hi. Baina nolakoa gero! Ez nauk hasiko alabantzan, baina pottoka gazte xarmagarria zer den jakiteko, Nùria.

        Kuestioa duk afari hartan berotu egin ginela (sagardoz eta pattarrez), musuka ere jardun genuela (despedidakoan), gora euskadika aritu zirela haiek ere, eta Nùriak farra besterik ez zuela egiten, eta aldizka belarrira esaten zidala: noi, neska polita... vol fer l'amor... amb.. . euskaldun abertzale.

        Eta orduan manifestazioak hasi. Bueno, rnanifestapenak.

        Lehendik ere badakik zer nolako akohonatua naizen ni holako gauzetarako; ni ez niotek harrapatuko ez ezta leihotik begira ere. Baina catalan koittauen aurrean hi, gudari batek bere obligazioak zeuzkak.

        Nik gonbidatu egin nizkian manifestapen batetara, ikus eta ikas zezaten nolakoa den la lluita dels bascos. Eta izorra badi, baietz, gustora jaitsiko zirela kalera. Pozik haiek. Barkatu didak, konpreni ezak zein mingarria den niretzat energumena insensata haien ondoan pasa nuen kakalarria, kontatzea ederki egin nian ridikuloa.

        Irtenbide bat, konponbide bat aurkitu behar nian lehen bait lehen. Azkenean, mailukada bat eman nion neure buruari (baina belaunaren parean). Joan ninduan kojoka haiengana, eta, ubela erakutsiz egia osoa kontatu niean: etxera bidean barrikada bat egiten geratu nintzela eta pelotazo bat eman zidatela, non eta belaunean gainera, putada ederra, orain manietara ezin joan.

        Libratu egin ninduan azkenean manifestalari profesional haien atzaparretatik. Sosegua beraurkitu zian neure arimak.

        Geroztik bitan edo ikusi nizkian, urrutitik, anarko itxurako tximaluze bixartxo kuadrila batekin, oihuka eta ukabila jasoaz.

        Nùria? Nùria huen okerrena. Lastima.

 

Copyrigth by koldo izagirre

 


 

(Cambio 16: APALA hambre de heroe). Gose greba zer da, azken finean, hotza, ahultasuna, denboraren kontua galtzea eta ur asko edatea.

        Gose greba da, epikotasunik gabe, oihu mesianikorik gabe, hospital baten zurixka itogarrian edo sakristien argizari usainpean, sonda-tresnaren ondoan edo lozakuaren epeltasun errepelentean zain eta zain egotea.

        Bai, ametsak eta aluzinazioak ere bai.

        Baina ez jaunak, hemen ez dago heroe goserik; hemen heroeak ere badituen herriaren beldurra dago. Heriotzaren beldur den herriaren bizi gosea. Aktorik kobardeena, noski.

        Heroeak, bakarrik geratu izan dira, eta horregatik dira heroe. Hemen berriz, Euskadin, Euskal Herrian, ehundaka dira ultzerak jota eta giltzurrunak izorratuta daudenak.

        Gezur hutsa diozue, jakinaren gainean gezurra.

 


 

Donostiako Parte Zaharra Parisko Quartier Latin bihurtu nahi omen dute bizardun ikasle eta gazteak.

        Nik ezayutzen dudan Quartier latina, ba hori belar eta porru, larrua ere bai noiz behinka, ja la gauche divine, kitarra jo eta adarra ere bai galanki, ahal denean jan eta poemarik akojonanteenak idatzi eguzkiaren bekokian. «Artist nauk, hi emaidak hogei duroko bat».

        Baina bai baitakigu Donostiako Parte Zaharreko Quartier Latina ez dela hori bakarrik izango.

 


 

Gure txalorik beroenak Herri Irratiko Txaro Arteagari.

        Badakigu irrati bateko speaker batek zenbat agoantatu behar duen anuntziorik estupidoenak aireatu beharrez. Baina «El Diario Vasco»-k bere etapa berrirako prestatu duen propaganda euskarazkoak marka guztiak hautsi ditu lotsagabekeriari dagokionez. Lehen puntako artista bat izan behar da «gogora ezazu Diario Vasco euskalduna izan dela azken 40 urte hauetan» interpretatzean farrari eusteko. Eta Txarok miraria lortu du.

 


 

Ba guk erosia dugu kristalezko potoa eta formola geure ar gizontasunaren atributoak gordetzeko. Izan ere, zein azken fin hobeagorik gero eta gutxiago erabiltzen dugun tresnariarentzat, feminista baten komoda baino.

        Gurekin ez dute biolentziek balio, eskatu eta emango zaizue. Nolanahi ere, «biolazio bat kastrazio bat» delako hori praktikan jartzerakoan ea mailaketa kualitatibo bat egiten duzuen, gure paisajearekin hain ongi identifikatzen diren koloreekin jazten direnetatik hasiaz. Aber ba.

Zeruko Argia
751. zenbakia
1977-09-11

  Zenbaki hartako
beste artikuluak