Eta emakumeari
sugeak esan zion

Gorka Urbizu

"Eta emakumeari sugeak esan zion"
Lourdes Oñederra
Erein, 1999

      La conjura de los necios gomendatu behar nuen, baina etxeko literatura defendatuko dut, oso bestelako aldartea duen obra bat komentatuz. Lourdes Oñederrak liburu bakarra du artean (Artean, esanen nuke), baina nahikoa izan du bere bihotza guztiz hustu eta besteona txikitzeko. Liburuko protagonista, Teresa, adin ertaineko emakumea da (30-40 urte); zorionaren itxura estandarrari erreparatuz, behintzat, lanpostu eta senar egokia duena, gizartean arrakasta lortu duen andrea. Baina oroitzapen batek barrua jaten dio, bakardade ikaragarri bat agerian utziz. Gizonon afektibitaterako abilezia ezbaian jartzen dela ikus dezake batek, baina ez da hori bilatzen dena, aitormen hutsa da liburua. Euskal Herriko Marcela Serrano balitz bezala, baina, euskaraz, eta are hunkigarriago, Oñederraren Eta emakumeari sugeak esan zion irakurtzen duenak egilearen sentsazio eta ezinen mamia dastatu ahal izango du, inongo iragazkirik gabe, bere horretan, bere gordintasun horretan. Inork esan zuen edonora zoazela ere, arazoak zure hatuan joanen direla beti. Hori dateke liburu honen ardatza, kontatzen den bidaia baino gehiago. Gauza bat baita bakardadea sentitzea, baina hura literaturaren (literatura femeninoaren) bisturiaz disekzionatzea, etsipena liburu egitea ez da batere erraza. Eta eleberri honek hori du bertute. Nahiko liburu ezkorra izan arren, benetan hunkitu ninduen, eta hori da nik ezelako arte espresiotan bilatzen dudana. Batzuetan, irribarrea izanen da; besteetan, hausnarketa, gaurkoan hauxe etorri zait burura, nire liburu kuttunenen artean dudalako. Eri nengoela oparitu zidaten (korreoz liburu bat jasotzeak ematen duen emozio estrarekin), eta horrek ere agian markatu ninduen irakurtzeko orduan, liburuak horixe baitira: liburua gehi norberak irakurtzen dueneko testuingurua. Hemendik eskerrak oparia egin zidan horri. Ea noiz egoten gaittuken!

Euskaldunon Egunkaria, 2002-12-26

 


www.susa-literatura.eus