Aurkibidea
HITZAURREA: Turismoa Txillardegi turistarekin. Koldo Izagirre / Juan Luis Zabala
Ikustaldi bat Bruselako Unibertsitatean
Norvegiako supermarket batzuk gainbehera
Usterik gabeko elkarrizketa bat
“Politikariaren” egunkari ezkutua (erdaratik euskaratua, noski)
Siux herriko buruzagiarekin mintzo
ADDENDA: Txillardegi Leturiaren sorlekuan. Juan Luis Zabala
Aurkibidea
HITZAURREA: Turismoa Txillardegi turistarekin. Koldo Izagirre / Juan Luis Zabala
Ikustaldi bat Bruselako Unibertsitatean
Norvegiako supermarket batzuk gainbehera
Usterik gabeko elkarrizketa bat
“Politikariaren” egunkari ezkutua (erdaratik euskaratua, noski)
Siux herriko buruzagiarekin mintzo
ADDENDA: Txillardegi Leturiaren sorlekuan. Juan Luis Zabala
Cymrutik zenbait oroitzapen
(Argia, 1985-10-14)
Ontzitik irten, eta Kernewek zeltikoaren mugako Plymouthen lurreratzeak badu xarma berezia. Uraren hegiraino bereraino heltzen diren ostatu horiek, golkoa zaintzen duten gaztelu zaharrek, denak prestatzen bide du bisitaria itsastar portu famatu bat ikusteko.
Hots, kaitik irten eta berehala, kale nagusiko ostatu nagusiaren etxaurrean, bi pintura edo mosaiko eskerga agertzen dira, hamar bat metro gora bai bakoitza, eta kolore betean. The Invincible Army before the battle, espainolak harro-harro, Britainia Nagusiari sekulako jipoia ematekotan itsasoratzen ari. Eta, aldamenean, tamaina berean, beste irudi bat: The Invincible Army after the battle. Espainol berak, jota, apurtuta, ingelesek sekulako jipoia eman ondoren. Ez dut uste Arana Goirik ostatu hori ezagutu zuenik. Zer pentsatuko ote zuen badakit. Gaur abertzaleek zer sentitzen ote duten ez dakit. Nik zer sentitu nuen, badakit. Baina ez ditut txitxareak nahasiko.
Zelai ederrak, muino apalak, ahate zuriak eta bele beltzak ugari, etxetxo apain zoragarriak nonahi; bai Ingalaterran, eta bai gero Cymrun. Badugu zer ikasirik.
Eta Cymrun sartu ordukoxe, pankartetan elebitasuna ageri: muga ondoan bertan, gainean, berdez: Trallwng; beherean, beltzez, Welshpool. Aurrerago: gainean Drenewydd, beherean Newtown. Eta berdin Aberystwytheraino. Eta berdin, jakina, Aberystwythen bertan, Dyfed osoan bezala. Seinaleztapenaren mailan bederen, elebitasuna dago Cymrun. Xehetasun axal bat, jakina. Baina hemen hori ere ez dugu lortu. Bai, ala? Zenbait eskualdetan bai, dudarik ez; baina han orokorra bide da joera. Eta Caerdydd-Cardiffen bertan ere, herri elebidun batean egotea agertzen da.
Aberystwythen elkartzekoak ginen hizkuntza txikien izenean joandako ordezkari batzuk: Islandia, Frisia (Ekialdekoak eta Mendebaldekoak), erromantxeak, Katalunia, Cymru bera, Alba-Eskozia, Irlanda eta Euskal Herria. Han ginen gu, Elixabete Garmendia, Gotzon Egia eta artikulu honen egilea, gure hizkuntza baino askoz sendoago ez duten herri txikietako jendea gurutzatzeko prest.
Hots, ni Aberystwhythera iritsi nintzen egunean bertan, Manchesterko The Guardian erosi, eta hantxe topatu nuen lehenengo sorpresa: kemrieraren aldeko manifestazio handi bat izana zen uztailaren 27an Caernarfonen.
Zergatik ote? Eta berehala jakin dut: racial discrimination. Gwyneddeko Kontseiluak (Gwynedd gure Baxenabarre izan daiteke, gure Gipuzkoa baino zehazkiago) ukatu berri die Konderriko postua bi emakumeri, galesez, kemrieraz esan dezagun guk, ez dakitelako.
Super-britainzaleek berehala eman dute erantzuna: arrazakeria, diskriminazioa, racial discrimination. Eta Gwyneddeko indar abertzaleen erantzuna ere ez da luzatu: ama-hizkuntzatzat kemriera duten gwyneddtarren bi herenei irain bat, an insult to the Welsh speaking community.
Aspaldi honetan ikusten ez zena: elkarrekin agertu dira denak manifestazioan. Playd Cymru-ko bi parlamentariak buru, Dafydd Elis-Thomas eta Dafydd Wigley, Cymdeithas yr Iaith mugimendukoak (hango Euskal Herrian Euskarazen kidea): Adfer taldekoak, agian Baionako Amaia talde ohiaren kidea. Denak elkarturik.
Eta sinadura bilketa hasi da: Gwyneddeko bulego ofizialekin ingelesez ez erabiltzea agintzen da dokumentuan. Berehalaxe, egun batzuetan barrena, 6.000 sinadura lortu dira.
Hango abertzale jendea pozik dago oso.
Kemrierazko Telebista aurrera doa: 23 ordu astean; gainerakoak, dena dela, Londrestik eta ingelesez ematen direlarik. Datorren azaroan egingo omen dute balantzea; orduantxe beteko baita S4C kanal bereziaren hirugarren urtemuga.
Egunkaririk ez. Honetan ere, gure mailan daude.
Aldizkariak badaude, kemriera hutsez. Zabalkunde handikoak dira batzuk: Y Tincer-ek 70.000 ale saltzen ditu; baina hilabetekaria da. Y Cymro-k, berriz, 8.000 ale egiten ditu, eta astekaria da. Y Fanner klasikoak, 3.000 ale zabaltzen ditu astero; eta Barddas poesiazkoak, 1.000 ale hilean. Cymdeithas mugimenduaren aldizkaria, Tafod y Ddraig, hilabetekaria da (hemengo Katramila behin baizik ez da agertu).
Liburuak, erruz eta oso itxura onekoak. Gure mailan, dena dela, alde askotatik. Bai kopuruaren aldetik: 360 liburu 1984an; bai tiradaren aldetik: 1.000/1.500 ale, normalean; eta bai haurrentzako inflazioan: 148 liburu haurrentzat, gehi 15 “ipuin labur”. Erdia, beraz, ia-ia.
Hizkuntza mintzatuaren egoera, berriz, kaskarra: % 19,6k “dakite” hizkuntza 1981eko datu ofizialaren arabera. Do you speak Welsh? izan zen galdera. Nola hartu du jendeak? Zer ulertu du? Cymrutik kanpora galestar asko bizi den ezkero (jendetzaren % 12, esaten dutenez), eta beste xehetasun batzuk kontuan hartuz, % 29 izan bide daiteke kemrieraz dakitenen kopurua. Zenbat erabiltzen den? Betiko arazoa. Eta erantzuna ezaguna da: oso gutxi.
Cymrun bizi diren ingelesdun elebakar askok, bestalde, ez du bere burua galestartzat hartzen: % 42. Eta abertzaleek, gaur arte, inoiz ez dute % 12 baino gehiago lortu. Honetan gu baino okerrago, itxuraz bederen.
Hots, berebiziko soziologi-aldakuntza sakona ezagutzen du gaur Cymruk (“Cymru”, kemri ahoskatzen dute han gutxi gorabehera). Basa-kapitalismoaren garai ikaragarriari (nik Cymrun eta Valonian sentitu dut nabarmenenik kapitalismoaren zapalketa gupidagabea xix. mendean zer izan zen), orain jende hustuketa jarraitu zaio. 1979-1983 urteetan batez ere (eta iazko greba izugarria denon gogoetan dagoelarik) suntsitu egin da Cymruko meatze-eskualdea. Kilometrotan barrena luzatzen diren etxetxo-soka azken gabe horietan, jenderik ez orain. Meatzeak hetsi ahala, etxetxo-ilara haiek husten ari. Lanik ezak jende heldua ukitu du Hego Cymrun; eta atzekoz aurrerako emigrazioa hasi da: Cymrutik Ingalaterrara orain.
Industria sortzen ari den lekuetan ere, bestelakoa da erabat: industria arina, teknologia aurreratuan oratua, eta emakumeak enplegatzen ditu gehienik. Lehen, beraz, gizasemeak joaten ziren meatzera, eta emakumeak etxean gelditzen. Orain alderantziz: emakumeak lantegira, eta gizasemeak etxean. Honek ere, beraz, beste problematika bat dakar soziologiaren mailan; eta aski tradizionalista zen Plaid Cymru partiduak krisi aparta ezagutzea ez da batere harritzekoa. Eta gauza bera gertatuko zaie laboristei, Hego Cymrun demografia bera aldatzen ari delako.
Krisi larria Cymrun, hitz batez.
Aberystwytheko hondartza harritsu eta ilunaren ondoren, eta ekaitzak motz utzi duen Pier jostalaritik, sakonean dabilen olatu gaitza nekez suma badaiteke ere.