GALDERA POZOITUA
aulkia herrestan hurbildu
eta ni itzuli ez
aulki gainean zutik jartzeko lanak
eta ni isilik
borrero lotsatiaren hatsak
lepoan erre ez banindu bezala
beso bik hartzen didate burua
estaltzen dizkidate begiak
nor naiz?
ez, urtaroak ez dira lau
bosgarrena galdu zaizu bidean
kopetilun
hortzustel
irrizoro
zakarripurdi
zeuk sortzen duzuna
sasoi guztiak batean egunero
nor naiz?
eta ni izutua
azken oihua ahantzi egin duen
hilgaia bezain ezindua
lehenago iritsiko da izerdi hau zure eskuetara
erantzun egokia ezpainetan ageri baino
© Koldo Izagirre