Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

LAGA

 

Apurtu egiten zaio ahotsa. Pitzatu. Hizketan ongi hasten da, lehengo bere ahots berarekin, baina bi minuturen ostean, airea ihes egiten hasten zaio bazterretatik. Fu eta fu. Hala ere hori ez da txarrena. Beste gauza batek kezkatzen du gehiago Damian: oharkabean listu zipriztinek ihes egiten diote hitzekin batera, deus egin ezin duela hori ekiditeko. Izatekotan, isilik geratu, ez dago besterik.

        Ebakuntzatik hilabetera ez dago jada mutu, baina askotan uste du hobe zukeela halaxe geratu izan balitz. Beldurra ematen dio inori hurbiletik hitz egiten ibiltzeak. Lotsatu egiten du. Nazkagarria iruditzen zaio eta, listu tantoa bala bezala doala ikusten duenean, airean eskuaz harrapatzen saiatzen da alferrik, eguzki errainuek agerian jarritako hautsa harrapatu nahian bailebilen. Akatsa nabariago uztea baizik ez du lortzen horrela egiten duenetan.

        Telefonoa erabiltzen duen bakoitzean ere, zapi batez garbitzen du ondoren. Iruditzen zaio, bere eztarrian bizi izandako munstroak, txito mikroskopikoak utz ditzakeela edonon.

        Atzo egon zen Aldaba doktorearekin lehenengo errebisioa egiten. Harrituta geratu zen berriro Damian, sendagilearen eskuek sudurretik plastikozko ziraun luze eta beltz hura sartu ziotenean eztarrian behera. Harrituta eta umilduta. Ezin zuen ulertu sendagileak erakusten zuen ohikeria eta normaltasuna. Ohiko izateak, onargarri egiten du berez ikaragarria baino ez dena.

        Aldaba doktorearentzat, kamera txiki hura sudur zuloan behera ahots-kordetaraino sartzea, goizean kafe kikara bat hartzea bezain arrunta izango zen, seguru, baina Damiani iruditzen zitzaion medikuari berari ez ziotelako sekula halakorik egin gertatzen zela halako gauza bat. Bestenaz, hura ere konturatuko zela eginkizuna ez zela txantxetakoa. Endoskopioarena ez zela gertaera arrunta. Ez behintzat gaixoarentzat.

        — Esan eeeee —agindu zion Aldabak tutua aho-korden artean kokatu zionean—. Esan eeeee eta hartu arnasa lasai sudurretik.

        Nola hartuko zuen ezer lasai guztiz ikaratuta bazegoen? Nola hartuko zuen arnasa lasai plastikozko hodi ikaragarri hark ixten bazizkion arnasbideak eta, batez ere, haren beldurrez bazeuden bere eztarriko bazter guztiak?

        — Esan ooooo —agindu zion gero—, eta ez mugitu burua, egon geldi.

        Horixe egongo naizela geldi, pentsatu zuen Damianek, milimetro bat ezkerrera edo eskuinera burua mugitzen zuen bakoitzean, eztenkada egiten baitzion ziraunak bereak zirenik ere ez zekien eztarriko bazterretan. Horixe egongo zela geldi. Harrizko estatua bat bezain geldirik.

        Harritzen zuen beste gauza bat, Aldabaren patxada zen: elkarrizketa arruntarekin jarraitzen zuen endoskopioa egin bitartean.

        — Hobeto zaude, ezta? —eta antzeko gauzak galdetzen zizkion, berak ezer erantzuteko aukerarik baleuka bezala, tresnatzarra eztarrian behera zebilenean.

        — Ezer berririk nabaritu duzu ahotsean? —galdetzen zion igual sendagileak, eta Damianek, zirauna eztarriaren erdian, begiekin egiten zion keinua, ez, ez dut ezer berririk nabaritu, adierazi nahian bezala.

        Halako batean atera zion hodi beltza zegoen lekutik eta Damiani malko batek egin zion ihes ezker begitik. Tresnaren muturra ez zela sekula handik irtengo iruditu zitzaion, segundoetako kontua izan arren. Luzea zen suge beltza gero.

