IRENE
 
                        Bizitza aldatzeaz amesten zuen
                        eta arratsalde batean
                        altzariak lekuz aldatzeaz
                        konformatu zen.
                                 JEAN-MICHEL MAULPOIX
 
Arropa bustiarekin batera
soketan eskegi da ilunabarra.
Irenek bere bizitzaz hitz egiten du
dagoeneko gertatua balego bezala.
Betseinetan beldur pausatua antzematen zaio,
eta lokarriekin lotu behar du eguna
oinetara ihes egin ez diezaion.
 
Goizari mudak aldatzean
leku seguru batean gordeko du atsekabea,
kafea erreko zaio kale nekatuei begira.
Kazkabarra legez erortzen diren orduetan
arrangurak ez dio lekurik kentzen.
 
Ireneri ez dio min egiten inoren minak.
Poltsa beteekin bueltatzen da etxera.
Bi sagar eta kafea.
 
Telebistarekin igarotzen dituen
arratsaldeetan arnasten du
inoren nahigabeak ere ez duela asetzen,
badela dagoeneko bizitzaz, berak bezala,
gertatua balitz bezala hitz egiten duen jendea.
 
    
    
 © Leire Bilbao