Aurkibidea


Tarradellas, ves a prendre per cul

 

Euskaldunok Espainiako kanzerra garela eta jendea haserre. Hobe bai bateren batzuen jenitaletako minbizia bagina. Nolanahi ere Honorableak gure alde horretan dituen angioma plexiforme hoiei ez diegula batere itxura onik ikusten.

 


 

Gorka Semprun,
Santxeztar Federiko
edo Haranburu Altunaren
gora beherak

 

Haranburuk PCa utzi duela, abandonatu. Aspaldidanik genuen albistearen berri.

        — Partidua uztera niak.

        «Ba bueno» pentsatzen genuen guk gauzari garrantzi gehiegirik eman gabe, partiduan dabiltzan gure bizpahiru lagunak barkazio eske bezala ari baitzaizkigu beti ere, ez daudela gustura eta utzi egingo dutela esaka. Bestalde partidu batetan, sartzea eta are gutxiago irtetzea ez zitzaigun garrantzi aparteko gauza iruditzen, ez Kontxesirekin irtetzeari uztea baino gehiagokoa behintzat.

        — Kontxesi uztera niak.

        — Eta haurrak?

        — Amaren etxean.

        «Ba bueno» pentsatu izan dugu beti horrelakoetan eta albistea ez zen hurrengo egunean egunkarietan azaltzen.

        Baina Haranbururen kasuak Haranburu con hache tertulia politikoetan behin gehiago konfunditurik geundela adierazten digu.

        Luis Haranburu Altuna —amaren abizena azken hau—. «Itxasoak ez du esperantzarik» nobelaren egilea Alegin jaio zen duela urte batzuk. Euskaldun zintzo bezala Donostiako apaiztegitik eta Paristik pasea. Terziopelozko trajeekin azaldu zitzaigun euskal kulturaren munduan eta ohitura banal horrek —bere lotsak terziopeloz estaltzeak alegia— gauza asko determinarazi zituen. Inbidia pekatu nazionala baita. Craven «A» edo Benssons erretzen du eta ez diote barkatzen. Hemen ideia politiko guztien gainetik barkatzen ez dena rubio erretzea baita. Kontrabandoz lortzen du; tabakoa noski, eta era guztietara geuretzat ere lor dezan eskatu badiogu ere orain arte ez digu gauza haundirik lortu.

        Hori bai, behin cassette bat lortu zigun prezio onean eta beste behin Debussyren, ez naiz gaurkoa biharkoa edo etzikoa baizik, «la mer» eta orchrestra lan guztien bilduma. Snob xamarra baita gure Haranburu. Horregatik, eta Vazquez Montalban bezala bestalde, mintzo da gastronomiaz. Hori ere kultura baita eta Juan Mari Arzak eta beste maixuek baino lehenago egin zizkigun mondejoaren alabantzak. Alcaldenean bazkaltzen zuen egunero, Alcalde Alcalde zenean, eta babarrunak, okel gixatuak eta flanak 150 pezeta balio zuenean, baina Txuletero da beste edozer baino , gourmand kantitatearen aldetik, baina ez gourmet, ez daki fricasse eta fricando bereizten eta despreziatu egingo lituzke mero konbentzionalaren izenean gure itsasoko fruitu humil baina dastagarriak muxu martin bat adibidez.

        Gure gizon haundi guztiei bezala, Inazio gure patroi haundia lekuko, txikiegi egin zitzaion gure mundu txiki gurea, lau katu eta praile asko mugitzen garenona eta Partiduaren atetik plantatu zen PCren inguruan mugitzen den intelligentsiaren erdian.

        Arrakasta derriorrezkoa, Parisko, sous le pont Mirabeau coule la

Seine, aide chic xarmantarekin batera gure mundu inpenetrablearen berri, Aresti, Axular eta guzti, zeramakienarentzat.

        Bide luze bat egin zuen aurretik, bataio, ezkontza, hileta eta behar eta imajinatu ahal zen leku guztietan hizkuntza dotorean txosten aproposak deklamatuz.

        — «Gora Euskadi gorria» botatzen zuen okasioa oportunatzen zitzaion guztietan, jendeak solomoa beti bezala lehorra zegoela komentatuz fariasari papera jartzen zion bitartean.

        Senadoreetara presentatu aurretik Dolores a Madrid Ibarruri bisitatu zuen, Moscoun bertan, eta nora etorri behar zuen bizitzera galdetu zion eta badakigu Doloresek «Bilbao es un bello jardin» kantatuz, Bilbora zetorrela erantzun beharrean «a Madrid» esan zionean, Haranburu dezepzionatu egin zela.

        Orain Pezen ez duela etorkizun garbirik ikusten eta Pesoera pasa nahi duela diote hor zehar. Are gehiago, EFE ajenzian bere gutun bat omen dago aspaldidanik, zenbait baldintzarekin Psoen sartzeko eskatuz. Baldintza hoiek, Kultur ministerioan postu bat eta ejekutiboan leku bat. Ezetz dio berak eta hoiek guztiak Partiduaren maniobrak direla.

        Guri, egia esan, bost axola. Orain artean bezala Haranbururen lana juzgatuko dugu, eta Haranbururen lana hor dago. Ez dugu ahaztuko Debussyren albuma eta Parabellum izkribatzea terrorismoaren apolojia konsidera zitekeenean, eta terrorismo bezala juzgatu ahal, Madridera Tribunal de Orden Publiko número 1n deklaratzera zihoala despeditu genuenean.

        Sartuko da bai Kultur Ministerioan Haranburuk baino lan gutxiago egindakorik kultura sailean, baita kultura gutxiago duenik ere; hori da grabea eta ez Haranburuk bere etorkizun politikoari, begiratzen baldin badio, begiratzea. Eta zurikeria deritzagu jende askoren lehen harria eta azkena ere bota beharra, Alderdien gizonak erosteko prozedura Haranburuk inbentatu izan balu bezala, edo saltzekorik duenak —hori baita bestea, saltzekorik edukitzea— errenta haundiagoak non atera ditzakeen begiratzea Haranbururena bakarrik balitz bezala. Hemengo periyan bada bai pentsu konposatuarekin gizendutako makina bat konejo —konejo, konejo, eta ez koneju— prezio ederrean salgai.

 


 

Indalecio Prietok bere diskursoa amaitu zuenean, txalo hotsa adarjole bat zabaldu zen sagardotegi osoan, kupelaz kupel errepikatuz; bateren batek eup, mojon! esan eta txotxean edatera bildu ziren denak, algara eta keinu artean. Indalecio Prietok biboteetara eraman zituen eskuak, adar zorrotz pare bat kizkurtzeko.

        Sagardotegian builan zebiltzan Hernaniko baserritarrak, katxondeoaren azalpetik ez zeuden guztiz lasai, eta Indalecio Prietoren hitzaldiak nunbaitetik zetorkeen mehatxu gorri baten ezinegona eta beldurra ere sor erazten zien.

        Indalecio Prieto bera ez zen oso ongi gogoratzen esan zituen guztietaz, baina ziur zegoen euskaldun kaiku haiek puska baterako izualdia hartua zutela, behiak rekisatu eta lurrak proletarioen artean banatu behar zituztelako kontuarekin batez ere.

        Gerra etorri zen, eta Indalecio Prieto, Hernaniko tailerretik jubilatuta Markesaren palazioan atezain jarri zena, Markesaren beraren geletara transplantatu zuen ehun eta hogei kiloko gorputza, andre ttipia, alaba eta suina guardazibila ere lagun zituela. Tiroak gero eta gertuago zebiltzan. Markesaren terrazatik Indalecio Prietoren ihardunak aidean jartzen zituen inguruko karlistak. Kastellau gaiztoa baitzen. Eta edaten zuenean faltoia oso.

        Gerra galdu zen, eta ez dakigu nora izkutatu zen atezain sasimarkesa.

        Indalecio Prietok sagardotegian diskursoa bota zuen lehen egun hura goizeko bederatzietan hasi zen Ergobiako baserri hartan, Hernaniko langileak Viva la República oihukatuz ate joka etorri zirenean.

        Apirilak 14 egun zituen eta urtea 1931 zen. Ilusio baten lehen eguna zen. Hala kontatu digu amak.

 


 

Hamabi futbolari euskaldun aukeratu omen ditu Kubalak Españaren defendatzaile izateko, eta ez gehiago lotsagarri ez geratzearren. Zorionak eman nahi dizkiegu, eta bide batez, enkargutxo bat egingo baligute, Rodolfo eta Wash non bisitatu litekeen galdetzea alegia. «Operación Masacre»ren egilea, 1927an Río Negron jaioa, eta dirudienez orain arte zeukaten gartzelatik norabait izkutatua.

 

KOLDO IZAGIRRE

RAMON SAIZARBITORIA

 

Zeruko Argia
781. zenbakia
1978-04-23

  Zenbaki hartako
beste artikuluak