Iruzkin ausarta
Mamu beltza omen dabil Euskal Herrian barrena:
literatura iruzkingile onbera. Oraindik orain uhuria literatura kritika ezak
eragiten zuen, baina geroz eta gehiago dago, egunkarietan, aldizkarietan zein
liburuetan. Lehen otoi eta arren eskatzen zizkizuten iruzkinak; oraingo
ugaritasunak, aldiz, egunkarietan bost bat asteko itxarotea eragiten die batez
beste, eta agertu baino lehen ezarria izaten du Euskaltzaindiak arau berriren
bat iruzkinari tankera zaharkitua ematen diona.
Horixe hortaz kontua, esan
bezala: petxero berria sortu da, kritika gehienak alde egiten dituen iruzkingilea. Horri koipe-emaile profesionala
deritzo, bere nortasunaren exkaxa literatoen onespenaz berdindu nahian
dabilena.
Izan ere, sortzaileak oso
egolatra izan beharra dauka, beste idazleen liburuak bere interesen arabera
epaitzen ditu, ez da gai bere burua ahantzi eta besteen obran goitik behera
murgiltzeko, besteena erabili egiten
du, presa lar baitu bere lanera itzultzeko. Egia esan, bere obraz landako
kontuak bost zaizkio, ideologia adibidez helburu estetikoen mendean jartzen du.
Beti eta nonahi du gogoan bere obra, bizitza ematen diolako sortzen du obra
bizia, erakargarria, erabakigarria. Noizbait irakurri izan du zinez, noski,
txikitan sarritan, baina orain ezin du, ez du denborarik. Are larriago:
batzuetan oharrak hartuz irakurtzen du.
Sortzaile horrek eskatzen du
egurra. Ahantzia du liburuekin gozatzea zer den. Eta sinetsezina zaio lagun
bakar bati anitz liburuk eragitea gozamena. Bere sormena eta espiritua zaindu
eta bildu egin behar ditu, sakabanatzeak ahuldu egiten baitu. Zentzu askotan da
kristauen oso antzekoa, oso monoteista: liburu edo autore bakarreko jendea da,
Biblia eta Yahve. Yahve bezain jeloskorra izaten da: onartzen du, jakina,
irakurleak liburu edo autore bat adoratzea, baina susmagarri zaio adoratua ez
dadin bera izan, bera bakarra, sortzailea. Beti uste izaten du bere obra ez
dela zuzen ulertua izan, ez dela merezi bezain estimatua. Eta monoteista,
platoniko, estoiko, kristau eta marxistei susmagarri zaien bezala jendea
munduaren anitzaz gozatzen ikustea, sortzaileari ere susmagarri zaio irakurlea
liburu eta autore anitzez gozatzen sumatzea. Nahiago izaten du etsipena, beste
mundu bat, utopia, ez dagoena, dagoena baino, eta beti dabil kexuka eta negarrez,
erditze-minak joa.
Nolanahi ere, laudorioa eta
egurra oso antzekoak dira, eta kritikaturiko liburuaz ez diote deus. Sortzailea
nartzisoa eta masturbazioari emana izaten da, ez du bere buruaz ahantzi eta
bestek sorturikoa maitatzeko behar den eskuzabaltasuna. Kritika ausarta
eskatzen du sortzaileak. Baina ausardia kritikan ez da irainak pilatzea, baizik
liburuarekin erotu arte bat egitea, arimaren abentura arriskutsu batean
amiltzea, liburuaren gakoa atzeman eta nabaritzekotan. On Kixote da irakurlea,
ez Cervantes, askoz ere urrutiago doa On Kixote Cervantes baino. Sortzaileek
ere badituzte noski beren eromen arriskuak, beren burua bide ezin
arraroagoetatik sartzera derrigortu behar izaten dute, muturreraino eramatera
sarritan. Haatik, sortzailearen ausardia irakurlearena ez bezalakoa da,
urduriagoa, ezinegonagoa, betizuagoa, eta eragile legez haserrea, iraina,
gatazka, komenigarri izaten zaio maiz. Irakurlea pasiboagoa da. Sorzaileak
alkohola, kafea eta pizgarriak hartzen ditu, baina sakon irakurtzekotan LSDa da
drogarik egokiena. Sortzaileak inplikatu egin nahi zaitu bere ametsetan, labe
guztiak piztu nahi izaten ditu, baina irakurlea ez da aktibista bat, garbi izan
behar du bere tokia ohea dela, bere jarrera etzana eta bere arimaren egoera
estasi haluzinatua.
Markos Zapiain