        — Derrigorrezkoa al dut logopedarekin egin beharreko errehabilitazioa? —galdegin zion Aldabari.

        — Lehenago edo geroago, egin egin beharko duzu —erantzun zion medikuak, ziraun plastikozkoa erizain baten eskuetan uzten zuen bitartean—. Garbitu hau, gero ere beharko dugu eta.

        Damian orduantxe jabetu zen, bere barnean ibilitako polibinilozko ziraun hura bera beste norbaiten eztarrian behera ibiliko zela minutu batzuk geroago, beste lurralde batzuen konkistan. Eta okerragoa zena, berari baino lehen, beste norbaiti sartua izango ziotela tresna huraxe, muki eta haragi lirdingatsuen artean behera. Beste norbaiten haragien barruan ibilitako piztia ibilia zela bereetan. Agian kontsultara bera baino lehen sartutako gizon laringetomizatuaren eztarrian behera erabili zuela tresnatzarra Aldabak.

        Okada ekarri zion pentsamenduak ahora. Goragalea eztarriaren ertzera. Itoaldi mikatz bat. Baina Aldaba konturatu ere ez zen egin Damiani gertatzen zitzaionaz, hurrengo hilabeteko hitzordurako eskaera betetzen ari baitzen mahai gaineko paper batean.

        — Ekainak hogeita zazpi, asteartea.

        Erizaina ere ez, hura ere ez zen konturatu Damianen higuinaz, plastiko urdinezko ontzi batean alkoholez edo auskalo zerez garbitzen baitziharduen tutu mingarria. Hurrengoarentzat.

        Damianek txandako papera hartu eta eskerrak eman zizkion Aldabari.

        Erietxe atariko argiak eta kanpoko aire berriak oraino bizirik zegoela sentiarazi zioten ostera ere. Horregatik agian eramango zuen eskua barruko poltsikora, eta handik, metalezko kaxa batetik, txokor bat atera eta piztu egin zuen antsiaz: La Paz, Wilde Habana. Benetan hala ez izan arren, Damianentzat munduan dagokeen zigarro-pururik hoberena.

 

 

«Gaur erabaki garrantzizkoak hartu ditut. Hartu behar izan ditut. Ez dakit asmatuko ote dudan, baina egoerari aurre egin behar diodala pentsatu dut. Ezin dudala modu honetan aurrera segitu. Telefonorik ere ez dut jasotzen jada, Jose Ramon Izpizua izango ote den beldurrez. Ez dut harekin hitz egin nahi. Ez dut hura nire aurrean gehiago ikusi nahi. Eta beldur horrexek agintzen du gaur nire bizitzan. Ebakuntzatik irten nintzenetik, lautan deitu du etxera eta harrizkoa gelditu naiz haren ahotsa entzun dudan bakoitzean. «Badakit hor zaudela, Damian», esaten zidan telefonoaren beste aldetik, «erantzun mesedez». Baina zer erantzungo diot? Zer erantzun behar zaio zeure emaztearekin jolastu den Judasi?

        Bai, onerako edo txarrerako, erabakiak hartu ditut gaur: ez noa ahotsaren errehabilitazioa orain egitera. Bi hilabete behar nituzke horrelako gauza bat egiteko, egunean bizpahiru ordu, eta ez nago prest horregatik hemen loturik jarraitzeko. Aurrerago egingo dut, ahal baldin badut.

        Etxea ere ez dut salduko. Oraingoz ez behintzat. Diru apur bat badaukat gordeta eta horrekin biziko naiz hilabete batzuetan. Katalina eta Moises auzokoek gordeko dute etxea bitartean. Gurasoei ere esan diet, nahi badute etortzeko hona bizitzera denboraldi batean. Ezetz esan didate, nahiago dutela euren etxeko neurria Zorionakoa baino. Zahartuegiak daudela nirea bezalako etxetzarrean bizitzeko. Biak bakarrik, gainera. Hobeto. Etorri nahi ez badute, askoz ere hobeto. Saltsa gutxiago niretzat.

        Joan zen astean Leon Karrikari deitu nion, ea ba ote zuten lekurik niretzat Arizkungo beren etxean. Sekula ez nion orain artean eskaintza onartu, baina behin eta berriz eskainia zidan hango etxea, nahi nuenean bertara joateko. Egun batzuk pasatzera. Asteburuetan soilik erabiltzen zutela eurek. Eta oporretan. Berritu egin dutela ere esan zidan eta nahi dudanean lasai joateko. Bera ere han egongo zela. Lepo-hezurrean min hartu eta lanetik bajan zegoela. Emaztea eta alabak Ziburun utzi eta denboraldi batean Arizkungo etxean egoteko asmoa zeukala berak ere. Elkarrekin egongo ginela biok eta hobea zela hori berarentzat, inor gabe baino.

        Gauza asko ezin dituela bakarrik egin, lepoan jarri dioten iduneko plastikozkoaren erruz. Eta gero apur bat izutu ninduen gauza bat gaineratu zidan, minarentzat morfina kapsulak eta tantoak hartzen ari zela esan baitzidan. Ez dakit zergatik, baina kezka eragin zidaten hitz horiek. Agian Karrikak ezaguna duen pattar zaletasunagatik izango da. Morfina eta pattarra elkartzen direnean, sumendia piztu litekeela uste dut eta.

        Kontua da parean datorkidala Arizkunen denboraldi bat pasatzeko aukera. Etxea saltzearena ez dut zertan oraintxe bertan erabaki beharko. Pentsatuko dut hobeto. Eta polikiago.

        Urrutikoetxea komisarioari ere esana diot pare bat hilabetean bakean uzteko. Ez nagoela oraindik lanerako moduan. Ederki ulertu du. Gizon hori ez da uste nuen bezain zozoa. Batzuetan harrituta uzten nau. «Pajaro, pajaro», esan zidan, «orain ere bazoaz ihesi».

        «Eta euliak?», galdegin zidan, «Zer egingo duzu orain eulien bildumarekin?». Etxean eulirik ez daukadala erantzun nionean, Arantzadi Elkarteari emanda zeudela den-denak, uler ez zezakeen zerbaitek ihes egiten ziola pentsatu zuen. Ez nauela uste bezain ondo ezagutzen. Ez ninduen euli bildumarik gabe irudikatzen, antza. Ni poztu egin nintzen horrekin, misterio apur bat beti baita on Poliziarekin.

        Bakarrik ikusten nuen nire burua Arizkunen, baina zer egingo diogu, bada? Karrikarekin ere moldatuko naiz. Pintatzen geratuko da hura egun osoan. Ondo dabil horretan. Hobe luke bai, France Télecom-eko lan txatxu hori utzi eta pintatzera osoro jarriko balitz. Alabaina, berak esaten duen bezala, «funtzionario izatea du gehienak amets; lortu eta gero, nola erran nik ezetz».

        Ikusi diodan azken erakusketan, askeago darabil pintzela. Hala iruditzen zait behintzat. Lehen ez nuen gehiegi maite haren lana. Paisaiaren egokierarekin aski zuela iruditzen zitzaidan. Pintatzen zituen baserriak zintzo pintatzearekin konformatu egiten zela. Orain beste modu bat erabiltzen du, Cézannerenaren edo nik ez dakit norenaren antzeragokoa. Askeago dabil kolore orbanak eginez. Marrazkia baino, argia harrapatu nahian dabilela iruditu zitzaidan. Bere azken lanek ez dute zer ikusirik Jaione eta bioi ezkontza egunean oparitu zigun bodegoiarekin. Asko aurreratu du handik hona.

        Beti esaten nion zintzoegiak begitantzen zitzaizkidala bere artelanak. Zuzenegiak. Algaraz erantzuten zidak berak orduan, dantza askean behar bezala egin ahal izateko, lotuan behar dela ikasi lehendabizi. Gizon ona da Karrika, purrustero xamarra, aukeran.

        Batera eta bestera ibiltzeko egokiera izango dut nik han, Elizondora, Bozatera... ez da paraje makala Arizkunek inguruan daukana.

        Hala ere, gauzak argi jarri nahi izan nizkion Karrikari: irakurtzeko asmotan noala eta denboraldi bat bake santuan egotera. Indartu beharra daukadala egindako ebakuntzatik. Txakur handi bat badaramadala ere esan nion, txakur alfer eta alferrikako bat. «Oh, putain, hirukote ederra egingo diagu», erantzun zidan. «Nola dik izena?». «Argos», erantzun nion. «Fidela izango duk orduan, Ulisesena bezala»».

 

 

Poliklinikatik irten eta hogei egunera gertatu zen Damian hainbeste kezkatzen zuen elkarretaratzea. Lupe izan zen etxera bisitan etorri zitzaiona eta, egia, uste baino hobeto joan ziren gauzak. Askotan horixe gertatzen da, konponezinak diruditen korapiloak bide errazenetatik askatzen direla. Ala ez, Damian?

        Egun eguzkitsua egiten zuen eta golf zelaiak lepo ageri ziren, asteburua izaki. Xinaurri kolorezkoak zelaietako berdean atzera eta aurrera, multzoka. Horixe baino ez ziren Damianentzat golf jokalariak. Xinaurri kolorezkoak, kapeluekin jantzita. Balizko hiltzaileak. Taka eta taka, indar guztiz berunezko pilotak obus bihurtzen. Asesino potentzialak.

        Taka eta taka. Bolakaden hotsa. Damian lorategian zegoen chaise longue batean etzanda, eguzkipean indartzen. Bolakada haiek soilik kezkatzen zuten, balak bezala noiz etorriko teilatu gainera, alboan zeukan Argosen gainera edo bere buruaren gainera. Zuzen-zuzen. Bolakada madarikatuak.

        Ohitura zaharra zuen bere lur sailera etorri ohi ziren pilota haiek guztiak astean behin balde batean bildu eta, Santiago zubi zaharretik pasatzen zenean, Bidasoara jaurtitzekoa. Behin etorri zitzaizkion golf zelaiko arduradunak, pilota haiek ostera erosiko zizkiotela esanez. Prezio onean jartzen bazituen, berreskuratu nahiko lituzketela bere etxeko lorategira eroritako pilotak.

        Antzarak ferratzera bidali zituen Damianek. Arratsalde onik ere ez zien esan. Agurrik ere ez, jiratu eta alde egin zutenean. Ezertxo ere ez. Estatua bat bezain isilik geratu zen denbora guztian, dardararik ere egin gabe. Begiak erabili zituen pilotatxoei, golfari eta golflariei buruz pentsatzen zuen guztia adierazteko. Eta orduan ez zegoen mutu. Hori gertatu zenean, bazeukan hitz egiterik. Gorrotoaren handia, hitzetan baino hobeto sartzen dela ezitzetan, horixe zeukan erabakita Damianek golfarekin zer ikusia zeukan guztiarentzat. Hitzik ere ez bere etxeko bakea apurtzen zuten gaizkileentzat. Nahiago zuen isilik geratu, benetan uste zuena esatea baino: sar itzazue zuen pilotatxo horiek guztiak bat-banaka atzeko zulotik. Bai, nahiago izan zuen isilik.

        — Ez zaitut beldurtu nahi, Damian —esan zizun Lupek iritsi berritan.

        Agerikoa zen emakumea hura, brigada zientifikoko Lupe Latasa ertzaina, kontu zientifikoez baino gehiago zebilela nabigazio gaiez hizketan. Zehazkiago, hondora joandako txalupak nola azalera daitezkeen jakin nahi zuen. Edo antzeko zerbait.

        — Ito ere ez, Damian —jarraitu zuen esaten zure mututasunaren aurrean—, ito ere ez zaitut egin nahi. Zergatik baztertu nauzun jakin nahi dut soilik. Besterik ez. Ulertu behar didazu hori.

        Ia hilabete zen berarekin azken aldiz egon zinenetik, haren gorputz gaztea eta besarkada ia birjina sentitu zenituenetik. Ia hilabete zeneraman emakume azalik ukitu gabe. Ezta Véroniquerenik ere. Ez gara harrizkoak, Damian.

        Minik ez zenion egin nahi, hori egia da, baina zeure buruari ere ez zenion aukerarik ukatu nahi, ezta? Zure adinean haragi emearen zerua ez da egunero aukeran egoten. Esazu argi: lagun jator baten antzera hitz egingo zenion, argi eta garbi, baina beste desira ezkutuagoko batek gidatu zituen zure hitzen esanahiak. Ala ez, Damian? Zugan ez balego bezala itxurak eginez, ez al zitzaizun gailendu, orduan ere, zeurekoikeria? Nik bezala dakizu zintzotasuna eta zintzokeriaren arteko aldea ez dela huskeria. Ez da hala, Damian?

        Ospitalean ere jartzen zitzaizun zut. Batez ere goizero esnatutakoan. Areago, zutitzen zitzaizulako esnatzen zinela pentsatzen zenuen askotan, eta lotsa ematen zizun edonork ikus zitzakeen maindire haietan uztea zeure eskuez isurarazitako esnearen arrastoa. Garbitzera botatako lojantzia erabiltzen zenuen horretarako, ama konturatuko ez zitzaizulakoan. Hamabost urte zenituenean bezalaxe. Berdin-berdin.

        Luperen ahoa irudikatzen zenuen zeure haragi zuta mihiztatzen. Zorionan egin zenuten egun hartakoaren oroimenaz zinen kitzikatzen. Aitortu ere egin zizun sekula egin gabekoa zela halakorik. Nehoiz ez zela hartaraino ausartua. Inorekin. Eta pozten zela zure haragia hazten eta hazten bere ahoan sentitzean. Indarra, gizonarena dirudien arren, emezkoarena dela egiazki. Honek dakiela hilik dagoena ernetzen.

        Gogoeta horietan husten zinen ospitaleko bakardadean. Lupe biluzten ikusten zenuen, Lupe zure gainean dantzari, zeure azpian preso, lau hankan jarritako zakur, zu haren ahoan, zeu haren gutiziak zurrupatzen... Horiexek ekartzen zizuten mesedea. Ia goizero.

        Beraz, orain, zergatik uko egin aukerari? Nola esan ezetz eskura jarritako abaguneari? Ez al da berezko ehiztaria, gizonezkoa? Baliteke zu bestelakoa izatea, akabo. Bakarra, apartekoa, nahi duzun guztia, baina nola esan ezetz haizeak dakartzan urre pinportei. Ezta, Damian? Zozoa behar luke gizonezkoak.

        Bestalde, ohartzen zinen zurea eta Luperena, ez zirela ezpal bereko kinkak. Emakumea hustulekutzat hartzen hasia zinen aspaldi, ala, zuretzat, emakumeak beti horretaraxekoak baizik ez direla izan esan behar ote nuke egiazki, Damian? Eskaintzen dakiten atseden berrituari nekea eta ohikeria gailentzen hasten zaienean, bazterrean uzteko moduko izakiak.

        Lupek, emakumeek ohikoa duten biziraupenarekin lotutakoa zuen arazoa. Izan ala ez izan, maitea. Zurea ere biziraupenezkoa zen, ez da zalantzarik, baina guztiz bestelakoa eta trauskilagoa: lojantzi baten gainean eta zeuk bakarrik egin, ala emakume baten altzoan. Luperen barnean. Horixe aldea.

        Eta baietz, bere hitzak ederki ulertzen zenituela adierazi zenion. Ahots apurtuaz horixe esan zenion listu perdigoikaden artetik. Eta barkatzeko inoiz minik egin baldin bazenion. Ez zela izan hori zeure nahia. Inondik inora. Baina gauzak diren bezalakoak direla, eta ez bestela. Egia dela oso ongi konpondu zinetela elkarrekin, baita ohean ere —ohean batez ere, ezta Damian?—. Baina ez zaudela askoz gehiagorako, oraingoz bederen. Zeure aldetik ezin duzula besterik eskaini. Ahul zaudela zeharo. Zure bizitzako kinka berri baten aurrean.

