Literatur Emailuak
59 zenbakia: 2003ko otsailaren 20an
Susa literatura argitaletxea

Bitoriano Gandiagaren poemak bere ahotsez

Bitoriano Gandiaga hil zela bi urte beteko dira otsailaren 21ean. Poetaren ahotsa grabatu zuen Erein argitaletxeak 1997an, "Ahotsik behartu gabe" liburuarekin batera disko bat plazaratu. Disko hartatik ekarri ditugu hamar poema, Gandiagak berak irakurriak: Elorri, Hiru gizon bakarka, Uda batez Madrilen, Denbora galdu alde eta Ahotsik behartu gabe liburuetatik bina.

Raymond Queneau eta Zazie metroan

Otsailaren 21ean 100 urte beteko dira Raymond Queneau idazle frantsesa jaio zela. Horren aitzakian, Zazie metroan, haren nobela arrakastatsuena bildu nahi izan dugu orriotara. 1996an Ibaizabalek eman zuen argitara Joxan Elosegik egindako itzulpena, Literatura Unibertsala bildumaren barruan. Liburu hartatik hartuak daude Joxan Elosegik berak idatzitako sarrera argigarria, eta baita eleberriaren 12. atala ere.

Euzko-Gogoa osorik

Euzko-Gogoa aldizkariaren berrargitarapen digitala osorik dago Interneten.1950. urtetik 1959ra bitarte orotara 44 zenbaki kaleratu zituen Jokin Zaitegik zuzentzen zuen aldizkariak. 209 idazlek sinatu zuen lanen bat aldizkarian, eta atzerriko 48 idazleren lanak itzuli zituzten 9 urteotan, tartean, William Shakespeare, Oscar Wilde edota Edgar Allan Poe. Joxan Elosegik Orain eta ez gero artikuluan Euzko-Gogoaren inguruko gogoeta bat eskaintzen digu, edizio honetarako bereziki idatzitakoa. Iragan astelehenetik (otsailak 17) Euzko-Gogoa aldizkaria osorik dago Literatur Aldizkarien Gordailuan.

Efemerideak

2001 otsailak 21: Bitoriano Gandiaga hil zen Arantzazun.

1964 otsailak 23: Paulo Arozena "Begi beltx" arraioztarra hil zen Manila eta Guam irlatik itzuli eta gutxira.

1898 otsailak 24: Tomas Agirre "Barrensoro" jaio zen Errezilen. Gazi-gozoak liburua kaleratu zuen 1933an Verdes Atxirika argitaletxean.

Agenda

"Munstro abertzalea" poema liburua aurkeztuko du Ignazio Aiestaranek otsailaren 21ean (ostirala) 11:30etan Donostiako Bilintx liburudendan. Aurkezlea eta epilogoaren egilea: Joxe Azurmendi. Argitaldaria: Elkar.

Diapoesiako lagunek "Ezkerrez idatzitako literatura" errezitaldia eskainiko dute otsailaren 21ean (ostirala) 20:00etan Elorrioko Arriola kultur aretoaren ateneoan. Antolatzailea: Munduko herri batean literatur ekimena.

Aitor Txarterinak helduentzako ipuinak kontatuko ditu otsailaren 25ean (asteartea) 17:30etan Iruñeko Zabaldi Elkartasunaren Etxean.

Bihotz Bakartien Klubak "Poeta hilen kluba" errezitaldi musikatua egingo du otsailaren 26an (asteazkena) 20:15etan Bilboko Kalderapekon. Literatur Jazza.

Anjel Lertxundik "Zorion perfektua" nobela izango du hizpide otsailaren 26an (asteazkena) 20:00etan Deustuko Irakurlearen Txokoan.

Pako Aristik eta Mikel Markezek "Abiadura handiko urte baten kronika" eskainiko dute otsailaren 27an (osteguna) Iruñeko Iruñezar euskaltegian.

Inazio Mujika Iraolak "Gerezi denbora" liburua izango du hizpide otsailaren 28ean (ostirala) 20:00etan Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean, "Irakurriz dibertitzen gara" ekimenaren barrenean.

Mikelazuloko poetek 'Letren kilimak' errezitaldia egingo dute otsailaren 27an (ostirala) 20:00etan Larrabetzun. Antolatzailea: Munduko herri batean literatur ekimena.


Nahi izanez gero, orain arteko Literatur Emailuak irakurgai dituzu Susa literatura argitaletxeko webgunean.


Izena emateko edo kentzeko, bidal itzazu zeure datuak beheko laukiak bete ondoren.

izena: e-posta helbidea: