Ezagutzaren matazak
Ezagutzaren matazak
2018, saiakera
96 orrialde
978-84-17051-15-0
Emagin
 
2022, saiakera
Ezagutzaren matazak
2018, saiakera
96 orrialde
978-84-17051-15-0
aurkibidea
 

 

1.
Matazaren
hari-muturrak

 

 

      Mahaiaren bueltan eseri gara, heldu ahala, elkar agurtu ahala, presarik gabe. Barreak, nekeak, zauriak, goraintziak… Geure burua xaxatu dugu: Ekin beharko, ezta? Nagiak astindu, eta elkarrekin pentsatzeari ekin diogu. Ezagutzaren matazak harrotzeko elkartu gara. Badugu mataza bat norberarena, matazak txirikordatzea dugu asmo, matazaren koloreak ñabartzeko, korapiloak askatzeko edo hari-mutur zenbait urratzeko. Karpeta-sorta ere jarri dugu mahai erdian, UEUko ikurrak lagun. Karpeta ertzetatik, paperak eta letra bihurriak saldoka, ahots kolektiboak jauzi egiteko prest: FIC ikerketa-taldea, Joxemi Zumalabe Fundazioa, SIMReF Mintegia. Joste-lanari ekin diogu, mataza-hariei tiraka.

 

 

Sokatiran, jakintza ala ezagutza?

 

      Hari bat tenkatu zaigu lehenik: izendatze-ohiturak eta terminoen ñabardurak. Ezagutzaz gogoeta egingo dugula argi izanda, ezagutza zer eta nola definitu izan dugu kezka. Ezinegona ere sortu digu horrek, putzu handi batean sartzearen sentsazioa. Haria astindu du batek, galdera gako batetik tira eginda: Zer da ezagutza? Ikerketan aritzea eta metakognizioan aritzea, edo jardunaldi batzuk antolatzen jakitea, edo herriko jaietan txosna bat antolatzeko gaitasuna izatea, edo gorputzean emozioei bide egitea… Ezagutzak askotarikoak direla onarturik ere, ezagutza kolektiboki eraikitzeaz eta ezagutza kolektibizatzeaz jardungo dugula gogorarazi diogu elkarri. Berriro ere, susmo batek astindu gaitu: Baratzezain bat baratzean dela, ez al du ezagutza sortzen barazkiak hazteko trikimailuak asmatzean? Ez al da ezagutza kolektibizatzen, trikimailu horien berri auzokideari ematean? Bistan denez, egunero kolektibizatzen dira ezagutzak, egunero sortzen da ezagutza kolektiboa. Soka-muturrari tenk egin dio batek: Zer komunitaterekin konpartitzen da ezagutza hori? Agian ez komunitate zientifikoarekin, baina, bai gizarte-komunitate jakin batzuekin. Gogora ekarri ditugu autokontzientzia-taldeak, sekulako garrantzia (izan) dute ezagutza feminista eta kontzientzia feminista gorpuzteko. Ezagutza egunero kolektibizatzen dugu hainbat gunetan, hainbat truke txikitan. Soka-muturrak tenk egin, eta kolpean geldiarazi ditu gure gogoetak: Ezagutzaz jardutean, ez du jendeak hori ulertu ohi, jakintsu izateaz aritzean, ez ditu jendeak buruan halako ezagutzak. Gogoeta horrek oroitzapen bat astindu digu: beste kolektibo batzuekin (Ikasle Abertzaleak, Joxemi Zumalabe Fundazioa, Ikerbiltza eta IPES Bilbo) eginiko gogoeta eta jardunaldi zenbaitetan deigarria egin zitzaigun termino-dantza: gainerakoak jakintzaz aritzen ziren, eta feministok ezagutzaz aritzen ginen. Jakintza vs ezagutza txandatzeak zer pentsatua eman digu, eta terminoak zedarritzeko zailtasunaz jardun dugu. Lehen hurbilpen batean, jakin ekintzak egoera estatikoa iradokitzen digu, eta ezagutu ekintzak, aldiz, prozesua. Areago, jakiteak buru-ariketa iradokitzen digu, eta ezagutzeak, ordea, gorputz-esperientzietatik eratorritako jabekuntza-prozesua. Jakintsu hitzak ere egin du jauzi solasaldira: Nor datorkigu burura “jakintsu” esanda? Jenioaren itzala antzeman diogu. Itzal maskulinoa, zalantzarik gabe. Euskaltzaindiko Hiztegira jo dugu, argibide bila, hizkuntzaren erakundeek eta konbentzioek adosturiko esanahiaz jabetze aldera:

 

jakintza      1 iz. Helburu jakin bat eta metodo berekia duten ezaguera sailen multzoa; horrelako ezaguera sail bakoitza. Ik. zientzia.

jakintsu      1 adj./iz. Jakintza-gaiez edo gai jakin batez asko dakiena.

ezagutza      1 iz. Ezaguera, zerbaiti buruz ezagutzen dena. 2 iz. Ezaguera, arrazoitzeko gaitasuna. 3 iz. Ongilearenganako esker ona agertzea. 4 iz. Aitortzea, onartzea.

 

      Susmoak indartu zaizkigu. Jakintza eta zientzia uztartzen dira, eta jakintsu ere jakintza-gaiekin lotzen da. Antza denez, jakintza vs ezagutza termino-dantzak ikuspegi-tentsio bat ere irudikatzen du. Sokatiraren bi mutur, batzuetan tenkaturikoak, besteetan malguturikoak. Nola egin bi muturrak elkarren osagarri izateko?

 

 

Sokagintzaren mugak:
ezagutza-sorkuntza
eta ikerketa-jarduna

 

      Sokatirak gogoetagaia kokatzera eta mugatzera eraman gaitu, ezinbestean, ezagutzaren eremua zabal bezain antzemanezina baita ertz guztiei heltzeko. Ezagutza-jardun jakin baten korapiloak askatzeko ahalegina egingo dugu; ikerketa-jarduna eta ezagutza instituzionalizatua. Ez zaigu erraz gogoeta-eremua hertsiki mugatzea, mugak auzitan jartzea ere helburu dugulako: Ados, egitura administratiboek ezagutza sortzeko gunetzat onarturikoez arituko gara, ikerketa-egitura horiez; egitura administratiboek jakintza sortzen dute bere burua elikatzeko eta sustatu nahi duten ikuspegiari eusteko. Jardun horren ajeak eta aukerak aletuko ditugu. Bat etorri gara: jakintza bat instituzionalizatzen da haren jardun-eremua, baliagarritasuna eta soslaiak zedarritzen direnean, eta eskumen hori egitura administratiboek dute. Hari-mutur horri helduta ekin dio batek Genero Ikerketen adibidea jorratzeari: Espainiako Hezkuntza Ministerioak, esaterako, oraindik ez du aitortu jakintza-arlotzat Genero Ikerketa; ikertzaileek eta ikerketa-guneek plataforma bat sortu dute jakintza-arlotzat har dezaten, hala ez izateak ikerketa-jarduna oztopatzen edo zailtzen baitu (ikusgarritasuna, aitortza, baliabideak eta diru-laguntzak…). Bizkarra zurrundu du kide batek, deseroso, hitza hartu du: Akademiako eta instituzioetako jardunaz arituko gara, konforme; baina, baita herri-mugimenduez ere, ezta? Hala aritu gara orain arteko jardunaldi eta gogoeta kolektiboetan… herri-mugimenduek sorturiko ezagutzak eta praktikak ere kontuan hartu behar, ikusgarri egin behar… ezagutzaren balantzan beti akademiaren pisua garaile… hori orekatu behar… Sorbaldak lasaitu ditu, eta murmurika geure burua zirikatu dugu: Herri-jakintzak, horra hor beste gako bat. Herri-mugimenduek sorturiko ezagutzaren aukerez eta ajeez ere jardun nahi dugu, horiek ere auzitan jartzen dituztelako ezagutza instituzionalizatuaren muga hertsiak, eta ezagutza kolektiboki sortzeko gune direlako. Karpeta horia eskuan hartu du kide batek: Bor-Bor(K) herri jakintzen laborategia, Joxemi Zumalabe Fundazioa[8]. Paperak harrotu ondoren topatu du zerrenda: “Formazio politikoan eta ezagutza kolektiboan identifikatutako hutsuneak”. Gogora ekarri digu Bor-Bor(K) laborategiak 2014-2015. ikasturtean osaturiko hutsuneen zerrenda: “1) Ezagutzen eta borroken hierarkizazioa. 2) Gaitasun kritikoaren eta autokritikoaren gabezia. 3) Arrazoiaren eta diskurtsoaren nagusitasuna. 4) Mugimenduek daramaten abiadura ez hausnarkorra. 5) Norabide bakarreko metodologia. 6) Mugimenduen arteko artikulazio eza”. Ikerketa akademikoetan ere antzematen dira antzeko ajeak. Hirugarren ajeak nabar koloreko karpeta hartzera eraman gaitu: FIC ikerketa-taldeko kide baten ekarpena irakurri dugu: “ikerketa-jardunean ere arrazoibidea vs emozioa dikotomia irauli behar da”. Buruaren eta gorputzaren arteko banaketa zurruna gainditzeko deia, ezbairik gabe. Teorizatzearen eta gorpuztearen arteko tentsioa: Gorpuztearen kontu horrekin, beti adibide bera datorkit burura: noiz dakigu autoa gidatzen? Autoko azterketa teorikoa gainditzean, kodeak interpretatzen ikasten dugu: “stop” batek geldiarazteko agintzen digu; edo triangelu aldekideak, ertz gorridunak, arriskua adierazi nahi du; eta abar. Azterketa teorikoa gainditzeak ezer gutxirako balio du. Ez dakigu gidatzen mugimenduak automatizatu arte, gogoetarik gabe mugimenduak eta jarrerak geure egin arte. Adibide ona iruditu zaigu arrazoibideaz jarduteko, diskurtso teorikoekin eta kode teorikoekin horixe bera gerta daitekeelako: Konforme, baina gorpuztea automatizatzea baino askoz gehiago da, inprobisatzen jakitea da, bi koderen artean erabakitzen ikastea… kodeak bikain barnera ditzakegu, eta gai izan gaitezke nor zapaltzen dugun interpretatzeko, gai izan gaitezke adarra nork jotzen digun interpretatzeko... Interpretazio-ariketa horretaz jabetzea garrantzitsua da, baina, gorpuzterik ez badago, gogoeta hutsean geratzen bada, ezagutzaren eraginkortasuna eskasa da, eraldaketarako gaitasuna eskasa da. Arrazoibidearen eta pentsamendu teorikoaren gailentzeak, kritikotasuna batik bat jardun teorikoan garatzea ekarri du, jardun praktikoan baino gehiago: Eraldaketak azkarrago doaz teorian praktikan baino. Joxemi Zumalabe Fundazioaren paper-sorta hartu, eta Bor-Bor(K) egitasmoaren inguruko gogoeta zenbait irakurri ditu kide batek: “esperientziaren balantzea egiterakoan, besteak beste, bi iritzi hauek bildu ditugu: batzuen ustez, gaiak lantzeko era oso abstraktua izan da, eta lur hartzea kosta egiten da; beste batzuen ustez, hainbat kontzeptu teoriko behin eta berriro aipatu dira, horiek zer zentzutan erabiltzen diren argi adierazi gabe (adibidez, zapalkuntzak, intersekzionalitatea...)”. Azpimarra bikoitza dute gogoetek, gure susmoak indartzera datozelako: pentsamendu teorikoaren aldeko joera da nagusi. Espai en Blanceko[9] kideen zale amorratu batek, kolektibo horren hitzak egin ditu bere: Gaur egun zerbait aztertzeko disekzio-lan handia egiten dugu, xehe-xehe aztertzen dugu egoera; baina, ezagutza kritikoak beste zerbait izan behar du, ez datu-metaketa, ez teoria-metaketa. Ondoren, kolektiboaren ohar gehiago irakurri dizkigu. Lehen oharra: “pentsamendu kritikoak beharrezkoa du ongi bereiztea eraldaketarako baliagarria zer den, eta zer ez”. Bigarren oharra: “nola ekin behar dugun jakiteko balio behar du”. Hirugarren oharra: “interesgarria dena bereizteko irizpideak garatzeko jarduna da kritika, garrantzitsua eta hutsala bereizteko jarduna, ona eta txarra bereizteko jarduna, eta bereizketa horien arabera jokatzea; jardun praktikoa da, dakiguna auzitan jartzera eramaten gaitu, eta ez dakigun horretan barneratzera gonbidatu”. Interes giroa nagusitu da, eta ekarpenekin segitzeko eskatu diogu lagunari: Ikuspegi horren arabera, kritikotasuna, beraz, ez du ezagutza-metak hauspotzen, baizik eta ezagutza zertarako eta nola erabili galderei tira egiteak. Gaur egun ezagutzak eskuragarriago daude (teknologiekin eta beste), baina, ezagutza horiek gero eta gutxiago erabiltzen dira bizitza duinagoak izan ditzagun. Espai en Blanceko kide baten baieztapena gogora ekarri du beste kide batek: gero eta gehiago dakigu, baina gero eta ahalmen gutxiago ditugu. Zale amorratuari beste ideia bat ekarri dio gogora baieztapen horrek: Ezagutza eta emantzipazioaren arteko harremanetan sakondu behar dela diote, eta gaur egun, batez ere ezagutzaren eta boterearen arteko harremana dugu hizpide. Diotenez, gaur egun, sinetsarazi nahi digute gure bizi-esperientzien bitartez ez dugula ezagutza sortzerik, eta ez dugula elkarrekin sortzerik. Botereaz gutxiago hitz egin, eta emantzipazioaz gehiago aritzera gonbidatzen gaituzte. Korapilo bat josi dio sokari beste batek: Giltzarria da hori. Emantzipazioa pertsonala denean ez da erraza, baina, norberaren esku dago neurri batean. Baina, kolektibo izateko, eragitea funtsezkoa da. Baina, nola eragin gaur egun? Batzuetan gorreriak mugatzen du eragiteko gaitasuna. Herri-mugimenduko kideek, akademiako kideek, komunikazio esparruko kideek… guztiek hitz egiten dute, guztiek dute ezagutza, baina, guztiei ez zaie modu berean entzuten; entzule gisa badugu ardura! Isiltasun ozena. Elkarri begiratu diogu, konplizitatez, arduraz. Ezagutza-trukea etengabea da egun, baina, ez zaie truke guztiei arreta bera eskaintzen, bozgorailuek zenbait ahots ozendu egiten dituzte, beste batzuk apaldu. Gure ahotsa apaldurik sumatu dugu batzuetan: zapalkuntza hirukoitzaren adibidea etorri zaigu burura: Han eta hemen aipatzen da zapalkuntza hirukoitza delakoa, are maizago Angela Davisen bisitaren ondoren; baina, inor gutxik aipatzen ditu hamarkadatan zehar zapalkuntza hirukoitzaz jardun duten talde feministak, ez talde horien ekarpenak… Transmisio-etenak ohikoegiak dira egun esparru guztietan; baina, deigarria eta kezkagarria ere bada feministon artean halako etenak areagotzea. Zalaparta sortu da, bozgorailuek isilarazteko eta ozentzeko duten indarra ikusita: Izugarria da bozgorailuek duten eragina… eta non jartzen duten fokua… Euskal Herriko beste hainbat arlotan bezala, bozgorailuek ozendu egin dituzte kanpoko feministen ekarpenak (gehientsuenak esparru akademikoan ere aitortza izan dutenak), eta apaldu egin dituzte bertako mugimendu feministetako ahots kolektiboak. Askotan, ez halako esparruetan bakarrik, beste askotan ere, gehiago kostatzen zaigu gure ondoko kideak errekonozitzea, eta urrunago daudenak, aldiz, errazago errekonozitzen ditugu. Zalaparta arindu eta aurrera begira jarri gara. Badugu hor zer hausnarturik, zer eraldaturik.

      Gorreriak ere gu jo gaitu sarri, ez gara entzule onak izan, esan digu solaskide batek. Besteak beste, entzungor egin diogu arrazakeriari. Isilunea eta lotsa. Itsu eta gor aritzeak ezgai egin gaitu, baldar aritzera eraman: Bartzelonan egon ginenean, Las Oscuras topaguneko kideekin bildu ginen, oso deseroso egon ginen… zuzenean interpelatu gintuzten, eta gu oso deseroso… totelka… ez genekien zer esan… deserosotasun oso fisikoa izan zen… zuritasuna gorpuztu genuen, tripetatik, eta ezinegon handi hark gogorarazi zigun zer tamainatakoa den gure gorreria… Herrentasun kolektibo horri beste ertz batetik heldu dio batek: Autodefentsa feminista lantzen dugunean, biolentzia eta zapalkuntza zenbait gorpuzteko ariketa egiten ditugu tailerretan, baina, sekula ez dugu ariketa horietan arrazaren biolentzia gorpuzteko saiorik egin… geure zuri-pribilegioak auzitan jartzeko, geuk sorturiko biolentziak gorpuztu ahal izateko, eta deseraiki ahal izateko… Isiltasun hormatua, eztarriko korapiloak tenk.

      Behar adina entzuteak badu politikotik, hitza behar adina hartzeak bezainbat. Entzun beharrak beste koska bat sortu digu, sinesgarritasunaren koska: Batzuetan entzun bai, entzun egiten zaio baten bati, baina, sinetsi ez; emakumeen ahotsa entzuten den kasuetan, zalantzan jartzeko ohitura zabalduegi dago, sinesgarritasuna ezbaian jartzen da maizegi. Ezbai eta epai etengabe horri erantzun nahi izan dio Sinesten dizut mugimenduak, koska arintze aldera. Entzutearen eta aditzearen artean ñabardura txikiren bat sumatu dugu: ahotsa izateko ez da aski entzuna izatea, aditu behar zaituzte, arretaz, adi, erne. A-di-tu hitza ahoskatu dugu, barre txikiari ezin eutsirik, betiko lelora itzultzearen sentsazioarekin: Batik bat adituak aditu ohi ditugu! Aditua izateko aditua izan behar… Hitz-jolasak azken aldiko auzia ekarri du mahaira: adituaren kultura. Gailentzen ari omen da adituen kultura feminismoan ere, eta sinesgarritasuna zein erreferentzialtasuna aditutasun-mailak erabaki ohi du: Adituak jenioaren itxura hartzen du kasik, ezta? Zentzu mitologikoan, jenioa sakratu bihurtu ohi zen, eta hartara, gurtu ere egiten zen. Sakralizatze horrek kritikarako edozein bide indargabetzen zuen, babes-egitura sendo bat sortzeraino (eta bide batez, jenioaren esanak ezbairik gabe onartzeraino). Halako joera bat ere sumatzen da, ezta? Ahoaren keinuek adostasuna itxuratu dute, eta beste batek heldu dio gaiari: Hala da, eta gaur egun, gurtze horren arrastoak daude adituekiko sorturiko miresmen-harremanetan, nik uste. Ahots irmo bat entzun da: miresmen-harremanek, gainera, botere-harremanak sortzen dituzte. Marmarka hasi gara, eta leloak gurutzatu ditugu: Izenen zera hori, jenioen zera hori… izarren kultura… Marmarra baretzean, hitza hartu du batek: Komunikazio-esparruaren itzala argia da… izenak indartzen dira komunikazio-esparruan, ez du hainbeste axola zer esaten duzun, nork esaten duen baizik… eta nork duen publikoki errekonozimendua. Markaren logika. Komunikazio-estrategia guztietan marka lehenesten da. Sorbaldak beheratu ditugu, onarturik logika hori ezagun zaigula. Lepoa luzatu, eta haritik tiraka segitu du batek: Markaren itzalak ere eragina izan du militatzeko moduetan; badu islarik herri-mugimenduetan aritzeko moduetan. Baten batek ez badu ikusten bere marka oso-oso argi islaturik, bere arrastoa utz dezakeela sentitzen ez badu, nabarmen daitekeela uste ez badu, zailagoa egiten zaio jendeari talde batean murgiltzea… Lepoa beheratu du, eta paper zurietan zirriborroak egiten hasi da. Ondoko lagunak, kideari eskuan laztan txiki bat egin ondoren, aurrera egin du: Kasu askotan, politika eta kultura mediatikoak sustaturiko harremanak dira, baina, miresmen-harreman horiek gero eta hedatuago daude bestelako egitura kolektiboago edo sozialetan. Usain hori hartzen diot nik jarrera batzuei. Tentuz, eta ahots zalantzatiz mintzatu da kide bat, hitzak kateatzeko denbora hartuz: Gurtze hori kontsumo-modu bat da, ez da egoten mamiz edo edukiz beterik; eta kidetasunerako oztopo izateaz gain, borroka kolektibo iraunkor baterako ere ez dira bide eraginkor, gurtze horiek bat-batean pitza daitezkeelako, eta ondorioz, sinesgarritasunaren zein erreferentzialtasunaren joko-zelaitik kanpo geratu.

      Pitzadurak, pitzadurak… Ahots apal batek, gai hori ekarri du hizpidera: Hainbat ahots ezagunekin hala gertatu da. Saiakerak argitaratu ondoren edo medioren batean ezaguna egin ondoren, erreferentzial bihurtu, eta mugimendu feministak bozgorailua jarri zien, jarri genien… ondoren, iritzi gatazkatsu bat eman, edo gureaz besteko ikuspegia jorratu, edo ekintza itsusiren bat egin, eta bat-batean feministok bozgorailuak kendu zizkieten, kendu genizkien… Erreferentzialtasuna pitzaturik, guk puztu, guk hustu. Bat etorri gara: puzteko logika horiek zalantzan jarri behar ditugu. Soka horretatik tiraka segitu du batek: Gainera, dakien horri ematen zaio estatusa gero eta gehiago, eta ez zaio erreparatzen ekiteko duen moduari, gauzatzeko duen moduari. Marmarrak eta zalaparta, aztoraturik, geu ere joera horri eutsi izan diogulako. Erreferentzialtasunerako neurriak eta logikak birpentsatu behar ditugu, zalantzarik ez. Beste korapilo batera eraman gaitu horrek, aditu vs aritu dikotomia auzitan jartzeko premiara. Azkura sortu digu, azken urteotan dikotomia horri eutsi diogulako guk geuk. Besteak beste, Gabiltza. Emakume adituen biltoki digitala sustatu genuen, eta bitasun horretatik gorpuztu ditugu jardunaldiak edo iritziak. Azkura baretu nahian, feminismo komunitarioaren aldarri bat geure egin dugu: funtsezkoa da guztiok geure burua subjektu epistemikotzat aitortzea: aditu vs aritu arteko aldea lausotzea dakar horrek, baita kokapen hibridoak aitortzea ere: Guztiz bat, eta areago, pentsamendu homogeneoa hautsi behar dugu: joera dikotomikoetan pentsatzen segitzen dugulako… kostatzen zaigu mugetan aritzea, mugetan murgiltzea…

 

 

Ezagutza-metak
eta genero-korapiloak

 

      Matazako beste hari-multzo bati eutsi diogu, balioztatze-sistemari. Mataza astindu du kide batek: Komunitate bakoitzak ezagutzak balioztatzeko modu jakin batzuk ditu; hortaz, ezagutza sortzen den edozein eremutan, komunikazio-sare bat garatzen da, balioztatze-sistema bat ere eratzen duena. UEUko zorro baten bila hasi gara, bertan gorde baikenuen “Prozedura feministak: ezagutza, herrigintza, ikerketa” ikastaroan aurkezturiko eskema. Karpetak desordenatu ahala, hortxe agertu zaigu geurea, zimurturik, eskuz esku ibili izanaren seinale. Kide batek erabakitasunez hartu du, eta berehalakoan topatu du ezagutzaren sorkuntza eta transmisioa irudikatzeko eskema, eta mahai-gainean zabaldu (ikus 1. irudia).

 

1. irudia. Ezagutzaren sorkuntza eta transmisioa

Iturria: Emagin.

 

      Eskemari patxadaz eta arretatsu erreparatu ondoren, irakurtzeari ekin dio: “komunikazio-eskemaren hainbat alderditan eragiten dute genero-diskurtsoek eta auzi feministek. Jakintza-arlo guztietan, genero-diskurtsoak eta genero-praktikak sortzen dira”. Bekaina zimurturik, alorrekiko ezinegona adierazi du kide batek: Zientzia egituratzean, ezagutzak partzializatu egiten dira: matematikaria, fisikaria, antropologoa… eta espezializazio-prozesuan partzela hertsi eta zurrunak sortzen dira, are eta partzializatuago: antropologia, eta antropologiaren barruan antropologia ekonomikoa, antropologia politikoa, ahaidetasunaren antropologia… banaketa faltsu bat sortzen da. Burua astindu dugu, baietz eta baietz, arrazoi. Alorrak oso zurrun egituratu ohi dira, jardun-eremu bat zedarritu ohi dute, eta konbentzio-multzo bat sortu: balioztatze-sistema propioak garatzen dituzte, eta baita harreman-ohitura propioak ere. Haserre puntu batez, alorka sorturiko genero-korapiloak hauspotu ditugu. Adibide sinple eta ezaguna harrotu zaigu: Espezializazio-prozesu horretan, gainera, zientzia gogorrak (Fisika, Matematika, Kimika…), eta zientzia bigunak (Gizarte Zientziak, Humanitatea…) bereizi izan dira. Nolabait, bereizketa horrek bildu egin nahi izan ditu genero-rol tradizionalek transmitituriko imajinario nagusiak: gizon izendaturikoak (arrazoia, adimena, natura, autonomia, objektibotasuna) vs emakume izendaturikoak (emozioa, gorputza, kultura, zaintza/saregintza, subjektibotasuna). Ikertzaile-jardunean eta ikerketa-komunitateetan imajinario horiek oraindik zama handia dute, eta gainera, askotan hedabideek edo transmisio-lana egiten dutenek imajinario hori transmititzen eta iraunarazten dute.

      Egunkari bateko txatala jarri du batek mahai gainean, Plotina[10] ikerketa-taldea du hizpide, azpimarra irakurri du: “Mondragon Unibertsitateko Ingeniaritzako fakultatean egindako diagnostikoan ikusi dute bertako graduak mutilek aukeratzen dituztela nagusiki. Aldiz, Komunikaziora joaten bagara, eta bereziki Hezkuntzara, klase batzuetan, Haur Hezkuntzan adibidez, bi ikasle mutil daude bakarrik. Hortaz, unibertsitateko berdintasun planean jaso dute Ingeniaritzara emakume gehiago eta Hezkuntzara gizon gehiago erakartzen saiatzeko xedea”. Zurrumurruek bete dute gela, datu ezagunegiak zaizkigulako, urteak daramatzalako mugimendu feministak halako errealitateak salatzen. Eraldaketak, aldiz, motelegi. Irakurle talde bateko lekukotzaz oroitu da kide bat: Irakurle talde hartan, esparru profesionalen inguruan gogoeta egiten ari ginela, solaskide batek bere esperientziaren berri eman zigun: Pedagogia ikasi zuen, gizonezko bakarrenetariko bat izan zen taldean, baina, bere sorpresarako lana topatzen lehenengoetarikoa. Hark honela interpretatu zuen: esparru profesional eta akademiko horretan gutxiengo izanda ere, pribilegioei eutsi zien lana aurkitzerakoan. Adibideak barra-barra etorri zaizkigu, baina, ahots bat gailendu da: Gizonak esparru feminizatu batean arituz gero, saritu egiten dira; emakumeek, esparru maskulinizatu batean arituz gero, oztopo gehiagori egin behar diete aurre. Genero-korapiloak estuago eta estuago.

      Jakintza-alorren inguruko haria berrartu du batek: Diziplinartekotasunak lagun dezake jakintza-alorren arteko mugako espazioak sortzen eta genero-imajinarioak lausotzen, baita aipaturiko arrazoibidea vs emozioa dikotomia auzitan jartzen ere. Jakintza-alorren arteko zubiak ezinbestekoak dira, besteak beste, genero-ikuspegia zehar-lerro gisa gara dadin. Azken batean, Gizarte Zientzietako zein Humanitateetako ekarpenek ikusgarri egin dituzte zientzia guztietan jokoan dauden gorputzak zein subjektuak, eta gorputz-sareak, subjektu-sareak.

