Literatur Emailuak
151 zenbakia: 2004ko abenduaren 1ean
Susa literatura argitaletxea


 
Telesforo Monzonen mendeurrena

1904ko abenduaren 1ean jaio zen Bergaran Telesforo Monzon Olaso. Euskal Herriaren XX. mendeko historiaren lekuko bainoago protagonista, ezaguna da politikan egindako bidea Espainiako II. Errepublikaren garaian hasi eta 1981ean hil zen arte. Politikari eta ekintzailez gain, ordea, idazle izan genuen Telesforo Monzon. Poema, antzezlan eta artikuluen egile, ezin baztertuzkoa da Monzonek literaturan egindako ekarpena. Haren lan gehientsuenak bildu ditugu: kaleratu zituen bi poema liburuak (Urrundik eta Gudarien Egiñak), liburutan sartu ez ziren olerki solteak (baita oraintsu aurkitutako zortzi inedito), bost antzezlan (aldizkarietan eta are liburu gisa argitaratuak) eta kantak. Bestalde, eta artikuluei dagokionez, Koldo Izagirrek apailatu eta Elkarrek kaleratu zuen antologia ekarri dugu: Langosta baten inguruan liburu eder askoa. Irakurgarri dituzu denak.
 

Harkaitz Canoren  Norbait dabil sute-eskaileran

Zazpi urte joan ziren Kea behelainopean bezala (Susa, 1994) Harkaitz Canoren lehen liburutik, poema-liburutik, bigarrenera, gaur osorik eskaintzen dizugun honetara: Norbait dabil sute-eskaileran. Beste jenero eta lan batzuetan aritu ondoren, poemen tiradera berriro ireki zuen 2001ean eta Susak eta Euskalgintza Elkarlanean Fundazioak elkarrekin kaleratutako liburuan bildu handik ateratako poemak. Poesiarako sena ez zitzaiola agortu erakutsi zigun Harkaitz Canok. Oraintxe gaztelaniaz argitaratu du, hain zuzen, bere azken poema liburua, 2003an Olerti Etxearekin kaleratu zuena: Dardaren interpretazioa.

Efemerideak

2000 abenduak 2: Luis Villasante hil zen Arantzazun.

1891 abenduak 4: Kepa Ormaetxea jaio zen Etxanon.

1748 abenduak 5: Pedro Antonio Añibarro jaio zen Ugaon.

1745 abenduak 6: Juan Antonio Mogel jaio zen Eibarren.

1888 abenduak 6: Nikolas Ormaetxea Orixe jaio zen Orexan.

1953 abenduak 6: Andolin Eguzkitza jaio zen Santurtzin.

1888  abenduak 7: Joseba Altuna jaio zen Bilbon.

1888  abenduak 7: Juan Martin Pertika jaio zen Gernikan.

1869 abenduak 8: Juan Frantzisko Petrirena Xenpelar  hil zen Errenterian.

1925 abenduak 8: Juan Manuel Lertxundi hil zen Tolosan.

Durangoko azokakoak

Abenduaren 4tik (larunbata) 8ra (asteazkena) Liburu azoka burutuko da Durangon. Susa literatura argitaletxearen lau standak Goienkalen egongo dira, 51tik 54ra. Egunotan, ohi denez literaturarekin lotutako ekitaldi batzuk ere burutuko dira: abenduaren 4an (larunbata) 20:30etan  Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi omenduko dute San Agustin kulturgunean; biharamunean, abenduak 5 (igandea) 12:30etan Huntaz eta hartaz: Errealitatearen eta ametsen geografia hitzaldia eskainiko du Txillardegik. Egun berean baina arratsaldeko 18:00etan Lekuak literaturan gaiaz solastuko da Bernardo Atxaga. Emakumea eta literatura izango dute aztergai Bilgune Feministak antolatuta 19:00etan. Abenduaren 6an ere bi hitzaldi izango ditugu: Irudimendaren gereizpean izango du hizpide Jesus Mari Olaizola Txilikuk 12:30etan, eta Tranbiaren leihotik begirada bat berriz Unai Elorriagak, 18:00etan.

Agenda

Joseba Sarrionandiaren Akordatzen liburu berriko pasarteak irakurriko dituzte abenduaren 1ean (asteazkena) 20:00etan Durangoko Plateruena Kafe Antzokian. Irakurtzen arituko dira Aitzpea Azkorbebeitia, Jimu Iturralde, Ruper Ordorika, Paddy Rekalde eta Mitxel Sarasketa. Irudiak: Txetxus Sarrionandia.

Getxoko Literatur gida aurkeztu eta mahainguruan arituko dira bertako idazleak (Kepa Altonaga, Unai Elorriaga, Iñaki Friera, Amaia Iturbide, Laura Mintegi, Xabier Paia eta Joseba Santxo) abenduaren 2an  (osteguna) 20:00etan Getxoko Torrene kaleko erakusketa aretoan.

Edorta Jimenezek Sukar ustelaren urtea liburua aurkeztuko du abenduaren 3an (ostirala) 12:30etan Bilboko Likiniano liburudendan. Argitaldaria: Txalaparta.

Gotzon Barandiaranek Arrakalak  poesia liburua aurkeztuko du lagunartean abenduaren 3an (ostirala) 20:30etan Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean. Poesiari buruz mintzatuko dira batez ere.

Iban Zalduak Itzalak liburuko pasarteak pianoaren musikaz lagundurik irakurriko ditu abenduaren 2an (osteguna) 19:30etan Gasteizko Alde Zaharreko Luis Aranburu Musika Eskolan. Pianoa: Koruko Heras.

Edu Zelaietak Mugaldekoak errezitaldia egingo du abenduaren 10ean (ostirala) 21:00etan Errazkingo Herriko ostatuan. Biharamunean abenduaren 11n (larunbata) 19:30etan Elizondoko Arizkunenea kultur etxean egingo du. Musikan lagun izango ditut Beñardo Goietxe eta Raul Garcia.

Bihotz Bakartien Klubak Sarri gure artean errezitalaren azken bi emankizunak egingo ditu abenduaren 15ean (asteazkena) eta 16an (osteguna) Santutxun eta Durangon.

Xabi Bordak Birika zatiak poema liburuan oinarritutako errezitala egingo du abenduaren 20an (astelehena) 20:30etan Larrabetzuko gaztetxean.



Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: