Marinel zaharrak
Edorta Jimenez
"Marinel zaharrak"
Joseba Sarrionandia
Elkar, 1988
"Marinel zaharrak" titulupean hiru aldi ezberdinetako poemak bildu ditu Joseba Sarrionandiak. Sortuak izan direnekikoaren atzekoz aurrera hasita, "Tren luze eta bustiak" (1985-1986) ihes egin ondoko poemek osatzen dute lehen zatia. Azkenean, behinolako "Izuen gordelekuetan barrena" izenekotik salbatu dituenak dagoz. Erdiko tartean, "Gartzelako poemak" (1980-1985) agertzen da. Liburuaren hiru parteetariko bat da, beraz, hemen ardura diguna.
Josebaren kasuak beti pentsarazi izan du idazlea eta obraren arteko erlazioaz. Ideologia zelan isladatzen den izkribuetan, konpromezua, norberaren askatasuna eta beste hainbat gogoetagai eskaini izan digute Iurretakoaren lan eta bizimoduak. Poeta erromantiko ederzalea, hizkuntzaren barruan jolas egiten zuena, metaliteraturaren gailur urrinetan etxeko karrajuan baino nasaigo ibiltzen zekiena, hori guztiori eta besterik ere bazen hura bera, berbera, lehorrekoago agertzen zaigu hemengo olerkietan. Mingostu egiten du kartzelak. Laztu, latzaren latzaz. Bihotz bi dituela poetak? Auskalo. Bakarra duelakoan nago, hasierako poematik hurrengoetarako bidean aldatu egin zaion bihotz bakarra du poetak. Taupadak, berriz, diastole eta sistole dira, izan ere. Bihotz bi aditu uste dituzuen horretan, hor, bakarraren taupada txandakatuak baino ez ditut aditzen nik.
Poesia idaztea ere ofizioa izanik, "tortura egunak" gaitzat hartuta ere, poesia sor daiteke, beste edozein gairekin egiten den era beretsuan. Harri bitxiak lantzen dituenak, zura lantzen duenak bezalaxe, berezkoak dituen tasun eta dohainak azalarazten dizkio gaiari, bai, baina, ofizioari esker betiere. Lan egiten dutenen tradizio berorretako olerkaria dugu Sarrionandia, poesia ofizioa dela dakitenena, alegia.
Susa, 1989-06