Literatur Emailuak
80 zenbakia: 2003ko uztailaren 24an
Susa literatura argitaletxea

 

Hegats 32 kalean

Plazaratu du Euskal Idazleen Elkarteak Hegats aldizkariaren 32. zenbakia. Txosten monografikoa du zientzia-fikzioaz, Iban Zalduaren Zenbait gogoeta zientzia fikzioaren inguruan lana dakarrela, Begoña del Tesoren Baina, benetan egiten dugu amets ardi elektrikoekin idatziaz lagunduta. Horretaz gain, Antonia Vicens eta Olga Xirinacsen lanak, 2000.eko Galeuscan aurkeztuak, eta Henrike Knörren Zuri, euskal gazte horri poema luzea irakur daitezke. Emilio Lopez Adan Beltza-ri Lorea Agirrek eginiko elkarrizketa ere badu, eta ohi bezala, zenbait liburu-kritika. Honekin batera, EIEKo bazkideei Kalegats agerkariaren 2. zenbakia ere helarazi die elkarteak. Bata zein bestea osorik irakur ditzakezu EIEren webgunean, www.idazleak.org, argitalpenen atalean.

Asteroko liburua: Itsu-mandoka

Ustela Sailaren 16. alea izan zen Itsu-mandoka, Jon Casenaveren narrazio-liburua. Bilduma berean Zutaz amoroski eta Kalean dilindan kaleratuak zituen (bigarrena Martin Larzabalekin batera), eta 1981ean Itsu-mandoka plazaratu zuen. Narrazio edo prosa-pieza laburrez osatua, hiru atal ditu liburuak: Haurkeriak, Joko Krudela eta Itsu-mandoka. Sakatrapuren marrazkiez hornitua, osorik irakur dezakezu orain. Hurrengo astean: Igor Estankonaren lehen poema-liburua, Anemometroa.

Azpeitiko literatur uzta

Literatuzta, literaturako gehigarri berezia aurkeztu zuen Uztarria Azpeitiko aldizkariak, pasa den uztailaren 18an. Literatur gehigarriaren lehen zenbaki hau herriko 18 gazteren ipuinez, poemez, bidaia-kontaketez... osatua dator, eta dohainik banatuko zaie aldizkariaren bazkideei. Urtean bi zenbaki kaleratzeko asmoa azaldu dute. Agerkariaren aurkezpenean, idazleek euren testuak irakurri zituzten, irudiz eta musikaz lagunduta.

Efemerideak

1923 uztailak 24: Luis Eleizalde hil zen.

1786 uztailak 26: Pierres Topet Etxahun jaio zen Barkoxen.

1842 uztailak 26: Martin Landerretxe jaio zen

1855 uztailak 26: Antonio Arzak jaio zen Donostian.

1906 uztailak 26: Iokin Zaitegi jaio zen Arrasaten.

1997 uztailak 26: Maria Dolores Agirre hil zen Donostian. Aurten bere jaiotzaren mendeurrena ospatu dugu, eta Literatur Emailu berezia egin genuen ekainean.

1910 uztailak 27: Frantzisko Lopez Alen "Mendiz-mendi" hil zen Donostian.

1971 uztailak 27: Joseba Altuna hil zen.

1971 uztailak 27: Juan Martin Pertika hil zen.

1973 uztailak 27: Frantzisko Atutxa hil zen.

1887 uztailak 28: Maddi Ariztia jaio zen Saran.

1970 uztailak 28: Dominique Soubelet hil zen.

1897 uztailak 29: Manuel Sota jaio zen.

1906 uztailak 30: Ramon Murua jaio zen.

1987 uztailak 30: Manuel Lekuona hil zen.


Agenda

Bihotz Bakartien Klubak poesia errezitaldi berezia egingo du uztailaren 28an (astelehena) 20:00etan Larrabetzuko gaztetxean "gazte eguna"ren karietara. Antolatzaile: Hori Bai.

Getxoko udal liburutegiek 2.000 liburu aterako dituzte kalera abuztuaren 31(igandea) bitartean. Letren terrazak kanpaina jarriko dute abian, liburuak irakurleengana gerturatzeko asmoz. Areetako geltokia, Andra Mari auzoko Sarri plaza eta Algortako geltokiko plazan jarriko dituzte liburuak.

Udan harpidetza eteteko aukera

Udan Literatur Emailurik jaso gura ez baduzu, harpidetza eteteko aukera duzu orain. Guri mezu labur bat igorrita, zuk nahi duzun asteetan ez duzu albistegi hau jasoko. Oporretatik bueltan berriro automatikoki berriztatuko dizugu harpidetza. Jakin ezazu halaber, uztailan eta abuztuan Emailuak egiten jarraituko dugula, eta Susako webgunean irakurgai izango dituzula beti. Mezuak hona igorri: susanews@armiarma.eus


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: