Hamlet, William Shakespeare

 

Bigarren atala

 

 

LEHENENGO AGERRALDIA

 

POLONIren etxeko gizategi bat.

 

POLONI eta ERREINAL sartzen dira.

 

POLONI: Emazkiokezu diru hau eta idazki hauek, Erreinal.

ERREINAL: Bai, jauna.

POLONI: Gurbil-gurbilki ariko zinateke, Erreinal on hori, hura ikusi baino lehen haren ibilbidearen berri hartuko bazenu.

ERREINAL: Horrelakoxe asmoa nuen, jauna.

POLONI: Ongi esana, alajaina!; guztiz ongi esana. Aizu, adiskide: aztondatu aurrenik zein eta zein danimarkar dauden Paris-en; nortzuk diren, nola eta non bizi diren, zelako bizibideak, nolako lagunak eta zenbateko igorpenak dituzten. Itzulinguru eta zehar-itaun hauen bidez, nire semea badazagutela jakinik, zeure galdekuntzaz baino askoz gehiago aurreratuko zara. Egizu aurpegiz ezaguna duzulako irudia, esanaz, esate baterako: «Bai, ezagunak ditut haren aita eta adiskide batzuk, bai eta hura ere pixka bat». Ohartu al zara, Erreinal?

ERREINAL: Bai, jauna, oso ongi.

POLONI: «Bai eta hura ere pixka bat»; «ez ongi, ordea», esan dezakezu. «Baina halako uste dudan hura baldin bada, txoriburu handia da eta honetara edo hartara oso emana»; eta hemen egotziozu gogoak ematen diezazun bezainbat gezur; ez ordea, gerendu lezakeen doilorkeriarik. Begira gero horri eta gazte buru-jabeek ohi dituzten zorakeria, txoriburukeria eta hutsetatik ez igaro.

ERREINAL: Jokoa bezala, jauna?

POLONI: Bai edo edaria, ezpataketa, biraok, liskarrak, ematxarrak; honaino luza daitezke.

ERREINAL: Horrek laidotu lezake, jauna.

POLONI: Ez, alafede, zure salakuntza gozatzen badakizu. Ez ezarri hari beste motako hutsik, lizunkeriara emana dela edo horrelakorik. Ez dut hori esan nahi. Erakuts itzazu, ordea, haren hutsak arteziz, burujabetasunaren gehiegikeriak, gogo sutsu baten oinaztargi eta zartadak, odol hezigaitz baten oldarrak baino irudi ez daitezen.

ERREINAL: Baina, nire jaun ona...

POLONI: Zertarako den guzti hori?

ERREINAL: Bai, jauna, jakin nahi nuke.

POLONI: Hauxe duzu, bada, nire asmoa, malmuzkeria huts-gabekoa, nik uste: nire semeari orban horiek egotziz, erabiltzeak lohituxetako gauza bat bailitzan —gomazu— aztertu nahi duzun zure mintzaidea, gaztea aitatutako okerkerien ogendun dela etsita badago, zurekin bat etorriko da esanaz: «Nire jauna» edo horrelako zerbait; edo «Adiskide», edo eta «Zalduna», lagunaren eta herriaren mintzoera edo izengoitia nolakoa den.

ERREINAL: Ederki, jauna.

POLONI: Eta orduan, adiskide, hori badagi..., hori badagi... zer esateko nengon ni? Aladonea? zerbait esateko nengoen... non gelditu naiz?

ERREINAL: «Nirekin bat etorriko dela» esanaz: «Ene adiskide» edo «Zalduna edo horrelako zerbait».

MARKEL: «Zurekin bat etorriko dela» bai, horixe. Badatorke zurekin bat honetan: «Zaldun hori ezaguna dut; atzo edo lehengo batean, honelako edo horrelako aldian, honekin edo harekin ikusi nuen eta, diozunez, jokoan ari zen; hantxe idoro nuen zurrutetan beste aldean pilotan eztabaidaka; edo, beharbada: «halako etxean, videlicet, urdangetxe batean edo, sartzen ikusi nuen. Ikusazu, bada, gezurraren garrangaz egiaren amuarraina atzitzen duzu. Honelaxe guk, lagun zentzudun eta ohartun garenok, inguruka eta saiheska oldartuz zuzenbidera jotzen dugu. Orobat zuk, aire aholku eta irakaspen zurren bidez, nire semearenera joko duzu. Nire esanaz jabetu al zara?

ERREINAL: Jabetu egin naiz, jauna.

POLONI: Zoaz, bada, Jainkoarekin, eta ongi ibili.

ERREINAL: Nire jaun ona.

POLONI: Haren jaierak azterkatzen ari zaitez.

ERREINAL: Horixe egingo dut, jauna.

POLONI: Eta bere gogora josta dadila.

ERREINAL: Bai, jauna.

POLONI: Agur (ERREINAL irteten da).

 

OPELE sartzen da.

 

POLONI: Zer da hori, Opele? Zer berri?

OPELE: Ene, jauna, nik dudan izua!

POLONI: Zer dela eta? Mintza, arren.

OPELE: Jauna, nire gelan josten ari nintzela, Hamlet jauna aurkeztu zitzaidan burutsik, soinekoa lazatuta, galtzerdiak zikin, lokai gabe eta orkatila gainera eroriak, oin-bilurrak iduri; zurbil, bere alkandora bezala, bere belaunak elkar joka eta aurpegian halako oinazezko aierua zeukala, gorriak iragartzeko su-lezetik ihesia bailitzan.

POLONI: Zure maitasunaren burutik egina?

OPELE: Ez dakit, jauna; baina horren beldur naiz.

POLONI: Zer esan zizun?

OPELE: Eskumuturretik heldu ninduen, gogor estutuz; alde egin zuen gero, bere besoaren luzeran eta, beste eskua bekoki gainean honela jarrita, nire aurpegia aztertu zuen adi-adi, irudi egin nahi bailukeen. Luzaro egon zen horrela. Gero, nire besoa leunki astindurik, eta honela hirutan buruari goitik behera eraginaz, bere izate guztia zatikatu eta bere biziaren amaira iritsia zela zirudien; halako hasperen barna eta mingarria egin zuen. Berehalaxe, utzi egin ninduen eta, bizarra lepoan, aterantz joan zen, begien laguntza gabe, eta azken uneraino haiek niregan tinka zituelarik.

