Literatur Emailuak
2004ko martxoaren 27an
Susa literatura argitaletxea

 

Nazioarteko Antzerki Eguna

Antzerkia arte guztien aita da. Inork kontra egin ez liezaiokeen egia da hau, eta horregatik da nire pasio bakarra.
        Beti pentsatu izan dut antzerkigileengan agerikoak direla giza sentimendu prestuak. Beren mezuek jendeari lagundu diezaiokete aurrera egiten, beren etsipen eta ustiapenei ihes egiten, eta horrela duintasun maila bat eskuratzen. Beren xedea lortzeko eta jendearengan eragina izateko, antzerkigileek euren lanbidea erabat menperatu behar dute, adierazpen artistikoaren kontrol osoa edukiz. Osterantzean euren mezua haizeak eramango du, ez du arrastorik utziko eta, beraz, ez du helburua erdietsiko. Artelan guztietan artistaren mezuan bat egin dute giza justiziak, adierapenaren heldutasunak eta benetakotasunak, maila berean. Okerra litzateke, hortaz, faktore hauetako bat besteen gainetik egon daitekeela pentsatzea.

        Esaten dute teatroa egitura sendoetan oinarritutako artea dela, azaleko inolako osagarririk ez duena. Elkarrizketek irmoak, zuzenak eta zalapartarik gabeak izan behar dutela. Esaten dute, halaber, arrazoi honexegatik emakumearen izaerarekin bateraezina dela, emakumeak ezin duelako bere burua bere ego-tik bereizi, eta ondorioz ezin du objektibotasunez ezer adierazi. Hala diote! Eta nik erantzuten: emakumea, bederatzi hilabetez bere baitan bizitza berri bat izateko gai dena, gai da teatro-lan sendo eta koherentea sortzeko. Baldintza batekin: antzerkigilea izatea.

        Antzerkigintza modernoak, zorionez, forma tradizionalak gainditu ditu hainbat berrikuntza-olderi esker: Pirandello, Bernard Shaw, Brecht eta beste hainbaten ekimenez, absurduaren teatroa, gaitzespen-teatroa eta banguardismo esperimentala landu dutenak. Arraroa da, gaur egun, antzerkigile batek antzerki lan bat molde klasikoan idaztea.

        Nire lehen antzerki-lanean (Maskararik gabeko emakumeak) baliatu nuen "antzerkia antzerkiaren baitan" formula, antzerkigintza modernoan ezaguna egin den formula. Nire obra garrasi batez eta galdera batez hasten zen, sentitzen nuelako dozenaka urte eta are mendetatik zetozen hitzez haurdun nintzela.

        Agian iritsia zen garaia ene barrena estutzen zuten minak askatu eta nire hitzak existentziarantz abia zitezen? Nire hitzak!... Nire pasioa!... Nire haurtzaroa... Nire haurra!
        Haren ahots kexuz eta hasperenez betea entzuten dut. Zanpatua eta umiliatua izan zen ahotsa. Belaunaldiz belaunaldi berritzen den ahots baten oihartzuna. Kontzientziak, gizakiaren historian, jazarpenaren eta zanpatzearen zama nozitzen du.

        Nire barren sakonenetik ez zetorren hitzik paperean jartzeari uko egin diot. Lerro bakar bat ere ez emakumearen egia adierazten ez zuenik, emakumearen emateko gaitasuna adierazten ez zuenik. Horregatik eskatu nion ene lumari zin egin zezala uko egingo ziola ahultasuna edo etsipena adierazten zuen lerrorik idazteari. Eta eskatu nion zin egin zezala ez ziela jaramonik egingo nire aginduei egiaren aurrean koldar azaltzen banintzen. Gero eskatu nion lagun ziezadala bizikide izan nituen ahalik eta emakume gehienen berri plazaratzen, haiengana areago hurbildu eta haien bozeramaile izateko.

        Honela, guztien aurrean elkar biluztuko genuen. Eta denboraren iragaiteak utzitako lizuna kendu eta oihu egingo genuen gizakiaren gaitasunak loratzea galarazi duten egoera eta zirkunstantzien aurka.

        Uste baitut, azken batean, gizateriaren bidea seinalatzen duen argia dela Antzerkia. Su bat sortuz, ikuslearenganako batasun organikoa lortzea ziurtatzen duen argia -hala idatzizko testuarekin nola oholtza gaineko jokoarekin.


Fathia el Assal

euskaratzaileak: Galder Perez eta Mikel Elorza

116. Literatur Emailura itzuli