Hiru kolpe antzerkiari

 

Bi tolosar dabiltza antzerkigintzan punta-puntan, 60ko hamarkadaren bigarren aldian: Antonio Maria Labaien eta Estanislao Urruzola Uxola.

        Bi obra ditu Labaienek, eta biak tatxadurekin. Lehena, Gipuzkoako erregia (1965), bi zentsorek ikusi dute. Donostiako Delegaziokoak ez du deus aurkitu zentsuragarri, baina Madrilgoak bai, huskeria bat, onargarri ere badena ortodoxiaren aldetik, baina Euskal Herriko giroa kontuan edukita, ez omen litzatekeena egokia.

        Edukiari bere horretan eraso egin ezin diotenean ere, zentsoreek badute debekatzeko modurik, orain bezala, Euskal Herriko giroari aitzakia eginez. Argudio hau sarri agertzen da tardofrankismoan.

        Zer da, ba, Antonio Albizuk Madrildik Gipuzkoako erregia lanari egozten diona?

 

En ese párrafo el cura párroco declara una doctrina tradicional: de que se puede matar cuando se lucha en pro del pueblo y lo confirma con la doctrina de Aristóteles y Santo Tomás y que el poder reside en el PUEBLO. Aunque en sí ortodoxa la doctrina, creo que las circunstancias actuales del pueblo vasco donde se exhibiría la obra teatral, no permiten esta expresión.

 

        Autore beraren hurrengo lanean California... ku-ku! (1969), justu alderantzizkoa gertatzen da: Antonio Albizuk argi berdea ematen dio. Donostiakoak ikusten ditu orain arazoak, eta aparteko orrian eransten ditu ezabatu beharreko pasarteak, «toda vez que puede darle un matiz excesivamente político a la obra».

        Tatxadurak barik debekuak jaso ditu beste antzerki-idazle tolosarrak, Uxolak. Hiru obra debekatzen zaizkio, eta hiruretan Donostiako delegatua da informatzailea.

        Lehenengoan, Indarraren legea obran (1966), antzeztea da debekatzen zaiona. Zergatik?

 

Se trata de una obra de muy mala fé, escrita en contra del Movimiento Nacional. Aunque no se especifica el lugar de los hechos, el 'bando' en que se halla el Teniente Jaime, es incuestionablemente la Zona Nacional en la Cruzada de Liberación.

 

        Uxolaren bigarrena ere, Larreborda eman izan zan (1968), ez da onartzen. Delegazioko zentsore-irakurlearen iritziz, «se trata de una obra que parece ensalzar el racismo y el modo secular de vida en el campo vascongado». Urrutiago doa delegatua bera: «la citada obra teatral (...) se considera, en principio, con gran matiz político separatista, considerando improcedente su publicación».

Buzokiko bost izan ziran (1969) da Uxolaren hirugarrena, eta ordukoan ere debekua proposatzen da, baina arrazoi politikoengatik barik arrazoi sozialengatik. Delegazioko zentsore-irakurleak egindako irakurketan oinarritzen da erabakia:

 

La obra es de tema social, en la que se plantea un problema de tipo laboral por injusticias del Capital; puede considerarse como una incitación a la huelga y a la revolución social, en la que una 'Dictadura del trabajador' termine con los métodos capitalistas actuales.

 

        Hiru zentsura-mota ditu antzerkiak, ikusi dugunez. Zentsurak ongi bereizten ditu, baimena emateko orduan, testu hori paperean bakarrik geldituko den, irratiz emango den (orduan ohikoa zena), edo antzeztu egingo den.

        Oro har, erabaki modu hauek aurkitu ditugu antzerkiaren zentsuran:

        — Onartua eta irratiz emateko modukoa

        — Onartua, baina ez irratiz ematekoa

        — Onartua eta irratiz emateko modukoa, baina saio nagusian baimena jasotzekotan

        — Ezabaketekin onartua eta ez irratiz ematekoa

        — Antzeztea onartua eta argitalpena debekatua

        — Debekatua

 

 

© Joan Mari Torrealdai

 

 

"Joan Mari Torrealdai / Artaziak" orrialde nagusia

www.susa-literatura.eus