Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Politikoki zuzena

IRAILAK 12, MUNICH-BERLIN

 

Baten batek furgoiaren atzeko kristalean jo duenean esnatu naiz. Ezusteko beltz bat kontatu izan balidate bezala zabaldu ditut begiak. Egundoko sustoa hartu dut kortina altxatu eta Ferminen aurpegia kristalari itsatsita ikusi dudanean. Ez da posible, loak hartu nau berriro. Goizeko hamaikak! Gaurtik ez naiz libratzen. Berlinera heldu bezain agudo, ordu erdiko tartetxoa hartu eta iratzargailu berri baten bila joango naiz. Dendan dagoen gogaikarriena eskatuko diot saltzaileari.

        Furgoia kargatzen ari dira gainerakoak. Bart tresnak kontzertu salan utzi dituzte apropos, lapurretaren arriskua ebitatzearren. Zakutik irten, eskueran dudana jantzi eta aurrealdera pasatu naiz. Orain dela ordu laurden behar genuen Berlinerako bidean. Hau komeria, kafe triste bat hartzeko betarik ere ez.

        Poza ageri zaio Thomasi. Berlin eta Kolonia bitartekoa gurekin egingo du. Aspaldiko partez, pertsona «normalen» moduan ikusi ahal izango ditu Negutarrak, antolakizunen kezketan ibili behar izan gabe. Lagun zaharrak bisitatuko ditu bidenabar, mugimendu alternatiboan dabiltzan kideak. Etzidamu bueltatuko omen da trenez, Zurich aldera abiatzen garen egunean. Wemean boskotea, Felsen eta Simon doazen furgoian sartu da.

        Segurtasun uhala lotu, motorra martxan jarri eta beste furgoiak irten arte itxaron dut abiatu aurretik. Thomas kopiloto dutela, furgoi suitzarrak erakutsiko digu Municheko irteera eta Berlingo norabidea. Negutarrak doaz atzetik. Erratzarena egingo dut nik.

        Egun astuna datorkigu. Gaueko zortziak aldera arte ez gara autobidetik irtengo. Otorduak eta premia fisiologikoetarako tarteak izango dira gure geldialdi bakarrak. Berlingo KOB etxe okupatuko helbidea eman digu Felsenek. Bertan egingo dugu lo. Elkarrengandik galtzen bagara, hura da topagune ziur bakarra.

 

 

Arratsaldeko 3,30ak. Gosetu dira Negutarrak. Bide ertzeko gasolindegi-denda-jatetxe horietariko batean gelditzera goaz. Oker ez banago, gaurko kilometro kopuruaren erdia egina dugu. Beste 350 bat gelditzen zaizkigu hemendik Berlinera.

        Aspergarria da on the road delako honen martxa. Errepikakorra oso. Restopek ere galdu dute hasierako grazia. Produktu arrunten artean dagoen prezio aldaketa posibleak bakarrik astintzen digu jakinmina. Neronek egindako kalkuluen arabera, restopetako txokolateen artean Suitzakoa da onena eta merkeena, kalitate-prezio erlazioari begira. Ogitartekoei dagokienez, Italia jarri dut lehen postuan. Mapen salneurria paretsu dabil herri gehienetan. Eta kaferik garestiena, makinakoa behinik behin, Alemaniakoa. Bidaiari guztion artean kontsumitzailerik handiena neu naiz. Bizioei erreparatuz gero ere, neronek dut zerrendarik luzeena. Otorduena da, kasik, Negutarren gastu bakarra. Niri otordua bezain premiazko bilakatu zaizkit geldialdi bakoitzeko kafea, tabakoa, zintzurra lehor ez dakidan ahoratzen ditudan txikleak eta biraz besterik ez bada bost minutuz ahanzteko erosten ditudan egunkariak.

        Desegin da karabana. Suitzarren furgoia bere erritmoan doa. Ordu erdiko diferentzia hartua diegula kalkulatzen dut nik. Zaila da, egia esan, horrenbesteko tartea denok elkarren atzetik segika egitea. Baina ezintasunak ezintasun, Negutarren Mercedes Benz txuriak egiten duena errepikatzen dut nik. Haien itzala naizela esan liteke.

        Taldekideak aztoratuta topatu ditut komunetik bueltan. Italian ikasitako estiloan, denak batera hizketan. self-servicearen eskaintza ez dute tutik ulertzen. Entsaladez eta postreez gainerako guztia estalia dago. Bistan balego sikiera tankera hartuko liekete plater diferenteei eta hatza luzatuta adieraziko luke nork bere aukera. Fermin, Kata eta Kakirengana hurbildu bezain azkar bat-bateko itzultzaile izendatu naute. Haragi gixatua, patata purea eta barazkiak lauontzat. Gainerakoak konpondu dira. Bandexa betea eskuetan hartuta, mahaia aukeratzen ari dira.

        Hizketarako gogo handirik ez du inork. Nekea dugu mintzagaia. Kakik txikitua du bizkarra. Baita Jituk ere. Pintzak besoak. Eta Anestesiak, nire gisa, gorputz osoa. Begizuloak belaunetaraino ubelduko zaizkigu aurki. Ferminen nekeak, fisiologikoa baino, psikologikoa dirudi. Ilargiraino joaten zaio burua. Iñigok ez du txintik ateratzen. Nahiko lan badu hartutako guztia jaten. Kata niri ezizen bat asmatu nahian entretenitzen ari da otorduan zehar: «Txoritxoa deituko dizugu aurrerantzean».

        Flanari lehen koilarakada eman eta utzi ditut jatetxean. Prentsari errepasoa ematera noa restopeko dendara.

        Frankfurter Allgemeine Zeitung egunkariak NATOk serbiarren kontra egindako aire erasoa nabarmendu du. Europako Batasunak eta Turkiak muga kentzeari buruz daukaten eztabaida, Alemanian datozen hauteskundeei buruzko erreportaia, Helmut Kohl kantzelariaren lehiakideen maila... Ezinezkoa zait egunkari hauek tajuz jarraitzea. Hizkuntzaz dudan maila apalari ezinezkoa zaio idazkera landu hau asimilatzea. Eta hori gutxi balitz, metro erdi luzerako orriak dira; letra eta letra, dena. Argazki bakar bat ere ez dakarte lagungarri.

        Aldizkarietara jo dut. Die Zeit astekariak Alemaniako hauteskunde atariko egoera politikoa eta Mururoako test atomikoaren ondorioz sortutako giroa aztertzen ditu nagusiki... Kohl-ek ez omen du lehiakide itxurosorik... Der Spiegel-ek, berriz, aspaldi honetan hartutako bideari jarraitzen dio. Argazki muntaia bat azalean: Charles Chaplinen «Garai modernoak» filmetik hartutako fotograma batean ipini dituzte Schröder eta Sharping oposizioko buruak. SPD alderdiak hainbatetan aipaturiko modernitatea eta etorkizuna aztergai... EMK-k garai batean sortzen zituen kartelak gogorarazten dizkit aldizkari honen lineak. Irudimen handiko azalgilea, dudarik gabe... Ez dut ezer erosiko. Zertarako engaina nire burua. Lagunei hots egiteko edo iratzargailu triste bat erosteko denborarik ere ez badut, nondik aterako dut alemanez irakurtzeko beta?

        Jatetxetik irteten hasiak dira. Bagoaz.

 

 

Arratsaldeko zazpiak. Barrenak lasaitzeko tartea. Berlinetik 50 bat kilometrora dagoen restop batean gaude, Mövenpick katea suitzarrak eraikitako multizerbitzu horietariko batean. Auto ilara ikaragarriak topatu ditugu bidean. Stuttgart hiriaren sarrerak eta irteerak autopistarekin biltzen direneko gunean, batik bat. Ohikoak omen dira hemengo autopistetako trafiko pilaketak. Baina abantailarik ere badute Alemaniako autopistek: xentimorik ere ez da pagatu behar izaten.

        Harresia bota zutenetik zazpi urte pasatu diren arren, agerikoa da oraindik garai bateko Ekialde-Mendebalde banaketa. Begiak itxita ere, berehala asmatuko nuke ekialdekoen eremua bereizten. Autoa saltoka hasten da harri blokez eginiko errepidea zapaldu orduko. Erruberak kantari jartzen direla dirudi. Bide-bazterrik gabe eginak daude karrilak eta hirietako lotuneek ez dute azelerazio karrilik. Hogei bat metroko tartean bukatzen dira. Inguruko kamioren bat hartu behar duen gidariak bat-batean frenatu eta zakar biratu behar du bide ertzeko zuhaitzaren kontra muturra hautsi nahi ez badu. Kontrako bidea egin nahi duenak, berriz, alderantzizko prozesua du jarraitu beharra. Bideetako abiadura mantsoa berehala bizitu beharko du atzetik datozen autoek ipurdia zimurtzea nahi ez badu.

        Dirutza izugarriak inbertitzen ari dira asfaltoa homologatzeko. Obrak eta konponketak non-nahi. Baserri giroko landen artetik goazela dirudien arren, industria kimiko erraldoiren bat ezkutatu behar dute inguruotako basoek. Ez liteke bestela izan. Azken hogei kilometroko tramoan autoko airea usteldu digun kiratsak ezin du zimaur hutsa izan. Alde ederreko usaina du Durangoko papelerak.

        Restopak kontraste ikaragarria egiten du errepidearekin. Desertuan eraikitako gaztelua dirudi. Txukun-txukun dago muntaia osoa. Paper bakar bat ere ez lurrean. Bandera suitzarrak sabaian eta mahaiak urmahel prefabrikatu baten inguruan jarriak daude, harrizko aldare biribil baten gainean. Ur jauzi artifiziala eta landareak paretan. Negutegi batean sartu naizela dirudi. Txokolatearen tentaziotik libratzeko, dendatxoari begiratu ere egin gabe jaitsi ditut komunetaraino naramaten eskailerak.

        Zenbat eta beherago jaitsi, orduan eta handiagoa da nire txundidura. Koadro famatuen errepikak dituzte paretetan zintzilika. Lurpeko arte museoa dirudi. Gela zabal batean bukatzen dira eskailerak, komunaren harreralekuan.

        Dutxez gain, sei komuna ditut aurrez aurre. Zein baino zein txukunagoa. Bakoitzak protagonista bana dauka atean zintzilik. James Dean, Humphrey Bogart... Albert Einstein. Hauxe da nirea. Atea zabaldu orduko mihia atera dit Erlatibitatearen teoriaren aitak. Argazkiari atzea eman eta atea itxi dut. E=mc2 formula ezaguna dut sudurretik 20 zentimetrora...

        Furgoiaren inguruan daude Negutarrak, txizontzien zain. Elkarri ia kasurik egin gabe ekin diogu bideari. Umore txarreko jarri gaitu bidaiaren astunak.

 

 

Bost polizia-furgoik aurreratu gaituzte Berlin sarreran. Zerbaitekin presatuta dabiltza... Harrigarria bada ere, uniformedunek ez digute inolako arazorik sortu orain arte. Ez zaigu auto miaketarik, karnet-kontrolik ez beste inolako arazorik suertatu honaino egindako bidean. Ez muga inguruetan, ez hirietan. Eskerrak, jarrai dezala bakeak. Gugandik urrun behar ditugu. Ez nuke nahi Kortaturen hastapenetatik honantz gertatu izan zaizkien istorio beldurgarri horietariko baten protagonista bilakatu. Ez nuke nahi, esate baterako, 1985eko birari buruz kontatu izan dizkidaten pasadizoak errepikatzerik nahi. Orduko hartan, ongi-etorri aparta antolatu zieten Berlinen. Ez, ordea, beren gustoko ikusleek: hiriko polizia guztiak erne jarriak zeuden haiek heltzerako. ETAk eta RAFek militante berriak egiteko kontzertuak aprobetxatzen zituztela zabaldu zelarik, susmagarritzat jo zituzten Kortatukoak. Egun hartan, poliziek kontzertu aretoan sartu eta denak atxilotzeko agindua zuten, irratien frekuentzietan espioi lanak egiten zituen bati esker jakin zutenez. Asmo txarren berri jakinda ere, ez zuten ihesean joan nahi izan. Esandako orduan hasi zen kontzertua. Une berean azaldu ziren poliziak ere. Atarian jarri zitzaizkien, armak eskuetan, iskanbilak ebitatzearen aitzakian. Zorionez, ez zen ezer larriagorik gertatu.

 

 

Zortziak eta hogei. Ia ordubete egin dugu Berlingo lehendabiziko auzotik KOBera heltzen. Ulertzekoa. Euskal Herri osoan baino jende gehiago bizi da ia, 900 km karratuko zabalera duen hiri honetan.

        Kurdistanekin elkartasuna adierazten duen pankarta erdi hautsia eta «Fuck Chirac» esaldiarekin pintatutako bandera frantziarra dituzte fatxadako leihoetatik zintzilik.

        Gazte argal bat datorkigu ongietorria ematera. 30 bat urte izango ditu. Gazteleraz dezente ongi daki. Ulf da, hemendik aurrera Negutarren laguntzailea izango dena. Abisua bota digu taldekide guztiak agurtu ondoren:

        — Ezin dugu tabernan sartu. Poltsak hartu eta zuzenean goiko pisura joan beharko duzue, lo egingo dugun lekura. Gaur emakumezkoen eguna da eta gizonezkook debekatua dugu KOBeko tabernako sarrera. Baina ezertan hasi baino lehen, furgoia leku segurura eramango dugu. Kontuz ibili behar dugu lapurretekin.

        Begiak zabal-zabal eginda jarri gatzaizkio begira. Txepelduta zeudenak ere erne jartzen hasiak dira. Ezusteko posible gehienak planen kalkuluetan kontuan hartuta ere, bada beti inondik inora espero ez denik. Pintzak ez du sekula adarra jotzeko aukerarik galtzen:

        — Hara! Garbiñe, zerorrek sartu beharko dituzu soinu tresna guztiak. Lagunduko genizuke baina entzun duzu... Hurbildu ere ezin dugu egin. Dena den, hobe izango duzu ekipoa garraiatzen hasi baino lehen Wemean-ekoak etorri arte itxoitea. Haiek ere lagun dezakete.

        Hauteskunde kanpainako karteltxoak ere badaude kalean: «CDU, Berlingo etorkizuna. Berlin denontzat».

        «Wie es Dir gefällt» (zuri gustatzen zaizun moduan) izenburuko kontzertuaren kartela itsatsi dute tabernako eskaparatean. Esan Ozenkiren kontzertu erraldoia antolatuko den egun berean ospatuko da emakumezkoen musika-festa hau. Wemean-ekoak ere bertan izango dituzte.

        Oraintxe heldu dira suitzarrak eta Thomas.

        Lotarako lekua hartu eta afaltzera joateko asmoan dira denak. Nik hementxe agurtu ditut. Urdaila ez daukat aferetarako.

        Barrez eta kantari doaz kalean behera.

 

 

Erdi lo nengoen gelara hurreratzen ari zen zarata entzun dudanean. Anestesiak dioen bezala, alfa egoeran. Negutarrak dira. Ernai begiratu diet literatik.

        — Garbiñe! Ederra galdu duzu!

        — Zurrutari eman al diozue?

        — Bai, zera! Ulf eta KOBeko beste batzuei, kebab-a jateko irrika bizia genuela esan diegu lehen. Badakizu zer den... okel errea, arabiar erara jarria. Mundiala... Inguruotan dagoen taberna turkiar guztiak ikusita, hamar minututan ogitartekoa eskuetan izango genuela pentsatu dugu, baina esertzea lortu dugunerako txikitua genuen urdaila, apetitua galdua ia.

        — Zer komeria gertatu zaizue, bada?

        — Komeriarik bat ere ez. Taberna turkiarren batean sartzeko keinua egin orduko, muturra okertzen ziguten. «Horra ez gara sartuko, politikoki ez dira zuzenak» esaten ziguten. Baina zuzenak non demontre ezkutatzen ote diren... Ordubete eman dugu jantoki jator baten bila! Kurduen artean afaldu dugu azkenean.

 

 

 

© Garbiñe Ubeda

 


www.susa-literatura.eus