Aurkibidea


Baietz astea

 

Lotsa ere ematen digu aitortzeak. Baina noiz edo noiz deskubrituko zen pastela, eta esan egin behar beranduegi baino lehen. Pues bai, gu futbolzale amorratuak gara.

        Ba hantxe geunden jarriak, betiko tabernan eguerdiro gordetzen diguten bazterreko mahaian, porrupatatari baino telebistari erneago. Aldamenekoek gomentarioak ugari: ezetz espainolek golik sartu, baietz jugoslaboek lau... Faria piztu, Magno kopa aurrean jarri eta hantxe hasi zen jokaldia. Ederki hasi ere, Pirri zaharrari egin zioten xirriarekin.

        — Ez da gizon txarra ba Pirri hori eh —esan genuen geure inpartzialtasuna garbi azaldu nahirik.

        — Hara bestea, miloi t'erdi pezetagatik hartuko nizkikek nik halako lau ere —bota zigun atzeko mutil gazte eskeletiko batek.

        Beti izaten dira fanatikoak.

        — Oraingoan ez ote diote penalti egin Ruben Canori —galdetu genuen inozenteki, geure desio ezkutuak sospetxa ez zitzaten.

        — Isilduko ahal zarete, edo bestela zakurraren atzeko haizea hartzera joango zarete hemendikan —amenazatu gintuen berrogei bat urteko eta berrehun bat kiloko kamionari bibotedunak.

        Ikusia zegoen, isiltzea hobe. Jendilaje harek gorroto bizia zion gure selekzioari. Isilik iraun genuen ia denbora osoan, baina oriundoak gola sartu zuenean, lehen galdutako puntuak irabazi nahi izan genituen:

        — Ez ote da fuera de juego izan.

        Oraingoan isilik geratu ziren. Ari ginen nolabait adaptatzen. Lehen tentsioa hautsia zegoen noski. Beste punttu txiki bat eta onhartuak izango ginen parrokianoen artean (eta honek mus txapelketan parte hartu ahal izateko posibilitatea zabaltzen zigun). Okasioa Juanitori eman zioten botilazoarekin etorri zen, eta algara betean lehertu ginen:

        — Ja, ja! Ederra hartu dik! Ongi merezia gainera! Ze uste dute madrileino txotxolo horiek, jendeari halako keinuak eginez! Txuloputza ahalen txuloputza!

        Kitto. Horrenbestez onhartuak izango ginen. Pozik eta harro begiratzen genien ingurukoei, «ikus ezazue nola gainditu dugun geure txobinismoa» edo adieraziko bagenie bezala. Denak isilik zeuden, baina ez ziguten batere gozo begiratzen, eta begi haiei balak zerizkien. Tabernaria hurreratu zitzaigun, espantuka:

        — Zer? Ah bai eh? Eta hori al da Titok herrirari ematen dion heziketa? Hori al da langilego marxistaren konportamendu iraultzailea? Hori al da alienazioaren deuseztea? Hori al da zentzu kritiko dialektikoaren muestra?

        — Non da nazioartekotasun proletarioa? —itauntzen zigun kamionariak.

        — Espektakulo hau emateko aldatu al dute jugoslaboek aberri eguna? —zion gazte eskeletikoak.

        Orduan edan genuen ura guk. Ez, jendea ez zegoen burutik, ez zen konfabulazio bat. Orduan konturatu ginen futbolaz arduratzen ginen bakarrak gu biok ginela, jende hari ez ziola batere inporta Arconada bankiloan egotea edo Carlosek golik ez sartzea edo Lopez Ufarte aukeratu ez izana. Eta rnadrileinoak ostikoka erabiltzen zituztenean ere ez ziren gehiegi pozten. Bai, bai, Madrid Atotxara etortzen denean amorratzen egoten dira Real Sociedadekoak irabazle ikusteagatik. Baina urtero galduagatik kabuental, diote, hobeto jokatu ditek eta merezita irabazi zigutek. Eta negar pixka bat egiten dute, eta Parte Zaharrera abiatzen dira mozkor triste bat harrapatzera. Azken finean, gu bezala.

        Bueno, ba jendea kojonudua dela eta mus txapelketan parte hartzen ere utzi digutela.

 

KOLDO IZAGIRRE

RAMON SAIZARBITORIA

 


 

Esan konfunditu ez garen. Esan egia den irratiz entzun genuena: si lo que buscas es un sindicato ven, lokutorearen ahots sakona bere larinjearen sakontasunetatik dariola, ven, apuntate a, pausa sakon eramanezina, Ela Eseteube Askatuta —turuba turuba turururu— porqué tu no?... Esan, egia ote den.

 


 

Imaz hil zuten eta jeferik gabe zalantzan zer egin ez zekitelarik. Horrela kontatu zigun joan den igandean las dos cafeteras pakete bat erosteko asmoz Iruinean oportunatu zen batek. Alde batetik Nafarroa Euskadi da oihu egiten zuten zarapastrosoak, bestetik Navarra no ez Euskadi orru egiten zutenak, zer egin, nor disolbitu. Eskerrak jefea galdu baina instintoa konserbatu duten: a por ellos, eta Nafarroa Euskadi da esaten zutenak korrika.

 


 

Oi Ruth, Ruth, zergatik ordea

 


 

Katalanek esango dutela oraingoan. Gazteek inkontrolatuarena egiten, eta besteak inbitaziorik gabe konferenzietan kolatzen. Eta okerrago dena, harrapatu. Hori ere guri suertatu behar; hara non Leizaola bileratik bidaltzen diguten gu geu klasetik kanpora bidaltzen gintuzten bezala. Esango dute oraingoan ere. Eta nork protestatu eta lehendakariaren alde jarri behar, eta behar bezala entrada eta guzti zeuden psoeko bi kasteilanok. Esango zion Mugicak Arzallusi, joder tu, si otro día necesitáis invitaciones para un concierto o una boda nos las pedís, que a nosotros nos invitan a todas. Berriz ere zientobeinte zero galtzen eta mediotienpoa hurbil.

 

Zeruko Argia
764. zenbakia
1977-12-11

  Zenbaki hartako
beste artikuluak