Bildumaren zerrendara itzuli

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 

Hamar txakur

 

Hori da, Jauna, agindu zidatena, hori egin nuen. Haiek agintzen dutena Berorrek aginduko balu bezala ulertzen dut nik. Eta hori bera esan zidaten, elizatik Txakurrene esaten dioten lekura eraman behar nuela. Baina Berorrek ez du, beharbada, izen hori ezagutuko, Txakurrene, izen berria da. Aitak esaten du Garre esaten ziotela leku horri lehen, edo Agarre. Aldapa igo eta errepide ondoan dagoenari esaten diote orain Txakurrene, txakur batzuk agertu zirelako han, hilda noski, aita umea zela. Hiru txakur handi hilda, bi tiroz eta bestea labanaz, sei txakurkume itota. Guztira bederatzi txakur, baina inork ez zituen ezagutzen, ez ziren hemengoak.

        Esan zidaten elizatik Txakurreneraino eraman behar nuela, errepide ondoraino, han hartuko zuela baten batek, auto batek, kamioi batek beharbada, esan zuten auto normal batean ezin izango zutela sartu. Bazekiten orgarekin egunak behar direla haraino, hori bazekiten, badakite nolako bideak diren, biderik ere ez batzuetan, Berorrek ere badaki. Berdin zien, gauza zen haraino eramatea, lehen errepide zatiraino, kamioia sartzeko moduko lehen errepide zatiraino, aldapa igo eta apur bat harago.

        Gazta oso bat eman zidaten, ogirik ez, ura, botila bi, manta bat ere bai gauerako. Esan zidaten ez nuela manta itzuli behar, gordetzeko niretzat gero. Hiru zulo zituen, alde batean bi, handiak, beste bat kontrako bazterrean, handiagoa. Zikin zegoela iruditu zitzaidan, usain ona zuen. Iluntzean irten nintzen, uste dut hori ere badakiela Berorrek.

        Hasierako zatia ez zen horren txarra ere, bideak esan nahi dut, elizakoak eta eliza ingurukoak, baina ez nuen ondo egin. Orga zuzen eraman nahi nuen, baina ezin zen, ezinezkoa, labaindu egiten zelako armairua. Apur bat okertu behar nuen, alde batera edo bestera, orgaren angelu batek eusteko armairuari. Baina, guztiarekin ere, orga haren halako bi behar ziren armairu hori behar den moduan eramateko, oso txikia orga, estuegia. Hori askozaz geroago ulertu nuen, orga okertu behar nuela, hurrengo egunean, goizean. Elizatik atera nintzenean, zuzen eraman nahi nuen, eta jausteko puntuan egoten zen armairua. Nahi baino gehiagotan gelditu behar izaten nuen armairua orekatzeko. Iluntzea zen ordurako, ez nuen ondo ikusten, horregatik ibili nintzen horren astiro, bideak hain txarrak izan ez arren.

        Armairua ezin nuen behin ere jausten utzi, hori zen kontua, egurra zelako gehiena, egur zaharra, ateak, giltzaz itxita guztiak, baina beira zati batzuk ere bazituen goiko partean. Hauts eginda geratuko ziren beirak lurrera jausita, hori iruditzen zitzaidan inportanteena orduan, beira zati haiek ez apurtzea, armairuari eustea errepidera heldu arte. Armairua mugitzen nuenetan, hala ere, iruditzen zitzaidan normala baino pisu handiagoa zuela, barruan zerbait balu bezala. Uste dut hutsik zegoela esan zidatela, Berorrek ere jakingo du hori.

        Hamabiak arte ez nintzen gelditu, sinistu, Jauna, egun luzea izan nuen arren orga hartu arte. Elizako lan guztiak eginda nituen, haien etxekoak ere bai, goizeko seietatik... Baina orga hartu nuenetik eta hamabiak arte ez nintzen gelditu. Eskuak minduta, gerria, zapatak ere kendu behar izan nituen, ez dira nire neurrikoak. Haiek esaten dute lehenago gelditu nintzela... Ez da egia, sinistu, Jauna... Hamabiak hogei gutxiagotan beharbada, ez askoz lehenago, Berorrek haiek baino hobeto ulertuko du.

        Gelditu eta lehenengo gauza horixe, Jauna, orga gainetik kendu nuen armairua. Horri begira beti ni, ez nuen nahi gauez lurrera jausi eta beirak hauts eginda geratzea. Hori zen inportanteena niretzat orduan, lan bikoitza izan arren, atzera altxatu beharko nuelako biharamunean, gerria neukan moduan, eskuak, kilo haiek guztiak, zirudiena baino askoz pisuagoa.

        Zuhaitz zabal baten ondoan etzan nuen armairua, tartean ni. Uste nuen zuhaitzaren eta armairuaren artean haizea kenduko zidatela, baina erdia ere ez zidaten kendu. Mantak ere ez zuen asko balio, ez kanpoan lo egiteko. Haizeak orga mugitzen zuen, ez zegoelako oso orekatuta ere; kolpeak joarazten zizkion harrixka batzuen kontra. Horrek eta hotzak erabili ninduten lo behar den moduan ez egiteko. Gaztak ere kalte egin zidan, ez gehiegi ere, bai tripetara begira jartzeko moduan. Botagura izan nuen lokartu arte.

        Gogortuta altxatu nintzen, hori sinistu behar dit Berorrek, gerria batez ere, tripak ondo. Sukarra ere banuela pentsatu nuen momentu batean. Bezperan baino askozaz nekezagoa egin zitzaidan armairuarena: gerria ere zuzen ipintzeko mina, eskuetan zauri txikiak, bost ere bai, ilunetan ikusi ez nituenak. Armairua zuzen ipini nuen berriro orga gainean, konturatu gabe oraindik apur bat okertu behar zela. Labaindu egiten zen askotan noski.

        Ia eguerdira arte egin nuen sukartuta bezala. Gazta zati bat jan nuen hamaiketan, ez zidan kalterik egin, ez nuen urik edan. Angelusa esateko gelditu nintzen. Gelditu egin behar da angelusa esateko, Berorrek daki hori inork baino hobeto. Orduan konturatu nintzen orga apur bat okertu behar zela, ez minutu bat lehenago, ez geroago: angelusa esaten ari nintzen bitartean... Irudia etorri zitzaidan, otoitz-esaldiak, orgaren irudia, armairuarena... Sinplea zen, erraza, sukar sentsazioa ere joaten ari zen, angelusean hori guztia.

        Armairua askozaz hobeto horrela: oso gutxi mugitzen zen, ez zen labaintzen, eta mugitzen zenetan ere, apurka, milimetroak ia. Oso lantzean behin zuzendu behar nuen, arinago ere joan ahal nintzen. Armairua ezin zen jausi beraz, arinago ari nintzen, baina askozaz lan handiagoa zen niretzat. Berehala ulertuko du Berorrek: okertuta joan behar nuen, erdi makurtuta, beso bat bestea baino askoz beherago. Armairuaren pisua gehiago sentitzen da horrela, eta iruditzen zitzaidan gero eta pisu handiagoa zeukala, hutsik behar zuen arren. Haizea ere izan zitekeela pentsatu nuen. Lehenengo minututik nituen minduta muskuluak, sorbaldan, lepoan, egun osoa mina kendu gabe. Eskuak ere txarto, zauriak, oinak.

        Bideak ere txarragoak ziren, lehen ere esan diot, ezagutuko ditu Berorrek, nola ez ditu ezagutuko. Harri txikiekin ere gelditzen zen orga trangatuta... Gurpilak ere ez zeuden finegi, zaharrak... Orga askatu gabe egin behar nuen buelta harriak zeudenetan, makurtu, harriak kendu. Sustraiak ziren txarragoak, ezin kendu, harri batzuk ere ez. Zuloak ere asko dira bide haietan, berrogei metro atzera egin behar nuen batzuetan, lokatza, putzuak.

        Eta hori zen bidea, Jauna. Orgarik gabe doanarentzat normala, ez die erreparatuko, beharbada, harriei, sustraiei, zuloei, putzuei bai agian, lokatzari, baina erraz pasatzen dira orgarik gabe, armairurik gabe, hainbeste kilo. Sinisten hasi nintzen zerbait zeukala armairuak barruan.

        Hirugarren gazta zatia hartu eta berehala hasi nintzen berriro larritzen: laster etzan beharko nuen lotarako, beste gau bat, haize harekin, hotza, zurrun muskulu guztiak berriro, hainbat orduz goizean gogo txarrez, benetan gaixotuta beharbada bigarren gauarekin. Horri guztiari begira nengoen ilundu aurretik ere, Berorrek sinistuko dit, baina hamarrak arte ez nintzen eseri, ondo ilunduta, zulo hartan. Zortea ere izan zela pentsatu dut, Probidentzia beharbada, Berorrek jakingo du horretaz nik baino gehiago, baina kontua da haizerik ez zela sartzen zulora, izpirik ere ez.

        Ondo egin nuen lo, ez nuen pentsatuko, hezea izan arren zuloa, eguzkiak ere gutxi joko zuen han. Hostoak jarri nituen, lehorrak gehienak, ihartuak. Hamaikak arte egon nintzen hostoak batzen, heze zeuden asko. Mantak ere uste baino bero handiagoa eman zidan. Bost ordu eta erdi egin nuen lo guztiarekin ere, baina ondo esnatu nintzen. Gorputzaldi arraroa goizean, ez bezperakoa bezain luzea.

        Eguraldi hobea ekarri zuen goizean, Berorrek ere gogoratuko du, haizea ere gutxiago. Egun horretan ikasi nuen harri txikietan behintzat trangatuta ez gelditzen. Orgaren besoei kolpea jotzen nien beherantz, kolpe sikua, eta harrien gainetik egiten zuten gurpilek, sustraien gainetik ere bai. Gero eta harri handiagoak pasatzen ikasi nuen, zulo batzuk, askozaz arinago joan nintekeen, guztiz minduta egon arren, giharrak, eskuak ere ilunago egunean-egunean. Gazta zati bi jan nituen goizean.

        Eguerdian heldu nintzen Ordonako pasabidera. Ez nuen handik joan behar Txakurrenera heltzeko, errazago egingo nuen Isuriatik, badakit, baina Ordonatik nahi nuen. Askotan ibili naiz handik, aitarekin batez ere... Berriro ikusi nahi nuen... Iruditu zitzaidan, gainera, harri gutxiago egongo zela.

        Urteak ziren hara joan nintzen azkenekotik, baina ez nuen usain hori gogoratzen. Ordonara heldu eta berehala usaindu nuen, eguzkiak gogorren jotzen zuenean. Usain leuna hasieran, gero eta sarkorragoa gero, desatsegina, Txakurrenera heldu arte usaindu nuena, haizea zebilen arren, ez bezperan bezain gogor.

        Gazta zatia ere desgogara jan nuen usain harekin, ez zidan kalterik egin. Ura ere asko edan nahi izan nuen, baina iruditu zitzaidan usain haren zaporea hartzen zuela, eta azken tragoa ahotik bota behar izan nuen bazter batera. Belartza batean eseri, arnasa apurka-apurka hartzen hasi eta usainera ohitzeko ahalegina egin nuen. Kalkulatu nuen, ordura arte bezala ibilita, iluntzerako helduko nintzela Txakurrenera, gauerako beharbada. Uste baino hobeto ibili nintzen ordura arte beraz, astia neukan. Begiak itxi nituen belar gainean, eguzkitan, epeletan. Ordu erdi egin nuen lo, ez askoz gehiago, ordubete beharbada, sinistu, Jauna, ez gehiago.

        Esnatu nintzenean, askozaz okerragoa zen usaina. Iruditzen zitzaidan ahotik sartzen zitzaidala eta hatsean inkatu, usain hori zuela nire hatsak. Listua ere, lo ondokoa, normalean baino lodiagoa, zapore horrekin sentitu nuen. Hiru-lau aldiz egin nuen tu belarretan.

        Inoizko arinen ipini nuen armairua orga gainean; kontua zen pasabidetik berehala irtetea... Uste nuen, benetan sinistu nuen orduan, usainak behar bezala pentsatzen uzten zidanean, Ordonakoa bertakoa zela usain hori, berezkoa, paduretakoa, urrun zeuden arren, errekakoa beharbada. Pentsatu nuen pasabidetik irten eta gero ez nuela berriro usainduko, ez zela egongo, baina Arrizera heldu nintzenean ere, Ordonatik urrun, askozaz altuago, han zegoen usaina, leunago beharbada, baina usain bera, edo oso antzekoa. Haizea ere bizitu zen Arrizen.

        Iluntzen ari zuen, laster nintzen Txakurrenen, Txakurrenera igotzeko aldapan behintzat. Gutxi ikusten zen, lainotuta. Imajinatzen dut ez zuela euririk bota haizea zebilelako, Berorrek ere badaki nola izaten den hori. Gurpilak ia ez ziren harriekin trabatuta gelditzen, belarretatik joatea erabaki nuelako, bide ondotik baina belarretatik: harri gutxiago zegoela konturatu nintzen. Nahiko arin egin nuen, gauerdirako edo goizeko ordu baterako helduko nintzela kalkulatu nuen.

        Eta hala izan zen, Jauna, gauerdia baino apur bat lehenago heldu nintzen Txakurrenerako aldapara, beheko partera. Baina igotzen hasi baino hogei metro lehenago zerbaiten kontra jo zuen orgak, gurpilek. Kolpea eman nien orgako besoei, sikua, betiko modukoa, baina harri handia behar zuen, sustraia. Ez zuten gurpilek pasatzen, ez nuen ezer ikusten.

