Narrazioak
Edorta Jimenez
"Narrazioak"
Joseba Sarrionandia
Elkar, 1983
Lar oker ez banago behintzat, Punto y Horak argitaratu zuen Josebaren "Enperadore eroa" ipuin hura. Iurretakoaren prosarekin nire lehen hartuemona izan zen. Hantxe ageri ziren beraren prosaren ezaugarri nagusiak, gero argitaratuko zen "Narrazioak" honek berretsi egingo zituenak. Ezaugarri guztiok aipatu gura barik ere, baten batzuk esateko moduan nago. Bat eta behin, metaliteratura egiten duela, hots, beste inoren testu, egoera, pertsonaia zein beste edozer hartzen duela, gero berak bere erara moldatzeko. Horrelaxe sortzen da "Ginebra erregina erbestean" izenekoa, esate baterako.
Bi eta birritan, poesiari ei dagokion hizkeratik lexiko zehatz hautatua, irudi ugaritasuna, hitz-kateaketari darion doinua, e.a. oso hurre dagoela prosa hau. Hiru eta azkena, denbora eta lekua, beste bi ezaugarriekin zorretan egonik, legendakoak direla, hau da, ez-denbora eta ez-lekua direla, egileak birsortuak eta historiatik kronologiatik lekoratuak baitira.
Mundu ederrak eraikitzen laguntzekoa da hizkera hori (sirenak, marinel zaharra hurrengo bateko titulua du hemengo ipuinetariko batek ere geltoki desertuak, printzesak, e.a.), bai, egunekotik nahikoa urrun dagoen heinean. Ukan ere dituen mugak, alabaina, argiak dira. Ez du sekuentzi luzerik eman ahal prosa horrek, ez baitu errealitate ez-denboralak eta ez-historikoak poetizatuak besterik eraikitzeko balio. Hala bada, Sarrionandiak eta Atxagak berak ere, zeinek epilogoko atzehitzak sinatzen dituen, antzinako konplizitatea agertu alde euskal prosa poesiatik hara ekarri digu. Orain, muga non eta zertan argi dagozenez gero, euskal prosak eta euskal errealitateak elkarrekin antzinatik duten auzia konpondu behar dute. Errieta gogorra eta hil asko itxaroten ditut. Horretan, Josebaren luma bera ere, bailitzan labain zorrotz bilaka.
Susa, 1989-06