Literatur Emailuak
    2003ko urriaren 17an [zenbaki berezia]
    Susa literatura argitaletxea


Alperra

Martin Ugalde

 

Tolosan igo ziren.

        Trena leporaino betea zetorren, eta biek ate ondoan zutik geratu behar izan zuten.

        Nire aldamenean tente zetorren emakume sudur motz batek bere senarra zirudien bati esan ere egin zion:

        —Hara, Andoaingo sardin zaharrak!

        Bada ez bada ere, inork ez zuen asmo hura hitzez luzatu nahi izan; baina begiak ezin lotu, eta ibili ziren irrifar franko jario.

        Guardiazibilak konturatuko ote ziren beldurrez, bere senarrari ez zitzaion alditxo hura motz egin.

        Izerdi eta giza-emakume usaia bazen han, horrenbeste jende elkar estututa, eta hala ere berahala zabaldu zen sardin zaharren halako zoko eta busti usain nazkagarri hura.

        Trena, tapa-tapa, gain behera, Donostia bidean.

        Geldi-geldirik, galeper txakurrak ehizean mugitu ohi diren bezala, beste bagoira pasatzeko asmoarekin hasi ziren bi guardiazibilak.

        Sudur motzaren aurrean pasatzerakoan, txapel-oker beltz haren dirdir ispiluan ikusi zuen nonbait bere aurpegia emakumeak, eta halako nazka aurpegi bat jarri zuen.

        Bere barrurako: «Motellak, bai ikustoki beltza!», esan balu bezala.

        Eta orduantxe Anoetara heltzen.

        Sudur motzaren aurrean eserita zetorren agure zahar bat zutitu eta bere aulki azpitik zaku bat atera ondoren jaisteko gertu zen.

        Guardiazibilaren begiak bai zorrotzak!

        Agurea altxa zen bezain laister ezker-eskubi bi ukalondoko eman eta hantxe eseri zen bat.

        Gero, bere paparra oilar batek bezala harrotu eta erregekume bat balitz bezala geratu zen.

        Beste guardiazibila (ez bait dira horiek behin ere bakarka ibiltzen) zutik geratu zen; zain, ea beste aulkiren bat hustutzen ote zen.

        Anoetako geltokian haurtxo bat besoetan zekarren emakume gazte bat igo zen.

        Eta, beharko, ate ondoan geratu zen.

        Batek bidea egin, besteek elkar estutu, denen artean tartetxo bat egin zioten, eta ama-semeak sudur motzaren ondoan geratu ziren.

        Mutikotxoak sei bat hilabete izango zituen, eta begiak ontzako urreak balira bezain zabal, denei irrifarrez geratu zen.

        Sudur motzak halako irri bat egin zion, eta haurtxoak berebiziko festarekin erantzun zion.

        Eta hala, bazetozen, tapa-tapa, Billabona bidean.

        Zerbait esan behar ta:

        —Billabonara al zoaz? —galdetu zion sudur motzak emakumeari.

        —Ez —erantzun zion— Hernaniraino noa.

        Ama-semeak izerditan zeuden.

        —Nekatuko zara zutik.

        —Ez —esan zion gaixoak.

        Orduantxe bota zion sudur motzak eserita zihoan guardiazibilari halako begiratu izugarri bat.

        Eta hara, galtzairuzko begi zorrotz haiek ere berari begira zeuden!

        Sudur motzaren senarra konturatu zen, eta ezin bada guardiazibilaren begiratuari erantzun gabe geratu.

        Halako ero begiak jarriko zituen gizonak, bere emazteak ukalondoarekin jo eta esan zion beldurtuta:

        —Ez diezaiozula ezer esan.

        Eta hara nola diren gauzak: esateko gogoa bai, beldurrik ez eta begira-begira baina mututua geratu zen gizona.

        Eta elkarri hitz bat esan gabe, bere aldamenean zetozen guztiak guardiazibilari begira jarri ziren.

        Guardiazibil bele begi haiek ez zekiten nori begira geratu, baina ez zitzaion masaileko larrurik mugitu.

        Trenaren tapa-tapadak gogorrago entzun ziren bagoi hartan aldi luze batean.

        Isiltasunak atera ohi du batzuetan halako hots izugarri bat!

        Hala, denak zerbait lehertuko ote zen zain, noizbait Billabonako geltokira heldu zen trena.

        Ez zen inor jaitsi; ez zen inor ere igo.

        Ez zuen inortxok ere hitz bat esan.

        Kanpai soinua, trena bere bidean, eta denak harri bihurtu balira bezalako isiltasun ikaragarri hura berriz.

        Tapa-tapa, trena Ubillostik gain behera.

        Lau minutu osoak igaro ziren honela, guardiazibilari ezten begiratu haiekin zulaketan denak elkar egin balute bezala.

        Isiltasun ikaragarri hura handitzen joan zen, eta dagoeneko bagoi guztia alde hartara begira zegoen. Halaxe heldu zen trena Andoainera.

        Guardiazibila noizbait altxa zen eta haurra besoan zeukan emakume gaztearen aurrean pasatzerakoan aho batez esan zion:

        —Ahora puede sentarse si quiere!

        Eskopetak bezala zain zeuden hogei aho batera irauzi ziren, eta euskaraz eta erdaraz izugarriak esaten hasi zitzaizkion.

        Andre gaixoa ikaratu zen; eta umea nigarrez hasi zitzaion.

        —Y usted —esan zion goardiazibilak sudur motzaren senarrari— va a venir conmigo, por irrespeto y por provocación!

        Eta gizatzar hark besotik heldu eta astindu bat eman ez zion bada!

        Ehun eztarrik batera emandako karraxi izugarri bat entzun zen, eta ixtan batean bi goardiazibilak atetik kanpora zilipurdika atera ziren.

        Kanpai soinua orduantxe, zorionez; hasi ziren guardiazibilak faktoreari deika, baina dagoeneko trena tapa-tapa abiatu zen.

        Tren hartako algarak!

 

© Martin Ugalde

 


 

Poetak daude

(poemaren zatia)

Gabriel Aresti

 

Bai,

gure artean halako gauzak gertatzen dira.

Karrikatik trankil paseadan bazoaz,

edozer gauzarekin egin dezakezu topo:

Afrikako oihanetatik eskapaturikako

elefante batekin,

alkatearen maitalearekin,

helikoptero apurtu batekin,

eta etzara harritzen.

Nola harrituko zinake?

Hainbeste gauza ikusi dugu aspaldi honetan!

Gaur egunean

eskuan pluma hartu

eta paper zuri batean pluma hitza eskribitu?

Kontuz horrekin!

Hamar urte iragan ditzakezu...

giltzapean.

Gizonak giltzapean sartzen dira,

eta inor ezta harritzen.

Goizalde argi batean enteratzen baldin bazara,

zure adiskiderik mamiena

gartzelan sartu dutela preso,

pentsatuko duzu hori dela

gure eguneko ogia...

Gero enteratzen baldin bazara

mutil haren arreba,

hain neska dotorea,

udaberriko lorea,

galai zaldun haren amorea,

hori ere gartzelan dutela sartu,

eta bien ama urrikaria Getxon edo

Piruko bazterrik apartenean

jaiorik dena,

negarrez dela,

ezpaitaduka

haur zati bat

ahora eramateko,

ezpainetako ertzera eramateko,

pentsatuko duzu

hori dela

goizalde bakoitzean

janzten duzun alkondara zuria...

Nola harrituko zinake, bada,

Neandertaleko gizonarekin

Zazpi Karriketako kantoi batean

aurkituko ba zinake?

Nola harrituko zinake

Portugaletera daraman trenbidean

diplodokus bat

aurkituko bazenduke?

Bai.

Ohiturik gaude.

 

© Gabriel Aresti

 


 

Literatura eta iraultza

Joseba Sarrionandia

 

Anjel Martinez komisarioak bere errebolberraren kainoia

detenitu biluziaren ipurdira sartu eta mirila zikindua,

odoldua, patetikoa ateratzen duenean

zer axola zaio mutil torturatuari poeta um fingidor den?

G.K. Chestertonek La Salve bisitatu ote du inoiz?

Intxaurrondoko kalabozoetan

nork ezagutzen du Hermann Broch?

Zelan adieraziko du gero mutil torturatuak

epailearen aurrera suntsiturik iristean

objetive correlative kontzeptuaren esanahi zehatza?

Zer da Molly Bloomentzat

Carabanchelgo egunsenti jostorratzez betea?

Nor da Michel Foucault zigor zeldetan

hamar hilabetez higatzen denarentzat?

Bost minutuko bisita? Enkontru lirikoa?

Euskal presoek

Jean Duvoisinen Biblia estudiatu behar dute

beren gutun debekatuetan

hatxeak eta komak leku egokian jartzeko?

Zein da literaturarentzat

errebeldiaren, iraultzaren, abenturaren

balio etiko ahortezina?

Zer izkiriatzen da

Voprosi Literaturi edo Tel Quel aldizkarien ertzean

euskal presoen gose greba amaigabeez?

Zer axola ote zaio konpromezua

polizien tiro artetik —erreboluzioaren bandera lez

ezkutarik gabe— ihes doan mutilari...

 

© Joseba Sarrionandia

 


 

Agur, Euzkadi

(nobelako pasartea)

Juan Luis Zabala

 

Goizuetara helduta, plaza nagusiko ostatuan bere burua txukuntzeko aukera izan zuen Lauaxetak. Ni, aldiz, zira bustia eranztearekin konformatu nintzen. Lauaxeta ez zuen lotsatzen taberna bateko komunean soina garbitu, arropak aldatu eta bizarra kentzeak. Ni ere ez nintzen horretan lotsatuko, baina nengoen bezala egonda ere ez, horixe zen aldea. Horregatik, bezperan Leitzan egin nuen bezala, baxoerdi pare bat lagun, ostatuko Diario de Navarra-ko gurutzegramari lotu nintzaion Lauaxeta komunetik itzuli bitartean. Hiru hitzen faltan geratu nintzen orduko hartan ere.

        Txukundu ostean, baxoerdi bat eskatu eta egunkariak irakurtzeari ekin zion Lauaxetak, gogo handiz eta interes biziz.

        — Begira zer dinoen hemen, Julen —esan zidan pixka bat geroxeago—. Lekunberriko aurrezki kutxa batean lapurreta egindako neska baten atzetik jabilzak txapelokerrak. Uitziko mendateko hilketaren egilea dala susmatzen ei juek eta, horretaz gain, aurreko egunetan Tolosan eta Zizurkilen egindako lapurretak be neska horrexek egin ebazalakoan jagozak.

        — Arraioa! Erakutsi, erakutsi hori.

        Neure begiekin irakurri nuen albistea.

        — Ez zagok makala gure neska panpoxa, ezta? —komentatu nion irriz Lauaxetari—. A zer elementua! Txapela kentzeko modukoa!

        — Miresgarria iruditen jak beraz —zapuztu zitzaidan—. Lapurreta eta hilketa gauza onak balitzaz legez. Penagarria iruditen jatak...

        Polizia-auto batzuen uluek moztu zuten bat-batean Lauaxetak hasitako sermoia. Aulkietatik altxa, errezelak baztertu eta leihotik begira jarrita, auto berde bat ikusi genuen plaza nagusian etengabeko jira-biran, Goizederrek bezperan Orexara eramandako auto gorria hango plazan utzi zuen bezalaxe, eta Guardia Zibilaren bost lanrober plazara orduantxe puntuan Leitzako aldetik heltzen, uluka eta argi urdin birakariak piztuta. Guardia zibil batzuk autoetatik jaitsi eta mendi aldera abiatu ziren. Beste batzuk, aldiz, plazan geratu ziren elkarren artean hizketan, etengabe biraka jarraitzen zuen autoari begira. Jauzi bizkor batean barrura sartu ondoren, autoa geldiarazi egin zuen guardia zibiletako batek.

        Ostatuan sartu ziren geroxeago lau guardia zibil, metrailetak eskuan zituztela. Uste baino lasaiago nengoen hala ere, neure buruarekin harritzeraino. Galdetu zigutenean, esan genien ez genuela ikusi neskak zein aldetara egin zuen ihes, ez genekiela txoferra neska bat zenik ere, ez genuelako ikusi ere egin. Haien lanroberren uluak entzun artean ez ginela leihotik begira jarri azaldu genien, ez ginelako plazan ezer berezirik gertatzen ari zenik ohartu ere egin.

        — Zergatik ez diek esan atzo Goizederrekin ibili ginela? —galdetu nion guardia zibilek alde egin eta gero Lauaxetari—. Akaso lagungarri izango zitzaiean neska harrapatzeko.

        — Ez jakiat, Julen, ez jakiat. Gernikan atxilotu ninduenekoa etorri jatak burura metraileta horreek ikusi dodazanean. Berpiztu nintzanetik ez nok ezer egiteko edo inori laguntzeko gauza izan. Tristea izango litzatekek nire ekintza bakarra txapeloker erdaldun batzuei neska euskaldun bat harrapatzen laguntzea izatea.

        — Eta Goizeder mutil erdalduna balitz eta bere atzetik dabiltzanak txapelgorri euskaldun jatorrak?

        — Orduan seguru asko beste era batera jokatuko neukean.

        — Nik ez ba, Estepan, nik ez. Ni iheslariaren alde izango nindukean berdin-berdin.

        — Sikiera ETAkoa balitz! —sumindu zen—. Baina, antza denez, ezta hori be! Zoratuta zagoze danok! Ez juat gaurko Euskal Herri zoro hau ulertzen!

 

© Juan Luis Zabala

 


 

Torturapean egon naiz

Joakin Balentzia

 

Torturapean egon naiz,

kontzientziaren ezabatzea,

pertsona akitzea,

sufrimenduaren mamuak

hitz egiteko modua;

morea, gorria, beltza

dira koloreak,

torturaren koloreak.

 

Odolik gabe

egon naiz torturapean,

nire burua

txakurren eskuetan;

garrasika hasi nintzen,

atearen kontra

kolpeka

eta behin eta berriz

sartu zidaten

kimikazko fruitua

torturapean.

 

Lagunei dei egin nien,

heriotzaren beldur,

baina ez ziren agertu;

ezta heriotza ere.

Torturapean egon naiz,

sufrimenduaren mamuak

hitz egiteko modua.

 

© Joakin Balentzia

 


 

Espetxekuarena

Lauaxeta

 

                I

Itxaso orren narru nabarra

pantera batena dirudi!

Espetxeko atezain zarra

itxi nagik goxeko bidari.

 

—Tori giltzok, urrezko giltzok,

ta bete egikek itxas-miña.

Axioin egal-puntan daukok

iñok txastau-bako lurriña!—

 

—Noiz arte lagako nauk azke

zidarrezko itxaso zabalan?—

Azke az gura dokan arte

goiz ederroi matte-dagijan!—

 

 

                II

Neure mattiaren oñotsak,

—urretxindor ori ago ixillik—

bide argijetaz yatorzak!

Atezaña, azke laga nagik!

 

—Tori giltzok, urrezko giltzok,

mattasuna yabilk landetan.

Esku zurijan muin-egijok

eta laztan bat begijetan—.

 

—Mattasun pozkarri orrentzat

azke nabilkek ler-artian?—

Zintzoro matte-dagijantzat

giltzik etxagok espetxian!—

 

 

                III

Aberri amaren negarra

neugana yatork mendijetatik!

Espetxeko atezain zarra

bein sollik azke laga nagik!

 

—Agur giltzok, urrezko giltzok,

guda-otsak dozak landetan!

Arren, itxi ondo atiok

eta galdu zatteze uñetan—.

 

—Baña aberri ama aldezteko

enauk itxiko kate-barik?—

Eure erri orri azkatzeko

etxak iriko espetxerik!—

 

© Lauaxeta

 


 

Emailu Berezira itzuli