Isiltasuna
Isiltasuna
Eneritz Artetxe Aranaz
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2020, antzerkia
114 orrialde
978-84-17051-46-4
Eneritz Artetxe Aranaz
1972, Gernika
 
 

 

Zelai-etxea 2

 

(laia bere etxeko espaziora doa.)

 

laia: Maddi etxetik desagertu da eta errua gure banaketari egozten diot.

 

      Nire izaerari. Agian kezkatuegi ibili naiz hauteskundeekin, unibertsitatearekin, lanekin... ama txarra eta egozentrikoa. Lana eta zaintzaren artean aukeratu behar… edo biak batera eraman, ahal bezala.

 

      Agian gaizki egin nuen kustodia nire gain bakarrik hartzearekin… esan bezala, ohituegi nago denaren eta ez denaren erruduntasun sentimendua garraiatzera. Ez da berria. Mundua itzulika dabilenetik atxiki izan zait errua.

 

      Gartxot ez zegoen neskatoa hazteko prest. Gizon ederra zen, eta ekintzailea, ekonomikoki erraztasunak eman dizkigu, ez dut kexarik horren inguruan. Dagozkion genero rol guztiak betetzen ditu gaixoak… benetan maite nuen harekin etzatea… bere begirada, ahotsa, gorputza, ipurdia, zakila… batzuek errua garraiatzen dugu, eta isiltasuna. Besteek aldiz, sufrimendu eta zaintzarako ezintasuna. Ez da biologikoa baina hainbeste errepikatzen denez, ekidin ezineko odoleko gaitza eman lezake.

 

      Maddiren jaiotza gehiegi izan zen Gartxotentzat. Entrenamendu falta. Ez zegoen haren kargu egiteko prest. Ezta ni maitatzeko ere.

 

      Maddik bi urte ere ez zituen orduan, denbora luzea igaro da. Oraindik legeak ez zuen kustodia partekatua mekanikoki banatzen. Eskerrak…

 

      Banaketaren unera arte umea zaintzeko gaitasunik agertu ez duenak nola ikasiko du hori, egun batetik bestera? Ez da posible, lehenagotik eraikitzen joan behar den zerbait da, delako kustodia partekatu hori. Ez dago argi etxe eta espazio aldaketak nola eragiten dion ume bakoitzari… ezin da lege batekin hori orokortu. Ez da hain sinplea… kasu bakoitza arretaz aztertu beharra dago.

 

      Umeen denbora eta espazioak ezin dira matematikoki banatu, Afrikako herrialdeen mugak erregelarekin banatu ziren bezala; Hau Frantziarentzat eta beste hau Herbehereentzat. Kanpotik % 50a eta justizia orekatua ematen duena, ezerezaren hurrengoa izan daiteke praktikan. Zenbakiek ez dituzte tarteko muga eta espazioak jasotzen. Paperaren gainean denak logika handikoa ematen du. Hitzak dena zentzuz jantzi lezake. Baina mozorro bat besterik ez da.

 

(Isilik geratzen da eta soinuak betetzen du espazioa.)

 

      Uste dut Gartxot aita atsegina dela. Baina gauza bat da atsegina eta ederra izatea eta beste bat umearen ardurak eramateko heldutasun nahikoa erakustea. Nik bizi osoa daramat horretarako entrenatzen, normala da praktika gehiago izatea. Gartxotek txikitatik beharrezko jarrera eta dohainak praktikan jarri izan balitu, orain hirukiak zaintzeko prest zegokeen. Baina ez du burmuinaren parte hori landu, ez daki erdigunetik bere burua kentzen. Ez daki isilik egoten eta entzuten. Ez daki besteen tokian jartzen eta ez du ikasi nahi, ez du behar. Alaba maite du. Gehiegi batzuetan. Hala ere, ez du otsoaren itzala bere etxean nabaritu. Ez du ikusi, edo ez du begiratu nahi izan.

 

(musikari-aztiak hurrengo abestia kantatzen du laiak bere burua hitzaldiarekin jarraitzeko prestatzen duen bitartean.)