        Armairua jaitsi nuen, lurrean etzan, ez nuen sorpresarik nahi, hain gutxi falta zenean. Orgaren aurreko partera joan nintzen, makurtu. Gizon bat zen, Jauna, etzanda. Haren buruaren kontra jo zuen orgak, horregatik ez zuen pasatzen. Lotan zegoela pentsatu nuen, Jauna, ulertuko du Berorrek, jarrera ere lo egitekoa zuen, apur bat ahuspez, apur bat alboz. Baina arraroa, Jauna, kolpe bi jo zizkion orgak, buruan biak, eta ez zen esnatu.

        Neuk hil nuela pentsatu nuen momentu batean ere. Sorbalda mugitu nion, gero eta indar handiagoz, harik eta ahoz gora jarri nuen arte. Oso ondo ikusten zitzaion aurpegia, zuri-zuria, odola paparretik behera. Zulo bat, eztarrian hasi eta bularreraino zabaldua... Ez nion gehiegi begiratu.

        Pentsatu nuen momentu horretan ezin nuela haren alde ezer egin, biharamunean itzuliko nintzela, orgarik gabe, orga Txakurrenen utzi eta gero, abadearekin, medikuarekin. Armairua zamatu nuen berriro beraz, aurrera jarraitu, baina berehala trabatu ziren gurpilak berriz, bost metrora, sei metrora. Beste gizon bi lurrean, beste gorpu bi, emakumezko bat metro eta erdi aurrerago, biluzik, odolez. Haizea boladaka, hiru gorpuak ikusi nituenean oso bizi.

        Hiru hildakoak kontu handiz inguratu eta aurrera egin nuen, nola ez nuen egingo, zer egin behar nuen... Baina aldapa igotzen hasi nintzenerako, ikusi nuen ez zirela lehenengo hiru haiek bakarrik, hilotzak bata bestearen atzean zeudela, emakumezkoak, gizonezkoak, agureak, umeak ere ikusi nituen, ez asko. Usaina Ordonakoa baino gogorragoa... Zapia haginen artean erabili nuen, baina ez dakit ezertarako balio izan zidan.

        Ezin nituen gorpu guztiak saihestu, ulertuko du Berorrek, aldaparen lehenengo hamar metroen ondoren dena zelako hildakoa, bata bestearen gainean, belarra ere ez zen ikusten. Esango nuke leku batzuetan bi-hiru gorpu ilara zegoela goikoaren azpitik.

        Orga behartu nuen orduan, gizonezko baten gorpu gainera igo nuen, indarrez. Hildako batetik bestera pasatzen hasi nintzen gurpilak gero, ez zegoen beste modurik, Jauna. Oso trakets hasieran, asko kostata, gora eta behera, hildakoen gorpuzkeren arabera, umeak zirenean oso behera adibidez.

        Neuk ere zapaldu behar izan nituen gorpuak, noski, ulertuko du Berorrek, ez zegoen beste modurik, ezin nuen pentsatu. Eta orgaren azpian zaratak entzuten hasi ziren, kraskak, hezurrak apurtzen ariko balira bezala, kartilagoak. Kexuren bat ere entzun uste izan nuen, pertsonaren batek eginikoa esan nahi dut, ahoarekin esan nahi dut. Ez nintzen gelditu, ezin nuen, hori ere ulertuko du Berorrek, armairuari begira nengoen ni, orgari begira, usain harekin asko pentsatzeko modurik ere ez.

        Baina momentu batean ezin izan nuen gehiago, Jauna, Berorrek ulertzen ez badu, ez du inork ulertuko. Errepidetik hurbil nengoen, hori iruditu zitzaidan, eta pentsatu nuen nahikoa egin nuela. Han utzi nuen armairua, gorpu batzuen gainean. Korrika hasi nintzen gero, hiru-lau aldiz jausi nintzen hildakoen gainera, odolez zikindu. Agure baten aurpegiaren kontra ere jo nuen ahoaz. Hezur gogorrak zituela iruditu zitzaidan, zauria egin nuen ezpainetan.

        Lurra berriro zapaldu nuenean, belarra, bazter batean makurtu nintzen botaka egiteko. Ez nuen ezer bota. Kilometroak egin nituen gero, etxe batean hartu ninduten.

        Berorrek esaten du han dagoela armairua oraindik, ez duela kamioiak hartu. Haiek esaten zuten errepidetik oso urrun utzi nuela, baina ezin da izan, Jauna. Errepidetik hurbil nengoen, hurbil egon behar nuen, sinistu Berorrek behintzat. Agindu zidatena, hori egin nuen. Ezin naute horregatik zigortu, ezta, Jauna? Azalduko die Berorrek, ezta?

 

 

 

© cc-by-sa Unai Elorriaga

 


www.susa-literatura.eus