Literatur Emailuak
120 zenbakia: 2004ko apirilaren 29an
Susa literatura argitaletxea

J.I. Garmendiaren Hitzakia

Aste honetan osorik eskaintzen dizugun liburua J.I. Garmendiaren Hitzakia duzu. Ustela Sailaren baitan 1978an kaleratua. Poema-liburua da, poemek maiz prosazko forma hartzen badute ere, hitzak eta ideiak, biak, korapilatuz eta askatuz. "Gaurtik aurrera / hutsik egin gabe / egunero idatziko dut zerbait" agindu zuen liburuko lehen poeman, eta disziplina horri eutsita burutu zuen orain artean Garmendiak argitaratu duen liburu bakarra. Dastatzeko modukoa.

Manex Erdozaintzi-Etxarten oroiz

Parisko langile-etxe bateko gela batean, Migelen gelan, iragango duzu gaua Manex Erdozaintzi-Etxarten Gauaren atzekaldean narrazioan, Txomin eta Jose haren lagunekin. Gaua gelan emanagatik ere, ordea, ezagutuko dituzu toki eta gauza gehiago: pertsonaien barne paisaiak, Euskal Herriaren oroimina, erbestea, Mirentxu, langileen zapalkuntza.... Ipuin luze eta eleberri motzaren arteko mugan, bereziki poeta eta gizarte-eragile gisa ezagutu genuen Erdozaintzi-Etxart prosazko lana duzu Gauaren atzekaldea, Elkar argitaletxeak 1982an argitaratua, hemen irakur dezakezuna haren heriotzaren 20. urteurrenean.

Salaberriaren Sagardotegiak

Sebastian Salaberriaren Sagardotegiak jarri du sarean euskaraz.net-ek. Sagardotegiak eskola, jolastoki, bilera leku eta, jakina, bertsolarien txoko kuttuna ziren garai hura dakarkigu gogora Salaberriak. Barbotegi, Azken-Portu, Oriamendi, Munto... sagardotegiak eta sagardotegietako bertso eta pasadizoak dira liburu honen hari eta arima.

Euskal Pen kluba

Euskal Pen kluba hirugarrenez jarri da abian, iragan apirilaren 23an, liburu egunarekin. Lehenengoz PEN Euskal Bilkura Parisen sortu zen 1951an Andima Ibiñagabeitiaren eskutik. Hartan, Jon Mirande, Jokin Zaitegi eta Txomin Peillen ere aritu ziren. Jon Mirandek Andima Ibiñagabeitiari igorritako gutun batean hala azaltzen du: "Laster elkar ikusiko dugulakotan ene agurrik neopaganuenak, eta minenak igorten dizkizut. Euskal P.E.N.aren bilkurarako deiaren aiduru nago ere".


Efemerideak

1844 apirilak 29: Pedro Migel Urruzuno jaio zen Elgoibarren.

1911 apirilak 29: Jose Antonio Arkotxa Atxukale jaio zen Mutrikun.

1984 apirilak 29: Manex Erdozaintzi-Etxart hil zen Okzitaniako Tolosan.

1831 apirilak 30: Indalezio Bizkarrondo Bilintx jaio zen Donostian.

1915 maiatzak 1: Jose Manuel Etxeita hil zen Mundakan.

1915 maiatzak 3: Gurutz Sarasola Lotsati jaio zen Itsasondon. Bere poemak irakurgai daude Interneten.

1864 maiatzak 4: Txomin Agirre jaio zen Ondarroan.

1912 maiatzak 4: Paulin Solozabal jaio zen Etxebarrin.

1847 maiatzak 5: Jose Paulo Ulibarri hil zen Bilbon.

1908 maiatzak 5: Juan Inazio Goikoetxea Gaztelu jaio zen Gaztelun.

1910 maiatzak 5: Pedro Mari Otaño hil zen.

1915 maiatzak 5: Piarres Larzabal jaio zen Azkainen.

1919 maiatzak 5: Piarres Ibarrart hil zen Baionan.

Andolin Eguzkitzaren omenez, Literatur jazza

Andolin Eguzkitza izan zen Bilboko Kalderapeko kultur gunean, Literatur Jazza ekimenaren bultzatzaileetako bat. Maiatzaren 6an (osteguna) Four Friends jazz-blues bandarekin batera, hainbat lagun bilduko dira irakurtzera: Asier Serrano, Aritz Gorrotxategi, Laura Mintegi, Juan Ramon Madariaga, Iñigo Aranbarri, Karmelo Landa, Miren Agur Meabe, Josemari Iturralde, Paddy Rekalde, Maite Toledo, Igor Estankona, Lutxo Egia, Markos Zapiain eta Jose Luis Otamendi.
Andolin Eguzkitzaren lanak biltzen dituen Literatur Emailu berezia.

Agenda

Julen Gabiriak Han goitik itsasoa ikusten da liburuari buruz egingo du berba apirilaren 28an (asteazkena) 20:00etan, Santutxuko AEK Euskaltegian (Arbidea 21). Antolatzaile: Asapala Elkartea.

Ur Apalategik Gure gauzak S.A. nobela aurkeztuko du apirilaren 30ean (ostirala) 20:00etan Berako Kultur Etxean.

Fermin Etxegoienek Neurona eta zeurona saiakera aurkeztuko du apirilaren 29an (osteguna) 10,30etan Donostiako KM kulturunean. Aurkezlea: Jose Angel Irigaray. Argitaldaria: Pamiela.

Mikelazulokoek Eskubiko pareta eskainiko dute apirilaren 29an (osteguna) 20:00etan. Getariko Alhondiga Zaharrean.

Edorta Jimenezek Kilkerren hotsak nobela izango du hizpide maiatzaren 5ean (asteazkena) 20:30etan Larrabetzuko kultur etxean gerrako argazkiekin emango duen hitzaldian. Bizkargi egunaren karietara antolatu da hitzaldia.

Eider Rodriguezek Eta handik gutxira gaur ipuin liburua aurkeztuko du maiatzaren 6an (osteguna) 11:00etan Donostiako Bilintx liburudendan. Argitaratzaileak: EEF eta Susa.

Pako Aristi Libreta horiko poemak liburuari buruz arituko da maiatzaren 12an (asteazkena) 20:00etan Deustuko gazte lokalean. Antolatzaile: Berbaizu.

Edu Zelaietak Mugaldekoak poema liburua aurkeztuko du maiatzaren 13an (osteguna) 11:00etan Donostiako Bilintx liburudendan. Argitaratzaileak: EEF eta Susa.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: