XII

 

 

Trouscaillonek eta Mouaque alargunak bide handi xamarra egina zuten, soseguz, besoz beso, zuzen eta aurrera beti, isilik gainera, soseguz, besoz beso, zuzen eta aurrera beti, isilik gainera, zihoazela konturatu ziren arte. Begiratu eta irribarre egin zioten elkarri: mintzatu ziren bi bihotzak. Aurrez aurre geratu ziren biak, gogoetan, elkarri zer esan... nolako hizkera erabili... Topada hura berehala eta zerbait edanez ospatu behar zela adierazi zuen orduan alargunak, eta Sepastopol bulebarreko Vélocipèdeko kafean sartu ziren. Merkatuko saltzaile batzuk zeuden barnean, lixeriketa-hodia goxatzen, barazki garraioan hasi aurretik. Marmolezko mahai batek balusezko aulkiak eskaini zizkien eta ezpainak beratu zituzten pintaerdietan, neska zerbitzari azal zurbilak alde egin zain, amodiozko hitzak garagardoaren aparren artetik jalgi ahal zitezen. Fruitu-zuku kolore biziak eta likore garratz kolore apalak edaten diren ordu hartan pausatu ziren balusezko aulki haien gainean, etorkizun hurbileko sexu-portaera joriei buruzko hitzak trukatzen zituztela elkarri harturiko eskuen durdurian. Geldi baina!, erantzun zion Trouscaillonek, oraintxe-oraintxe ezin dut, bellicose jantzi hau..., utzidazu arropa aldatzeko astia. Eta aperitif ordurako gibelarazi zituen kontuak, Spheroïdeko garagardotegian, eskuinetara goraxeago. Rambuteau kalean bizi baitzen gizona.

        Hasperen egin zuen Mouaque alargunak, berriro bakarrik. Txorakeria bat egiten ari haiz, ezaten zion ahapetik bere buruari. Baina hitz horiek ez ziren espaloi gainera besterik gabe erori; gorra ez beste guztia izan zitekeen baten lehiatilek jaso baitzituzten. Barnerako baziren ere, honako erantzun hau sortarazi zuten bost hitz horiek: eta nork ez du txorakeriarik egiten. Galdera-ikur batez, erantzunak itaun kutsua baitzeraman.

        — Hara! Hi ere hemen? —esan zuen Mouaque alargunak.

        — Zuei begira nengoen arestian. Barregarri zeundeten biak, benetan, zomorroa eta zuek biok.

        — Hire ustez —esan zuen Moauque alargunak.

        — Nire ustez? Zer, nire ustez?

        — Barregarri —esan zuen Mouaque alargunak—. Beste batzuen ustez, ez hain barregarri.

        — Nazka ematen didate barregarri ez direnek —esan zuen Zaziek.

        — Bakarrik hago?

        — Bai, neure andere hori, egurasten ari naiz.

        — Hau ez dun ordua ez lekua neskato bati bakarrik ibiltzen uzteko. Zertan ari da hire osaba?

        — Bidaiariekin hara eta hona. Bilarrera eraman ditu. Eta ni hemen, zain, egurasten. Nazkagarria baita bilarra, nazkagarria. Eta ondoren beraiekin joango naiz afaritara. Dantzan ikusiko dugu gero.

        — Dantzan? Nor?

        — Osaba.

        — Elefante hori, dantzan?

        — Tutu-jantzian gainera —iharduki zion Zaziek harro-harro.

        Zur eta lur egin zuen Mouaque alargunak.

        Handi eta xehe saltzen duen janari-denda baten aurrera iritsi ziren; norabide bakarreko bulebar haren beste aldean, aurreko denda bezain handikaria eta xehekaria zen botika-denda bat argi berdeak isurtzen ari zen kamamila, pate-kanpaina, menda-goxokiak, xixare-belarrak, gruyere eta murtxaderak erosteko irrikitan ziharduen jende artera. Bestalde, urritzen hasia zen jada aurreko jende-saldo hura, geltoki hurbilen hurrupadak zirela medio.

        Hasperen egin zuen Mouaque alargunak.

        — Axola din hirekin joaten banaiz pixka batean?

        — Nire ibilerak zaindu nahi al dituzu?

        — Ez, baina horrela izango dun norekin hitz egin.

        — Bost axola niri. Nahigo dut bakarrik.

        Hasperen egin zuen berriro Mouaque alargunak.

        — Hain bakarrik nago ni... hain bakarrik... hain bakarrik...

        — Popatik, bakarrik! —esan zuen neskatoak, ohi zuen hizkera oparoaz.

        — Ulertu behar ditun adineko pertsonak —esan zuen andereak ahots urturik— A, jakingo bahu!

        — Zomorroak jarri ote zaitu trenpu horretan?

        — Ai, amodioa! Egunen batean ezagutuko dun hik ere...

        — Ongi nekien nik likiskeriekin etorriko zintzaizkidala zu ere azkenean! Horrela segitzen baduzu, zomorro bati deituko diot... beste bati esan nahi dut.

        — Nolako krudelkeria! —esan zuen Mouaque alargunak garratz.

        Bizkarrak harrotu zituen Zaziek.

        — Atso gaizoa... Tira! Ez naiz hain apareju gaiztoa. Zurekin egongo naiz berriro suspertzen zaren arte. Bihotz onekoa naiz, ez da hala?

        Eta honela erantsi zuen Zaziek, Mouaque alargunak erantzuteko astia eduki baino lehen:

        — Halere... zomorro batekin... Okaztagarria, benetan!

        — Ulertzen dinat. Baina zer nahi dun, horrela etorri dun-eta. Hire osaba ez balute bahitu, agian...

        — Esan dizut ba ezkonduta dagoela. Eta gainera, zu baino hamaika aldiz hobeagoa da nire izeba.

        — Ez ezan deus ere esan heure familiaren alde. Aski dinat neure Trouscaillonekin. Aski izango dinat, hobe esan.

        Bizkarrak harrotu zituen Zaziek.

        — Zinema baizik ez da hori guztia —esan zuen—. Ez al duzu beste mintzagairik?

        — Ez —esan zuen adorez Mouaque alargunak.

        — Orduan —esan zuen Zaziek, adorez berak ere—, jakin ezazu dagoeneko bukatu dela elkartasun-astea. Hurren arte!

        — Esker mila, nolanahi ere, txiki —esan zuen Mouaque alargunak barkabera.

        Elkarren ondoan baina nork bere aldetik igaro zuten kalea eta elkarrekin egin zuten topo berriro Spheroïdeko garagardotegiaren aurrean.

        — Hara! —esan zuen Zaziek—, orain ere? Atzetik ote zabilzkit?

        — Nahiago ninan elkar ikusi ez bagenu —esan zuen alargunak.

        — Ederra hau ere! Bost minutu ere ez du zu neure gainetik kendu ezinean nenbilela eta orain ospa egin behar omen dut. Maitasunak eragiten al ditu hauek guztiak?

        — Zer nahi dun ba? Hementxe bertan geratu naun neure Trouscaillonekin, horra!

        Zarata handia heldu zen sototik.

        — Eta ni osabarekin —esan zuen Zaziek—. Bertan daude guztiak. Behean. Ez ote dituzu sumatu, haitzuloetan jolasean? Esan dizut ba, nik bilarra...

        Behe-oina ari zen miatzen Mouaque alarguna xehe-xehe.

        — Ez da oraindik etorri, zure amorantea? —galdetu zion Zaziek.

        — Oraindik ez —esan zion andereak—. Oraindik ez.

        — Jakina. Ez da sekula zomorrorik izaten tabernetan. Debekatua dute.

        — Horretan, hanka sartu dun neska! —esan zion alargunak zorrotz—. Arropaz aldatzera joan dun.

        — Eta egoera horretan, ezagutuko duzula uste ote duzu?

        — Maite dinat —gogorarazi zion Mouaque alargunak.

        — Haren begira zauden bitartean —esan zion Zaziek zintzoki—, zergatik ez zara gurekin jaisten zerbait hartzera. Sotoan egongo da bera ere menturaz. Nahita egingo zuen agian, gordetzeko.

        — Espanturik gabe, neska! Polizia dun, ez espioia.

        — Zer dakizu zuk? Kontu txikiak esan ote dizkizu dagoeneko?

        — Badinat beragan konfidantza —esan zuen atsoak, zorabio misteriotsu batek eramanik.

        Bizkarrak harrotu zituen berriro Zaziek.

        — Zatoz ba... trago txiki bat. Ideiak argituko dizkizu-eta.

        — Zergatik ez! —esan zuen alargunak, erlojuan begiratu eta zomorroiaren zain beste hamar minuturako bazuela egiaztatu eta gero.

        Eskaileraburutik bolatxo urduriak ikusten ziren tapiz berde batzuen gainetik lerratzen. Beste bola arinago zenbaitek zebra-ildo argitsuez marratzen zuten garagardo-ontzi eta galtza-lokarri hezeetatik goiti egiten zuen lanbroa. Bidaiari taldea sumatu zuten Zaziek eta Mouaque alargunak, norbaiten inguruan trinkotua. Gabrielengan zituzten bidairiek begiak eta zailtasun handiko karanbola batean gogoa Gabrielek. Egitekoa bete eta zalaparta handia egin zen haren omenean hizkuntza desberdinetan.

        — Pozik daude, ez da hala? —esan zuen Zaziek, osabaz harro.

        Baietz andereak keinu batez.

        — Zeinen babaloreak diren! —gaineratu zuen Zaziek xamurtasunez—. Eta oraindik ez dute deus ere ikusi. Nolako aurpegia geratuko zaien osaba tutu-jantzian ikusten dutenean.

        Irriño bat eskaini zion andereak.

        — Zer da juxtu-juxtuan mari-farandona bat? —galdetu zion Zaziek lagunxarren moduan—. Eta maritxu bat? Eta pederasta bat? Eta marikoi bat? Eta hormosesual bat? Ba ote dago haien artean ñabardurarik?

        — Gaixo neska! —esan zuen alargunak hasperen batez, zomorroaren erakarriak errausturiko moralitatearen hondakinen artean besterentzako aholku batzuk geratzen zitzaizkiola erakutsiz.

        Orduantxe, sei bandako karanbola bat huts egin ondoren, ikusi zituen Gabrielek eta agur egin zien eskua airera eramanez. Saioan segitu zuen ondoren, deus gertatu ez balitz bezala, jo eta pasa eginez azken tiraldiko porrota.

        — Banoa goiti —esan zuen alargunak deplauki.

        — Amets goxoak izan ditzazula —esan zion Zaziek, bilarra hurbiletik ikustera abiatu baino lehen.

        Joko-bola f2an zegoen, beste bola xuria g3an eta gorria h4an. Gabriel klera urdinez prestatzen ari zen tako-muturra, bola pikatu behar zuen-eta. Hala esan zuen:

        — Ez zagon erraza atsoa gainetik kentzen, e?

        — Zeharo txoratua dago beste tabernan geundenean galdezka etorri zaizun zomorroarekin.

        — Bost axola! Utz nazan oraingoan eta ez hitz egin. Lasai, Gabriel, hirea duk-eta!

        Inguruko guztien begi miretsien erdian, takoa goratu zuen Gabrielek eta joko-bolari eman zion parabola-arku bat egin zezan. Huts egin zuen ukaldian eta takoak, behar ez bestea eginez, bilartoki hartako nagusiek xehe-xehe tasaturiko diru-balioa zeukan urratu bat egin zuen tapizean. Mirespenez txalotu zuten jokaldia ondoko mahaietan antzeko zerbaiten alde alferrik saiatuak ziren bidaiariek. Afaltzera joateko tenorea zen.

        Gastuak ordaintzeko dirua bildu eta kontua xuxen kitatu eta gero, bere jendea bildu zuen Gabrielek, pinpon jokalariak barne, eta mokadu bat egitera eraman zuen gaineko aldera. Ezin egokiagoa iruditu zitzaion kale ondoko garagardotegi hura enpresa honi begira eta aulki baten gainera utzi zuen gorputza erortzen, aurrez-aurreko mahai batean Mouaque alarguna eta Trouscaillon zeudela konturatu baino lehen. Keinu biziz agurtu zuten biek eta neke handiak izan zituen Gabrielek atsoaren ondoan igandeetako jantzian keinuak egiten zituen tipo harengan zomorroaren arrastorik aurkitzen. Bihotz onak aldizka igortzen zizkion seinaleei ez besteri jaramon eginik, keinu bat egin zien Gabrielek bere kanpamendura bil zitezen, eta baietz bikoteak. Atzerritarrak bozkario betean zeuden hainbesteko jatortasunaren aurrean eta zerbitzuan hasi ziren taberna-mutilak, gerripeko batez jantzirik: godalet garagardo hotzak eta xukrut okaztagarri bat: saltxitxa lastimoso batzuk han eta hemen, urdaia mindua, urdaiazpikoa idorra eta patatak hozituak. Ffrantses sukaldaritzaren ffereken ffindura dastatzeko aukera paregabea izan zuten horrenbestez aho-sabai tentel zernahitara prest haiek.

        Zaziek platera dastatu eta hura gorotza baizik ez zela esan zuen argi eta garbi. Bestetarako betarik gabe utzirik, abian idaroki zioten zomorroak (ama etxezainak haragi gixatuaren tradizio sendoan hazia), atsoak (benetako patata prejituetan aditua) eta Gabrielek berak (kabaretetako otordu bitxietara ohitua bazen ere) ahoa itxi eta bazka-emaile haiei barne politikaren alorreko jendearen gustoa zeharo usteltzeko eta, kanpo politikaren alorrean, Frantziako sukaldeek atzerritarren zorionerako galiarrengandik jaso zuten paregabeko heredentzia —eta heredentzia handi horren barnean daude halaber, prestu orok dakien bezala, zaragoilak, dupagintza eta irudirik gabeko artea— andeatzeko aukera zabaltzen dien isiltasun koldarra gorde zezan.

        — Ez didazue ba zabor hau (keinua) benetan okaztagarria dela esaten eragotziko? —esan zuen Zaziek.

        — Ez haut behartuko —esan zion Gabrielek—. Jakina ezetz. Nik ulertzen ditinat gauzak, ez da hala, andere?

        — Batzuetan —esan zuen Mouaque alargunak—. Batzuetan.

        — Ez baita hori, jaun-andreok —esan zuen Trouscaillonek—. Jendetasun kontua da hau.

        — Popatik, jendetasuna! —esan zuen Zaziek.

        — Aizu —esan zion Gabrielek poliziari—, utzidazu neska honi nik egokien iritziriko heziketa ematen. Nirea da ardura hori. Ez da hala, Zazie?

        — Hala ematen du —esan zuen Zaziek—. Jai duzue, nolanahi ere, zikinkeria hau bazkatuko dudala uste baduzue.

        — Zerbait nahi ote du andereñoak? —galdetu zuen zuri-zuri aharra usnatu zuen taberna-mutil biziotsu batek.

        — Beste zerbait nahi dut nik —esan zuen Zaziek.

        — Gure xukrut alsaziarra ez da andereñoaren gogokoa? —galdetu zuen taberna-mutil biziotsuak.

        Ironiaz ari zen, tentela.

        — Ez —esan zuen Gabrielek larderia handiz—. Ez du batere gogoko!

        Taberna-mutilak une batzuez kontsideratu zituen Gabrielen neurriak eta polizia sumatu zuen ondoren Trouscaillonen barnean. Neskatoak hogeita hamaika eskutik zeukala igarri eta aho handi hura ixtea beste erremediorik ez zuela konprenitu zuen. Dena irensteko prest zegoenean, ordea, festa hartan parte hartzea erabaki zuen are tentelagoa zen gerente batek. Berehala ekin zion xarma-numeroari.

        — Zer da hau? Zer da hau? —hasi zen txioka—. Atzerritarrak gure sukaldaritzaz hitz egiten ausartu? Harro-harro etorri zaizkiguk aurten turista hauek! Bai horratik! Eta orain bazka kontuetan ere adituenetan adituenak direla uste izango ditek babalore hauek!

        Eta zuzenean iharduki zien haietako batzuei (keinua).

        — Baina, baina... zer uste duzue zuek? Hainbat eta hainbat gerra-garaipen lortu ondoren, gure bonba izoztuen gainera tu egitera etorriko zaretela uste ote duzue zuek? Kokakola edo chianti bezalako zikinkeriak goraipatzearren, izerdi patsetan landuriko ardo lodiaren eta erretzeko alkoholaren kontra zernahi esango duzuela uste ote duzue zuek? Alferrak alaenak, etsaien gorpu egosien hezur-muinak xurgatuz kanibalismo betean ari zineten garaian, xerra patata frijituekin jaten zuten gure arbaso Gurutzatuek, Parmentierrek lur-sagarrak aurkitu baino askoz ere lehenago, oraindik maneatzeko gauza ere ez zareten mondejuak aipatu gabe! Ez duzue gogoko? Ez? Baina zer dakizue zuek, babalore horiek?

        Hats egin eta jendetasunezko hitz hauetaz jarraitu zuen:

        — Edo prezioak jarri ote dizue mutur hori? Prezioak egokiak dira, ordea, guztiz egokiak. Ez al zarete konturatzen, xuhurrak ez besteak? Nola pagatuko ditu nagusiak bere zergak, zertan gastatu ez dakizuen dolar horiek guztiak ez baditu patrikaratzen?

        — Amaitu ote dituk petralkeriak? —galdetu zion Gabrielek.

        Oihu egin zuen gerenteak amorru bizian.

        — Frantsesez ausartu da gainera mando hori! —egin zuen ulu.

        Taberna-mutil biziotsuagana jira egin eta hola eta hola hasi zitzaion.

        — Ikusi duk? Ikusi duk gure hizkeran mintzatzen ausartu den tipo kakatsu hori? Ez al da negargarria?

        — Ez da, ba, hain gaizki moldatzen... —esan zuen zerbitzari biziotsuak, kolpe batzuk jasotzeko beldurrez zegoela.

        — Traidore zikina! —esan zion gerenteak, bere onetik aterarik, dardarean eta basaki.

        — Zeren zain zaude muturreko on bat emateko? —galdetu zion Zaziek Gabrieli.

        — Xxt... —egin zion Gabrielek.

        — Bihurrika iezazkiozu dohaiak! —esan zion Mouaque alargunak—. Bizitza nolakoa den ikasiko du orduan.

        — Nik ez dut ikusiko —esan zuen Trouscaillonek zurbil—. Behar denboran egongo naiz beste leku batean, ari zaren bitartean. Dei bat egin behar dut telefonoz Prefeturara.

        Ukondokada batez azpimarratu zion zerbitzari biziotsuak gerenteari bezeroaren nahia. Haizea aldatu zuen.

        — Esanak esan ondoan —hasi zen gerentea—, esanak esan ondoan... zer hartu behar du andereñoak?

        — Birika-zaborra baizik ez da ekarri didazuena —esan zuen Zaziek.

        — Oker bat izan da —esan zuen gerenteak irriño zabal batez—. Oker bat izan da. Aldemenekoentzat zen hau, bidaiarientzat.

        — Gurekin daude —esan zuen Gabrielek.

        — Ez kezkatu ba —esan zuen gerenteak sopikun airean—, beste zerbait ekarriko dizuet xukrutaren ordez. Zer hartuko duzu ordezko, andereño?

        — Beste xukrut bat.

        — Beste xukrut bat?

        — Bai —esan zuen Zaziek—, beste xukrut bat.

        — Baina beste hori —esan zuen gerenteak—, beste hori ez da hau baino hobea izango. Esana da dagoeneko, berriro murtzilokeriatan has ez zaitezten.

        — Ea gauzak argitzen ditugun! Ba al dago zulo honetan mokadu bat egiteko modurik?

        — Nola ez ba, andereño! —esan zuen gerenteak—. Ai, zergarik ez balego! (hasperena).

        — Miam, miam —esan zuen bidaiari batek platera xukrutaren hondoaren azkena dastatzen ari zen bitartean.

        Keinu bat egin zuen, beste bat ekar ziezaioten.

        — Horra! —adierazi zuen gerenteak nagusiturik.

        Berehala agertu zen Zazieren platera bulimikoaren aurrean, zerbitzari biziotsuak eramanda.

        — Benetako adituak zaretela konturatu naizenez —segitu zuen gerenteak—, gure haragi kontserba naturala gomendatzen dizuet nik. Neronek irikiko dizuet lata zuen aurrean.

        — Kostata, baina zerbait ulertu du azkenean! —esan zuen Zaziek.

        Apal-apal aldendu zen gerentea. Barnean zeraman gizon onari ezin eutsirik, honela galdetu zion Gabrielek, kontsolatzearren:

        — Eta zuen granadina? Ona al da zuen granadina?

 

 

© Raymond Queneau

© itzulpenarena: Joxan Elosegi

 

 


"Raymond Queneau / Zazie metroan" orrialde nagusia


www.susa-literatura.eus