POLONI: Zatoz nirekin. Errege ikusi behar dut. Maitasunezko zorakeria da hau, beraren indarraz bere burua ezerezturik, zentzugabeko ekintzetara nahimena daroana, gu nekarazten gaituztenetako edozein grinak baino gehiago. Damu naiz. Hitz gogorren bat esan al dizu orainago?

OPELE: Ez, jauna. Agindu zenidanez, ordea, haren idazkiak itzuli eta niregana hurreratzea eragotzi egin diot.

POLONI: Horrexek zorarazi du. Garbai naiz ardura eta zentzu gehiagoz hura ohartu ez izana. Zu galtzeko asmotan baizik ez zebilela eta beldur izan nintzen. Baina madarikatuak nire susmoak! Ala Jainkoa, gazteei zentzugabe izatea bezain berezko zaigu gure adinekoei, gure iritzietan lerrotik haragotzea. Goazen erregegana. Jakin behar du guztia. Maitasun hau estaltzeak nahigabe gehiago ekarri baititzake, bere agertzeak gorroto baino.

 

 

 

BIGARREN AGERRALDIA

 

Gazteluko areto bat.

 

Turutotsa, ERREGEA, ERREGINA, ROSENCRANTZ, GUILDENSTERN eta laguntza.

 

ERREGE: Ongi etorriak, Rosencrantz eta Guildenstern maiteok! Zuek ikusteko genuen gogo biziaz gainera, zuen laguntzaren beharrean bagaude ere: horregatik eratorri zaituztegu heriosuhar. Baduzue noski, Hamleten aldatzearen berri. Honela diotsat, ez barrenean, ez azalez, ez delako zenaren antzekorik. Ezin iduri dezaket zer ote liteken, bere aitaren heriotza ez bada, horrela burutik eragin duena. Eskatzen dizuet, arren, bioi, txiki-txikitatik harekin hazi eta zuen gaztetasun eta atseginetan horren aldekoak zatzaizkioten ezkero, hemen gure jarraigoan egoteko aldi batekoz. Lagundu ezazue, atseginetara zirikatu eta, garaiak eskainiko dizkizuen zantzuak oro bilduz, atsekabetzen duen isil-gaitzaren berri eman diezagukezue; hura agertu ezkero, senda dezakegun.

ERREGINA: Zaldun onak, bera asko mintzatu da zuetaz, eta etsita nago ez daudela ludian bi gizon maiteago dituenik. Zuen gizabide eta gogo ona agertuta, gurekin aldi bat igaro nahi baduzue gure itxaroa bizkortu eta suspertzeko, zuen gizakerak, errege baten bihotzari dagokion esker ona hartuko du.

ROSENCRANTZ: Zuek, errege-erregina horiek, gure jaun eta jabeak zarete eta zuen nahi itzalgarriak agindutzat dauzkagu; ez dago haren beharrik.

GUILDENSTERN: Gertu gaude biok men egitera, eta hemen gauzkazue, oso eta bizi, zuen oinetan agindu diezaguzuenerako.

ERREGE: Eskerrik asko, Rosencrantz eta Guildenstern zintzo hori.

ERREGINA: Eskerrik asko, Guildenstern eta Rosencrantz zintzo hori. Nire gehiegi aldatutako semea ikusazue, arren, laster. Zoazte, zuetako batzuk eta bidatu zaldun hauek Hamlet dagon lekura.

GUILDENSTERN: Jainkoak nahiko al du gure lagungoa eta ardurak atsegin eta on dakizkiola.

ERREGINA: Bai; hala biz!

 

(ROSENCRANTZ eta GUILDENSTERN irteten dira jarraigoaren lagun batzuekin).

 

POLONI sartzen da.

 

POLONI: Nire jaun ona, geznariak poz-pozik itzuliak dira Norvegiatik.

ERREGE: Beti izan zara berri zorionekoen aita.

POLONI: Benetan, jauna? Egiatzat eduki; nire bakaldun on horrek, nire morroi-lan guztiak, nire gogoa bezala, Jainkoari eta nire errege maiteari eskaintzen dizkiedala, eta, nire burumuin honek, ohi bezain eskierki, azpikeria baten aztarnak hartzen ahaztu ez badu, Hamleten zorotasunaren egiazko erroa atzeman dudala uste dut.

ERREGE: Oi, esadazu; entzun minez nago.

POLONI: Aditu, arren, lehenago, geznariei; nire berriak, orrits handi horren mahai-azken izango dituzu.

ERREGE: Emaiezu zeuk ongi etorria eta sarraraz itzazu. (POLONI irteten da). Zure semearen nahasduraren iturburua idoro duela ziraustan, ene Gerturde maitea.

ERREGINA: Bere aitaren heriotza eta gure ezkontza lasterra besterik ez dagola uste dut.

ERREGE: Ongi da, iztertuko dugu.

 

(POLONI sartzen da berriz, VOLTIMAN eta KORNELLI-rekin)

 

          Ongi etorriak, nire adiskide onak! Esadazu, Voltiman, zer berri gure anaia [18] Norvegiako erregeagandik?

VOLTIMAN: Agur eta opa atseginenak bihurtzen dizkizu bihotzez. Aurrenik, bere lobaren iskilutza, poloniarren aurkako gerkuntzat zeukana, baina, hobeki begiratuta, egiatan Zure kalte zela ohartu zena, geldiarazteko agintza eman zuen. Horregatik, bere eria, bere adina eta ezina direla eta egindako gehiegikeriak suminduta, Fortinbras giltzapean sartzeko agindu du. Honek, berehala malguturik, erregearen ahakarra hartu eta Zure kaltezko iskilu-ekintzak inoiz ere ez dituela asmatuko zin egin du bere osabaren aurrean. Hori dela eta bakaldun zaharrak, pozez beterik, hiru mila koroa urteroko zergatzat eman dizkio eta bildu zituen gudariak, poloniarren aitzi erabiltzeko eskubidea. Orobat, hementxe zehatz azaltzen den eskaria (idazki bat damaio) egiten dizu: eginkizun horretarako damaiozula, arren, zure jaurerrian barna igarotze zabala, hortxe idatzitako berme eta segurantzazko baldintzen pean.

ERREGE: Ongi deritzagu. Mugonez irakurri eta, arloa gogoan irauli ezkero, erantzungo dugu. Anartean, har itzazue eskerrak, horren ederki bururatu duzuen lanagatik. Zoazte atseden egitera. Gau honetan mahaikide izango zaituztet oturuntzean. Ongi itzuliak.

 

(VOLTIMAN eta KORNELLI irteten dira).

 

POLONI: Ongi burutua dugu hazi-orrazi hau. Nire nagusia eta nire andre hori: erregetza zer izan behar litzaken, menpetasuna zer den, zergatik eguna egun, gaua gau eta aldia aldi den eta jardutea, gaua, eguna eta aldia galtzea besterik ez litzake izango. Beraz, laburtasuna adimenaren hatsa den ezkero, eta bere hazpegi eta ateko apainak gogaikarriak direla, labur izango naiz. Zuen seme zintzoa ero dago: ero esan behar dena; izan ere, egiazko erotasuna xedatzeko, zer besterik da, norbera ero egotea baizik? Baina, utzi dezagun hori.

ERREGINA: Mami gehiago eta hitz eder gutxiago.

POLONI: Ez naiz ari hitz ederretan, andrea; zin dagizut. Ero dagola egia da; egia da tamala dela, eta tamala da egia izatea; irudi huts bat dugu hau, baina agur hari, ez baitut hitz ederrik erabili nahi. Har dezagun, ba, ero dagola eta orain bilatu behar dugu, ondo honen hondapea edo, hobe esateko, huts honen hondapea, hutsdun ondo hau, hondape batetik baitator. Horrela, ba, gainerakoa gaineratuko dut [19]; gomazue. Nik badut alaba bat —eta badut nirea deino— bere menpetasun beharra beteta, aizue, hau eman didana, Ohartu eta hausnartu orain:

 

(Irakurtzen du)

 

          «Nire gogoaren kutun zerutarrari, Opele eder-edertuari». Esakera txar bat da hau, esakera zakar bat. «Edertua» esakera zakar bat da, baina adi ezazue:

 

(Irakurtzen du)

 

          «Bere kolko bikain elurrezkoan»... hauek eta abar.

ERREGINA: Hamletengandik hartu al zuen hori?

POLONI: Itxaron apur batez, andre on hori; irakurriko dut zinki.

 

(Irakurtzen du)

 

                    «Zalantzatu izarren suaz

                    eta eguzkian argiaz;

                    zalantzatu egiaz beraz;

                    ez nire maitasunaz».

          «Ene Opele maitea! gutxitarako nauzu hitz neurtuetan; nire intziriak hainbatzeko artezirik ez dut; maite-maite zaitut, ordea. Oi, bai, maiteena; sinets egidazu. Agur! Zurea betiko, bihotzeko kutuna, tramankulu hau nire dukedan artean. Hamlet»

          Nire alaba esanginak erakutsi dit hau, niri agertuz gainera haren maiteketak, aldi, leku, eta erazko zehatz guztiekin.

ERREGE: Nola hartu du berak, ordea, haren maitasuna?

POLONI: Nortzat naukazu?

ERREGE: Gizon zintzo eta zindotzat.

POLONI: Egiztatu nahi nizuke hori. Zer uste izango zenuten, ordea nitaz, maitasun gartsu hori aurreratuz zihoala ikusi eta ikusi nuen bezala, esan behar dizuet, nire alabak horretaz hitz egin zidan baino lehen, zer uste izango zenuen nitaz, Jauna, edo zer uste izango zuen nire erregina maiteak, idazkola nahiz oroit-idazti bat iduri, nire bihotzaren begiak itxi eta, ez jakin, ez entzun eta ez ikusi egin baldin banu horrelako maiteketan? Ez, zuzen-zuzen harira joan eta, nire neskatilari horrela esan nion: «Hamlet jauna, erregeseme bat da eta ez dagokizu; ezin izan liteke hori». Eta berehalaxe, haren agertuak ukatzeko, mezuak ez onartzeko eta oparirik ez hartzeko agindu nion zorrozki. Berak, nire aholkuen zitua jaso eta, bete du esana eta Hamletek, bere burua ezetsia ikusirik —labur esateko— beltzurara jo zuen, gero gogorik ezera, handik logabera, honetatik makaltasunera, geroago, buruarinkeriara, eta gainbehera hau hartuta, orain burutik eragiten duen eta guztiok negar dagigun zorotasunera.

ERREGE: Hori dela uste al duzu?

ERREGINA: Izan liteke, noski.

POLONI: Inoiz gertatu al da —jakin nahi nuke—, «Hori horrelaxe da» nik argi eta garbi esan eta gero bestela agitzea?

ERREGE: Behin ere ez, nik dakidala.

POLONI: Honako hau bestelakoa bada, hau honetatik berezi ezazue (burua eta soina behatzaz erakutsiz). Gertakariak lagun baditut, agerraraziko dut egia, nonahi ezkutatzen dela, lurraren pean bada ere.

ERREGE: Nola hauteman genezake areago?

POLONI: Badakizue, hemen solairuon egurasten orduak ematen dituela, batzutan.

ERREGINA: Horrela egiten du, egin ere.

POLONI: Garai horretan, ba, alaba harenganako dut; zu eta biok orduan, kurtxoinen ostean jarri eta elkar-aurkitzeari kirika gagozkio. Maite ez badu eta adimena galdu duelako karia hau ez bada, edozein jaurlaritza lanbide utzi eta joan nadin landetxe batera uztar behiak zaintzera.

ERREGE: Saiatuko dugu hori.

ERREGINA: Begirazue, ordea, gizagaisoa zein goibelik datorren irakurtzen.

POLONI: Alde egizue, arren, alde egizue biok. Oraintxe alboratuko natzaio. (ERREGEA eta ERREGINA irteten dira laguntzarekin)

 

(Sartzen da HAMLET irakurtzen ari dela).

 

          O, barka nazazu; nola zaude, jaun hori?

HAMLET: Ongi, Jaungoikoari eskerrak.

POLONI: Ba nazaguzu, jauna?

HAMLET: Oso ongi. Arraindun [20] bat zara.

POLONI: Ni ez, jauna.

HAMLET: Izango al zara, bada, hain eskugarbia!

POLONI: Eskugarbi, jauna!

HAMLET: Bai, jauna. Eskugarbi izatea, gaur, gizartea dabilen eraz hamar mila artean hautatutako gizon bat izatea da.

POLONI: Hori oso egia da.

HAMLET: Eguzkiak, bada, zakur hil batengan harrak sorrarazten baditu, haragi ustelari musu damaion jainko bat izanik... Alaba bat al duzu?

POLONI: Badut, jauna.

HAMLET: Ez iezaiozu utzi, bada, eguzkitan egurasten. Sortzea goi eskerra da; ez, ordea, zure alabak sortu lezaken eraz. Begira gero hori, adiskide.

POLONI: Zer esan nahi duzu horrekin? (Berezian) Beti nire alabaren leloa! Hasieran, ordea, ez ninduen ezagun. Arrainduna nintzela esan zuen. Ero jokatua dago! Eta, egia esateko, ni ere gaztetan, maitasunagatik gorriak ikusi eta, horrelatsu ibili nintzen. Mintzatuko natzaio, berriz ere. Zer ari zara irakurtzen, jauna?

HAMLET: Hitzak, hitzak, hitzak...

POLONI: Zeri buruz, jauna?

HAMLET: Nortzuen artean?

POLONI: Irakurtzen duzuna, zeri buruzkoa den, esan nahi dut, jauna.

HAMLET: Irainak, jauna. Idazle mardailari honek baitio, zaharrek bizarra urdinarrea daukatela, beren begitarteak zimurrez josirik daudela, beren begiek anbar lodia eta aranondo gerlia dariela eta senean huts handia, bai eta ere ipurmamietan lazokeria dituztela. Guzti hau, nire jauna, nik begi itsutan sinesten badut ere, ez deritzat egoki hitz hauen bidez esatea. Zeu, bada, jauna, ni bezain zaharra izango zinateke, karramarroen antzera atzerantz ibil bazintezke.

POLONI (berezian): Nahi eta guzti hau erokeria izan, badago, alabaina erabide hartan. Etorri nahi duzu haize-ezkutura?

HAMLET: Nire hilobira?

POLONI: Egon ere, haize ezkutuan dago hori. (Berekiko) Bai harirakoak direla bere ihardetsiak batzuetan! Erotasunak maiz asmatzen dituen bulko zorionekoak, zentzunak eta gogamenak hain halabeharrez argitara ezin emango liratekeenak. Utziko dut orain eta hura eta nire alaba elkar-aurkitzeko bideak atonduko ditut berehala. (HAMLETi) Nire jaun itzalgarri hori, apalik hartzen dut zuregandik alde egiteko baia.

HAMLET: Ezin dezakezu, jauna, niregandik hartu, nik gogotikago eman nezaken gauzarik... nire bizia ez bada, nire bizia ez bada, nire bizia ez bada.

POLONI: Ongi izan, jauna.

HAMLET: Hauek agure kaiku gogaikarriok!

 

(ROSENCRANTZ eta GUILDENSTERN sartzen dira)

 

POLONI: Hamlet jaunaren bila zabiltzate? Hortxe duzue.

ROSENCRANTZ (POLONIri): Jainkoak lagun dagizula, jauna.

 

(POLONI irteten da).

 

GUILDENSTERN: Nire nagusi itzalgarri hori!

ROSENCRANTZ: Ene jaun maitea!

HAMLET: Nire adiskide on, bikainak! Zer modu, Guildenstern? Kaixo, Rosencrantz! Nola zaudete biok, mutil jatorrak?

ROSENCRANTZ: Lurreko seme nolanahikoak bezala.

GUILDENSTERN: Zoriontsuak zoriontsuegiak ez baikara. Zoriaren buruko gailurrean ez gaude.

HAMLET: Ez eta haren oski-azpietan ere?

ROSENCRANTZ: Ezta ere, jauna.

HAMLET: Horretara ezkero, haren gerri aldean bizi zarete, hots, haren kutunkerien erdokian.

GUILDENSTERN: Haren kutunak gara, beraz.

HAMLET: Zoriaren toki ezkutuenak? Oi, egia da hori; urdanga bat da. Zer berri?

GUILDENSTERN: Bat ere ez, jauna; gizartea zintzotuz doala baizik.

HAMLET: Ebazteguna hurbil dugu, horrela ezkero. Berri hori, ordea, ez da egia. Utzidazue zehatzago zuei galde egiten; zer egin diozue Zoriari, ene adiskide onak, hark espetxe honetara zuek bidaltzeko?

GUILDENSTERN: Espetxera, jauna?

HAMLET: Danimarka espetxe bat da.

ROSENCRANTZ: Lubila ere izango da, geroztik.

HAMLET: Bai eta espetxe eder bat gero; gela, leotz eta ziega asko dituzue bertan eta Danimarka txarrenetariko bat da.

ROSENCRANTZ: Ez dugu horrelako usterik, jauna.

HAMLET: Ez da, beraz, zuentzako izango. Ez baitago ezer onik ez txarrik gogamenak halako egiten ez badu. Niretzat espetxe bat da.

ROSENCRANTZ: Zure handinahiak horrela iruditzen du, orduan. Estuegia da zure gogorako.

HAMLET: Ene Jainkoak! Intxaur kusku batean hertsirik egon ninteke eta leku bazter-gabeko bakalduntzat edukiko nuke nire burua, amets txarrok ez banitu.

GUILDENSTERN: Amets horiek ez dituzu, noski, handinahia baizik; handinahiaren gaia bera, amets baten itzala besterik ez baita.

HAMLET: Ametsa bera ez da itzal bat baizik.

ROSENCRANTZ: Baiki; eta handinahia, itzal baten itzala baizik ez dela uste dut; hain haizezko eta hutsezko dugu hura.

HAMLET: Gure eskaleak gorputzak dira, beraz, eta gure bakaldunak eta gizaguren harroputzak eskaleen itzalak. Joango gara jauregira? Nire burua, egia esan, ez dago gogoetan aritzeko.

ROSENCRANTZ eta GUILDENSTERN: Zure agindu pean gauzkazu.

HAMLET: Ez horrelakorik. Ez zaituztet nire gainerako otseinarekin bat egin nahi; oso gaizki ari dira gero nire morrontzan, egia garbi esateko. Baina, hemen lagun artean, zertara etorri zarete Elsinorera?

ROSENCRANTZ: Zu ikustera, jauna, ez beste edozertara.

HAMLET: Behartsua naiz, eskerretan ere urri; esker dagizuet, ordea, adiskide maiteok; nire eskerrek lauziriko bat balio ez badute ere. Ez al dizuete agindu etortzeko? Zeuen oldez eta eragitez etorriak zarete? Hots, hots, zabal zaitezte nirekin. Tira, tira, hitz egizue.

GUILDENSTERN: Zer esango dizugu, jauna?

HAMLET: Edozein gauza, baina harira datorrena. Zuek deituak izan zarete eta baduzue begietan, zuen herabeak estaltzeko antze nahikoa ez duen aitor halako bat. Badakit errege eta erregina onak agindu dizuetela etortzeko.

ROSENCRANTZ: Zertarako, jauna?

HAMLET: Zeuk azaldu behar didazue hori. Baina gure laguntasunaren izenean, adinaren kidetasunagatik, gure etengabeko adiskidetasunaren eginbeharragatik, eta legegizon trebeago batek gora diezazuekeen edozer ere maiteagogatik, zabal eta egiatiak zakizkidatela daskaizuet, arren: deituak izan zarete ala ez?

ROSENCRANTZ (berezian GUILDENSTERNi): Zer diozu zuk?

HAMLET (berekiko): O, ez zaituztet begitik kenduko! Maite banauzue, ez egidazue ezer ere estali.

GUILDENSTERN: Jauna, eratorri gaituzte.

HAMLET: Nik esango dizuet zergatik. Honela, nire esanaz zuen aitorrei aurrea hartuta, errege eta erreginarekiko zuen isilpekoak ez da luma batez bipilduko. Orainagotik —zergatik ez den ez dakidala—, poza osoro galdu eta nire ohiturazko ariketak utzi ditut. Eta nire aldartea hain goibela da eta egintza harrigarri hau, lurra konkor elkor bat iruditzen zait. Trozel eder-eder hori, eguratsa, gure gainean zintzilika dakusazuen ortzi distiratsu hori, urrezko txindarrez jositako goi eder hori, lurrun-pil zikin eta izurritsu bat baizik ez zait iruditzen. Gizona bai dela lan betegina! Bai handia gogamenez! Egimenetan bai amaigabe! Bere tankera eta higikunetan bai argi eta harrigarria! Bere egipenetan bai aingeru-antzeko! Adimenez bai Jainko iduriko! Lubilaren edertasuna! Izakien eredua! Hori eta guzti ere, zer da niretzat hauts pila hori? Ez nau gizonak gozarazten, ez, eta emakumeak ere, nahiz eta zuen irribarreaz, zuek baietz adierazi.

ROSENCRANTZ: Ez nuen horrelakorik gogoan, jauna.

HAMLET: Zergatik barre egin duzu, ba, «ez nau gizonak gozarazten» esan dudanean?

ROSENCRANTZ: Gizonarengandik atseginik hartzen ez baduzu, antzezlariei garizuma-txera egingo diezula gogoratu eta. Bidean jarrugi ditugu eta honantz badatoz, beren lanak zuri eskaintzeko.

HAMLET: Errege iduria dagiena, ongi etorria izango da; bere erregetzak hartuko du nire zerga. Zaldun ibilkariak bere ezpata eta babeskina erabiliko ditu; maitalea ez da alferrik adiakatuko; aholarriak narerik bukatuko du bere eginkizuna; jostariak par eragingo die birika karkaberak [21] dituztenei eta andereak zabalki agertuko digu bere gogamena ala neurtitzak motz egingo du horregatik. Zein antzezlaritsu dira horiek?

ROSENCRANTZ: Beti hain gogoko izaten zitzaizkizun haiek berak; hiriko trajikoak.

HAMLET: Zer dela eta alderrai dabiltza? Hobe izango litzaieke, bai beren izen onerako, baita beren onurako ere, leku batean egotez egotea.

ROSENCRANTZ: Uste dut oraitsuko berrizteak galarazten diela.

HAMLET: Irian egon nintzenean bezain goragarriak al dira? Hain bilatuak?

ROSENCRANTZ: Ez, egiten, ez.

HAMLET: Zer dela eta? Hondatu al dira?

ROSENCRANTZ: Ez, jauna, ahaleginean ari dira, ohi bezala. Badago, ordea, haur habialdi bat [22], arrautz-kuskutik irten berria, ezin gehiagoraino oihu egin eta horrengatik izugarrizko txaloak hartzen dituena. Sapa handia dute orain, eta antzoki zaharrak —horrela dasaiete— hainbeste gaitzirizten dituzte ezpatadun lagun asko ate-lumen beldurrez, ozta-ozta ausartzen dira haietara joaten.

HAMLET: Haurrak dira, beraz? Eta nork elikatzen? Nola ordaintzen? Ez ote dute beren bizibidea mintzaldatzeaz batera galduko? Eta gero, antzezlari noiznahikoak egiten badira —eta noski baino noskiago da hori eskuartez hobetzen ez badira— ez al dute esango beren idazlariek gaitz egin dietela beraien etorkizunaren kalte haiei hots eragin eta?

ROSENCRANTZ: Egiteko asko eman dute, noski alde bietatik. Eta herriak ez du ogentzat hartzen haiei liskarrera zirikatzea. Aldiko batean, ez zen dirurik ateratzen antzerki batetik, olerkaria eta antzezlaria elkarri mutur-joka ari ez baziren.

HAMLET: Ba liteke hori?

GUILDENSTERN: Ene! buru hautsi asko izan dira, izan ere.

HAMLET: Eta mutikoak gainetik irteten al dira?

ROSENCRANTZ: Baiki, jauna, baita Erkulen gainetik ere, haren makiltzarra eta guzti [23].

HAMLET: Ez da harritzeko; nire osaba baita Danimarkako errege eta iseka zegiotenek, nire aita bizi zela, hogei, berrogei, berrogeita hamar eta ehun dukat ere, badaramatzate haren antzezkino baten orde. Jainkoaren odola! badago honetan izatezkoa bainoago den zertxobait, jakintzak argitu ahal baleza.

 

(Turutotsak barrenan).

 

GUILDENSTERN: Baditugu hemen antzezlariak.

HAMLET: Zaldunok, ongi etorriak Elsinorera. Hots, ekar itzazue bosteko horiek. Adeia eta gizabidea abegiaren lagunak dira. Ari nadin honela zuekin, antzezlariekiko nire gizakera (zabalki agertuko dudana, esan dizuedanez), zuekikoa baino handiagoa irudi ez dadin. Ongi etorriak, ba. Nire osaba-aita eta nire izeba-ama ordea, oker daude.

GUILDENSTERN: Zertan, ene jaun maitea?

HAMLET: Ni ez nago ero, ipar-ipar-sartaldekoaz baizik; hego haizea danean, badakit aztorea eta mirotza zein zein den.

 

(POLONI sartzen da berriz).

 

POLONI: Zorionak, zaldunak.

HAMLET: Aizu, Guildenstern; bai eta zuk ere; belarri bakoitzari entzule bat. Hor dakusazuen haur handikote hori ez da oraindik pixoihaletatik atera.

ROSENCRANTZ: Haietara itzuli edo da; agurea birritan haurra baita, esaten denez.

HAMLET: Antzezlariez mintzatzera datorkidala iragartzen dizuet. Gomazue. Egia diozu, adiskide, astelehen goizean izan zen, izan ere.

POLONI: Jauna, baditut zuretzako berriak.

HAMLET: Jauna, baditut zuretzako berriak, «Erroski Roma-n antzezlari zenean...

POLONI: Antzezlariak helduak dira, jauna.

HAMLET: Atx, atx!

POLONI: Alafede!...

HAMLET: «Antzezlari bakoitza iritsi zen, bere astoaren gainean...»

POLONI: Eguzkiaren azpian ez duzu antzezlari hoberik: ikarazko, barrezko istorio eta artzain antzerkietan: artzain-barre-antzerki, istorio-artzain-antzerki, eta barre-ikara-istorio-artzain antzerkietan. Agerraldi ataldu ezina nahiz poema mugagabea. Haientzat Seneka ez da sakonegi ez Plaut arinegia. Nahiz idatziaren arabera, nahiz gertu gabe esateko, berdin gabeko dituzu.

HAMLET: «O, Jepte [24], Israel-go ebazle, hori altxorra zeneukana!»

POLONI: Zer altxor zeukan, jauna?

HAMLET:

                    «Maite-maite zuen alaba

                    eder bat, besterik ez».

POLONI (berekiko): Beti nire alabarekin!

HAMLET: Ez al naiz artez, Jepte zaharra?

POLONI: Jepte baldin baderiztazu, jauna, izan ere, badut maite-maite dudan alaba bat.

HAMLET: Ez, hori ez darraio.

POLONI: Zer darraio, ba, jauna?

HAMLET:

                    «Zoritxarrean, ordea,

                    Jainkoak hala nahi eta...»

          Eta gero badakizu:

                    «Beldur izateko izan,

                    eta hala gertatu zen...»

          Eresi jainkotiar honen lehenbiziko ahapaldiak zerbait gehiago irakatsiko dizu. Baina horra hor nire laburtzaileak; begira.

 

(Lau-bost ANTZEZLARI sartzen dira)

 

          Ongi etorriak, maisuak. Ongi etorriak, guztiak. Hi ongi ikusteaz pozten nauk. Ongi etorriak, adiskide onak!

          O, nire lagun zahar! Aurpegia liztatu zaik bizarrez ikusi hindudanetik. Bizarretara igoko ote hatzait Danimarkan? Agur ene andereño eta jabe hori! Aladonea! azkenalditik oski-zola baten goibez zerutik hurbilago zaude. Jainkoak detsala zure ahotsa [25] ez dabilen urre-diru bat antzo, estunaren barneraino ez zartatzea. Maisuak, ongi etorriak, guztiak. Hots, goazen harira, ikusten den edozertara hegaz dagiten Frantziako aztoredunak iduri [26] betor, berberean, esaldi bat; tira, zuen antzearen erakuski bat emaguzue; hots, zati leratsu bat.

LEHENBIZIKO ANTZEZLARIA: Zein zati nahi duzu, jauna?

HAMLET: Behin batez, entzun nian esaten, inoiz ez edo, izatekotan ere, behin baizik ez antzeztutako bat; antzerkia, ba oroitzen naukanez, ez ukan ostearen gogoko izan, ez ukan lagunabarraren ahorakoa; baheukan, ordea, —nire iritziz eta horrelako gaietan nire gaineko besteen aburuz— antzerki bikaina, bere agerraldietan ongi eratua, eta neurriz bezain antzez idatzia. Oroitzen nauk norbaitek esan ziala ez zegoela neurtitzetan gaia ontzeko behar zen gatza, ezta esakuntzan ere, egilea irudiduntzat salatzeko ezer; baina ezagutzen zian, era egokiz idatzia zegoela, sendoa bezain apaindua eta askozaz politagoa distiratsua baino. Bazagok hartan, atsegin-atsegin dudan zati bat; Enea-k Dido-ri zegioan jaulkia; eta, batez ere, Priam-en heriotzazko idazkunea. Gogoan bizi badaukak, has hadi neurtitz honetatik: ea, ea...

                    «Pir uzua, Hirkaniko piztia antzo...» [27]

          Ez, ez da horrela, Pir-ez hasten duk bai...

                    «Pir uzuak, gau antzerko bere iskilu ilunekin

                    bere asmoa bezain beltzak ziruditenak etzin

                    zenean harako zaldi gaizkinaren barnean. [28]

                    bere irudi ikaragarri eta iluntsua, oraingoan,

                    are beltzago darakus, guztia zikindua

                    taburutik oinetara gorri-gorri eginda,

                    aita, ama, seme eta alaben odolaz margoturik;

                    beren jaunaren heriotza ankerrari gaiztorik

                    argi dagion karrika irazekien sutzar

                    gorriak gogortutako odola. Eta, su eta gar,

                    odol guriz lohitu eta begiak ikatz gori,

                    Pir gaizkinak Priam zaharra bilatzen laster dagi».

          Orain hik.

POLONI: Ala Jainkoa, jauna, ongi esana, oguzkera on eta adierazkera bikainez.

LEHENBIZIKO ANTZEZLARIA:

                    «Berehala idorotzen du gerkarrak ahulik jotzen,

                    besoari ezpata zaharrak uko diola egiten,

                    erori eta bertan datza, hezigaitza agintzari.

                    Pir, liskar ez-berdinean, oldartzen zaio Priami.

                    Amorruak itsuturik, arbel dago, baina,

                    bere ezpataren burrunba eta haize-bolada hutsaz,

                    agure herbala da erortzen. Ilion gorrak orduan,

                    kaskada horrek bere bihotz erdian uki bailuen,

                    haien oinarri gainean harresi eta sabaiak

                    malgutu eta erroizten ditu dunbotsez, belarriak

                    Piri menpetzen dizkiola; begira, ba, Priamen

                    buru zurian gainean, anker erortzeko urren

                    zegoen bere ezpata, haizean iltzatua dirudi.

                    Horrela, tirano baten itxuradun, asmoari

                    eta eginari ez-axola, Pir gelditzen da igige.

                    Baina, sarri ikusten denez, ekaitz aurrean, bare

                    isila zeruan dago, odei lodiak geldi,

                    ipar haizea mintzulik, behean lurra hila irudi;

                    eta bat-batetan, ostotsak eztanda dagi ortzian

                    haizea urratuz; horrela, geldiune horren ondoan,

                    esnaturiko asper-nahiak, berriz Pir du eragiten,

                    eta, beti irauteko landu Marten burdin-jantziaren

                    gainean, inoiz ez ziren erori gogorrago

                    tartaren mailuak, orain Piren ezpata baino

                    Priamen gainean. Ut, ut! zu, Zoria, zirrilda!

                    Zuek, jainkoak, batzarre nagusian bildu eta

                    ken iezaiozue ahalmena, zatitu haren gurpil

                    uztai eta erro guztiak eta gurpegia amil

                    ezazue behera su-leze barneraino»...

POLONI: Luzeegia da hori.

HAMLET: Bizarginenera doake zure bizarrekin. Jarraitu arren, narritak edo izkirimiri lizunak behar ditu honek; bestela loak hartzen du. Jarrai, gatozan Hekubegana.

LEHENBIZIKO ANTZEZLARIA:

                    «Baina, ondikotz! erregina zabarrik estalia...»

HAMLET: «Erregina zabarrik estalia?»

POLONI: Ongi dago hori; «Erregina zabarrik estalia», ongi dago.

LEHENBIZIKO ANTZEZLARIA:

                    «Han ikusi lukeenak, oinutsik, lasterketan,

                    itsutzen zuen negar-uraz garrekin gudaketan,

                    lehen buruntzaz esturiko burua zapi batez

                    jantzia eta, soineko orde, erditzearen erditzez

                    zimeldu-alboen inguruan burusi bat daroala,

                    ikara eta iskanbilaren erdian atzitua;

                    hauxe ikusi lukeenak, zitalkatu-mingainez.

                    Zoriaren ahalmen aurka, hasiko zen irainez

                    Jainkoek berek, ordea, ikusi balute orduan,

                    senarraren soin-atalak zekatuz Pirek hartzen zuen

                    poz gaiztoa zekusala, egin zuen alarao-hotsak,

                    (lur-gauzei ez badira osoro ez-axolak)

                    Jainkoak bigundu eta zeruko begi gartsuei

                    negar eragingo zien»...

POLONI: Ikusazue nola aldatu den margoz! Eta badu begietan negarra... Aski da, arren.

HAMLET: Ongi da. Gero esango didazu gainerakoa. Nire adiskide ona, zure gain antzezlariei ostatu ona ematea. Entzuten nauzu? Ongi hartu itzazu, aldiaren laburgoa eta istorio gutxitua dira-eta. Hobe zenuke hilartiz txar bat heriotzaz ostean, haien esan maltzurrak bizi zareino baizik [29].

POLONI: Merezi duten bezalaxe ariko naiz haiekin, jauna.

HAMLET: Arren, gizona, askozaz hobeki; edozein gizoni merezi duena badamaiozu, nork ihesi astinaldi batetik? Har itzazu, zeure zintasun eta nagusitasunaren arauz; haiek gaiezago eta zure eskuzabaltasuna sarigarriago agiriko da. Eraman itzazu.

POLONI: Zatozte, jaunak.

HAMLET: Zarraizkiote, adiskideak; bikar dukegu antzerki-jaia. (Irteten da POLONI antzezlari guztiekin, lehenbizikoaz landa) Entzun, lagun zaharra, antzeztu al zenezake «Gonzago-ren heriotza?»

LEHENBIZIKO ANTZEZLARIA: Bai, jauna.

HAMLET: Antzeztu egingo dugu bihar gauean. Nik idatzi eta antzerkian artetuko nukeen hamabi hamaseitsu neurtitzeko hitzaldi bat, ikasi zenezake, behar balitz, ezta?

LEHENBIZIKO ANTZEZLARIA: Bai, nire ugazaba.

HAMLET: Ederki. Zoaz zaldun horrekin eta ez egiozu irri, gero. (LEHENBIZIKO ANTZEZLARIA irteten da). Nire adiskide onak, uzten zaituztet gauera arte; ongi etorriak Elsinorera.

ROSENCRANTZ: Nire jaun ona!

HAMLET: Bai, zoazte Jainkoarekin! (ROSENCRANTZ eta GUILDENSTERN irteten dira). Banago bakarrik. Ene, bai gaizo errukarria naizela! Ez al da ikaragarria gero, antzezlari horrek, irudi hutsez baizik, ametsezko grinaz, bere gogoari beraren oldearen arabera horrela indar egin ahal izatea, ahalik eta aurpegia zurbildu, begiak negarrez bete, begitartea bestetu, mintzoa moteldu eta bere izate osoa azalez bere gogomenarekin bat etorrarazteraino? Eta guztia hutsagatik! Hekubegatik! Zer da Hekube beretzat edo bera Hekuberentzat, honen helkaitzak negar egiteko? Zer egingo luke berak, nik ditudan grina-bultzagaiak balitu? Urpetu egingo luke antzokia negarrez, alarao izugarriz ostearen belarriak urratuz; burutik eragingo luke hobenduna eta errugabea ikaratuko, ez-jakina nahasi eta gure ikusmena eta entzumena berak harritu egingo lituzke. Ni, ordea, zital, zain-hil, koloko hau, Astokilo bat iduri, neure auziari ez-axola, hemen nago zer esan ez dakidala. Ez eta azpikeria gaizkin batek ogasuna eta bizia kendu zizkion errege baten alde ere. Koldar bat ote naiz? Nork doilorra deitu, burua erditik hautsi, bizarrak idoki eta haiek aurpegira haizatu, sudurretik heldu eta gezurra eztarrian barna birikietarainoxe egotzi egingo dit? Nork? Ene, ala Jainkoa, jasan behar dut guzti hori, zapaldiaren mingotsa hartzen ez duen behazunik gabeko uso-gibela baita nirea, izan ere; osterantzean, aspaldian gizenduko nituen zeruko miru guztiak jopu horren gibelerraiez. Doilor, odolkoi eta likits hori! Doilor, anker, etoi, lizun, bihotz-igar hori! Oi, asperkunde! Baina, ni naiz astotzarra! Hauxe dut gogorrena: nik, hilarazitako aita maite baten seme honek, hura apentzeko zeru eta lurrak axatutako honek bihotza hitzen bidez lasaitu behar, emagaldu bat iduri, eta ainenka ile harro nahiz sukalde-morroi bat antzo! Hau lotsa! pu! Hots, ene burumuina! Entzunik nago gizaki errudunek, antzerki-jai bat zekustelarik, ikusgaiaren irudi hutsak eraginda, ber-bertan, beren gaizkiak ageri egin dituztela. Gaizkiak, mingainik ez badu ere, bide harrigarrienez hitz dagike eta. Antzezaraziko diet antzezlari horiei, nire osabaren aurrean, nire aitaren heriotzaren idekotsu zerbait. Haren begitartea ohartu eta muinetaraino aztertu egingo dut hura; ikaratuxe egiten bada, badakit nire eginbidea. Ikusi dudan iratxoa, tuxuria izan liteke (tuxuria oldezko tankeraz agertu daiteke-eta) bai eta, beharbada, nire ahultasun eta beltzuraz baliatu eta, honelako aldartetan oso indartsua baitugu, iruzur egiten dit infernura nadin. Sinesbide eragintsuagoak behar ditut. Antzerkia, erregearen barnea atzemango dudan sarea da.

 

 

 

18. «Anaia». Erregeek elkarri ematen diete izen hori.

19. Badaukagu hemen, berriz, Shakespeare hitz-jokotan; izan ere, bada zale.

20. «Fish-monger» arrainduna esan nahi du, baina, hitzaizunez (metafóricamente) estalgile adiratzen du.

21. «Birika karkarberak». Antzinan, barrearen tokia biriketan zegoela uste zuten. «Tickle o'the sere» dio Shakespearek. «Sere» su-iskiluaren ziur-morroiloa zen. «Tickle o'the sere», morroiloa arin eduki eta tiroa erraz botatzen duen su-iskilua esan nahi du, beraz.

22. «Haur habialdi bat» («...an evrie of children»). Bere aurkakoak ziren antzezlari-taldeak ukitzen ditu hemen Shakespearek Erregearen Kaperako mutikoak ari ziren haietan.

23. Londoneko «Globe Theatre» (Shakespeare bera ari zen antzokia) ukitzen du oraingoan. Sorbaldan lubila zeraman Erkule bat zeukan aitzinean antzoki honek.

24. Jeptek (Ikus Idazteuna, Ebazleen liburua, XI eta XII) bere alaba hil zuen Jainkoari egindako eskaintza bat zela eta.

25. «...zure ahotsa... ez zartatzea». Emakume irudia egiten zuen mutil gazte bat da «andereño hori», orduko ohiturari jarrai. Gizaroratzean ahotsa dagin aldaketa ukitzen du Hamletek. Urrezko diruek ba zuten estun edo uztai bat; honen barruan bakaldunaren irudia zegoen. Uztai-barruraino zartatutako edozein diru, hartu-emanetik baztertua zen.

26. «Frantziako aztoreduna iduri». Englandarrek frantziarrak gutxiesten zituzten arruntekotzat zeukaten ehizatan ari zirelako.

27. Zati hau, bere aldian noizbaitekoa bazan eraz idatzi zuen Shakespearek beren-beregi. Horretxegatik, gure lehenbiziko olerkari Detxepare zenak gehien erabili zuen neurtizkeraz egin dut nire euskaratzea (orain asko erabiltzen bada ere)

28. «Harako zaldi gaizkinaren barnean». Troia hartzeko gerkarrek egin zuten zurezko zaldi handia.

29. Idaztune hau (baita antzerki honetako besteren bat ere), Lord Burleighen aurkako inarrosaldi bat da. Burleigh, Elisabete erreginaren jaurlaritza-buru zen eta bide-antzezlariak (actores ambulantes) sarkiltzat hartu eta zigortu egiten zituen lege bat eman zuen.

 

 

© William Shakespeare

© itzulpenarena: Bingen Ametzaga

 

 

Antzez-lagunak / Lehenbiziko atala / Bigarren atala / Hirugarren atala / Laugarren atala / Boskarren atala
Hitzaurrea / Antzerkiaren haria / Hiztegia

 

 

"Shakespeare euskaraz" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus