POESIA
 
sagastia sortzeko patio mortuan
artizarrari leku egiteko leihoan
garunari taupaka irakasteko
enbatari hitz batzuk eransteko
gosetuaren igitaia zorrozteko
ez harria esnatzeko
azala behar nuke!
ordua emateko hartzen zaitut eskuan
igitaiaren gosea zorrozteko
 
laguntza emateko hitzetan gatibu den kantuari
upelak porrokatzeko tristuraren merkatuan
epaileei isiltasuna eskatzeko
ingudeak eskertzeko
huts eginik laztan bat asmatzeko
ez harria esnatzeko
kopeta behar nuke!
huts eginik min hartzeko
huts eginik min hartzeko
 
mailua zarelako
hartzen zaitut eskuan ordua emateko
 
maisua zarelako
hartzen nauzu eskutik neu esnatzeko
 
eta harriari galde egiteko
 
    
    
 © cc-by-sa Koldo Izagirre