        Hala ere, ez diozula erabateko adiorik egin inori, are gutxiago berari, Luperi. Soilik ez duzula inorekin bizitzen jarri nahi. Oraingoz. Horixe dela gakoa. Beldur diozula betikotze horri. Ezinezkoa iruditzen zaizula horrelako gauza bat zure oraingo bizimoduan, emakumezkoa eta gizonezkoa elkarren ondoan betiko egongo direla esateari zin egitea. Edo hori hala balitz bezala ibiltzeari nazka diozula. Ez zarela beste gizonezkoen antzekoa. Lehenago ere Jaionerekin saiatua zinela. Gainera, ulertu behar duela, adin alde handia duzuela biek ala biek.

        — Eta zer, Damian, zer axola dio horrek? Aspertu egiten zaitut beharbada —esan zizun Lupek, tristezia lurrun bati supituan leku eginez eta Vèroniqueren izena aitatzera ausartu ere egin gabe.

        — Ez, ez nauzu aspertzen. Gustura egoten naiz zure ondoan. Aukera bikaina zara niretzat. Ez dut zu baino hoberik aurkitzeko itxaropenik batere. Baina ez dut nahi zu hemen, Zorionan, nirekin bizitzen jar zaitezen. Oraingoz ez.

        Ondorengo hitzekin eman zenuen pausorik lotsagabeena. Indarra ematen zizun emakumea hain behera etorrita ikusteak. Zeu ehiztari eta huraxe ehizakia. Hil edo bizi itxurako sakonera haietan, gehiago zenbiltzan karta joko axalekoan. Ala ez, Damian? Azken batean, hamarreko batzuk baino ez zenituen galduko hordagoarekin, eta irabaztekotan, ostera, joko guztia zeuretzat.

        — Egoki irizten badiozu, elkartzen jarrai dezakegu. Zuk nahi duzunean, nik nahi dudanean. Biok nahi dugunean.

        Luperi ez zitzaion onartzeko modukoa begitandu zure bat-bateko eskaintza, Damian. Ederki dakizu. Lotsarazi ere egiten zuten zeu zaren gizonezkoak bota zituen hitz haiek. Ez zitzaion iruditzen bera bezalako emakumea era hartan hartua izan zitekeenik inola, gaur bai eta bihar ez, haragi merkea bailitzan. Puta lez. Baina kontua da, Zorionako atetik barrura sartu zenean baino zertxobait gehiago zeukala aukeran: zeuk eskainitakoa ala ezer ere ez. Ederki zenekien horiexek zirela zeure kartak. Eskainitakoa ala ezer ere ez, ez zeukan besterik, eta musu busti bat jarri zizun ezpainetan, barnean jaio zitzaion tristura itzela nabaritu ez balu bezala.

        Atarikoa izan zen, gero elkarrekin, egongela bertan, egin zenutenaren atarikoa baizik ez. Eta harekin egiten zenuen bitartean, berriro erreparatu zenien ia belarrietaraino luzatzen zitzaizkion zango eder luze-luzeei. Sabel leuna ferekatu zenion Luperi, haren lepoan milizkatzean, gatza zein izan daitekeen gozo ikasi zenuen eta haren bular tinkoetan aurkitu zenuen zeuri ihes egina zitzaizun denbora gaztearen zantzua.

        Luperen begietan pausatu zenituen zeureak irmo, arnasestuka, eta haren barneko hezegunean zeharo husteko tenorea atzeratu zizun pentsamendu ezusteko batek: Zozoa naiz, zozoa behar dut izan, non aurkituko dut, egiazki, halako beste emakume bat?

 

 

«Lotsa ematen dit eleberri edo film amerikar bateko protagonista bezala jokatzeak, baina, bai, erabaki handiak hartu ditut. Orain arteko guztia atzean laga eta hemendik alde egitea. Indarberritu arte. Gero, auskalo. Ikusiko dugu. Orain bake apur bat baino ez dut nahi, azken hilabeteotan bizi izan dudan guzti honetatik apartatu. Izkin egin nahi diot bizitza berari eta Baztango bakean bizi, ahal dudan bezainbeste. Pintore baten ondoan, Leon Karrikarekin, argia ehizatzera goizeko bostetan jaikiko den morroi ero eta morfinazale batekin. Horixe.

        Beste erabaki bat ere hartu dut: Mutuaren hitzak deitzen den kaier honetan idazten jarraitzea. Ahal dudan guztietan idatziko dut luze edo labur. Egunero, ahal izanez gero. Ez naiz idazlea. Hori badakit. Nik ez dut haiek bezala pentsatzen. Haiena argi dago: benetako bizitza ez da sekula iristen idatzitakoaren mailara. Gainetik egon behar duela beti idatzitakoak. Putza! Ez, hori ez da horrela. Erraturik daude. Bizitzak ez baleuka ertzik, zertarako idazten ibili? Haiek bezala, ederki dakit hori, bizitza dela handiena, baita nirea bezalako zaputza denean ere. Zer dago, ba, besterik?

        Baina irakurlea banaiz, eta ez edonolakoa. Literatura irakurlea naiz, nobela irakurlea. Gaixorik nago neu ere. Hainbeste literaturaz gaixoturik. Asebeterik. Zerbait badakit, beraz. Idazle askok eta askok beste bai, gutxienez.

        Hala ere ez da hori nire helburua. Ez dut lerro hauetan nobelarik idatzi nahi. Zer da, bada, nobela? Zer da gezur hornitua baino?

        Behinola, izenaz oroitu ere egiten ez naizen Mantxako leku batean... Gezurra gezurraren ostean. Errenkadan jarrita. Aingira bezala, literatura irrist eginez bizi dela esan zuen batek. Hatz artean harrapa ezinezko piztia dela literatura. Hobe horrela. Hobe ihesi utzirik. Hobe batere kezkatu gaberik.

        Nobela bat berez ez baita ezer. Hitz bat bestearen ondoan. Ez gehiago. Irakurlea behar du, izango bada. Horixe da egia. Inork irakurri gabetan, nobela bat ez da deus. Paper multzo alferrikako bat baino ez. Zertarako gordetzen da etxeetan inork irakurtzeko asmorik ez daukan libururik? Bat, ehun edo mila. Zertarako uzten zaie liburuei espazioa alferrik betetzen? Irakurri behar ez den liburua traba da. Pisua da. Ipurdian irtendako erlakaiztena da.

        Nik gainditu egingo ditut nobela eta liburuen mugak lerro hauen bitartez. Gezurrak eta ameskeriak ez baitu lekurik izanen hemen. Alferrikakoak ere ez, hornidurak ere edukiko ez dituen bezalaxe. Lerro hauetan dena izango da mami huts eta gordin, orain artean egin dudanaren antzera. Nobeletan ez bezala, bizitza gailenduko zaio asmatutakoari, Anton Apezetxea zaharraren begietan bezalaxe.

        Neu naizen honek bizitzen segitzea dute xede bakar hitzok. Ez dut idatziko inork edo ezerk horretara behartzen nautelako, idazleari banitateak edo diru-beharrak eragiten dion antzekoz bestera. Letra askeak izango dira hauek. Ez lukete bestenaz zentzurik. Zertarako ibili ezer idazten, ez badira benetakoak?

        Beste onura bat ere badute lerrook, eleberriaren aldean. Egiazko zentzua eta balioa eduki dezaten, irakurlerik ere ez baitute behar idazten ditudan lerro apur hauek. Bat ere ez. Neurekin aski dute. Mutuaren hitzak bataiatu dudan hau ez dago inoren menpe, ezta irakurle ezinbestekoari baldintzaturik ere. Ez baitago inork irakur dezan idatzia. Aske da menpekotza horretatik ere. Literaturaz gaineko beste zerbait du xede.

        Lerro hauek mutuak hitz egin ahal izan dezan daude asmatuak, eta aipatu gabe gorde ezin dudan oldar itzel batengatik ere bai: bilduma berri bat hasi nahi dut. Hemendik aitzina, neronek idatzitako mutuaren hitz hauez osatuko dut bilduma berria. Lehen euliak bezala, idazten ditudan lerro hauek gordeko ditut orain kotoi artean. Bata bestearen atzean, inurrien gisan. Bilduma kontu handiz osatzeraino eginen dut. Mutua hitz egiten jarri arteraino.

        Gero, gupida eta arrangura batere gabe, erre egingo ditut hitz hauek guztiak, egiten duten keari begira geratzeko».

 

 

© Hasier Etxeberria

 


www.susa-literatura.eus