Bildumaren zerrendara itzuli

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Hitzaurrea

 

Mikel Elorza

 

 

Niretzat, irakurtze zale, liburua makutoko ohiko bizilagun neukala, literatur aldizkariak deskubrimendu handia izan ziren. Biziak ziren, lotsagabeak, ausartak eta batez ere hurbilekoak. Artikuluak, ipuinak, poemak, testu motzak, collage kalifikatzen zailak... neurria norberaren momentura egokitzeko modukoa zen, eta gertutasuna handia. Eta, zergatik ez esan, agitazio kutsua ere bazerien.

        Idazleentzat eskailera moduko bat ziren literatur aldizkariak, liburuetara igotzeko zurubia. Gaur egun desagertu egin dira ia gure makutoetatik —makutoak ere desagertu diren bezala—, eta zuzenean igogailuan doa idazle berria liburua argitaratzera. Garai batean, eskuarki, literatur aldizkarien abaroa bilatzen zuen. Hurbilagokoa zen. Eta errazagoa zen publikatzea. Ipuin edo poemaren batzuk idatzita izanez gero, ezagunen baten ezagunaren bitartez helduko zinen aldizkari batean mugitzen zen norbaitengana, eta zure testua argitaratu.

        Guk 80etan ezagutu genuen batez ere, baina aldizkarien bitarteko literaturaren hedapena betidaniko fenomenoa da munduan. Literaturako izen handi diren askok aldizkarietan eman zituzten argitara beraien ipuinak eta poemak, eleberriak atalka, XIX. eta XX. mendeetan. Baita literaturaren euskal auzoan ere. Era guztietako testuak biltzen dira aldizkarietan, baina dudarik gabe ipuinak plazaratzeko formatu ezin egokiagoa izan da. Eta halaxe, ipuin mordoa dago literatur aldizkarietan emana.

        Aldizkariak, ordea, errazago galtzen dira liburuak baino, edo beste era batera esanda: errazago botatzen dira zakarretara eta sutara. Besterik gabe ahantziak edo sekulan liburuetara eramanak izan ez diren testu andana dago bazterretan. Geurean, Susa aldizkarian, ale batzuk bai.

        Susa aldizkarian argitaratutako baina sekulan liburuan inprimatu gabeko ipuinen antologia xume bat atondu dut, 25 kontakizun hautatuta, «idazle bat / ipuin bat» irizpide arruntari jarraikiz. Susa aldizkariak 1979ko abenduaren azken egunetan agertu zuen lehen zenbakia eta 1994ko abenduan 33.a, azkena; beraz, orain dela hogei urte pasa kaleratutako kontakizunak dira hona ekarritako gehienak, duela hamalau urtekoa da berriena. Denak gai, asmo, molde eta estiloz oso ezberdinak.

        Flakoa da memoria; edo berriari tokia egin beharra dauka. Gogoan neuzkanak baino gehiago ziren ahaztuta nituen ipuinak, orain miraz berrirakurri ditudanak. Baina, bere flakezian, badu gordailu ezkuturik ere. Lerro batzuk irakurri eta ipuin osoaz akordatu naiz behin baino gehiagotan.

        Beren lehendabiziko literatur lanak Susa aldizkarian argitaratu zituzten idazleak dituzu bilduma honetako batzuk; liburu askoren idazleak dituzu beste batzuk, dagoeneko narratzaile ezagunak eta laudatuak; liburu bakanen egileak ere bai; edo literatur libururik argitaratu ez dutenak: Iñaki Uriarte, Joserra Utretx, Mikel Untzilla, Jon Baltza, Amagoia Gurrutxaga, Mikel Reparaz; are ezagutu ere egiten ez ditudanak eta neure lagunei galdetuta ere nor diren arrastorik aurkitu ez diedanak: Pepe Zulaika eta Jose Luis Orokieta.

        Ez dut ez autore ez estilo konpendio bat egin izan nahi. Ez naiz ahalegindu gai ezberdin guztiak ekartzen, garai guztiak islatzen. Aspaldiko lagunekin akordatuta, ipuinak berrirakurri ditut —batzuk irakurri, ezinbestean, ez neukan Susa aldizkaria osorik leitua!—, eta ahogozo ederra utzi didaten 25 aukeratu. Ez naute garai batera eraman, nostalgian murgilarazi. Neronek ekarri nahi izan ditut, bisitan, garai honetara. Bisitan, bertan gelditzeko. Aspaldiko lagunak ditugulako eta, batez ere, ondo ematen dutelako.

 

 

 

© Mikel Elorza

 


www.susa-literatura.eus