Manuel Antonio Noriega
Omar Torrijosek zioen tximinoaren katearekin aritzen zela jolasean, baina tximinoa bera poxelatu gabe. Noriega harro zegoen tximinoari buztana hankapean harrapatua omen ziolako. Asko zekien tximinoaz, egia esan.
Noriegak dena ukan zuen libro gringoei komeni zitzaienaren zatiren bat egin zuen artean. Bazekiten panamarrak bi buru estaltzen zituela txapela batekin, baina ez zitzaien ardura kubatarrei laguntzea Mossadi mesedeak egiten baldin bazizkion, droga trafikoa onargarri zen sandinistak barrandatzen baldin bazituen Panamak Managuan zeukan sarearekin... Eta zebilen bide hark harrapatu zuen Manuel Antonio Noriega. Sandinisten aurka sakonago inplikatu nahi izan ez zuenean, droga trafikoa delitu bilakatu zen. Azken finean, Estatu Batuetako barne-politikaren biktima izan zen, Pentagonoaren eta Estatu Departamentuaren arteko lehiak behar izan zuen petxeroa, Watergathe aferan Richard Nixon eta Iran-Contra aferan Oliver North izan ziren bezala. Noriegak uste zuen CIA nagusituko zela, eta hala izan ez balitz ere Bush-ek bazekien Estatu Batuek erositako agenterik onena Tony zela, Manuel Antonio Noriega, erakunde sekretuko zuzendaria izana zen. Baina egitura politikoak gain hartu zien zerbitzu sekretuei, amore eman behar izan zioten Kongresuari.
Noriegak Estatu Batuengandik espero zuen babesak halako laineza ematen zion etxe barruko arazoak konpontzeko non esana baitzuen «etsaiari bala, epelari makila, lagunari zilarra» eman behar zitzaiela, eta praktikatu egin zuen leloa. Gringoentzat egindako azpilanek salbatuko ez zutela ikusi zuenean, Torrijoz oroitu zen, eta haren oinordeko bezala azaldu nahi izan zuen. «Gerra egoera» ezarri zuen, oihu abertzaleak egin zituen. Lo zegoen panamartasuna piztu zuen, bere Malvinak asmatu zituen. Zatarra, benetako zatarra, orduantxe bilakatu zen Noriega jenerala, tximinoak zarrapo egin eta erantzuteko gai izan ez zenean. Borrokan hil izan balitz, gringoek beraren aurka erakusten ahal zituzten froga guztiak martiriaren oroitzapena pozointzeko lana zela esanen zuen Latinamerika osoak. Baina ez zuen adorerik ukan Allendek Txilen edo Bishop-ek Grenadan erakutsi bidea hartzeko. Panamak zeukan ondare bakarra torrijismoa zen, eta Noriegak hondatu zuen urteetarako. Horregatik da zatarra Tony.
Azpiko arropa gorria erabiltzen zuen. Santeria praktikatzen zuen. Pizkorra zen baina arlote hutsa. Zurruta egiten zuen. Amorantea zeukan. Asmatikoa zen. Baztangak itsusitu zion aurpegia... Batek nahi dituen azpi jantziak erabil ditzake, baita emakumearenak ere, gizona izanagatik, baina kazetarientzat onartua dagoen jantzi-askatasuna deprabazioa bilakatzen da Noriegarentzat. Ezin dut esan gezurra denik ordea, beharbada arropa gorria janzten zuen jeneral trajearen azpitik. Santeria praktikatzen zuela esatea Ertamerika ez ezagutzea da. Ez zen hain arlotea ere, irakurtzale samarra zen, 10.000 aleko liburutegi pertsonala zeukan. Alabaina, erakutsi izan diren argazkietan, kasualitatea, beti ageri dira nabarmen Rommel-enak edo Hitler-enak beste idazleen liburuen gainetik.. Ez zeukan asmarik, sinusiti alergikoa zeukan. Ezin zuen kea jasan, nekez erretzen ahal zuen. Ez da egia, beraz, tropa gringoek berak utzitako zigarrokina oraino ketan, of course aurkitu zutelakoa orduantxe utzitako etxean. Ez zuen baztangarik ukan inoiz, are gutiago Peruko oihanean harrapatua. Gaztetako akneak hondatu zizkion masailak.
Errakuntza hauek ez dira detaile sobera garrantzitsuak, ez baldin balira deabruak inguruan behar duen sufre usaina zabaltzeko idatzitako gezurtxoak. Hain gorrotagarria zela esaten digute guztiek, hain ankerra, hain lapurra, hain eskrupulubakoa, hain gaiztoa... non batek uste duen ez ziotela denborarik eman benetako gaiztakeriarik egiteko.
Beti jakinarazten zaigu sasiko umea zela, «jaiotze ezduina» ukan zuela eta «legez kanpo» jaio zela irakurria naiz... Txipia ere ba omen zen, mulatoa gainera... Begiak «sugearenak» zituela aipatzen dute hainbat kazetari estatubatuarrek, estiloko arruntkeriek bizi luzea izaten dute. Larry Collins-ek, landuxeago, «narrastiarenak» zituela uste du. Baina hauek azpiz, zeharbidez ematen diren balore negatiboak dira. Politikan gauza zuzenagoak behar dira.
John Maisto aferetako arduraduna zen Estatu Batuetako enbaxadan Manilan, eta bere ardura hartu zuen afera nagusia Marcos diktadorea botzea izan zen, Filipinak erreforma bat behar zuen gerrillak eta ezkerreko indarrek ez zezaten aitzinago egin. Horretarako Civic Crusade izenekoa asmatu zuen, burgesian oinarrituriko kale mugimendua. Gringoek bota eta gringoek jaso zuten Ferdinand Marcos diktadorea Guam-eko basean, 1986an. Reagan-ek presioa egin zuen berehala Panamak har zezan diktadorea exiliatu gisa, Torrijosek Reza Pahlevi, Persiako Sha, hartu zion bezala. Delvalle lehendakariak ezin izan zuen gringoen nahia bete, ikasleak eta intelektualak frango gaitzitu zitzaizkion.
Estatu Batuek Panama inplikatu nahi zuten sandinisten aurkako Contra mugimenduan; Noriegak ezetza eman zuen; gringoek panamarren kontu korrenteak enbargatu zituzten Estatu Batuetan; Noriegak boterea finkatu zuen Delvalle kenduz; Estatu Batuek blokeo ekonomikoa ezarri zioten; Noriegak... betiko zikloa eman zen. Eta halako batean Cruzada Civilista ageri zen kalean, antinoriegisten harroaldi publikoa.
Buztanbeltzek «Mercedes Benz-en protesta» esan zioten hark Filipinetako mugimenduaren urrats berdinak eman zituen bere elkarretaratzeetan, bere jantzi zurietan, bere lapikoak jotzean... Horretarako, 1987ko hondarrean Aurelio Yeyo Barria eta Fernando Guardia Manilan egonak ziren John Maistorekin, metodoak ikasten. Orain John Maisto bertan zegoen, Panaman. Inguruan bildu zituen, besteak beste, Aurelio Barria, Cesar Tribaldos, McGrath apezpikuak agindutako zenbait abade eta La Prensa egunkariaren jabea, Roberto Eisenmann. Irakatsi zien lehen gauza izan zen Noriegaren irudi publikoa hondatu behar zela, itsusitu, zatartu, herritarrek eta naioarteak hastio har ziezaioten. Barre egin zuten noski panamarrek, Noriegak aurpegian zekarren etsaia. Bide erraza zeukan «piña-mutur» ezizenak.
Gaiztoak sor dezake lilura, egia da. «Piña-muturrak» ordea beste arrazoi bat ematen digu, ez nuke esanen sakonagoa, baina bai intimoagoa, «Nahiago nuke esaten dutenaren erdia sufri arazi balie buztanzuri guztiei!» desiratzera eramaten zaituena, akats fisikoak barregarri, mesprezagarri edo arbuiagarri, azken finean, inmoralak direla uste eta uste arazten dituztenenganako aiherkunde garbian.
Felipe Gonzalezek interes handia ukan zuen Manuel Antonio Noriega hartzeko exiliatu gisa 1988an. Krisiaren gorienean, Cruzada Civilista barrutik eta Estatu Batuen enbargoak kanpotik presioa egiten ziotelarik, behin eta berriz joan zitzaion Espainiako enbaxadorea jeneralari, aukera hori emanez.
Baina Noriega luzamendutan ibiltzen zen, oso berea zuen taktika hori.
Espainiako lehendakariak ahaleginak egin zituen, mutiko bizkor gisa azaldu nahi zuen Estatu Batuen aurrean. Reagan zegoen oraindik agintean, baina Bush-i bidea erraztu nahi zion, antza. Lehendakari askoren ametsa izan behar du, sozialistak izanagatik, Estatu Batuari fabore bat egin ahal izatea.
Nik oso garbi egiten nuen hitz Noriegarekin, eta uste dut bera ere hala mintzo zela nirekin. Sinetsia zegoen gringoak komentzituko zituela, ez zutela inbadituko.
Noriegak bazeukan karta on bat jokatzeko: Centropuerto izeneko proiektua, Balboa eta Cristobal portuak lotuko zituena burdinbidez, txipiegi gelditutako kanalaren ordezko, baldin eta kanala bera zabalagotzen ez bazen. Lan erraldoiak nolanahi ere, inbertsio eta mozkin itzelak emanen zituzketenak. Eta hartan oso interesatuak zeuden japoniarrak. Shigeo Naganok eta Masayoshi Ohirak azkartuak zituzten lehendik inbertsioak Latinamerikan, bereziki Panaman. Tokyon bertan egona zen Noriega 1986an, eta diskurtso garrantzitsu bat egin zuen Japonia-Panamaren Adiskidetasun Elkartearen aurrean, Torrijosek sustaturiko Contadora-ko izpiritua berrituz:
«Analista politiko askok uste dute «Ertamerikako gatazka» bi herrien arteko gatazka dela: Nicaragua eta Estatu Batuak. Guk uste dugu bakea lortzeko Ertamerikako herrien benetako subiranotasuna bermatu behar dela, elkar errespetuaren bidez eta bakoitzaren independentzia politikoan. Guk uste dugu benetako bakea posible izanen dela Ertamerikako herriek garapen sozial bat lortzen dutenean, justizia sozial eskuragarri bat lortzen dutenean, bere potentzial ekonomiko eta intelektuala garatzeko trabarik ezartzen ez zaienean.»
Noriega, japoniarren itxaropenean bizi zen?
Ez. Gogoan dut nola esan zidan behin, «Japoniarrek soluziona ditzakete nire arazo guztiak, baina ez dute eginen Estatu Batuen interesen kontra...» Eta nik, «Orduan ez daukazu irtenbiderik.» Berak, lasai: «Estatu Batuekin berradiskidetu behar dugu.» Ez zen oso aitorpen sinesgarria, egun haietan Estatu Batuetako enbaxada harrikatu berria zuten eta. Hori aurpegiratu nionean hauxe erantzun zidan, hasperen eginik: «Izan ere... dauzkadan ministro horiek, ez dute deus ulertzen politikaz!»
Ihesbide zaharra zen hura, diktadoreen jokutria. Francok beste hainbeste esaten zuen bere ministroengatik.
© Koldo Izagirre