Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

21

 

Andresek txakolin baso luzanga luzatu dio Bombari. Esku dardaratiz ahora eraman eta trago batez hustu du erdia, atzeko mahaian bermatu ostean. Atzamarrez sikatu ditu ezpainak.

        — Gormutuek ere estimatzen dute txakolina —esan du Bombak—. Sarriko atzeko txakolindegi hartara joaten ziren inoiz-edo, ezkutuan, gormutuen eskolako harresian egindako zulo batetik ihesi, gizajo berbabako haietako batzuk, bai, gurutze kristauaren zigorretatik ihesi... sufrimendu hura ahantzaraziko zieten txakolin botila batzuen bila, eta, ahal zela, apur bat mozkortu... euren buruaz beste egitea baino hobea zelakoan. Baina, halako batean, bertako abadeek harrapatu eta gogotik egurtu zituzten, bekaturik aitorrezinena egin balute bezala, odola atera arte, eta barre egiten zieten lurrean zeutzan gormutu umiliatuei, jipoiaren zigorrak tximino zoroen erako garrasiak eragiten zizkietelako... Haiek putakumeak! Eurek baino gizatasun handiagoa izango zuen edozein sugek... Antzeko oihuak zabaltzen zituen Lutxanako tabernako alaba atzeratuak, aita konturatu barik, labe garaietako langile txortarako beti prestuekin. Goizaldeko txandan laguntzen zion aitari tabernan, kafeak, solisonbrak eta pelikula pornoen giro algaratsuan. Batzuek esaten zuten pelikula porno haiek zirela neska hura beti altan egoteko arrazoia... Beste batzuek, berriz, herrena zela, hanka bat bestea baino motzagoa zeukala, eta hark etengabeko igurtziak egiten zizkiola hankartean, eta handik edozein ordutan bero egoteko arrazoia... Tira, kontua da egunero bi, hiru eta, batzuetan, lau gizon eramaten zituela geltokian zegoen bagoi abandonatu batera, eta tren zaharren usain hartan eskertu egiten zituela langile izerditu haien emankadak... Hori guztia Fede Markaidak kontatu zidan, orduko geltokiko arduradunak... Eta antzeko zeozer, baina oraingoan nik ikusia, Zabala eta San Adrian arteko etxe batean gertatua... Candida Larrondo bizi zen bertan. Haren gizona marinela zen, Gineatik enbor erraldoiak ekartzen zituen zama-ontzi batean lanean ibiltzen zen marinel peto-petoa, tatuaje pare baten jabea... Kontua da Candidaren gizonak hilabete asko ematen zituela itsasoan, Gineatik Cadizera, eta Cadizetik Santurtzira, edo Zorrotzara... eta Candida beldur zela gizonak hango portuetan engainatuko ote zion beste batekin, edo beste batzuekin, diru apur baten truke sexua emango zioten emagalduekin... Beraz, gizona etxeratu eta hurrengo egunetan jo-ta-fuego ibiltzen ziren txortan, gelditu barik... eta hura guztia Candidak oso-oso katolikoa zelako egiten zuen. Ez zuen bere gizona deabruaren bizioetan jausterik nahi... Candidaren plazer oihuak, orroak, hobe esanda, San Adriandik honaino, itsasadarreraino entzuten ziren, elefante talde oso bat akabatzen ariko balira bezala... Eta inguruko ume guztiak izututa, beldurtuta, orro olde haren kontura, eta andre batzuek etxe hartatik honainoko eliza guztietan salatu zuten bikote haren jarduera bekataria, baita apezpikuaren etxe aurrean ere. Candidaren gizona lehorreratu eta San Anton elizatik haren etxeraino prozesioa antolatzen zuten, haien etxea ur bedeinkatuaz busti eta guzti, eta otoitzean belaunikatu, Begoñako amabirjinaren irudia etxe aurrean ipini ostean... Batzuek bestelako konponbidea bilatu nahi zioten hari, portuan bertan gizonari puta pare bat ordaindu eta, horrela, etxera ondo asetuta helduko zelakoan, ondo hustuta, esan nahi dut, izara azpiko jokoetarako grina barik... Handik urte batzuetara, hura guztia amaitu egin zen, eta ez andre haiek saiatu ziren moduan, ez, bestelako amaiera eduki zuen hark... gizonaren zama-ontziak ur azpiko harkaitz batzuk jo eta Galiziako Punta