Literatur Emailuak
115 zenbakia: 2004ko martxoaren 25ean
Susa literatura argitaletxea

 

Xabier Montoiaren trilogiako bigarrena: Blackout

Xabier Montoiak nobela berria argitaratzearekin batera izena jarri dio trilogiari: "Hilen bizimoldea". Izan ere, Hezur gabeko hilak nobelako Jean Etxegoien pertsonaia dakar Blackout honetara (nobelaren erdia eskaintzen dizugu hemen). Trilogiako lehendabizikoan Etxegoien Frantziako Armadako soldadu zen Gerla Handian, eta orain Bigarren Mundu Gerlan kazetari lanetan dihardu naziek okupatutako Parisen. Montoia hirugarrena idazten hasita dago, Aljeriako Gerra sasoira jauzi eginik; Elektrika izango omen du izenburua.

Lotsatiren poemak

1936ko martxoaren 22an hil zen Gurutz Sarasola Lotsati poeta, 21 urte betetzeko zituelarik.El Día eta El Pueblo Vasco egunkarietan argitaratu zituen egun ezagutzen ditugun haren poemak. Webgune berezian eman ditugu guztiak, hogei denera. Amodioa iritsi nahi eta ezina agertzen da etengabe poemotan, eta nortasun nabarmenez gazte izatearen freskotasuna darie, ingenuitatez askotan. Liburua argitaratu bezperetan hil zen.

Mikel Zarateren Etorriaren zorabioz

Mikel Zarateren literatur lan guztiak ekarri ditugu azken asteotan Internetera. 25 urtean argitaratu barik egon da. Etorriaren zorabioz poesia liburua. 1978. urtean Arrese Beitia saria eskuratu zuen, baina ez zuten argitaratu. Eta urte guzti hauetan inork ez du liburuaren berririk izan. Agertu da liburua, eta guk ere bertako poemak sarean jarri ditugu, eskuragai. 23 poema daude bertan. Liburu honekin, Mikel Zarateren literatur sorkuntzako lan guztiak sareratu ditugu, bere heriotzaren 25. urteurrenaren karietara.

Liburu kritiken bilatzailea

Azken hiru urteotan Susako webgunean literatur lanen inguruan prentsa idatzian agertu izan diren kritikak batu ditugu. 2001. urtean hasi ginen astero kritikak batzen eta ehundaka dira eguneroko prentsan eta aldizkarietan batutako liburuen kritikak. Orain tresna berri bat egokitu diogu kritiken gordailu horri: bilatzailea. Tresna berriarekin, bost eremu izango ditugu bilaketa burutzeko: liburuaren izenburua, liburuaren egilea, argitaletxea, kritikaren egilea eta hedabidea. Urte guzti hauetan batutako kritikak gehitu zaizkio bilatzaileari.

 

Efemerideak

1884 martxoak 25: Alejandro Bilbao jaio zen Marurin.

1910 martxoak 25: Pierre Narbaitz jaio zen Azkaraten.

1903 martxoak 26: Antonio Arrue jaio zen Asteasun.

1904 martxoak 26: Ramos Azkarate hil zen Tolosan. 1847 martxoaren 28an jaio zen.

1915 martxoak 27: Anastasio Albisu jaio zen Lazkaon.

1920 martxoak 27: Yon Etxaide jaio zen Donostian.

1933 martxoak 27: Joxe Mari Aranalde jaio zen Gaztelun.

1937 martxoak 27: Lourdes Iriondo jaio zen Donostian.

2003 martxoak 27: Jose Mari Satrustegi hil zen.

1899 martxoak 28: Juan Iruretagoiena jaio zen Zarautzen.

1851 martxoak 30: Agustin Paskual Iturriaga hil zen Hernanin.

Nazioarteko Antzerki Eguna

Martxoaren 27an Nazioarteko Antzerki Eguna ospatzen dugu mundu osoan. Urtero idazten du antzezle edo idazleren batek agiri moduko bat; aurtengoa Fathia El Assal emakume egiptoarrak idatzi du. Oso goiz utzi behar izan zuen eskola —10 urterekin— orduko egipziar gizartean ohikoa zen moduan. Abdallah El Touhi ekintzaile politiko eta idazlearekin ezkondu zen gero, eta asko garatu zuen bere gaitasun literarioa. Bere lehen antzerki lan konprometitua La Bascule da, 1969an estreinatua. Asko idatzitako emakumea da Fathia El Assal, literatur genero ezberdinetan, baina aipatzekoa da bere biografia biltzen duen lau liburutako lana, Egiptoko emakumeen egoera eta zapalkuntza islatzen baitu. Gaur egun Egiptoko emakume idazleen elkarteko lehendakaria ere bada.
        Mundu osoko hainbat hizkuntzatara itzulita topatuko duzu agiria Nazioarteko Antzerki Egunaren gunean. Gurean Galder Perez eta Mikel Elorzak euskaratu dute aurtengo manifestua.

 

Agenda

Bihotz Bakartien Klubak Poeta hilen kluba saioa eskainiko du martxoaren 25ean (osteguna) 20:00etan Durangoko Institutoan.

Asier Serranok "Literaturatik musikara" hitzaldia emango du martxoaren 25ean (osteguna) 19:30etan Bergarako Kultur Etxean.

Mikelazuloko lagunek "Letren kilimak" izeneko saio esperimentala egingo dute martxoaren 26an (ostirala) 22:30etan Errenterian berebere herriaren alde.

Susa argitaletxeak Literaturaren zubitegia aurkeztuko du martxoaren 27an (larunbata) 11:00etan Bilboko Hikateneoan.

Jasone Osorok Greta liburuaz berba egingo du martxoaren 31n (asteazkena) Santurtziko Udal Euskaltegian.

Isaac Bashevis Singeren "Zortzi kontakizun" liburua izango dute eztabaidagai martxoaren 31n (asteazkena) 20:00etan Gasteizko Irakurle Klubean.

Pedro Alberdik Orhoit gutaz liburua izango du mintzagai martxoaren 31n (asteazkena) 20:00etan Santutxuko AEKn.

Bihotz Bakartien Klubak Zakil alu hori! errezitatuko du apirilaren 1ean (osteguna) 20:00etan Zamudioko Dorretxean. Antolatzailea: Gazte asanblada.

Hasier Etxeberriak Eulien bazka liburuari buruz hitzegingo du apirilaren 2an (ostirala) 20:00etan Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean. Antolatzailea: Irakurriz dibertitzen gara.

 


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: