Literatur Emailuak
74 zenbakia: 2003ko ekainaren 12an
Susa literatura argitaletxea

 

Maria Dolores Agirrek 100 urte

Joan den igandean bete ziren 100 urte Maria Dolores Agirre jaio zela Gipuzkoako Errezilen. Euskara eta antzerkirako zaletasunak eraman zuen hainbat jardunetara: Euskal Izkera ta Iztunde Ikastolan ikasle eta irakasle jarduna, irratian 25 urtez aritua, euskara irakaslea... antzergintzaren alorrean egin zuen ekarririk handiena. Itzultzaile lanetan nabarmendu zen: Alejandro Casonaren Txalupak jaberik ez, F. Garcia Lorcaren Iturri-legor, H. Gheon, Buero Vallejo... Rabindranath Tagoreren Amal eta Pio Barojaren Altzateko Jaun antzezlanak irakur ditzakezu hemen. Horretaz gain, berak sortutako Aukeraren maukera... azkenian okerra bakarrizketa eta Bear bearra artikulua ere (biak Egan aldizkarian argitaratuak) eskaintzen dizkizugu.

Txistu & Tamboliñ-ekoen laugarrena

Irakurgai dago Txistu y Tamboliñ aldizkariaren Interneteko laugarren zenbakia. Aldizkaria soilik sarean argitaratzeari ekin zioteneko ildo beretik dator laugarren hau ere: editoriala, argazkiak, umorea, erreferentziak... Poemak eta narrazioak badakartza, eta ohiko sinadurak aurkituko dituzu: Lodinowsky, Ludovicus G. Agrorum, Kapanaga... Azken honen artikulua badator, Euskal Literaturaren Misterioak sailari ekin diona, Mosen Bernard Etxepareren espetxealdia izenekoa. Aldizkariaren izenburua: do you want to revolqueibol in the mathorral with me?.

Astero liburu bat: Azalaren kodea

Miren Agur Meabek duela hiru urte argitaratutako Azalaren kodea poema liburua duzu aste honetan osorik emana. Liburuko poemak espainolez eta ingelesez ere irakur ditzakezu Susaren webgunean. Datorren asteko liburua: Iñigo Aranbarriren Emon biar yako nobela.

 

Efemerideak

1901 ekainak 13: Manuel Mari Apalategi jaio zen Ataunen.

 

Agenda

Jon Alonsok Hodei berdeak nobela berria aurkeztuko du Donostiako Bilintx liburudendan ekainaren 13an (ostirala) 11:00etan. Argitaldariak: Euskalgintza Elkarlanean Fundazioa eta Susa.

Pello Otxotekok "Arnasa galduaren ondarea" liburuko poemak irakurriko ditu Zarauzko Olerti Etxean ekainaren 13an (ostirala) 19:30etan. Antton Sarasuak lagunduko dio musikaz.

Mikelazulokoek "Hitzen itzala" ikuskizuna agertuko dute ekainaren 16an (astelehena) 19:00etan Errenteriako Xenpelar etxean.

Fernando Morillok Leonardo da Vinciren biografia liburua aurkeztuko du ekainaren 18an (asteazkena) 11:30etan Donostiako Bilintx liburudendan. Argitaldaria: Elkar.

Jokin Muñozek "Bizia lo" liburua izango du mintzagai ekainaren 25ean (asteazkena) 20:00etan Santutxuko AEKn (Arbidea 21). Antolatzaile: Asapala euskara elkartea.

Joseba Sarrionaindiaren "Lagun izoztua" liburuaz hitz egiteko bilduko dira ekainaren 25ean (asteazkena) 20:00etan Gasteizko Irakurle Klubekoak, GEU elkarteak antolaturik.

Piarres Xarritonek "De Re Publica edo politikaz" liburua aurkeztuko du ekainaren 26an (osteguna) 11:30etan Donostiako Bilintx liburudendan. Aurkezle: Joseba Intxausti. Argitaldari: Elkar.

Begoña Bilbaok "Emakumezkoek idatzitako literaturaren ezaugarriak" izango ditu hizpide ekainaren 26an (osteguna) 19:30etan Ondarroako Kafe Antzokian.

 


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: