Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Untzain eta Hemingway

1952 / Donibane Lohizune

 

Donibane Lohizune, 1952-IX-12

        Miss Mary eta Mr. Ernest Hemingway ene bihotzekoei:

        Ene lagun maiteok: berau da, hilaren 29an Habanan abiatu nintzenetik hona idazten dudan lehen eskutitza eta berau da, oraindino ezer ikusi gabe nagoen leku polit honetara iritsi naizenetik hona, ohetik jagi naizen lehenengo eguna. Txangoa ontziko hirugarren sotoan egin nuen. Pasaiagatik, nire klaseko besteek ordaindu zuten berbera ordaindu nuen. Ez nuen klasez aldatzerik izan, dena okupaturik zela esan zidaten eta. Ez zidaten ezelango tratu berezirik eman. Hala da ze, esana zidaten beste dena, zera, pasaia merkeagoarena, behin ontzian klasez aldatzearena, tratu bereziena, e.a., e.a., den-dena... fantasia hutsa! Kubiertara joaten ez zidaten utzi, ez eta tartetxo bat igarotzera ere, eta horrela ezin egon izan nuen bazkaltzera gonbidatu ninduten lehenengo klasean ziren beste pasaiari batzuekin (falangistak, hain zuzen) egotera. Horren atseginak dira! Hemengo hau ez diot inori gomendatzen, eta halaxe zioten eurekin berba egiten nuen denek, ingeles ontzietan bidaiatzeaz. 3. klasean ez dago ez eta aulki apal bat ere, zapatak, galtzerdiak eta prakak kendu ahal izateko. Honelakoak ikustean «ingelesen boterearen eta aberastasunen gainbehera geldoa» ikusten ari naizela begitantzen zait. Zerbitzariak oso adeitsuak ziren eta atseginak izaten saiatzen ziren. Eskupeko legez 8 dolar eman nien eta ondo pozik gelditu ziren, itxuraz. Beste batzuek, antza, gutxiago eman zieten. Ondo jan nuen, gogo onez. Ez nintzen zorabiatu. Ederto pasatu nuen, tutean jokatuz eta kantuan. Denekin egin nintzen lagun ona, Espainiaz eta Francoz berba besterik egiten ez zuten falangista birekin izan ezik. Ontziko mediku espainolarekin (falangista) iskanbila izan nuen, ze haren belarrietara zera ailegatu zen, baskoa naizela esaten nuela nik, baina espainola naizenik ez nuela esaten. Esan nion sentimenduak eztabaidatzerik ez dagoela. Errespetatu egiten dira. Baina, itxuraz, horiek euron Espainian, ez dute honelako ezer ulertzen, eta ez dute horrela pentsatu eta berba egin dadin onartzen. Eta hori dena txopan bandera britainiarra zeroan ontzi batean ginelarik! Utz ditzagun.

        Ez nintzen lehorreratu, ez Coruñan, ez Santanderren. Horrela ba ez nuen lanpernak jaterik eduki. Coruña eta Santander artean atake moduko bat izan nuen eta El manisero" kantatu behar zidatelakoan egon nintzen. Itolarrian nintzen, izerdi hotz batek gorputz osoa hartu zidan, hildakoa bezain zurbil geratu nintzen eta ezin arnasa hartu. Ganbarakideari deitu nion, Juanito Mendizabali, eta ni ikustean eta hiltzekotan nintzela esaten nuela aditzean, medikuari deitu zion. Hura, jainkoari esker, ez zen etorri eta krisialdia hantxe igaro zen. Biharamunean bizimodu normala egin nuen ontziko estalduran Santanderren, eta karel artean arreba, koinata eta lobaren bisita izan nuen. Hilaren 10ean [ezin da irakurri nora] iritsi ginen. Hemen eguraldi zantarra zegoen, urarekin eta haize hotzarekin. Hamazortzi gradu irailean! Bartzelonan ozta-ozta, segundo batzuen tarteagatik, galdu egin genuen Hendaiarako tren-konbinazioa eta gaua nasan eman behar izan nuen. Hilaren 11n iritsi nintzen Donibane Lohizunera, hebaindurik, eta medikuari deitu nion. Aztertu ninduen eta esan zidan: kanpora zigarroa eta ohera! Gauez hamabi bentosa ipini zidaten, ze, eskuineko birikan ez zen airerik sartzen. Agindu zidan lau egunez egunean Digitalina 10 tanta hartzeko, eta gero, gosariaren, eguerdikoaren eta jatekoaren aurretik, Coramine 10 tanta. Gau horretan bertan jo zidan berriro, gau erdian. Medikua etorri, injekzioa ipini eta halaxe pasatu zen. Gaur arte ohean egon naiz. Erradiografia egin zidaten eta halako orban batzuk antzeman zizkidaten baina honezkero ondo nago. Laguntzen didan medikua, aterpetua bera, oso ona da. Egunero ekin izan dit. Orain arte ipini didan erregimena hurrengoa da: barazkiak; azenarioak, porruak eta ilarrak, arrain garbia (legatza edo merlenka, egosita) eta fruta. Arratsaldez mahatsa eta kafea edo te bat eta gauez, eguerdiko berbera. Erregimena hitzez hitz bete dut. Sekula ez naiz orain nagoen bezain obediente egon. Badira 12 egun ohean nagoela, eta gaur jagi naiz lehenengoz, 4etatik 7ak arte, eta zuei idazteko baliatu dut tartea. Hona bertora ekarri didate irailaren 1eko Life, Mr. Papari dedikatua. Oso ondo dago, bai azalez eta bai mamiz. Nire zorionik beroenak. Oraindino ez didate itzuli lehen aldiz osorik aldizkari horretan ematen den nobela (Agurea eta itsasoa). Egunkari bat ere ekarri didate, «Le retour du champion» erreportaia dakarrena. Eta amaitzekotan naiz. Nire asmoa hemen urriaren erdi aldera arte egotea da, orduan (bizi banaiz) Parisera joateko. Hemen euria, besterik ez dugu. Egunero egin du euria. Ekaitzaren ostean barealdia etorri ohi da eta, hala bedi.

        Nire agurrik beroenak, Sinsky, Feo eta Tapiari, Pako eta bere familiari, Rene Juan Picholori, e.a. e.a., eta zuentzat, besarkada sendo bat une oro, baina batik bat ostegunetan eguerdi aldera, Martiniaren orduan, gogoan izaten zaituen eta zuenganako esker oneko dagoen eta osasuna, dirua eta umorea opa dizkizuen honen aldetik.

Sabin Etxea, B. P. Andrés de Untzain.

 

 

 

© Edorta Jimenez

 


www.susa-literatura.eus