Roncudotik milia pare batera hondoratu zen erruki barik, Jaungoikoak orduan haren zor guztiak kitatu nahi izan balitu bezala... Beste batzuek zera esan zuten, Jaungoikoak olagarro erraldoi bat bidali zuela ontzi hondoratu aldera, San Anton elizatik antolatutako prozesioei esker, eta zortzi besoko munstro hark gizona besarkatu eta Atlantiko erdiko sakonetara eraman zuela... Eta hara joan zen Candida, Punta Roncudoko labarretara, gizona agertuko zitzaion esperantzaz, han eman zituen egunak eta gauak, eta asteak... denetarik jaten, lanpernak, lapak, itsas kirikinoak eta karramarroak, eta algak eta horrelakoak... eta halako batean, burua erabat galduta, labarretan behera bota zuen burua... Marinel hura, Candidaren gizona, berriro ikusi nuen, handik urtebetera, baina hilda, astelehen euritsu batean, La Najako arkupeetatik, noraezean, uretan bere aurpegia ikusten ez zuelako arduratuta... Eta zer gura dok?, esan nion, hi Pitxitxi futbolari txapeldun hura baino hilago hago, hire bila joango dozak laster batean, zergatik uste dok ez dagoela inor hire inguruan? Ondo baino hobeto dakitelako hilotz ibiltaria haizela, hire bila joango dozak, baina infernura betiko bidaltzeko... dagoeneko, La Palanca ondoan bizi den Soledad kubatar beltzaran harekin hasi dozak tratuan, halako edabe bat hiri emateko, tabernaren batean edo hor nonbait, eta, esan deuat, infernura bidaltzeko... Horixe emango juek, eta hik lasai baino lasaiago eztarriratu eta lehertu egingo haiz, puxika ustel baten moduan... Eta Candidaz zeozer ote nekien galdetu zidan. Eta nik, ba, hori, Punta Roncudotik behera bota zuela bere burua... Orduan negarrez hasi zen, isilik eta malko barik, hildakoek negar egiten duten moduan, eta itsasadarrera egin zuen salto, birritan pentsatu barik, eta hantxe, uretan zegoela, halako burbuila handi batzuk agertu ziren, eta handik apur batera halako balea marradun bat, zebra horiek daukaten larruazalaren modukoa, eta haren gainean desagertu zen Abra aldera... Punta Roncudora zihoala esan zidan oihuka, Candidaren bila... pentsatzen dut hango kalaren batean biziko direla, txortan egun osoan, euripean zein eguzkipean, egunez zein gauez... hildakoek ez daukatelako ez muga fisikorik ezta etikorik ere... Handik bi egunetara egunkariak zera zekarren, gau hartan Zierbenako arrantzale bik, txipiroietan ari zirela, bera eta balea marraduna ikusi zituztela, olatuen artetik, mendebaldera bidean... Autoritateek ez zieten sinetsi, jakina, eta erotuta zeudelakoan Zamudioko zoroetxera bidali zituzten gizajoak... Ez dakit zergatik ez zieten sinetsi, halakoak itsasadarrean posible dira eta... Ni neu izurdeak ikusita nago hemendik gertu, azoka parean, honaino saltzera etortzen ziren arrantzaleei jausitako arrainen bila, eta baita submarino aleman bat ere, Ibarrekolanda gaineko kanposantuan euren eskifaia-kide hil berri bat lurperatzeko asmoz... Deustuko erriberan lehorreratu eta Ibarrekolandakoan lurperatu zuten gauez... eta handik aste batzuetara hildakoaren bila bueltatu ziren... Gauza jakina da atzerrian lurperatzeak hildakoari tristura handia dakarkiola, ezin duzulako ondoko lurperatuekin berbarik egin, ez diezulako tutik ere ulertzen, ez dakizulako zeintzuk diren beste hildakoen intentzioak, eta hortik eta hildakoen arteko istiluetara tarte gutxi dagoela... ba, hori, etorri, lehorreratu eta berriro jaso zuten kide hila, kanposantuan bakartuta zegoena... gauza tristea da hori, bai horixe... Kontrako gauza gertatu zitzaion Bilbon hil zen irakasle ingeles bati... Zurrutero galanta zen, eta horrek bihotzekoa ekarri zion Somerako taberna batean zegoela, eta, bueno, alkoholzuloetako lagunek Mallonako kanposantuan eman zioten lurra, bai, baina honek, berriz, ederto errezitatzen zituen poemak, Dylan Thomas, Yeats, Whitman eta halakoenak, eta kanposantukideek gustura entzuten zizkioten, batez ere Dylan Thomas-enak, ezin hobeto errezitatzen ei zituelako haren azentu etilikoaz... bertan lurperatutako emakumeek ere tratu berezia ematen zioten, eta egunero sexuaren plazerra eskaini ere... han lurperatuta zeuden emakumeak asko zirelako, eta ingeles literaturzaleak Londresko gozotasunaz hartzen zituelako denak... Berdin ibiltzen zen, emakumeen kontuaren aldetik esan nahi dut, Atxuriko Tomasito, apur bat atzeratua zena, azokako dendarien errekaduak hara eta hona eramaten, ia-ia ni nabilen moduan, baina hura suerte hobeaz, bai, dena esan behar da... Hark kristoren aldaba zeukan, itzela zen hankarteko odoloste hura, eta inguruko neskazahar eta alargun guztiek erosketak etxera ekartzeko aitzakiaz mesede hartzen zuten, mesede eta plazerra... antxoak, barbarinak, bisiguak eta halakoak sukaldean utzi ostean txitxarro ezkutua bilatzen zioten Tomasito inozenteari... praketako botoiak askatu ostean aldabari laztan pare bat eman eta han hasten zen haren erreminta handitzen, tentetzen, harrotzen... eta Tomasitoren ezpainetan irribarre inozente bat, hura eskertuko balu bezala... hantxe, sukaldeko mahai gainean, arrain freskoaren usainaz, andreak gona jaso, kuleroak erantzi eta hankartean besarkatzen zuen Tomasitoren aldaba erraldoia... gero, txokolate ontza pare bat edota bestelako gozoki batzuk eman, baita Begoñako amabirjinaren postaltxoren bat ere, eta poz-pozik alde egiten zuen... Hura ahoz aho zabaldu zen Bilbo osoan... Andre lizun haiek hiru, lau edo bost aldiz egunean eskatzen zioten mesedea, bigarren lan hura... eta Tomasito, idisko baten parekoa bazen ere, gero eta makalago ibiltzen hasi zen, indar barik, barrutik erabat hustuta... Denok dakigu hiru, lau eta bost aldiz egunean txortan egiteak indartsuena ere itzali egiten duela, eta huraxe gertatu zitzaion Tomasitori. Halako batean andre haietako baten gainean, zamalkatzen ari zela, seko hilda geratu zen... Pentsa egizue zelako lotsa pasatuko zuen andreak idisko haren azpian ezin mugitu eta auzoei laguntza eskatzean... Aingeru baten modukoa zen Tomasito, hori guztiek esango dizuete, eta denbora librean txoriei ogi apurrak ematen zizkiela Arenaleko lorategietan, bai, Artxandatik jaisten ziren urretxindorrei, eta zozoei... hauek bakarrik Tomasitoren ondora jaisten ziren, ondo zekitelako hura zintzoa eta inozentea zela, eta, baita, orain gogoratu naiz, Basurtuko ospitaleko umeen pabiloietara ere, gaixorik edo hil hurren zeuden umeen ondora... txori horiek oso bihotz onekoak dira, oso, eta, antza, ederto zekiten, leihoen ondoko zuhaitzetatik kanta-kantari, irribarreak aterako zizkietela ume koittadu haiei, ospitaleko egun mingarri haiek arindu egingo zizkietela euren kantuez... Hango erizain lagun batek zera esan zidan, erabat itzaltzen ari ziren umeen ondotik egunez eta gauez aritzen zirela kantuan, eta txori haiek, leihoetako koska haietan jarriak, inondik inora ez uxatzeko agindua zeukatela ospitaleko zaindariek, hark guztiak heriotza gozoagoa emango zielako esperantzagabeko ume zurbil haiei... Bai, nik ere heriotza gozo bat desiratzen dut, txakolin hau bezain gozoa, edo gozoagoa, nahi baduzue... eta horregatik sarri egiten dut amets bera, gabarra gainean nagoela, eta gabarrako sokak askatzen ditudala, orduko gaztea izanda, eta mareari uzten diot ni eta gabarra itsaso aldera eramaten, miseriarik eta odolik gabeko ur horietara, azken arnasa, azken bihotz taupada isiltasun ikaragarri horretan eman arte... begiak bildu eta joan, berriro inoiz ez itzultzeko...

 

 

 

© Paddy Rekalde

 


www.susa-literatura.eus