      Sokaren mutur batetik tira egin du batek: genero-ikuspegia zehar-lerro behar duela izan behin eta berriro aipatzen da, baina, Genero Ikerketak batez ere Gizarte Zientzietan eta Humanitateetan gorpuztu dira, modu iraunkor eta egituratuan. Beste jakintza-alor batzuetan ekarpenak egin dira, baina metodologiak eta ikerketa-praktikak auzitan jarri baino areago, emakume ikertzaileak eta emakume zientzialariak ikusgarri egiteko urratsak egin dira, askotxo gainera, eta urtero gero eta gehiago. Beharrezko urratsa, zalantzarik ez. Arrapaladan, ideia hau batek, irmo: Ikerketa-dokumentuetan sorturiko imajinario patriarkalak auzitan jarri dituzte diskurtso ez-sexistaren inguruko ekarpenek, ezta? Etsipen aurpegia jarri du beste batek: hizkera ez-sexistaren gidak han eta hemen argitaratu dira, ikerketa-dokumentuetan eredu horri segitzeko. Baina, horrek ez du esan nahi, ezta gutxiago ere, ikerketa feminista denik. Iruditzen zait hizkera ez-sexista erabil dezakezula, eta hala ere, ikerketa oso modu matxistan gorpuztu: ikuspegia, praktika, ikergaia… Bat etorri gara: azaleko aurpegi garbiketa ere izan daiteke hizkera ez-sexistarena, beste gogoeta sakonagorik ez dagoen kasuetan. Ikerketa-diskurtsoetan genero-imajinarioak txertatzeko era eta bide asko daudela azaleratzeko, adibide maiztu bat ekarri du kide batek: ernalketarena adibide argia da oso. Ernalketa-prozesua modu askotara konta dezakezu, eta kontatzeko moduak mundu-ikuskera bati erantzuten dio. Badoaz espermatozoideak lasterketa bizian, eta lehiakorrenak, indartsuenak lortzen du obulura heltzea. Edo, obuluak espermatozoideak erakartzen ditu, eta obuluak hautatu duen hori xurgatzen du… Edo, edo… Aurpegia argitu zaio kide bati: beste adibide bat ekarri dit gogora, Historiaurrekoa. Willendorfeko Venusaren kasua, emakume biluzi baten harrizko irudia. Venus horren irudia, gizonezkoek egindako artetzat interpretatu izan dute batzuek, edo edertasun-eredua irudikatzeko pieza, edo emankortasunaren ikur. Ikertzaile batek, aldiz, ikuspegi hori zalantzan jarri zuen, eta beste interpretazio bat egin zuen, harrizko obraren dimentsioei eta perspektibei kasu eginda: emakumeek egin zituzten, haurdun zeudela, gorputz-aldaketak ulertzeko, edo gorputz-aldaketak transmititzeko… Dena dela, adibide honek argi uzten du, ikertzailearen genero-ikuspegiak eta mundu-ikuskerak zeharo baldintzatzen dituela interpretazio-ariketa askotxo. Ahots baten ideiak oihartzun egin du: zer esanik ez queer teoriek sexuen dikotomia bera zalantzan jarri dutenetik. Adibideak adibide, oihartzun bat nagusitu da: ikerketa feministek erronka nagusi bat dute: jakintza-arlo ezberdinen arteko elkarrizketak areagotzea.

      Diziplinartekotasunaren korapiloa estutzen segitu du beste batek, mesfidantza keinu bat eginez: diziplinartekotasuna bolo-bolo dabil, baina, egiazko diziplinartekotasuna jakintza-arlo gutxitan gorpuzten da. Gainera, unibertsitatean diziplinartekotasunetik ikerketa egin ahal izateko baliabide asko behar da, besteak beste, jakintza-alorren araberako egitura delako nagusi; herrigintzan, aldiz, diziplinarteko guneak sortzen dira berez. Ertzak zorroztu dizkigu oharrak: herri-mugimenduetan hainbat jakintza-alorretako jendea elkartzearekin batera, hainbat formazio- eta esperientzia-esparrutatik datorren jendea bil daitekeelako (abokatuak, erizainak, erretiroa harturikoak, etxeko langileak, idazkariak, igeltseroak, lanbide-heziketako ikasleak, langabetuak, tabernariak, unibertsitateko ikasleak…). Beste ertz bat zizelkatu du batek: besterik da, aniztasun horri lekua egiteko baldintzak egokiak diren (ordutegiak, harreman-motak, ekimen-motak…); baina, hala da, izatez herri-mugimenduek ez dute sarbiderako formazio edo soslai jakinik eskatzen. Baiezko keinuak, zalantza-keinuak, deserosotasun-keinuak. Ezbai hori eten du batek: baieztapen horrek galderak sortu dizkit: gazteei talde feministetan sartzeko gonbidapena egiten zaienean, gero eta gehiago dira formaziorik ez dutela esaten dizutenak, feminismoaz ezer gutxi dakitela diotenak… duela hamar bat urte, duela hogei bat urte, ez zenuen halakorik entzuten, feminismora hurbiltzen ziren tripetan ezinegona sentitzen zutela, edo emakumeon kontrako bazterketa bazela ohartu zirela, eta zauri zein sumindura horrek eramaten zituen talde feministetan aritzera. Ez zaigu lekukotza arrotza egin. Bor-Bor(K) egitasmoaren esperientzia gogora ekarri, eta antzeko hausnarketak topatu ditu kide batek “Formazio politikoan eta ezagutza kolektiboan identifikatutako erronkak eta tentsioak” atalean. Kontura datozenak irakurri dizkigu, banan-banan:

 

      Formazioa kanpoko pertsonen esku uzteko joera. Herri-mugimenduek ere uste hau erreproduzitzen dute: ezagutzaren monopolioa “adituen” eskuetan dago.

      Formazioa eta ikerketa modu arautu eta formalizatu gisa ulertzea, eta jasotako/sortutako ezagutza titulu bidez egiaztaturikoa izatea. Paradoxikoa dirudi: izan ere, feminismoa, ekologismoa, agroekologia eta abar, ez dira ulertzen proiektu politiko gisa, baizik eta espezializatu beharreko ikerkuntza diziplina gisa”.

 

      Bero-bero egin du aurrera beste batek: Ideia bat datorkit: nahiz eta bi komunitate oso ezberdinak izan, herrigintzan bertan, feminismoan behintzat —nik beste eremu batzuk ez ditut ezagutzen—, azken aldian nagusitu den balioztatze-sistema ez dator bat guk jaso dugun tradizio kolektiboaren edo taldearen tradizioarekin. Beste behin markaren itzala antzeman dugu: formazioaren marka, tituluen marka, aditutasunaren marka. Aho batez, erronken sokan urratze bat egin dugu: markaren itzala deuseztatzea. Zart! Mahaiaren hanka bat erdi hautsi, eta desorekatu zaizkigu karpetak, zirriborroak, boligrafoak, oharrak… Mahai gaineko pisua arindu, besoak zein gorputz-zamak mahai gainetik urrundu, eta aulkia ainguratzat hartuz berrartu dugu mataza.

 

 

Aitortzaren soka-muturrak:
autoritate-erak
eta ordezkatze-erak

 

      Aitortzaren haria harrotu du batek: Feminismoan eta ekinbide komunitarioetan behin eta berriro azpimarratu den moduan, ezagutzaren sorkuntza edo eraikuntza oro berez da kolektiboa: batetik, ezagutza sortzen duen pertsonak babes-sare bat behar duelako, sostengurako eta zaintzarako sare bat; bestetik, elkarreraginean eta elkarlanean sortzen delako beti ezagutza. Barre txikiak egin ditugu, konplizitate-keinuak, geure babes-sare txikian lur hartzeko.

      Arnasaldiaren ondoren ekin diogu: Adituaren edo profesionalaren autonomia mito bat da, feministok salatu izan dugun moduan… pertsonaren erabateko autonomia ere mito bat den neurrian... Ezagutzaren kudeaketarako eta transmisiorako egitura akademikoak ez al dira autoritatearen ideian eta adituaren autonomiaren ideian sostengatzen? Egitura hierarkiko eta patriarkalak, azken finean. Gurtzarako joerak eta autonomiaren mitoak, oztopatu egiten dute kidetasunean erroturiko egiturak sortzea… horiek auzitan jarri behar ditugu, ezagutza kolektiboranzko bidean… Artegatasunak eta kexu-ahotsak hartu du gela, eta esperientzia akademikoak sorturiko ezinegon zenbait aletu ditu batek: Ikerketa akademikoetan, esaterako, izen-abizenekin sinatu behar da, eta ikerketa baten maila, kategoria edo estatusa parametro hauek erabakitzen dute: aipaturiko autoritateak… izen-abizen izan behar dutenak… argitalpenaren prestigioa… aldizkari akademikoen indizeak eta mailakatzeak… eta beste. Egitura horiek autoritate batzuekiko eta parametro diskurtsibo batzuekiko morrontza dakarte askotan, argitalpen-leku batzuetan argitaratu ahal izateko. Kate handia da hori. Haserrea kutsatu zaio bati: Jakina, egitura akademiko horietan euskaraz jarduteko oso espazio gutxi daude, eta halaber, ikerketa akademikoen nazioartekotzerako joerak zaildu egiten du batzuetan Euskal Herriko ikuspegitik aritzea, edo ikuspegi horri lehentasuna ematea. Supituan, beste ertz bat egin du ikusgarri batek: Sistema akademiko horrek merkatu-ikuspegia bultzatzen du, eta ikertzaileak trukearen kulturan aritzera animatu: ikerketa-jardunek trukeren bat izan behar dute… kapital sinbolikoan, puntu akademikoetan, ordainsari ekonomikoetan zein sinbolikoetan…, eta ikerketa-jardunaren funtzio sozialari eta balio sozialari ez zaio hainbeste erreparatzen. Haserre orokortua. Bekainak ilunduta: Testuinguru horretan, are garrantzitsuagoa da autoritatearen eta adituaren autonomiaren inguruan gogoeta egitea. Sarri, “adituaren kultura” horretan garrantzi handiagoa du nork eta nondik esana den, edo nork, autoritateak, eta nondik, argitalpena zein erakundea, transmititua den, norekin-nola-non-norantz transmititua izatea baino. Jakina, nork esan edo transmititu badu eraginik, baina, sinesgarritasunaren auzia ez genuke nork horretan bakarrik jokatu behar, gainerako aldagaiei erreparatzea funtsezkoa da.

      Bizkarraldea lasaitu, eta ur trago bat hartu dugu gehienok, eztarria bustitzeko. Kide batek hautsi du isiltasuna: Autoritate-erak unibertsitatean zurrunak eta indibidualak dira oso, taldeka sina daiteke, baina, kasu horretan ere sinatze-ordenak hierarkia bat adierazten du. Zoritxarrez, autoritate-era hori zabaltzen ari da beste esparru batzuetara. Prentsan, esaterako, oso zaila da, ia ezinezkoa, testuak argitaratzea kolektiboki sinaturik, talde baten izenean hitz eginda ere, norbaiten edo norbaitzuen izen-abizenak agertu behar dira. Testu kolektiboak argitaratzea zailtzen du horrek, ahots kolektiboei lekua egitea zailtzen du horrek. Aitortzaren itzalak beste gogoeta bat ekarri digu: Lan ikusezina balioesteko ahaleginak egin ditu mugimendu feministak, eta ezagutzaren esparruan ere bide horri lotzea beharrezkoa da; sator-lana balioesteko eta sinesgarritasunerako bide berriak urratzeko.

      Auzi berri bat hauspotu du kideak, kolektiboaren eta norbanakoaren arteko sokatira: Lidergoaren eta anonimotasunaren arteko tentsioa ere islatzen du izen-abizenen auziak. Konforme, kolektiboak ikusgarri egitea garrantzitsua da, baina, kolektibo batek ere zapuztu edo zurrupa dezake pertsonen identitatea. Sarritan aritu gara kolektiboaren tiraniaz ere. Banakoaren eta kolektiboaren arteko oreka lortzea da gakoa. Adostasun giroa sumatzen da, baina, galderak ere badatoz segidan: Irudipena dut Euskal Herriko mugimendu feministak ez duela lidergo jakinik izan. Pertsona erreferentzialak egon dira, baina, ez da halako lidergo argirik izan. Zer iruditzen? Ez zaigu inori burura etorri lidergo argirik, zalantza batek beste bati egin dio dei: Susmoa dut herri-mugimendu gehienetan hala izan dela oraintsu arte, ezta? Ez da soilik mugimendu feministan gertatu. Kultura politiko batek sustatu du lidergorik eza, eta gaur egun, beste kultura politiko batek sustatzen du lidergo beharra-edo. Duda-mudaka aritu gara, lidergoa ulertzeko erak ere badaude eta: Agian kolektiboek indarra galtzearen ondorioa baino ez da izan. Agian lidergoaz aritu beharrean, ordezkaritzaz aritu behar gara: nork ordezkatzen du kolektiboa? Nola adosten dira ordezkaritza-erak eta ordezkaritza-aldiak? Ordezkaritzaren oihartzunak kolektiboaren parte-hartzea dakar gogora… Ordezkaritzaren gaiak marmarka jarri gaitu. Herri-mugimenduko ordezkaritza bada auzi, baita ikerketa-esparruko ordezkaritza ere. Ikertzaile-ikertu harremanaz jardutean ere, SIMReFeko kideek ordezkapenaz gogoeta egin dutela gogora ekarri du kide batek: “Zer ordezkapen-harreman sortzen ditugu? Onartuak eta ikusgarriak al dira? Nork erabakitzen du eta nork gauzatu? Nork ordezkatzen du nor? Subjektuak beti ordezkatzen al du objektua? Ikertzaileak beti ordezkatzen al du herri-mugimendua? Akademiak herrigintza? Zer ahots entzuten dira, eta noren izenean entzuten dira? Ordezkapen-harreman batean ardurari erreparatzea funtsezkoa da”.

      Paperak harrotu dizkigu lagunak, gure arreta lortze aldera, eta ekin dio: Azken batean, sinesgarritasuna gaur egun joko-zelai bakar batean lehiatzen da sarri, ikusgarritasunaren joko-zelaian; hartara, mediatikoki ikusgarri dena bihurtzen da sinesgarri eta autoritate-edo. Joko-zelai horretan asko ekoiztea ere funtsezko logika da, produkzio basatiaren aro honetan. Eraldaketa politikoek zein dinamika kolektiboek, aldiz, patxada eta iraunkortasuna behar dute, eta ez ekoizpen kate zoro batean sartzea.

      Nabar koloreko karpeta zabaldu, eta FIC taldeko lagunek eginiko oharra gogora ekarri dugu: “Ekonomia feministatik aldarrikatu bezala, bizitza jasangarriak sortu behar ditugu, eta askotan ikerketan produktibitatearen logikan sartzen gara, eta helburua lausotu egiten zaigu: zertarako egiten dugu ikerketa?”. Korapilo bikoitz horri indartsuago egin dio tira batek, eta adibide zehatz bat aipatu du, sutsu: Sare sozialen erritmoak eta sare sozialen logikak zailtzen dute ordezkaritza, eta lidergoak puztu egiten dituzte. Ez duzue uste? Sare sozialetan jendeak bat-batean erantzun dezake gertakari baten aurrean, iritzia eman, desadostasuna adierazi… Herri-mugimenduek eta kolektiboek ezin diote erritmo horri eutsi, ezin dute berehalakoan iritzia edo erantzuna eman, ekimen kolektiboek beste erritmo batzuk behar dituztelako, erantzunak eta iritziak taldean adostu behar direlako… Adostu beharrak, beste erritmo batzuetan aritu beharrak, sare sozialen iritzi-dantzatik kanpo kokatzen ditu kolektiboak. Elkarri irribarretsu begiratu diogu, gureak motel doazelako batzuetan, eta ziztu bizian besteetan. Ozen eta irmo, batek: Abiadura Handiko Iritzirik ez. Abiadura Handiko Ezagutzarik ez. Barreak algara bihurtu dira, eta giharrak lasaitzeko ere hartu dugu tarte bat.

 

 

Matazatzeko erak:
metodologiak auzitan

 

      Aulkietan sendo finkatu ditugu gorputzak, matazaren muinaz jarduteko. Gaia kokatu du kide batek: Metodologiaren esparruan genero-praktikak eta botere-harremanak auzitan jarri dituzte metodologia feministek. Beste bat mintzatu da: SIMReFeko lagunen ekarpenak dira hor giltzarri. Dakigun gutxia, nik behintzat, batez ere SIMReFeko ikastaroetan ikasi dut. Esperientziak gorabehera, adostasuna izan da nagusi: Gaiari heltzeko, beraz, SIMReF mintegiko kideen azalpenak jasoko ditugu: UEUko ikastaroetan oso argi azaldu zituzten metodologia feministen oinarriak. Karpeta moreari sendo eutsi dio, eta azpimarraturiko pasarteen berri eman digu, azpigaia aurkeztuz lehenik. Baso bat ur jarri dio kide batek ondoan, irakurketa luze joango delako, eta gainerakoek gorputzak lasaitu ditugu, entzuteko prest. Lehen ekarpena: SIMReFeko kideek epistemologia feminista eta ezagutza kokatuen teoria dute abiapuntu.

 

      “Ezer baino lehen, epistemologia eta metodologia bereiztea komeni da. Epistemologia ezagutza zientifikoaren metodo eta oinarrien inguruan aritzen den filosofiaren arloa da; eta metodologia, berriz, logikaren barruan kokatzen den filosofiaren arlo edo diziplina bat da. Metodologiaren helburua metodoen ikasketa sistematizatua egitea da, eta horren arabera, ekintza edo ekimen bat egiteko urratsak definitzen ditu. Azken batean, metodologiak helburu bat lortzeko zer bide edo metodo erabili behar den ezartzen du.

      Epistemologia feministak ezagutza-objektuaren eta ezagutza-subjektuaren arteko harremanak berrikusi ditu. Horri esker, epistemologia ez-positibista bat gauzatzeko oinarriak jarri ditu (ikus 2. irudia).

 

2. irudia. Epistemologia posibista vs. Epistemologia ez-positibista

Epistemologia positibista

Epistemologia ez-positibista

Datuak bildu egiten dira

Datuak ekoiztu egiten dira

Teknikak: bilketarako dispositiboak

Teknikak: ikerketa-objektua eraikitzeko bitartekariak

Ikerketa-prozesuari buruzko gogoetarik ez

Ikerketa-prozesuari buruzko gogoeta

Ikertzaile eta objektuaren arteko harremanik ez. Informatzaileak

Ikertzaile eta objektuaren arteko harremana ezbaian jartzen da: informatzaile, kolaboratzaile…

Iturria: SIMReF

 

      Kritika epistemologiko feministetan, agerian gelditzen da zientziaren neutraltasuna eta objektibotasuna falaziak direla: zientziak oinarri izan duen eta oraindik ere ikerketa askoren atzean dagoen jite sexista ezkutatzeko iruzurrak. Ustezko neutraltasun eta objektibotasun horri aurre egiteko, ezagutza kokatuen eta partzialen epistemologia egin dugu geure. Epistemologia horrek aitortzen du beharrezkoa dela emakume eta subjektu gehiagok presentzia izatea ezagutzaren ekoizpen-guneetan, baina ez jakintza gardenagoaren eramaile diren aldetik. Epistemologia horren arabera, pertsonek —zientzialariek ere bai— errealitatearen ezagutza partzial bat besterik ezin dugu atxiki, eta gure aldez aurreko esperientziek, gizarte-posizioak eta abarrek markatuko dute ezagutza hori. Beharrezkoa da, beraz, ekoizpen partzialen askotarikotasunaren aldeko apustua egitea eta kontuan hartzea gure ikuspegiak nola eragiten duen ezagutzen dugun horretan.

      Izan ere, ezagutza ekoiztea ekintza politikoa da, beti, eta modu kontzientean eta arduratsuan ekoitzi behar dugu. Ikuspegi horretatik, SIMReFek apustua egin du ezagutzeko prozesua bera, eta ez horrenbeste subjektu ezagueradunak edo aztergaiak, har dadin ikerketa feministaren ardatz gisa (ikus 3. irudia).

 

3. irudia. Ikerketa feminista, ezagutzeko prozesua.

Iturria: SIMReF.

 

      Hortaz, metodologia feminista bat eratu daitekeela eta eratu beharko litzatekeela esaten dugunean, ez dugu esan nahi orain arte informazioa biltzeko eta aztertzeko erabili diren teknikak baztertu behar direnik, baizik eta ikerketa-jardunbideak koherentea izan behar duela postulatu feministekin eta ikerketaren, testuinguruaren, xedearen eta, jakina, hartutako posizionamendu feministaren berezitasunekin bat etorrita birpentsatu eta birdiseinatu behar dela”.

 

      Ur trago bat hartu, irribarre bat egin, eta testua berrartu du. Bigarren ekarpena: SIMReFeko kideek epistemologia feministaren hainbat ekarpen zerrendatu dituzte.

 

      “— Ezagutza-subjektuaren eta ezagutza-objektuaren arteko harremana ezbaian jartzen du.

      — Ikerketa-prozesuan zehar gorpuzturiko botere-harremanak ikusgarri egin, eta irauli ahal izatea, edo lausotu ahal izatea.

      — Ikerketa-prozesuari buruzko gogoeta etengabea sustatzea, ikerketa-prozesua irekia izan dadin, birpentsa dezagun une oro.

      — Ikerketa-prozesuan sorturiko kontraesanak onartu, eta horiei garrantzi epistemikoa aitortzea.

      — Ezagutza balioztatzeko prozesuak birdefinitzea”.

 

      Irakurketa eten, eta taula bat jarri du mahai gainean, alderik alde zabalduta. Hirugarren ekarpena: SIMReFeko kideek ikerketa-prozesuaren urrats guztiak birformulatzeko premia adierazi dute (ikus 4. irudia).

 

4. irudia. Ikerketa-prozesuaren urratsak.

IKERKETA-PROZESUAREN URRATSAK

 

 

 

 

Gaia edo ikerketa-objektua definitu

— Gaia hautatu > gaia definitu.

— Nola txertatu ikuspuntu feminista edo genero-ikuspuntua?

— Norbere egoera aztertu.

— Baliabideak aztertu.

— Gaiak nora eramaten gaituen aztertu.

— Nola definitzen dugu gaia: zer hitz eta termino erabili?

— Zer testuingurutan definitzen dugun gaia: enkargua, deialdi publikoa...

— Hainbat irizpide: gure interesekoa izatea; garrantzi sozial, politiko eta kulturala; genero-sistemekin lotura; egungo eztabaidekin lotura; eta ikertu ahal izatea.

 

 

Galderak, helburuak (eta hipotesiak)

— Zertarako eta norentzat egin ikerketa? Noren/nortzuen interesen alde? Nola eragiten die genero-harreman eta zapalkuntza harremanei?

— Zergatik?

— Nola?

— Nork-nor edo nork-zer?

 

 

Marko teoriko-kontzeptuala

— Etengabean birdefinitzea.

— Zein iturriri eman aitortza? Zer ahots bildu? (bibliografiak horren arabera aztertu): Zenbat emakume? Ikusten al da? Zenbat erreferentzia ez anglosaxoi? Zenbat egile kolektibo? Zenbat erreferentzia ez akademiko? Zer komunikazio-bide? (idatzizkoa, ahozkoa…).

— Zer dokumentu-mota? (idatzizkoen artean): liburuak, artikulu akademikoak, txostenak, aldarrikapen eta deklarazioak, esku-orriak, narratiben eraikuntzaren proposamena...

— Nola daude eskuragarri?

 

Metodologia eta teknikak

— Gaia, helburu eta galderekin bat etorri behar dute metodologiak eta teknikak.

— Lagina finkatzea.

— Ikertzailearen eragina landa-lanean: genero-posizioak eta bestelako faktoreak.

— Ikertzailea eta informatzaile/kolaboratzaile/elkarrizketatuen arteko harremana: harremanak adostea komeni da, botere-harremanaz jabetzea komeni da (eta ahal den neurrian, lausotzerantz egin behar).

— Ikerketa-metodoen inguruko gogoeta etengabea.

— Denborak zaintzeko eta adosteko beharra: ikerketa barruko denborak, baina, baita ikerketatik kanpokoak ere. Besteekiko erantzukizuna eta norbere zaintza.

— Non eta noiz.

— Zer informazio bildu eta zer metodo erabili: gorputzari tokirik egingo al zaio?

Datuen analisia

Informea

— Hizkuntza ez-sexista.

— Hautuak mahai gainean jarri.

— Hasierako galderak berreskuratu eta aztertu: zertarako da baliogarri? Norentzat? Botere-harremanak eta desberdintasunak agerian jarri dira? Kolokan jarri dira, edo erreproduzitu dira?

— Itzulera dokumenturik bidali al zaie kolaboratzaile/informatzaileei?

— Argitalpenaren kudeaketa: Non? Norentzat? Zertarako baliogarri? Zer hizkuntza eta terminologia? Zer ahotsi eman protagonismoa?

— Idazketaren ahotsa: zer pertsonatan hitz egin (lehen ala hirugarrenean, singularrean ala pluralean).

Iturria: SIMReF

 

 

      Taulan gora eta behera aritu gara, gako garrantzitsuak, zalantzarik gabe. Lerro artetik burua altxatu du batek: Hala da, metodologiek eta praktikek elkarri entzun behar diote, elkarren osagarri izan behar dute, eta elkarrengandik ikasi behar dute. Taulak argi erakusten du: ikerketa akademikoen esparruan teoriak lehentasuna hartzen du, eta egiteko moduak ez dira auzitan jartzen. Metodologiak oso zurrunak dira, eta metodologiak negoziatzeko prozesuak oso-oso motelak eta zailak. Are gehiago, batzuetan ez da metodologiaz hausnartu ere egiten. Testuinguru horretan, metodologia feministak garatu ahal izateko zorroztasunek eta argudioek garrantzi handia dute. Taula horrek, aldiz, ez dio erantzuten herri-mugimenduetako dinamikari. Herri-mugimenduetan abiapuntua beste bat da, ez duzue uste? Arrazoia eman dio berehala batek: Ados. Besteak beste, herri-mugimenduek sustaturiko ikerketetan (edo ezagutzaren sorkuntzan) ezagutza kokatua da beti (ikuspegi politikoari dagokionez behintzat); herri-mugimenduak jada aitortzen duelako testuinguru soziopolitikoa. Gardentasun hori badago. Besterik da, herri-mugimendu barruko ezagutza kokatuez jarduten den, horretan sakontzeko premiarik bada, ez? Galderak oihartzun egin du. Beste hari batetik egin du tira batek: Matazatzeko moduei helduko diet berriro ere. Herri-mugimenduek metodologia askeagoak garatzen dituzte edo prozesuak gorpuzteko malgutasun handiagoa dute; baina, herri-mugimenduek urrats hori gehiago zaindu behar dutela iruditzen zait. Ahaleginduko naiz argitzen: herri-mugimenduek gidaturiko ikerketetan ez dago ohiturarik metodologia eta prozesua ikusgarri egiteko, eta ondorioak argitaratu ohi dira. Uste al duzue metodologia eta prozesua azaleratzea beharrezkoa dela? Lekukotza baten berri emateari ekin dio batek: Galdera hori buruan kolpeka izan dugu sarritan. Herri-mugimenduetatik txostenak egiten ditugunean, edo halako bitartekoak sortzean, batez ere datuen analisia edo ondorioak egiten dira ikusgarri, ez da hitz egin ohi metodologiaz edo prozedurez. Gure Genealogia Feministak proiektuan ere halaxe izan zen. Ez genuen metodologia zorrotzik erabili, eta are gutxiago esplizitu egin erabili genuen hori, batzuetan metodologia jakinik ere erabili ote genuen galdetzen genion geure buruari… Hitza hartu dio kideak, kementsu: Noski, metodologia bat erabili genuen, baina, ez genuen esplizitu egiteko beharrik sentitu. Iturri jakin batzuetara jo genuen, eztabaida-taldeetan bildutako informazioa kontrastatu genuen… metodologia bat erabili genuen, jakina. Beharrezkoa zela hori idatziz ere jasotzea? Hori beste kontu bat da. Irri apalak gailendu dira, eztabaida maiztua zaigulako: Bai, baina, ez dugu zehaztu guk gure artean zer urrats eta zer bide egin behar dugun guk geuk jardun bat ikerketatzat hartzeko. Beste kide batek bideratu du hausnarketa: nire ustez, bai, metodologia esplizitu egin behar da. Ikerketari baliozkotasuna prozesua eta urratsak modu gardenean kontatzeak ematen dio. Egiteko moduari garrantzia eman behar zaio. Datuak biltzeko moduaren berri eman ez badugu, hartzaileek ezin dituzte datuak behar bezala interpretatu, edo behar bezala kokatu. Gogoan izan ezagutza kokatuaren eta partzialaren teoria: objektibotasuna lortzen da aitortzean nondik ari zaren begira, besteek ulertu ahal dutelako nondik ari zaren begira, zein den zure optika. Kokotsarekin baiezkoa adierazita, aurrera egin du batek: Bat nator, guztiz. Gainera, metodologia esplizitu egiten ez badugu, ez digu horrek aukerarik ematen prozesuaz gogoeta egiteko, prozesua birpentsatzeko. Susmoak guztiok harrapatu gaitu, eta gako berri bat azalarazi zaigu: herri-mugimenduek ezagutza sortzerakoan, izan badute erronka nagusi bat: metodologiak esplizitu egitea, ezagutza ekoizteko erabilitako prozedurak eta urratsak azaleratzea. Atsedentxo bat eskatu du batek, txizalarriak jota.

 

 

Sokasaltoan:
zubiak eta dantza-kideak

 

      Beharrak baretuta, norabide anitzeko hari bati heldu diogu: ikerketa-eremuak. Lehen korapiloa egin du batek: Ikerketa-eremu guztietan, herrigintzan, akademian zein enpresetan, jendearen arteko sareak sortzen dira, etengabeak dira hartu-emanak. Nabar koloreko karpeta mahai erdian jarri, eta FIC taldeko kideek harremanen inguruan eginiko gogoeta berrartu du batek: Ikerketen denborak eta parte-hartzaileen denborak oso desberdinak dira. Horregatik, prozesu parte-hartzaileetan geure buruari galdetu behar diogu parte-hartzaileei zenbat eskatzen diegun. Erlojuari begiratu dio batek, keinu bihurria eginda. Ez ikusiarena eginda segitu du besteak, eta FIC taldeko kideek ikerketaren erdigunean kokatu beharreko galderak zerrendatu ditu: Nola zaintzen ditugu parte-hartzaileak? Zenbat ematen diegu eta zenbat eskatzen diegu? Ba al dago orekarik? Nola zaintzen dugu geure burua? Nola egin ditzakegu gure ikerketak jasangarriago? Errepika ezaguna, begirada konplizeak. FIC ikerketa-taldekoen ekarpenak irakurtzen segitu du, ikerketa aktibistetan prozesua partekatzeko moduez ari direla:

 

      “Ikerketa aktibistak parte-hartzaileei egokitu behar dira eta ez aldrebes. Prozesu kolektibo bat egin nahi badugu, egiten duguna partekatu behar da: kritikarako prest al gaude? Besteekin partekatzea zeure burua agerian uztea da; eta horrek ekar ditzake besteen kritikak entzun behar izatea, edo zuk egin duzun zerbait gustuko ez dutela entzun behar izatea.

      Asko hobetu behar dugu horretan: askotan esfortzu handia egiten dugu ikerketa-prozesuan, baina, gero ez dugu zabalkunde-lanik egiten, oso nekatuak bukatzen dugulako, ikerketa amaitzea dugulako helburu bakar…. Beste gauza batzuetara igaro nahi dugu… Modu produktiboan pentsatzen eta jarduten segitzen dugu… baita aktibismoan ere. Kosta egiten zaigu atzera begiratzea, eta gauza bat itxi bezain azkar ekiten diogu hurrengoan pentsatzeari.

      Bestalde, ikerketarekin zerikusia ez duten pertsonekin ere zalantzak, galderak eta beldurrak partekatzea funtsezkoa da. Kanpoko begirada hori oso lagungarria izaten da, ikerketa hainbat ikuspuntutatik aztertzeko”.

 

      Ikerketa-prozesuaz haratago jo du batek: Beharrezkoa da hori ikerketa-prozesuan, baina baita ondoren ere, ezta? Noiz amaitzen da ikerketa-prozesua? Emaitza argitaratze hutsarekin? Ez, ondoren ere hedapena dator, eta aurkezpenak ere kontraste-saioak dira, sorturiko ezagutza birpentsatzeko bide, askotan. Laura esaten zioten liburuarekin halako zerbait gertatu da, ezta? Liburua argitaratu ondoren ere, aurkezpen zein solasaldietan gaiaren inguruko ertz berriak osatzen joan gara, eta esperientzia kolektibo berriak sortu ere: irakurleekin, El Salvadorreko gerra hura hurbiletik ezagutu zutenekin, edo antzeko esperientziak bizi izan zituztenekin… Ikerketa-prozesua ez da eteten emaitza paper bihurtzean.

      Harremanen haritik egin du tira beste batek: Baina, ikertzaile-ikergai arteko harremanaz gain, izan badira auzitan jarri beharreko beste harreman-sare zenbait ikerketa-sistemaz ari garela. Nolako harremana eraikitzen da ikertzaileen artean? Nolako harremana ikertzaile-hedatzaileen artean? Nolako harremana ikertzaile-hartzaileen artean?

Karpeta morea bazter batetik hartu, eta SIMReFekoen galderak irakurri ditugu:

 

      “Ilusio bat da objektu-subjektu harreman horretara mugatzea: horiek kokatzerakoan, halabeharrez, jendarteaz eta komunitateaz aritu behar dugu. Komunitatearen kideak garen heinean, bertako logikak gorpuzten ditugu. Ezagutza kokatuaren proposamena jendartean eta komunitatean kokatzeko, honako galdera hauei erantzutea lagungarria da:

      — Norbera, ikertzailea zein ikertua, zer posiziotan dago ikerketa-munduan? Eta ikerketa zehatz batean, zer posiziotan dago ikerketa horri dagokion munduan?

      — Nola aldatzen gara ikerketa-prozesuan zehar? Eta nola aldatzen da ikergaia?

      — Ikerketa-harremana bera ere nola aldatzen da?

      — Prozesu hauetan guztietan, nolako harremana dago herrigintza, ikerketa-mundua eta akademiaren artean? Batean edo bestean dugun posizioak nola baldintzatzen du egiten dugunaren zilegitasuna? Esparru batean egoteak (demagun, akademian egoteak) nola ematen digu —edo ez— toki bat beste esparruan (demagun, herrigintzan)?”.

 

      “Egungo ikerketa sistemaz” azpiatala bilatu, eta SIMReFekoek eginiko ekarpenak irakurtzeari ekin dio kide batek:

 

      “Toki askotatik eta modu askotara iker daiteke gaur egun, eta eremu horiek ez daude beti konektatuta (nahiz eta eremuen arteko hierarkiak eta balioztatzeak sumatzen diren). Ikerketa-gunearen arabera, zilegitasunaren eta oihartzunaren neurria aldatzen da. Aitortza ez da bera. Halere, ikertzeko eremu horien artean zubiak egon badaude: batetik, zubi informalak daude, harreman pertsonalen bidez gorpuzten direnak; bestetik, zubi formalagoak ere badaude, harreman instituzionalizatuagoak. Interesgarria da zubi horiek zeintzuk diren aztertzea, zubiak nork eta nola elikatuak diren aztertzea, eta ezagutzaren sorkuntzan zer eragin duten aztertzea, baita nolako logikak gorpuzten diren aztertzea ere. Dena den, ezin dugu ahaztu unibertsitatea, akademia eta jakintza, oro har, gaur egun oraindik sistema heteropatriarkalak direla (eta kapitalistak, eta kolonizatzaileak, eta abar). Eremu horretan jardunez gero, hainbat arrakala sor daitezke, baina, halaber, hainbat arrisku ere badaude, eta ezinbestekoa da adi egotea”.

 

      Arriskua, arriskua, errepikatu du kide batek, eta Bor-Bor(K) egitasmoko beste esperientzia baten bila hasi. Hantxe, gurutze handi bat ondoan duela, gogoeta irakurri du:

 

      “Erronka bat badute herri-jakintzek. Elkarrizketa, lankidetza, eta elkarren aitortza sustatu behar dute jakintza-esparruen artean, estraktibismo kognitiboa saiheste aldera. Izan ere, akademiak askotan herri-mugimenduetako edo herri-kolektiboetako jakintzak jaso eta formalizatzen ditu: jakintza kolektiboak desjabetzen dira, eta jabetza pribatizatzen da, indibidualizatzen da, eta akademiako logika lehiakorraren zerbitzura jartzen da: inpaktu akademiko handiko argitalpen eta kongresuen zerbitzura jartzen da, eragin sozialari iskin eginda”.

 

      Isilunea. Xuxurlaka ia, isilunea hausteko beldurrez-edo, hitza hartu du batek: Akademia ez da bat eta bakarra, ez da modu batekoa, hor esperientzia asko daude. Ia aho batez etorri zaigu: kokapen hibridoak. Eskua altxatu duenari eman diogu hitza: Kokapen hibridoetan jarduten duen jendeak zubi-lan hori egiten du, mugako espazio bat ere sortzen duelako. Baina, bestelako zubiak ere badira… elkarlanean egindako proiektuak, kolaborazio iraunkorrak… Gako bat ekarri du hizpidera batek: Ikerketa aktibisten eremua dugu zubi nagusietariko bat. Herri-mugimenduekin batera garatu ohi dira, baina, batez ere herri-mugimenduetan sorturiko ezagutza izan ohi dute ardatz, eta ezagutza hori biltzea, egituratzea eta hedatzea dute helburu. Espazio hibridoak dira, beraz: herri-mugimenduetako ondareak eta akademiako ondareak batzen dira. Baina, tentsio-guneak ere sortzen ditu, botere-harremanak eta hierarkiak birpentsatzera gonbidatzen gaituztelako. FIC taldearen ekarpenak begiz jo ditugu, ikerketa aktibistez jardun dutela oroitzean; hurbilen duenak hartu, eta bertako kide baten lekukotza irakurri du:

 

      “Ikerketa-prozesuan sentitzen ari nintzen deserosotasun horiek ere ikerketan bertan adieraztearen alde egin nuen, deserosotasunei izena emateko, eta horien inguruan hausnartzeko: zer-nolako botere-harremanak zeuden ni eta beste parte-hartzaileen artean? Parte hartzean, zer-nolako desberdintasunak zeuden? Zergatik sentitzen nintzen askotan errudun? Prozesu osoan zehar deserosotasunaren etika bat praktikatzearen alde egin nuen. Hau da, deserosotasuna gorpuztetik ere ezagutza sor dezakegu, ez da bakarrik sentitzen duguna azaleratzea, baizik eta sentitzen dugun horretatik ezagutzak eta hausnarketak sortzea. Precarias a la deriva liburuan oso ondo esaten duten bezala, hauxe da gakoa: nigandik abiatu, nigan gera ez nadin. Abiapuntu garrantzitsua da hori, gaur egun ego akademikorako eta autoerreferentzialtasunerako arriskua handia delako. Ikerketan galtzea aukeratzat hartu behar da, ezagutza desberdinak sortzeko aukera ematen digulako, eta batik bat ezagutzak beste modu batean sortzeko aukera ematen digulako. Badirudi hausnarketak segurtasun-eremuetan sortu behar direla. Ikerketaren helburua ez da horrenbeste galderak erantzutea, galdera berriak sortzea baizik”.

