Hitz besteak
Migel Angel Aldanak 1979ko abenduan egin zuen ihes Hego Euskal Herritik, eta 1981eko otsailean izan zen atxilotua Ipar Euskal Herrian. Ez zeukan inolako paperik, eta Frantziak kartzelaratu orduko eskatu zuen extradizioa Espainiako gobernuak. Zortzi hilabete eta hiru gose graba egin zituen Baiona, Tarbes, Paube eta Marseilako espetxeetan barrena zerabiltelarik, konfinatuak hartzen halako tradizioa duen Yeu izeneko uhartera eraman zuten arte, ordurako bertan zeuden beste zenbait konfinaturekin bat eginik. Hilabete t'erdi eman zuten uhartean, beste gose greba baten ondorioz Perigueux herrira eraman zituzten arte, Dordogne-ko departamendura. Lau hilabeteren buruan konfinaturiko guztiek alde egin zuten handik. Iparraldean atxilotu zuten berriro Migel Angel Aldana 1985ean, alabarekin zihoan batean. Hiru hilabeteko zigorra ezarri zion Frantziako gobernuak, baina kartzelaldia betetakoan hegazkin batera eraman eta Ekuador-en utzi zuten, bertako Poliziaren esku. Alfontso Etxegarai eta Migel Angel Aldana bertatik zainduak eta zelatatuak ziren, espetxe baten erregimen berdintsu edo gogorragoan, etxe berean bizi ziren poliziak.
«Alfaro Vive, carajo!»
Horixe oihukatzen zuten Alfontso eta Migel Angel etxetik bortxaz irtenarazi eta autoan sartu zituzten polizia kapusaidunek, bahiketa gerrillarien ekintza gisa hartua izan zedin. Mendira eraman zituzten, eta han komisaria lasai bat antolatu zuten espainiarrek, ekuadortarrek ikas zezaten: poltsa eta elektrodoak. Egin zuen afera honek halako arrabotsa prentsan, baina ez zuen bide judizialik hartu ahal izan. Ekuadorrek, eskuak garbitu nahirik edo, lekutu egin zituen deportatu biak, Alfontso Sao Tomé-ra eta Migel Angel Santo Domingo-ra. Hemen, Ekuadorren baino bizitza gogorragoa: baldintza berdinak, baina bakardadean.
Panamarrek hitz eman zieten 1984ko apiril hartan Kubarako eskaintza hartu zuten deportatuei, ez zutela deportatu gehiago hartuko. Baina Noriegak ez zuen bere hitza bete. Hiru hilabete baino lehen han zeuzkan beste hiru deportatu. Uztailean beste bi. Migel Angel Aldanak egin behar izan duen periplu amerikarrean barrena Panama jo behar izan zuenean bertan zeuden 1987an, besteak beste, Juanjo Aristizabal, Koldo Saralegi eta Karlos Arriaran, Nuntziaturako itxialdian lagun ukanen zituen kideak.
Auskalo zer tratu ezkutu zegoen Noriegaren eta Gonzalezen artean!
Izan ere, deportatu batek ez dauka inolako statusik. Ez da errefuxiatua, ez da bisitaria edo turista, ez du bisadorik, ez du pasaporterik... Eta berak ere ez luke pasaporte panamarra onartuko adibidez, errefuxiatu politikoaren maila galduko bailuke. Deportazioan, errefuxiatua lege guztien azpitik edo gainetik eramana da sorginkerian nola nahi ere Euskal Herritik tokitara, estatuen arteko hitzarmen isilpeko baten bitartez. Baina, deportatuen antzera, agiririk gabekoa izaten da akordioa, hitzez egiten da, eta askotan da lehendakariek elkarri zuzenean egiten dioten ordainekoa. «Eraikuntza hori Felipe Gonzalezena da» esanen dizute Panamako Balboa hiribideko etxeorratz bat erakutsiz. Frantziak Legion D'Honneur kondekorazioa emana zion Noriegari. Inork ez daki zergatik.
Deportatuen bigarren oldea iritsi orduko Tinajitas kasernara hartu zuen Monseñor Laboak, ekainean bertan. Eta orduan ere bere leloa errepikatu zuen:
«Susmo txarren bat hartuz gero, Nuntziatura hantxe dago zuentzat zabalik!»
Eta oraingoan bere telefono zuzenaren zenbakia oparitu zien.
Ez zen Nuntzioa bakarrik izan paperbakoengana arduratu zena. Karmelo Gorrotxategi jesuitak urte luzeak zeramatzan Panaman eta Nuntzioak baino asti libre gehiago zeukan.
Asko lagundu zigun, bisitan etortzen zen noiz behinka, eta sendagilea behar genuenean berak egiten zigun bidea...
Dena ez zen bisita hartzea, bisitatu beharra ere gertatu zitzaien.
«Presta zaitezte. Jeneralak ikusi nahi zaituzte.»
Valdonedo maiorrak lagundu zituen lehendakaritzaraino. Entrebista hotza izan zen, protokolokoa. Zer moduz zeuden, zer nahi zuten...
«Egizue zerrenda bat zuen eskariekin, eta emaiozue maiorrari!»
Egin zuten zerrenda, eta eman zioten Valdonedo maiorrari.
Ez alferrik! Giroldik eman nahi izan zuen kolpean azaldu zen Valdonedo hori! Zera pasako zion hark gurerik Noriegari...!
Bilera hotza izan zen, baina eragina ukan zuena. Denbora labur utzi ahal izan zuten Tinajitas, eta Anjel Aldana, Karlos Arriaran, Juanjo Aristizabal eta Koldo Saralegi elkarrekin jarri ziren bizitzen Hato Pintado urbanizazioko etxetxo batean, Panaman bertan, zaindaririk gabe. Hilaren 13an eta 26an kasernan azaldu beharra, sinatu eta mantenu-saria jasotzera, gainerakoan portura hurbildu, arrantzale euskaldunekin hitz egin... Telefono zenbaki bat zeraman bakoitzak bararekin, kontrolen batean geldituz gero huraxe erakutsi behar zuten.
Batzuetan deitu egiten zuten, baina gehienetan hura ikusi eta aurrera.
Herriminari lanik eza gaineratzen zitzaion, eta honek arazoak sortzen zituen, ez bakarrik psikikoak: Espainiak eten egin zuen deportatuen gobernurako Panamari hitz emana zion saria, 300 dolar buruko hilean.
«Har ezazue...!»
Baina inor ez zen ausartzen Noriegak eskaintzen zien dolar mordoa hartzen.
«Har ezazue, ez da diru publikoa, nire sakelatik ematen dizuet!»
Hartu egin zuten.
«Espainiarrek horrela jarraitzen baldin badute, errefuxiatu estatutua emanen dizuet, eta baita lana ere.»
Maiatzean izan zen, eta espainiarrek ez zuten berriz sosik igorri. Hori esaten zieten behintzat kasernan.
Noriega benetan ari ote zen, edo bere azpikoek egiten zituzten lapurretak estaltzen?
Isilune bat.
Nik uste dut benetan ari zela.
Presio handia zeukan batetik eta bestetik, eta auskalo Espainiako gobernuak zer jokamolde zerabilen...
© Koldo Izagirre