Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

Domine Jesu

 

Beharrik Estevezek Gasteiz den-mendrena ezagutzen zuela, bestela gure koadrila bozkariotsua ez zen sekula Independentzia karrikaren 27an zetzan komisaldegi design-era helduko. Ez nekien nondik zulatu zuen Estevezek, eta erabaki nuen ostatu batean hiriaren mapa bat biltzea, Carmenek aipatu zidan Gidatu hilabetekariaren ale zaharren baten erdiko orrialdeetakoa baizik ez baldin bazen ere. Carmenen aldamenean nindoan, gibelean Zokil eta Haizemin bazebiltzan isilik, Zokilek beti, lizunki kasik, bere arma amainatzen zuela. Aitzinean, Estevezek bidea urratzen zigun Gexan Hiriarten konpainian, airos eta deliberatuki. Desamparados plazan, erran zuen:

        — Badugu denbora pixka bat ezta? Thomas nire adiskidea zortzietan hasten da eta, plazer baldin baduzue, kafea eskaintzen dizuet!

        — Zergatik ez? —Gexan Hiriarten iratzar hitzak ziren.

        Euskaltzainak arranguratua ematen zuen. Beldurraren gisako zerbait zebilkion zainetan. Gorringo kalean gurutzatzeaz lotsa zen ala Albert Labruquereren galtzea irudikatzeak zion izua emendatzen? Perdidos izeneko ostatuko barran herrokan plantatu ginen. Ametsetarik bizi ginen, gaua iratzarrian pasaturik, San Ferminetan entzierroaren ondotik, orain desagertua omen den Bilbo tabernan gosaltzera gindoazenean, adibidez.

        — Goazen Bilbora askaltzera!

        — Bilbora? Bauna mentsetik? Baakina nun den Bilbo?

        — Prefosta, hortxe karrika izkinan...

        Solaskide unatuak ez zuen gehiago zehazten. Ezintasunak zilegitzen zuen karkara batek dislokatzen gintuen. Joana Garaldarekin nenbilen garai hartan hain zuzen. Gure jardun sentimentala Auñamendien antzekoa zen, gailur eta leze sakon. Ez nintzaion sobera fidel egon, fideltasuna ez baitzen ene kalitaterik funtsezkoena. Azkenean aspertu eta Barkoxen euskara ikasi zuen Haitz Zumetarekin ezkondu zen Joana, zuberotarren artean nengoen denboretan, eta lau haur pottoloren ama prunta bihurtua zen. Iragana ahantzia zukeen erabat. Nik ordea, gaur bezalako goiz nekatuetako giroa hurrupatzean, bakan egia erran, Joana Garalda neraman gogoan.

        Carmen ene ihes mental bultaz konturatu zen. Besoetan hartu eta tinkatu ninduen: ez zitzaion laket eskapa nendin. Pentsamendu soilaz are gutxiago. Beha nengokion, buru-zokoan etengabeko eratorrian ibiltzetik zainduko nauena haiz Carmen errepikatzen nuela. Musu bat trukatu genuen, debaldeko elerik gabe. Zintzurren azantz koxkorra aditzen zela, Gasteizko Radio Euskadiren sintonia oihar zen son las ocho menos cuarto y dentro de cinco minutos recibiremos a nuestro invitado político eta kafe makinaren xirri-xarra ketsua. Carmen Haizeminekin utzi eta Gexan Hiriarten aldera hurbildu nintzen.

        — Errazu, Gexan, zer ari zinen atzo goizean Gorringorekin Iturriza parkean?

        — Urde zikin horrekin negoziatu nahi nuen.

        — Zer bada negoziatu?

        Carmen eta biorekiko euskaltzainaren soa bortiztu zen.

        — Gure hitzordua trabatu zenuten. Emazteki madarikatuak, beti behar ez den lekuan aurkitzen zarete, bekatuaren urratsean eta bakea lortzeko bidearen azken zedarrian. Zuengatik hil dira Pierre d'Oihenart eta Manex Bergeret gaizoak. Ene seme pistolet hura ere beharko dut larderiatu: frankotan banoa etxetik, deus erran gabe. Ez naiz bospasei egunez itzultzen. Ez da inkietatzen oizu orduan! Gehienetan Bilbon gaude lau adiskideak, batzuetan Gasteizen incognito eta noiztenka Iruñean. Eta ez Euskaltzaindiaren bilkuretan! Baina inutilegiak zarete zertan gabiltzan imajinatzeko...

        — Zaude gizona —artekatu nintzen Hiriarten logore kexatua errautsi asmoz.

        Hargatik ezpainetarik tua hagun zeriola segitzen zuen, sekula baino haserreago:

        — Gorringorekin akomeatzen ahalko nintzen, semeak eta semearen gomendioz zuek ez bazenute gure saltsa mindu!!! Kaguenlakalitz! Orain lagunak zenduak dira, bat mehatxatua, nehork ezin jakin non dagoen, menturaz Gorringoren atzaparretan, eta ni hemen, ez buru ez buztanik ez duen jende bekatoros hauekin. Bazauzue ala?

        — Gurekin hobe duzu.

        Behialako galdea berriz egin nion:

        — Zer bada negoziatu nahi zenuen Gorringorekin?

        — Maletaren irekitzeko giltzaren lekua non zen erran behar nion, gure mehatxatzeari uko eginen ziolakoaren truke.

        — Mehatxatzeari?

        — Bai, beti ari zitzaigun zirrikaz eta erdeinuka. Edukiaz susmorik gabe, aiten aitetarik erdietsi jakitate berezi baten jabe ginela erran dizut jadanik ezta? Euskararentzat aro ilunak zetozela eta laurok erabaki genuen bakoitzak enigmaren zati bat eramatea. Giltzaren lokalizatzeko laurak batera beharko gintuzten harrapatu, koplak bederazka misteriotsu direla aitortuko duzu Amaia!

        — Bai, misteriotsu eta tenebros. Nik ere Gorringok nola bat eskas dut, Albert Labruquererena.

        — Ez anderea, Gorringok denak ditu falta, papertxo guztiak zuk dituzulako Amaia.

        — Xantza badut behingoz.

        — Hala iruditzen zait bai —berretsi zidan Carmenek, ene xantzaren zati bat bera zela komentzitua. Hala zen bistan dena.

        — Zoritxarreko Labruquere hura atzeman behar dugu atsolutoki. Gorringok pozoitu aitzin. Estevez, kafeak ordaindu dituzu?

        Baietz erran zidan Estevezek. Banda airosaren ahoan hitz bat baizik ez zen entzuten: goazen goazen goazen. Kontuarraren gainean metatzen zen Gidatu doako hilabetekariaren ale bat hartu nuen, neure buruari hitz emana nion eran. La cultura y el ocio de Alava. Aldizkaria eskutik ebatsi zidan Haizeminek ikusi behar omen zuelako gauez zer zegoen Vitoria-Gasteizko kabaretetan. Independentzian behera gindoazela, lagunen hasperenak, irri karkarak, isiltasunak berak usnatzen nituen. Eguzkiak aire idorra uhargitzen zuen. Istant hartan, Gasteizko argitasun kasik mediterraneotarrak erraiak korapilatu zizkidan. Haizeminek izparringitik iradokiriko hiriaren mapa eskaini zidan, bizpahiru gauza interesgarri gogomendu zituela azpimarratuz.

        Ertzaintzaren aurrean ginen. Eztabaidan hasi ginen, ez baikinen alainan guztiak sartuko. Kalapitak ozen ziren. Bistakoa zenez Haizemin eta Zokilek barnera nahi zuten eta hondarrean amor eman genuen, Carmenek aspaldiko Mikel Laboaren kanta baten leloa oihukatu zuenean:

        — Denak ala inor ez!

        — Bakarka ezin da —jarraitu zuen Zokilek, galtzen artean pistola kukutzen zuela.

        Nahaspila xelebrea borobildu zen Thomas inspektorearen aitzinean agitu ginenean. Thomasek ezagutzen zuen bakarra Estevez zen. Ondorioz Estevezek minutu apurrak aurkezpenetan higatu zituen. Uneak bukaezina zirudien. Duda zerbait ernatu zen komisaldegi txikiaren eremuetan. Zer zen hau? Gaueko hordimenetarik oraindik belhitu gabeko bestalier talde bat? Komisaldegia atakatzea xede zuen saldo kontrolagaitz bat? Aurreko kideek ez zekiten nola kudea aterpe hartan garatzen ari zen burbuila zaratatsua. Thomasek besoak solairura altxatu zituen:

        — Lasai! Ez denak batera. Estevez, erraguzu zuen etorreraren arrazoia. Bestela ez dugu burutzerik eginen.

        Honek ere euskara Iparraldean ikasia zukeen.

        Estevezek hitz formatatuak aukeratu zituen. Polizien hizkuntza ez baitzen jende arruntena. Ardurenean, izpiritua ere ezberdina zela ziruditan. Errepresioa justifika ala ekidin zezaketen hitzen hautaketan harilkatzen zen. Lehen aldia zen inkesta bat polizien laguntzarekin eramaten nuela eta Gasteizen, Bilbon bezain bitxi zen enetako. Thomasek egiaz ez zuen piztia itxurarik, alderantziz eztia eta beharia zen. Nekadura botaz publikoarentzat apailatuak ziren ttottogia berdailetan etzan ziren gaineratikoak. Haizeminek burua Gexan Hiriarten sorbaldan pausatu zuen. Gizona, hasieran disgustu keinu bat marraztu arren, etsipenetan urtu zen. Carmen Zokilen ondoan zegoen. Estevez eta biok, Thomasen itzalean, zutik ginauden.

        — Gorringo Gasteizera jin da Albert Labruquererekin. Gorringo horrek jadanik bi gizon hil ditu, ez noski bere eskuz, baina edarietara errauts zitala aurtikiz. Horrela zendu dira Gexan Hiriart euskaltzainaren bi adiskide: Manex Bergeret eta Pierre d'Oihenart. Laurak, Iparraldeko ordezkaritzakoak dira, eta hilabetean behin Bilbora datoz euskara batuaren geroa finkatzen den bilkuretan parte hartzeko...

        — Batean erabakitzen dute aldiro idatzi behar dela eta bost urte beranduago aldi oro.

        — Pozik beharko genuke, Alemanian hiru asteetarik behin kanbiatzen direlako erregela ortografikoak.

        — Aaaa beraz...

        Thomas trufari zebilen. Baina etsenpluak biderka zitzakeela eransten zuen, barrez, euskaldunak ez zekiela nola dantza eta musika bukatzean erdaretara lerratzen zela mustupilka. Alemanei zorrik ez genuela gehitu zuen. Irriari ekin nion nik ere. Hargatik ez nuen uste, erdaretan itotzeko gure jaiduraren errua Euskaltzaindiaren erabaki aldakorretan oinarritzen zenik. Bazen mila faktore. Iparraldean eta Hegoaldean, eta horietarik bat, euskaldunak bere hizkuntza baliatzeko partez, nahiago zuela hizkuntzaz negar egin. Malkoak anitzetan aditz trinkoak baino eraginkorragoak ziren, biktima planta nagusi zen mundu honetan. Thomasen mugikorrak jo zuen. Kolokatzetik gelditzera deitu gintuen.

        Thomasen aurpegi kezkatua miresten genuen. Axolagabetasunetik kezka latzera bihurdikatu zen. Zer mila deabru pasatzen zen? Flap! Eskuko telefonoaren klapeta zerratu eta murmuzikatu zuen:

        — Hilotz bat atzeman dute langileek Santa Maria katedralaren sarrerako harrietan gorderik.

        — Albert Labruquere menturaz —murdukatu nuen.

        Gexan Hiriartek berria aditu zuenean, punpa bat egin zuen. Hipaka ttanttakatu zen:

        — Gaizo mutikoa! Gaizo mutikoa!

        — Jauna, ikustera behar dugu. Agian beste norbait da. Jakin gabe, ez zaitezela horrelako kinka larrian sar. Lasai...

        Thomasen ele samurrek ez zuten Gexan Hiriart penatuarekiko ondorio jabalgarri izpirik. Jarraitu zuen:

        — Elkarrekin ginen Uztaritzeko seminarioan, elkarrekin Larresoron, elkarrekin Erroman teologia ikasten, elkarrekin Euskaltzaindian. Elkarrekin gabiltza gaurkoan, Iparraldeko euskara arrozten doakigun kalbario ankerrean, elkarrekin bizitzan eta elkarrekin heriotzan. Zer egin diogu Jainkoari, molde zeken horretan gaztigatuak izateko?

        — Utz ezazu Jainkoa bere asto beltzaren ulutxekin! Ez du aztaparrik sakatu afera likits honetan! Jainkoaren ordez, Gorringok ditu hariak korapilatzen. Ez dea hala?

        — Baliteke, erantzun zidan Gexan Hiriartek —ninika izkinak ahurraz idortzen zituela.

        Noiztenka euskaltzainaren sudur-hurrupaka itsusi zenbaitek komisaldegiko bake goiztiarra toteltzen zuten. Zena zela katedraleko hilotzaren presentzia aipatu orduko, mugimendua areagotu zen egoitzako kuluar eta gela beilegi ugarietan. Ordaintzen ez zen karrika batera autoaren eramatea gomendatu zigun Thomasek, Nafarroa kale ertzetara preseski. Haizeminek betekizuna bere gain hartu zuen: Gasteiz ezagutzen eta erraz zitzaiokeen Thunderbird ikusgarria Eusko Jaurlaritza zegoen auzune hipersegurtatuan pausatzea. Haizemin komisaldegitik atera zen:

        — Hitzordua katedralean!

        — Bai, hemendik ordu erdi batera, zatoz autobusez edo oinez, ez da urruti!

        Thomasek pistola, paltoa eta kotxerako girofarolak hartu zituen. Komisaldegiaren aitzinean zegoen Ertzaintzaren auto batean tinkatu eta ziuntaz abiatu ginen, Foruen plazatik, Bakearen kalea eta Frantziakoa zapalduz, Artium erakustokiraino. Briu-brau autotik jaitsi eta lasterka igo ginen katedral maldaraino. Santa Maria lanetan izaki, ezin zen nola-nahika bisita. Sarrerako zurezko ate astuna bulkatu zuen Thomasek eta kalostrapean sartu ginen herrokan. Gida batek kasko zuriak eman zizkigun, barnean zegoen lanjera aipatuz.

        — Hilotz bat atzeman omen dute beharginek goizean.

        — Bai —ihardetsi zion gidak Thomasi—. Bisitak debekatuak dira, egungo.

        — Non dago hilotza? Ez du araiz nehork ukitu?

        — Ez, atzeman dugun toki berean dago. Sarrera monumentalaren aixolbean. Azken Jujamenduaren zizelka ugarien itzalean.

        — Ohikoan gurutzatzen duzuen norbait da?

        — Ez, hemengo inork ez du inoiz ikusi.

        Seinale txarra zen. Enetako. Hilotza arrotza baldin bazen, Iparraldeko lau euskaltzainetarik bat izan zitekeen. Gogoeta ilunak burumuinen kurruskari, gida segitu genuen, katedralean zehar, aldamioz aldamio, estilo gotiko sutsuan moldatu sabaietan kaskoak klaskarazten genituela, zehatz eta sotilki josiriko elizaren barnea mirets genezakeela, nik harria noiztenka eskuaz Carmenen sabeleko larrua bezala ferekatzen nuela, mineralaren indarra behatz puntetako poroen sentsibilitateari esker, neureganatzea helburu. Izturitzen keinu berdina negien. Artean, goiti eta beheiti ari ginen. Sarrera monumentalean ginauden bat-batean. Gidak, eriaz, plastiko puska batez estaliriko haragi masa erakutsi zigun. Neska gaztea oka egitear zegoela sumatzen nuen, ustel usaina nagusitzen zelako bero sapa hauekin, harri errautsarena azkar izanagatik.

        Hilotzekin ez nintzen sobera fier. Banekien erraiak irauliko zitzaizkidala. Carmeni mokanes brodatua eskatu eta aho aurrean hedatu nuen. Burdinazko eskailera zurietan behera jaisteko ordua hurran geneukan. Lanen zuzendariak agerpenarekiko xehetasunak eman zizkion Thomasi:

        — Etorri naiz, egunero nola, huxtuka eta trankil. Gaur, Infernukoak deitzen ditugun eskulturak garbitzekoak genituen. Langileak pirta-pirtaka zetozen, batek erran zuelarik urrin berezi bat bazetorrela zementu zakuen metaren atzealdetik. Jonek erantzun zion agian arratoi zendu baten gorpu hirotuak zuela horrelako usain txarra. Jon eta Jose, biak, zementu zaku metaren aldera bideratu ziren eta han zuten ezbeharra kausitu, bilatu gabe.

        — Mila esker gizon! Zenbat denbora badu urrin hori nabaritzen duzuela?

        — Jon, zatoz —manatu zuen lanen nagusia zirudienak eta Thomasen galdea errepikatu zion.

        Jon zelakoa, harri-tailugintzan espezializaturiko mutiko huts bat zen. Ez zitekeen hizlari handietarik, arrapostu laburra eman zigulako:

        — Atzo arratsaz geroztik uste dut.

        — Barda?

        — Bai. Baina ez dakit ezer. Arratoiak badira katedral zahar honetan, eta arratoi usteldu baten urrina zela ziruditan.

        — Ados Jon. Ez zaitugu akusatzen —artekatu zuen Thomasek, eskailerak kraskaraziz hilotzaren aldera zuzentzen zela.

        — Amaia?

        Trinkili-trankala Thomasen eta Estevezen urratsetarik atrebitu nintzen. Sabelak ez zidan ihardokiko. Banekien. Hilotzari hurbiltzenago eta eztrenpua handiago. Ideiaz aldatzeko, bizkar zakuan neramatzan lau euskaltzainen potretak jalgi nituen, eta museko kartak bailiran begien bistan atxikitzen nituen, mailetan behaztopatzeko arriskuan. Hilotz bat baldin bazen, Albert Labruquererena baizik ez zatekeen, zorigaitzez Gexan Hiriartentzat, baina hobe guretzat maletaren giltzaraino eroango gintuen enigmaren laugarren koplaz jabetuko ginelako berehala. Pentsamendu paradoxala ernatzen zitzaidala konturatzen nintzen orduan, zementu zakuetan mordoildu gorputzaren gaineko plastikozko oihala altxatu zuen Estevezek:

        — Bilatzen dugun Labruquere al da?

        Ikusi nuen hilotzaren mutur beltzatua. Goiti egitear nengoen. Estomakaren eraso biren artean argazkiari behako bat bota nion eta dudak ito ninduen. Ez nekien gehiago. Arrazoitzeko ahalmena ahultzen zihoakidan.

        — Ez dakit.

        — Nola ez dakizula?

        Thomasek argazkia eskutik ebatsi zidan bortizki.

        Ahalke nintzen. Alabaina, ez nuen egundaino hiru zendurekilako inkestarik eraman. Saiek erdi jan ardi edo behor hilak mentzea ez zitzaidan batere inporta, baina jendeak? Jendea beste zerbait zen, ez nezakeen jasan. Thomas bizkitartean, deus ez bailitzan, gorpuaren gainera plegatua zen, argazkiari konparatzen zuela, barne uholderik pairatu gabe. Bitxi zitzaidan, baina profesionala zen, eta lagunaren profesionaltasuna estimatzen nuen errotik. Estevezek burua makurtu zuen ezker-eskuin:

        — Ez da Labruquere.

        — Ez —errepikatu zuen Thomasek—. Nor da?

        Katedralean hedatzen ari zen beroak oihartu zuen eskaera. Jadanik hor ziren hiltegiko langileak eta poliziategiko teknikariak, indizeak eta inguruan saldotzen ziren langileen iritziak biltzeko. Airea behar nuela gogozkatu arau, eskaileretan gora nindoan, ments baten pare, eta sabaiaren azpian amultsuki aiduru neukan Carmenen beso artera erori nintzen, ezindua.

        — Amaia?

        — Gaizki nago. Sabelak ihalozka. Goazen.

        — Nondik?

        Gida xifrituak ate apal bat erakutsi zigun. Handik lehiatu ginen, laster batean berriz monoxido karbonikoz hantu aire sanoa biriketaratzeko. Katedral kanpoko harrizko jargian etzanik hobe sentitzen nintzen. Bilis gustua neukan hortzetan itsatsia. Urdaila kolpeka zebilkidan oraino. Oka negien baina ez nuen ezer botatzeko. Carmenek mokanesaz ezpainak garbitzen zizkidan bitartean, iruditzen zitzaidan ez nuela estomakaren aurkako neure borroka partikularra nehoiz irabaziko, tregoa iragarri arren. Neguak plegatu arbola eiharra nintzen, Haizemin etortzen ikusi nuelarik. Katedrala bisitatu ondoan, kalostrapean zeuden berdinki, jagoitik iheserako tentaldirik sufritzen ez zuen Gexan Hiriart eta Zokil, pistola zilarra kilikatzen. Haizeminek iepatu zituen:

        — Non daude besteak?

        Karkara gordinak Santa Maria katedralaren oinarriak durduzarazi zituen. Thomas eta Estevez taldeari juntatzen zirela, Zokilek airoski erran zuen:

        — Amaia gure detektibea hemen dugu, minez josia. Tatorti ez zaio horrelakorik gertatzen oizu!

        — Ez zaitezela trufa, hilotz baten aitzinean trenpuaren galtzea edonori gerta dakioke.

        — Mila esker Carmen —ahoskatu nuen, mihi gaineko goitikin puskatxoak tuaz botatzean, mila esker eta bereziki oniritz nezakeen, behingoz norbaitek ene aldea hartzea.

        Defendaezina nintzen, egiten ere ez nituen hutsez beti barkamen eske ibili behar nuen, neure izaeraz beraz mundua zaurituko banu bezala. Ez zen hala bistan dena. Musu bat nahi nion Carmeni eman, baina ezpainak urrundu zituen:

        — Geroxeago mesedez.

        Ulergarria zen.

        Hilotza eraman zuten. Begiak apaldu nituen. Zutitu nintzenean, burtzoro eroak kikildu ninduen. Carmenek eta Haizeminek bermatzen lagundu ninduten. Thomasek hilotzaren azterketaren berri helaraziko zigula hitzeman zigun eta, agurrak agurtegi, Ertzaintzaren auto zuri-urdin-gorri batean desagertu zen. Estevezek eskua doi-doia mugitu zuen. Denbora bihikatzen hasi zen bat-batean, eta ohartu ginen jada ordu biak zirela. Hertzeak karranka gose geneuzkan.

        — Bazkaritarako tenorea dugu. Matxetera.

        — Garestiegi izango da —azpimarratu zuen Gasteiz ezagutzen zuen Haizeminek.

        — Garesti? Biba Aresti —oihukatu zuen Gexan Hiriartek—. Bizitza salbatu didazue, eta nik zaituztet gonbidatzen.

        Santa Marian behera, Matxete plazara jaitsi ginen. Udaberriak zoratu txori saldoaren antzera genbiltzan piu-piuka. Erraien oreka berreskuratu arau gustatzen zitzaidan Gasteiz. Ikerketan ez ginen asko aitzinatzen, euskaltzain bat eta maletaren irekitzeko giltza falta genituelako oraino, elementu garrantzitsuenak hots. Katedralean ginaudela, Dato hotelean gelak erreserbatu zituen Haizeminek zelatatu zuenaren arabera pantzoila alimalearekiko gizon bat gurutzatu zuen.

        — Baina jan dezagun lehenik, geroko geroan gerotzeko gero.

 

 

 

© Itxaro Borda

 


www.susa-literatura.eus