 

      Sentsazio eta jarrera hori deserosotasunaren inguruko gogoeta-prozesua izendatu dutela aipatu du batek, eta gogora ekarri SIMReFek ere gakotzat aipatu zuela ikerketa-prozesuaren inguruan gogoeta egitea: “Prozesuari buruz gogoeta egitea funtsezkoa da. Horren bidez prozesua bera aztertzen dugu, eta bertan gorpuzturiko harremanak, zapalkuntzak, isiltasunak, eta abar identifikatzeko ariketa egin. Prozesua bera eztabaidagai bihurtu behar da”. Gure arteko deserosotasunak, aritze kolektibo honen deserosotasunak inoiz azaleratzeko aukera ere aipatu dugu, azkar batean, haria ez galtzeko. Irakurtzeari ekin dio kideak, oraingoan Colectivos Situacionesen[11] hausnarketa bat ekarri du, FIC ikerketa-taldeko kideek opariturikoa: “Ikerketa militantea ez da abiatzen munduaren inguruko ezagutza-multzo berezko batetik, ez du abiapuntutzat hartzen gauzek nola beharko luketen izan. Ikertzaile militanteak, izan ere, baldintza neketsu honi leial eutsi behar dio: “ezjakintasunari”. Zentzu horretan, egiazko antipedagogia baten aurrean gaude”.

      Karpeta morean arakatu du beste batek, zubien inguruan SIMReFekoek eginiko oharrak topatzeko. Ez du denbora askorik behar izan:

 

      “Feminismoaren kasuan, akademiaren eta Mugimendu Feministaren arteko zubi hori emakume gazte eta prekarizatuek eraiki ohi dute. Egoera oso prekarioa denean, aukera gehiago dago hainbat logika erreproduzitzeko: batetik, norberak bere bidea egin behar du, eta bide hori egiteko denbora-tarte jakin bat du; bestetik, ikertzaileak taldea eta herri-mugimendua zaindu nahi ditu, baina, egoera prekarioak oso aukera gutxi ematen dizkio, eta lehentasunek ez dute bat egiten askotan. Gainera, euskaraz diharduen erreferentziako emakume gutxi dago, eta premiazkoa da estrategia bat egituratzea izenak ezagutarazteko. Zentzu horretan, zubi kolektiboak eraikitzeak aukera handiak ematen ditu: adibidez, taldeen arteko gune formalagoak sortzea”.

 

      Paperetan arakatzen segitu du kideak, eta beste galdera-zerrenda pare bat irakurtzera jo du, ikerketa-eremuez jarduteko funtsezkoa iruditu zaizkiolakoan:

 

      “Bestalde, unibertsitatetik kanpo, feminismoan ikertzeko beste bide bat deialdi publikoetara aurkeztea da. Baditugu hainbat ikerketa-deialdi (ezagunenetarikoa, agian, Emakundek antolaturikoa). Gai horren bueltan azterketa sakonik egin gabe, hemen galdera-sorta bat, gogoeta sustatzeko: Zeintzuk dira deialdi horien helburuak? Zein eragin dute ikertzaile gazteen jarduna sustatzeko, eta ikerketa feminista sustatzeko? Kontuan harturik normalean oso epe laburrean egin beharreko ikerketak direla, denborek zer-nolako eragina dute ikertzaile horien formazioan? Zer aukera ematen du ikerketa parte-hartzaileagoak egiteko? Komunitatearekin inplikatzeko? Zer aukera ematen du ikertzailearen eta komunitatearen arteko botere-harremanak apurtzeko? Eta ikerketa-sustatzailearen eta komunitatearen arteko botere-harremanak apurtzeko? Talka egonez gero, non kokatzen da? Prekarizaziorako bideak al dira? Dirua aurrezteko bideak al dira? Zer ikerketa-motatan sarbidea egitea ahalbidetzen dute?

      Eta, modu pribatuagoan sustaturiko ikerketen kasuan (askotan erakunde publikoek sustaturikoak), zein da egoera? Hau da, nola egiten da ikerketa aholkularitza, enpresa eta halako guneetan? Batzuetan publizitatea eta marketing-a al dute helburu? Non kokatzen ditugu? Zer harreman gorpuzten dira? Zer zubi sortu ditugu? Zer aukera dago herrigintzarekin batera elkarlanean aritzeko? Zer aitortza ematen diegu?”.

 

      Galderen balio soziala, egin du ozen batek. UEUko ikastaroetan bildutako leloetariko bat. Galderen balio soziala, errepikatu dugu, kantu-eran kasik. Giroa baretzean, proposamen bat egin du batek: Galderak, galderak! Elkarrizketa! Liburuxkaren bigarren atala osatzeko hori egin dezakegu, jendeari gaiaren inguruan galdetu, ikerketa feministan aritutakoei entzun. Zer diozue? Txalo-zaparrada. Gogoetetan aurrera egiteko ate ederra iruditu zaigu elkarrizketena, beste ahots batzuei ere leku egiteko, geure posizioa zalantzan jartzeko. Erlojuari begiratu dio batek: Denbora agortzen ari zaigu… zer iruditzen? Hurrengo saiorako pentsatu nor elkarrizketatuko zenuten, eta joango gara elkarrizketena lotzen… Bat etorri gara. Denborak aurrera eginda ere, elkarrizketa horiek itxuratzeari ekin diogu: Eta elkarrizketetan, nondik jo? Zer galdera egin? Nahiz eta hori hurrengo saioaren zeregina izan, proposamenak josten hasi gara: Aitortzarena lerro bat izan daiteke. Adibidez, zer gertatzen da ezagutzen arteko hierarkizazioarekin? Eta herri-mugimenduan sortzen diren ezagutzen aitortzarekin? Beste galdera-sorta bat proposatu du batek: Ikerketa-ibilbideaz hitz egitea garrantzitsua iruditzen zait. Nola aldatzen gaituzte ikerketek? Nola zeharkatzen dute gure gorputza? Hirugarren batek heldu dio ideiak emateari: babes-sareak ere, giltzarri. Zein babes sozial behar dugu ikerketei ekiteko? Edota zer oztopori egin behar diegu aurre? Marmarrak bete du gela, galderak saldoka... Galdera-zaparrada eten behar izan dugu, halabeharrez, erlojuak aginduta, eta hurrengo saioan freskoago egongo garelakoan.

      Paperak ordenatzeari ekin diogu, hurrengo hitzordua zehaztu bitartean. Zirika, anekdota eta jolas artean bildu ditugu aulkiak, garbitu edalontziak, txukundu mahaia… Txamarrak eta poltsak bildu, eta elkar agurtu dugu, elkarrizketa eten ezinik gabiltzala. Beste behin agurtu dugu elkar. Presa izanda ere, presarik gabe itxi dugu atea. Danba.

 

 

[8] Bor-Bor(K) Herri Jakintzen Laborategia: Herri-hezkuntza eta beraz, jakintzaren eraikuntza kolektiboa du ardatz. Horretarako, herri-mugimenduetan sortzen diren jakintzen eta ezagutzen ikusgarritasun eta errekonozimenduaren alde egiten du. Herri-hezkuntza dute erreferente teoriko eta pedagogikoa: herri-mugimenduen hezkuntza; herri-sektoreen emantzipazioa du helburu politikotzat; eta metodo pedagogikoa ez ezik, ezagutzaren teoria ere gorpuzten du, militanteak ezagutza-subjektu bihurtzen ditu eta.

[9] Espai en Blanc pentsamendu kritikoa, kolektiboa eta esperimentala sustatzeko gune bat da. 2002. urtean sortu zen, Bartzelonako Gracia auzoko Les Naus gune sozialean. Espai en Blanc egitasmo filosofiko eta politikoa da, eta errealitatean zulo bat sortzea du helburu, ez dakigunaren arabera definitzen dena. Zulo hori  aktibismoaren eta akademiaren arteko pitzaduran irekitzen da, diskurtsoaren eta ekintzaren arteko pitzaduran, ideien eta esperimentazioaren arteko pitzaduran (ikus http://espaienblanc.net/ webgunea).

[10] Plotina (Promoting Gender Balance and Inclusion in Research, Innovation and Training) ikerketa-taldeak Europako erakundeetan berdintasun-plan berritzaileak diseinatzea eta garatzea du helburu, betiere emakume ikertzaileen ibilbide akademiko eta profesionala sustatze aldera (ikus http://www.plotina.eu/ webgunea).

[11] Colectivos Situaciones kolektiboak ikerketa militantean jarduten du, eta 2001. urtean sortu zen Argentinan. Ikerketa kolektiboa sustatzen dute, eta Tinta Limón argitaletxean argitaratu ohi dituzte ikerketa horiek, besteak beste (Ikus http://tintalimon.com.ar/demanoenmano/ webgunea).