Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Iharra

 

Tiro bakoitza maiteari egiten zion lore eskaintza zen Iharrarentzat. Hala esaten zidan. Egunero leihotik begira harrapatzen zuela Artxandarako bidean, zain. Agur keinuak eta irribarre gozoa eskaintzen zizkioten elkarri. Hortik gorakoa gogoaren sutegian berotuko zen.

        Lotura lanak betetzen zituen, egunero jotzen zuen agintaritza gorenetik frontera.

        Deblauki bota ohi zidan:

        — Gerra honegatik ez balitz ez nuke haren ezagupiderik izango. Handia da, gero, esker-zorretan nago gerrarekin.

        Uste zuen Blanca zain zuen bitartean ezein kaltek ez zezakeela harrapatu, maite bazuen seguru zegoen ez zutela hilko. Berak ez ezik bere ingurukoek ere aitortzen zioten suertetsuaren itzala. Iharraren taldekideak ez bezala, berak ukiturik nozitu gabe gaindituak zituen berealdiko bizpahiru gerra egoera larri.

        Harro esaten zigun aberriagatik ezetz, Bilbo defenditzeagatik joana zela aurrera, eta Bilbon Blanca, Blanca defenditzeagatik.

        Frontean ahoz aho zebilen Iharraren adurraren kontua. Beti onik ateratzen zela bera, eta, aldiz, halabeharrak gogor kolpatzen zuela bere ingururik gertuena. Bekaitzez eta gaitzondoz begiratzen hasia zitzaion jendea, kaltegabe gertatzean besteren zorigaitzaren ardura berekin balu bezala. Gerrak, ordea, ez zuen aieruok arriskugarri bihurtzeko lain iraun. Santoñakoa etorri zen, eta ondoren espetxea eta batailoiak.

        Errepide berritzen jarri gintuzten Aragoi aldean. Blancak egin zuen modua Iharrari gutunak helarazteko. Neurtutako hitzak igortzen zizkion, lagunkoiak bai, baina, edozein grinari haizea ematetik oso urrun zeudenak. Hazkarri horrexen premia zuen Iharraren bihotzak, zainari eskean ari zitzaiona ematen zioten berez konplimenduzkoak baino ez ziren lerro haiek. Seguruenera gizalegeak edo errukiak neskaren kolkora erauzitako hitzak aski izan ziren hartzailearen maitasunaren sua bizitzeko.

        Auzo-lotsaz irakurri nituen Iharrak Blancari idatzitako lehen gutun biak. Berehala adierazi nion ez nuela gehiago ezer jakin gura bere ustezko maitearekin zer zerabilen.

        Ez zidan ulertu, min eman bide nion. Baina hainbestekoa zen bi gutunen arteko koska: batean kortesia epela edo adore hitz zerrenda leungarria besterik ez zena, ilinti irazekia zen bestean.

        Sukarrak hartuta gogoratu zidan itsumustuan:

        — Maite naik oraindik, onik izango nauk, ez zaidak okerrik gertatuko zain daukadan bitartean.

        Lagun kaskarra gertatu nintzaion, inoiz kontra egin banion ez nuen sekulan gogor egiteko aski indarrik batu.

        Kementsu, gatibutzaren neurriaren hainbesteko pozez ikusten genuen Iharra eguneroko jardunetan. Gozoa zen benetan lagunarterako. Gerra galdu genuela zioen, gerra bat galdu genuela, beste bat besterik ez. Denok jota genbiltzan garai haietan umoreko ibiltzen zen, Iharra danbolina zen gure gogo doinugabetuentzat. Bazuen beti ziri bat, txantxa bat, ateraldi barru pizgarri bat.

        Zalantza izpi bat aski izan zen, hala ere, aldartea zeharo muda zekion. Gutunak jasotzeari utzi ahala Blancarenganako ustea hoztu zitzaion, eta maitasunaren harresi trinkoak arrailtzeaz batera Iharra bere osoan abaildu zen.

        Burua arintzen hasi zitzaion. Begirada lausotu eta ibilera zangartu zitzaizkion. Eroria zegoen, gu guztion derrotaren zama beregain hartu balu bezala. Hatz luzeaz bekokia hiru-lau bider jo eta tiro baten eskean hasi zitzaidan, lehen azertatu ez zizkiotenen ordain merkean eskatu ere.

        — Maite ninduen garaiko balak zor zizkidatek. Mesede hori egidak.

        Gainbehera horren lekukotza zuzena pairatzea egokitu zitzaidan, eta nekez eraman ahal nuen ardura hori. Arima apartatuta zebilen Iharra. Ez zen gauza lanari ganoraz lotzeko eta zigorra zegokion zigorraren gainean. Ezerk axola ez ziola jarri zen, ezagutzen ez gintuela, hitz egiten ez zuela.

        Horrela ikusita, loak muzin egindako orenetan deliberatu nintzen Iharra itotzera. Burkoa hartu eta, lagunari hainbeste zor niolakoan, azkena emango nion penatze atergabe hari.

        Gau lehenean, beldurrak lotutako zangoak libratu ezinda, heldu nintzen Iharraren kamaina burura. Mendiko haizeak karroindutako gaua zen, nire bihotzeko taupadek ulu zegiten hormaizearen lagun.

        Burkoa jaso nuen bi besoez Iharraren buru gainean. Aurpegira begiratu nion eta ahozulo beltz hark ozen esan zidan arnasa joana zela handik, Iharra hila zela... Burkoa aho parean jarri eta indar guztiekin sakatu nion, harik eta nire taupadek apur bat sosegatzera egin zuten arte. Haizeak gauza gozoak esan nahi zizkidala bururatu zitzaidan. Derrota bat ez dela derrota guztiak, maitasun bat ez dela maitasun guztiak. Gure zain izoztuen barruan odolak gatzatu gabe dirauela, bizirik, bero, ero.

        Burkoa galtzarbean batu eta neure ohantzera egin nuen isilak ferekatuta. Lo harrapatu ninduen egunsentiak.

 

 

 

© Jose Luis Otamendi

 


www.susa-literatura.eus